Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 26. igandea - 2018.eko Irailaren 30a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristia ospatzera.

Senideok: Jesusen Espirituak alkartzen gaitu gaur be senide artean gure fedea ospatzeko, Jaunaren Berbea entzuteko, eta mahai bardinean parte hartzeko.

Espiritua askea da, nahi dauan lekuan eta orduan eragiten dau. Pertsonak aukeratzean umiltasunari begiratzen deutso batez be, ez jakinduriari; lagun hurkoarenganako konpromisorako bihotza osotasunez zabaltzen deutsen pertsonei. Berak egiten ditu pertsona guztiak Barri Ona iragarteko gai izatea eta Berak eroaten ditu guztien onerako karismak fruitu emotera.

Eukaristia honek lagundu deiskula gure artean dan Espirituaren presentzia ikusteko erne bizitzen. Hasi gaitezan.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Zenbakiak 11, 25-29

Israel herria, astiro-astiro herri lez eratzen doa, eta Moisesek bere laguntzaile izango diran 70 zahar aukeratzen ditu; baina Espiritua ez da batzuengana bakarrik mugatzen; Berak bide barriak zabaltzen ditu; langak apurtuz, bihotzez xumeak diranengana hurreratzen da. Kontaketa honek Jainkoaren Espirituaren presentziara zabaldu gaizala.


2. irakurgaia: Santiago 5, 1-6

Zuzengabekeriaz pilatutako ondasunak salatuko ditu Santiago apostoluak. Zuzengabeko aberastasunak Jainkoaren presentzia iluntzen dau eta gizakien bihotza usteltzen. Ondoren lez, gizakien arteko hartuemonak apurtu. Gogoetarako gaia dogu.


Ebanjelioa: Markos 9, 38-43. 47-48

Jesusek misinorako bere ikasleak eskolatzen jarraitzen dau, baina Espiritua danontzako da eta ez gitxi batzuentzako bakarrik. “Gutarrak” izan ez arren, ez pentsatu norberenak bakarrik balio dauala. Gure kristau ibilbidean gogoan izateko gogoetea. Prestau gaitezan hori entzuteko, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Espirituak Eleiza lez alkartu gaitu eta gure munduaren preminak aurkezten deutsaguz Jainko Aita-Amari.

1.- Eleiza osoaren, Jainko herri osoaren eta alkarte horretan ministeritzaren zerbitzua daukien guztien alde: Espirituaren presentziari zabalik egonez, onarpen eta zabaltasunaren ezaugarri izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko nazino eta herri guztien alde: guztiak alkartuta, zuzentasunez eta solidaritzaz lan eginez, gizarte desbardinak eraldatzen ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gure gizarteko behartsuenen eta baztertuenen alde: behar dabezan laguntza eta onarpena kristauongan aurkitu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Munduan eta gure Euskal Herrian bakea izan daiten; munduko hainbat lekutako gerrak, hainbat pertsonaren bidegabeko heriotzak amaitu daitezan; pertsona guztien eskubideak onartuak izan daitezan, eta agintariek alkarrizketa hasteko ahalegin bat egin daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia honetan gagozan guztion eta Eleizako alkarte eta talde guztien alde: bakotxak hartutako dohai guztien onerako emon jakuzan Espirituaren dohaiak ikusi daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LANDARA BAT AURKEZTEA

(Barruko landarea, ederra eta esanguratsua, urtean zehar erabilteko modukoa)

OTOITZA - AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama: zure Semearen bitartez Zuk gure barruan zure biziaren eta maitasunaren HAZIA ereitea gura izan dozu. Gure bizitzan hainbat pertsona ipini dozuz hazi hori zaintzeko. Gaur, gure alde egiten dozun guztia gogoratuz eta eskertuz, alkartearen izenean landara eder hau eskeintzen deutsugu. Urtean zehar, Zuk jarritako HAZI hori zaindu daigula, Jesusen laguntzagaz hazten joan daitela eta guk besteei eskeini deiogula. Holan izan bedi.


PITXERKADA URA AURKEZTEA

(Kristalezko pitxarra komeni da. Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Gure Jaungoiko Aita-Ama: maitasunez emondako ur apur bat be saritua izango dala gogoratzen deusku Jesusek. Alkartearen izenean pitxerkada ura aurkezterakoan, gure gizartean dagozan maitasun eta senidetasun keinuak gogoratuz egiten dot; gehienak isilak eta ezezagunak dira; baita euren bizitza alkar banatzea gura daben gizaki hurkoen eta solidarioen konpromisoa be. Lagundu eiguzu eginkizun honetan.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Sakramentuetan erabilten dan krisma ontzi hau aurkezterakoan, bateoan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genduan konpromisua gogoratu eta gaurkotu nahi dogu. Sarritan kontrako indarrak, lotseak edo bildurrak gehiago egiten deuskue. Emoiguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezan.


TEOLOGIAKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko katekista batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Azken aldian agertu dan Teologiako liburu hau dakartsut, Jauna. Benetan fedea bizi nahi badogu, azaltzen ere jakin behar dogu. Testu barriak irakurriz, ikasten eta gaurkotzen goaz. Naiz eta beste gauza asko egiteko euki, heziketa iraunkorra ere beharrezkoa dogu. Horren ezaugarri eta Jesus benetan hartu nahi dogunaren ezaugarri da liburu hau.

Agurra

Senideok: Espiritu Santua lanean dabil gaur be pertsona bakotxaren bizitzan. Jaunaren Berbea entzun eta Kristoren Gorputza hartu eta gero, bizitzara goaz barriro be, Jainkoak gure barruan egin dauanaren barri lotsa barik emotera. Ez deigula isilduazo gure barruan Jainkoaren ahotsa. Harek bere grazia eta indarra emoten deuskuz gure ibilerarako, Bera dogu lagun zailtasun eta eragozpen guztietan. Aste zoriontsua kristau testigantza oparoan!

Egun honetarako gogoetea

“Zure Hitza, Jauna, egia da;
sagaratu gaizuz egian”




Jesus, Maisuak, bere jarraitzaileak eratzen jarraitzen dau. Jainkoaren Espirituak edonon eta edozein momentutan eragiten dauanez, jarrera irekia mantentzen dau: pertsonak aukeratu, bere dohaiak emon eta askatasunez ekin. Beti on eginez eta Jainkoaren Erreinuaren alde.

Hemendik bideratzen gaitu domeka honetako mezuak. Gure gizartean bazterketa eta eskandaloa, egunero pil-pilean ikusten doguzan jarrerak dira (geure ingurura begiratzea baino ez daukagu). Eta Jaunaren Hitzak biziteko era eta modu oso desbardina eskeintzen deusku.

Bazterketea “Jainkoaren izenean” egiten danean, horrek ez dauka izenik, Jainkoari mugak ipiniaz, Espirituaren eraginez jokatzen dabela uste dabelako. Lehenengo irakurgaiak eta ebanjelioak, bazterketeaz zer ikusirik ez daben beste bide batzuk aurkeztu deuskuez.

Eskandalogarriak diranentzat be Jesusek berba gogorrak esan deuskuz. Jainkoaren bizitza, gizaki eta egoera ezbardinetara heltzeko oztopo diralako dira berba gogor horreek. Bestalde, “ur pixka bat edaten” emoten dauana (hain gauza erreza) ez da ahaztua izango eta bere saria jasoko dau. Hauxe da Jainkoaren Hitzak eskeintzen deuskun logikea!

Zoriontsuak Jainkoaren PROPOSAMENAZ fiatzen diranak,
euren ZORIONTASUNA BETEA izango dalako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Edontzitxo bat ur edateko emon dagitzuen edonok, bere saria ez dau galduko"

(Mk 9, 41)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue