Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 25. domekea - 2018.eko Irailaren 23a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak ospakizun honetara!

Senideok: gaur be Domekea da eta hemen alkartu gara; Jaungoikoak familia lez alkartzen gaitu.

Geure bihotza esnatuz, bere Hitza entzutera eta Biziaren Ogia jatera konbidatzen gaitu Jainkoak. Gure alkartean, bere familiako izatearen ezaugarriak ikusi nahi ditu: gure bizitza besteen zerbitzura ipintea, eta bakarka eta alkarte lez, txikiak eta baztertuak gogoan izan daiguzala.

Ospakizunari hasiera emotera goaz, Jainkoaren deiari pozezko erantzuna emotera. Bera gure artean dago. Ospatu daigun pozez Jainkoak bakotxari deuskun baldintzarik bako maitasuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 2, 12. 17-20

Israeldar jakintsu honen gogoetak, bizitzaren aurrean hartu geinkezan egoera bi ipinten deuskuz aurrean. Zuzen jokatzen dauanak, aurrean darabilenean, Jainkoagan ipinten dau bere konfiantza; gaiztoak, beti gaitza zelan egingo pentsatzen dabiz. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Santiago 3, 16 – 4, 3

Santiago apostoluaren esanean, bakearen bila dabilenak bakarrik aurkitzen dau eta zuzentasun frutuak emoten. Agintaritza barik, gizaki guztien artean bakea eta anaitasuna lortzeko erabili beharko geunkez gure indarrak. Onartu daigun bere gogoetea.


Ebanjelioa: Markos 9, 29-36

Jesusek bere kurutzeko heriotzea hurrean ikusten dau eta hori onartzeko prestatzen dauz bere entzuleak. Baina ikasleak, maisuaren proposamena barik, Jainkoaren Erreinuan ze toki izango daben arduratuta dagoz. Ikasbidea luzea da oraindik. Bere proposamena onartzeko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Bere Seme maitearengan seme-alaba izateak emoten deuskun konfiantzeagaz, zuzendu deioguzan Jainko Aita-Amari gure eskariak entzunak izango garan ziurtasunaz.

1.- Eleizearen eta zerbitzuaren ardura hartu daben guztien alde: ez daitezala joan izen handi eta goi mailen bila; ahalegindu daitezala apaltasunean eta zerbitzuan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko herri eta nazino guztien alde: horreetan aberatsen eta pobreen arteko aldeak desagertu daitezan; alkarren artean solidaritza sustatu daien eta betirako baztertu daiezala zapalketak eta norgehiagokak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko txikien eta pobreen alde, batez be guretzat hurrenak diranen alde: sentidu daiela gure hurtasuna eta alkartasuna, horreengan ikusi daigula Jaunaren aurpegia. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Eleizearen barruan batez be zerbitzuaren karismea bizi dabenen alde: euren egitekoa apaltasunez eta bihotz zabaltasunez bete daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkarturik gagozan guztion alde: Jesusekin dogun alkartasuna txikienak onartzen eta zerbitzen bizi daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MIKROFONO BATEN AURKEZPENA

(Parrokian giza mailan edo Karitas taldean lana egiten dauan batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Pobreen eta ahots bakoen negarrak eta eskabideak sarritan ez ditugu entzuten, Jauna. Euren egoera txarrak salatzea eta euren duintasuna zaintzea eta errespetatzea da gure konpromisoa. Euren ahotsa entzuten ez danez, geuk izan nahi dogu ahots hori; mikrofonoa horren ezaugarria da.


PARROKIAKO KORUAREN AURKEZPENA

(Koruko zuzendariak edo kide batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure kantuekaz Zu goratzea eta kristau alkarteari laguntza eta poza emotea bilatzen dogu. Jauna, kristau alkarteagaz batera Zeu goratu zaiguzala beti. Kantuaren bidez, gure sinismena sendotzen joan daitela eta itxaropenez bizitzen lagundu deiskuela.

(Nahi izan ezkero abestu daiteke «Aintza, aintza, aleluia»).


INGURU-GIROTZE (SPRAY) BATEN AURKEZPENA

(Parrokian zerbitzuren bat egiten dauan pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gure etxeak txukun eta gozo ipinteko gure etxekoandrak erabilten daben Spray hau dakartsut, Jauna. Pastoral ekintzetan gabilzan eta ospakizunetan alkartzen garan guztien izenean dakartsut. Gure harrera onagaz eta gure jarrera egokiagaz, pertsonak ondo eta gustura sentitzen diran ingurugiroa sortu gura dogu. Onartu, Jauna, gure guraria eta egia bihurtzen joateko, emoiguzu zure Espiritua.


MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko heldu batek egin leike. Ahal bada, itsu baten makilea hobeto legoke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, makila hau aurkeztean, ni eta alkarteko kideok, besteentzat lagungarri izan gura dogula agertzen deutsut. Itsuak zuzentzen dabilen itsua izan ez naiten, zabaldu, Jauna, nire begiak. Iluntasunean dabilen mundu honen erdian argi apur bat ipini daidan, bete naizu zure argitasunez.

Agurra

Senideok: Jesusek proposatzen deuskun beste era bateko alkarte horrek, gure gizartearen eskemak apurtzen ditu: txikiak, behartsuak eta baztertuak dira garrantzitsuak, Jainkoaren aurpegia erakusten deuskuelako. Jesusen oinarrizko erizpideak, behartsuak eta zerbitzua dira. Zerbitzu bako kristau alkarterik ez dago. “Erreinuaren logika” ulertzeko Jaunaren argia behar dogu. Argi horrek eroan gaizala bere lekuko izatera. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jaunak Barri onaren bidez dei egin deusku,
Jesu Kristo gure Jaunaren aintza lortu daigun”




Gaur egun Ebanjelioa irakurri gura dauan edozein gizakirentzat Nazareteko Jesus amaierarik ez daukan ez-ustekoa da. Bere eritxiak eta planteamentuak ez dira normalak eta arruntak. Domeka honetako MEZUA begiratzea besterik ez daukagu.

Ospe handiko gizakia, norberagaz seguru sentitzen dana, bizitzako arloren baten izen handia lortu dauana, besteak baino handiago izatearren txalotua dana... hori da gaur egun garrantzitsua. Telebistak egunero emoten deuskuz holakoen barri; lider politikoak dirala, “Nobel sarituak”, modako abeslariak, kirolari trebeak...

Eta Jesusek dinosku garrantzitsuenak ZERBITZARIAK dirala: milaka andra eta gizon, isilean lana egiten dabenak; besteak ondo egon daitezan orduei begiratu barik zerbitzen dabilzanak. Norberaren ospeari barik, besteak zoriontsu izateari begira dagozan andra-gizonak: besteak zoriontsu ikustean eurak be zoriontsu sentitzen diranak. Holakoen bizitza ONTASUNAREN eta ESKEINTZAREN MISTERIOA da.

Benetan, Jesus gaurko munduarentzat “pertsonaia arraroa” da. Baina... Jainko Jauna, zelako poza!

Zoriontsuak zuek, zerbitzari apalak izan gura dozuenok:
domeka honetan zuen jaia da!
Andra eta gizon: ZORIONTSUAK!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ume bat arturik... bere besoetan artu eban"

(Mk 9, 36)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue