Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 24. domekea - 2018.eko Irailaren 16a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Jesu Kristogaz bat egitera; bere Berbearen eta Ogiaren inguruan alkartzen gara kristauok.

Berak, nahiz eta gu sarritan jokoz kanpo itzi, bere Berbea eskeintzen deusku. Norberaren bizitza besteen alde emoten goazan neurrian eraikitzen dogu Jainkoaren Erreinua. Holan ulertzen dau Jesusek eta holan eskeintzen deusku bere jarraitzaileoi. Jesus honetan ahalegindu zan: eskabidez eta ausardiaz betetako bizitzako IRIZPIDE zehatz batzuetan oinarritutako andra-gizonak eratzen.

Ikasturte eta Pastoral urte barri baten aurrean, Beragaz eta anaia-arrebakaz alkartzeko prestatzen gara.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 50, 5-10a

Isaias profetearen “Zerbitzariaren Kantikatik” hartutako zatia irakurriko dogu. Olerki honetan, Jainkoaren ahotsa ez da entzuten zuzenean; Zerbitzariak egiten dau berba. Bere misinoaren egitekoa deskribatuz hasten da: zailtasunak eta oinazeak izan arren, agindutako egitekoa leialtasunez bete behar dala agertzen deusku. Jesus etorri baino askoz be lehenago iragarritakoa, gero Berarengan beteko da. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Santiago 2, 14-18

Santiagok gogoratuko deusku, kristauon sinismena batez be ekintzetan agertzen dala; eta batez be baztertuta dagozan anaia-arrebengana hurreratuz. Sinismenaren handitasuna ekintzak agertzen dabe; bestea berba hutsetan gelditzen da. Fededun guztiontzat gogoeta sakona.


Ebanjelioa: Markos 8, 27-35

Jesus, Jerusalemgo bidean agertzen jaku. Jesusen nortasuna planteatzen da. Pedrok bere sinismen autormena egiten dau, baina Jainkoaren egitekoa gogoan izan barik gizakiak lez pentsetan daualako, Maisua beragaz hasarratzen da. Isaias profeteak esan eban lez, Jesus da oinazeak pasatu behar dituan Jaunaren Zerbitzaria. Onartu dagigun Beren proposamena.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusengan bizitza barri bat eta aukera barri bat eskeintzen jakun konfiantzaz, Jainko Aita-Amagana joten dogu, gure erreguak eta preminak aurkeztuz.

1.- Eleizearen eta eleiztar guztion alde: Jesu Kristogan daukagun sinismena autortzeko beti prest egon gaitezan, eta gure testigantzaz kurutzetik jatorkun salbamena agertu daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintari guztien alde: zuzentasunez eta zerbitzari izanez bete daien euren egitekoa. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Minaren, gaixotasunaren edo bakardadearen kurutzea eroaten laguntzaile diranen alde: euren egitekoan Jainkoaren laguntasuna sentidu daien eta bere aurpegi errukitsua agertu. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Ikas urte barri baten hasieran aurkitzen gara: txiki eta haundi, bakotxari dagokiguna ondo eginez, mundu zuzenagoa, anaikorragoa eta solidarioago baten alde jokatu dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartu garanon alde: Kristo berbiztua gure artean ezagutu daigula, bere heriotzan eta bizian bat egin, eta sinisten doguna gure ekintzakaz agertu deigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



IKASURTE BARRIAREN AURKEZPENA

(Motxila bat daroala ume batek edo gaztetxo batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eskolarako bidean beti lagun izango dogun motxila hau eskeintzen deutsut. Irakasketan dabizan pertsona guztien alde eskatzen deutsugu: bedeinkatu egizuz euren lana behar dan lez bete dagien. Bedeinkatu egizuz baitabe, guri laguntzeko eta gure ondoan daukaguzan guraso eta etxekoak. Zure laguntza eskatzen deutsugu, aurrean daukagun aukera eder hau behar dan lez aprobetxatu dagigun. Eskerrik asko, Jauna, ikasteko eta gerora begira prestatzen joateko daukagun aukereagaitik.


KATEKESIKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko katekista edo arduradun batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katekesiko liburu hau dakartsut. Beragaz batera, urte honetako lana eskeintzen deutsut. Zure deiari erantzunez, lanak prestatzen hasita gagoz. Gure lana, zure laguntza barik, ezerezean gelditzen da. Ikutu, Jauna, gure barruak, baita umeenak eta gurasoenak be. Zugaz kontatzen dogu, Jauna.


GARBITASUNEAN DABILAN PERTSONA BATEN AURKEZPENA

(Garbitasunean dabilan pertsona batek egiten dau, lan tresna bat eroanez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eskeintza bat egitera naiatortzu. Badakizu zein dan nire lana: gustora sentitu gaitezan eleiza ingurua garbi eukitea. Badakizu gustura egiten dodana. Egiten dodana alkartearen alde eginez, ni ere horren kide sentitzen naz. Ez nabil txaloen bila. Beste barik egiten dot. Gauza bat eskatzen deutsut, Jauna: egiten doguna besteen zerbitzurako egiteko grazia. Niretzat eta alkarte osoarentzat eskatzen deutsut, Jauna.


IRATZARGAILU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egiten dau; ondo izan ezkero aita batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, goizero lanerako eta zereginetarako esnatzen nauan iratzargailu hau dakartsut. Famili bizitza ere martxan ipinten dau. Zure gauzetarako eta Zu gure inguruan ikusteko adi, izarrik egon behar garala gogoratzen deusku. Alkarte osoaren izenean eskeintzen deutsut. Badakigu hainbat eragozpen aurkituko doguzala eta sarritan gure gauzetan murgildurik, loak hartuko gaituala. Jauna, lagundu eiguzu zure gauzetarako izarrik egoten.

Agurra

Anaia-arrebok: Bizia dakarren Hitzagaz bizkorturik eta Jaunartzean Ogi santuaz indarturik, eguneroko zereginetara goaz. Gogoan eukitekoa honako hau da: bizitzarako bidea Kurutzea da; eta besteen zerbitzuan jasandako oinazeak ez dira alperrekoak. Betetea erreza ez bada be, mezu ederra daukagu eskuetan. Bizi daigun esker onez! Kristau testigantzaz betetako aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jainkoak libratu naiala harrotzetik,
Jesu Kristo gure Jaunaren kurutzean izan ezik.
Kurutze horretan josita dago mundua niretzat;
eta ni, munduarentzat”





Domeka honetan be bizitzako IRIZPIDE zehatz batzuetan oinarritutako andra-gizonak eratzea dala Jesusen egitekoa agertu jaku. Gaurkoa, eskabidez eta ausardiaz betetako KONBITEA da.

Argi dago: Jaunaren erreinua ez da eraikitzen bitartekeriaz eta indarrez. Eskeintzen jakun BIDEA beste bat da: norberaren bizitza besteen alde eskeintzea eta emotea da, Jesusek bere jarraitzaileei egiten deutsen PROPOSAMEN garbia eta lotsabakoa. Bide HARRIGARRIA eta MIRESGARRIA dogu.

Guzti hau Jaunaren Hitzagaz argituta gelditzen da. Holan aldarrikatu dogu: Yahveren zerbitzaria (1. irakurgaia) eta Jesus bera (ebanjelioa). Pedrok ez eban ulertzen eta Jesusen berba gogorrak entzun behar izan ebazan. Beste hainbeste gertatzen jake ekintza bako sinismena bizi gura dabenei: ekintzak agertzen dabe nortzuk garan eta Norengan sinisten dogun (2. irakurgaia).

Kristau alkarteak ikasturte barri honen aurrean aurkitzen gara eta KONTZIENTZIA AZTERKETA sakona eskeintzen jaku. Jatorkuzan hilabeteotan, zein izango da nire KRISTAU APUSTUA? Horra hor aurrean daukagun erronkea.

Zoriontsuak Jesusen APUSTUA egiten dabenak:
ez dira iruzurtuak sentiduko!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Eta zuek, nor nazala dińozue?"

(Mk 8, 29)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue