Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 27. domekea - 2018.eko Urriaren 07a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak sinismen ospakizun honetara.

Senideok: Kristoren maitasunak beste behin alkartzen gaitu ospakizun honetan. Jainkoak bere Hitzez elikatu nahi gaitu bizitzan zeharreko ibilaldirako.

Gaur, Jainkoaren Berbeak ezkontza sakramentuko maitasunaz berba egingo deusku, senar-emazteen duintasun bardintasunari buruzko misterioaz, bata bestearekin arduratzeaz.

Baina Jainkoak proposatzen deuskun maitasuna dohaia da, bere ekimena, eta onartzeko umearen jarrerea eskatzen dauana; umearen jarrerea da dohai hori jasoteko jarrera egoki bakarra. Erreinua dohaia dalako, “ume lez” fidatzen, irekitzen, Jainkoaren onginahiaren besoetan norberaren burua ipinten dabenentzat dago gordeta.

Senideok: bihotzak pozez ditugula, emon deiogun hasierea ospakizunari.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 2, 18-24

Jainkoaren nahia argi agertzen da Hasiera liburuko orrialde honeetan: gizonak eta emakumeak euren giza burutapenera heltzeko alkarren beharrizana daukie sexu bien duintasun bardinekoak dira, bakotxaren sexualitatea bestearen eskuetan ipintean eta alkar maitasunean gauzatzen da. Entzun dagigun gogoeta eder hau.


2. irakurgaia: Hebertarrei 2, 9-11

Domeka batzuetan hebertarrei egindako idazkia irakurriko dogu. Gaurkoak, Kristok salbatutako gizartea dakarsku gogora. Jesu Kristoren Nekaldia amaiera barik, Berbizkunde eta salbamen osoaren bide da. Kristauok baikortasunean bizitera deituak gara; Kristoren antzera, maitasunez eta samurtasunez bizitza eta pertsonak begiratzera. Onartu dagigun mezu sakon hau.


Ebanjelioa: Markos 10, 2-16

Ezkontzaren betikotasuna gogoratuko deusku Jesusek ebanjelioan. Jainkoak holantxe gura izan eban hasieran eta hori bilatu behar dogu. Egunero barriztatzen eta gaurkotzen dan maitasunetik bakarrik lortu geinke hain gauza ederra. Helmuga esanguratsua da. Jainkoaren gogoa zein dan entzuteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Gizaki guztiak kontuan hartuz, biziaren jabe dan Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gure eskariak Jesu Kristoren bitartez.

1.- Eleizearen alde: Jaunari beti leial izan dakion eta Jainkoak guri deuskun baldintza bako maitasuna eta salbamena iragarri daizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioen eta herri guztien arteko bakearen alde: guztien arteko zuzentasunak eta ondo izateak zuzendu daizala nazinoarteko hartuemonak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Senar-emazteen alde: euren arteko hartuemonetan leialak, biziaren sortzaileak eta belaunaldi barrientzat eredu izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Ezkontza apurtuen edo euren arteko lehenengo maitasuna amatatzeko zorian dalako sufritzen dagozanen alde: zailtasun horreek gainditu, alaitasuna berreskuratu eta euren bizitzak barritu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartuta gagozanon alde eta gure kristau alkarteen alde: guztion artean adiskidetzeko eta senidetasunerako bideak aurkitu daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SENAR-EMAZTEAK EUREN UMETXOA AURKEZTEN DABE

(Senar-emazteak euren umetxoarekin altara ondora doaz. Biak hartzen dabe parte. Ospakizun amaierara arte bertan gelditzen dira)

OTOITZA – AZALPENA:

SENARRA: Hemen gaukazuz, Jauna, gure maitasunaren fruitu eta zure erregaloa dan umetxo honegaz. Zuk deuskuzun errukiari erantzunez aurkezten deutsugu. Zeurea danez, zuzendu eizu salbamen bidean.

EMAZTEA: Gure maitasunaren fruitua dan ume hau aurkezterakoan, zaindu daizula maitasun hori gugan eta senar-emazte guztiengan; behar daben laguntza eta heziketa emon deiegula; pertsona heldua eta osoa izateko bidetik eroan daiguzala gure umeak.

BIKOTEA: Badakigu, Jauna, ez dala bide erreza; gaurko gizartea ez dogu lagun ekintza horretan; oztopo ugari izango ditugu… Horregaitik, Jauna, emoiguzu zure grazia eta laguntza.


MAITEMINDUTAKO BIKOTEA

(Hartuemon iraunkorra daben bikotea eta ahal dala eleizako ekintzaren baten dabilzanak izango dira)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure maitasuna zure erregaloa danez, Zuk gure maitasunaren abenturea ezagutzen dozu. Guk maitasun hori eskeintzen deutsugu, gizaki guztioi deuskuzun maitasunaren ezaugarri lez eta zure testigu izan gura dogunaren konpromiso lez. Guk be zuk hasieran amestu zenduan maitasuna amesten dogu: betiko maitasuna. Eskerrik asko gure maitasunaren eskeintza hau onartzeagaitik.


MAHATSONDO ZATI BATEN AURKEZPENA

(Toki batzuetan ez da erreza izango; beste edozein enbor izan daiteke. Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Alkartearen izenean, enbor hau dakartsut, Jauna; Eleizearen sinboloa da: Zuk landatutako, zaindutako eta hesiz inguratutako mahasti barria da. Badakigu maitasunez emon deuskuzula. Badakigu baita ere gure erantzukizunaren zain zagozala. Zure laguntza eta indarra behar doguz zure hitza eta gurariak bete daiguzan. Eleiza honek, Zuk nahi dozuzan maitasunezko eta zuzentasunezko frutu ugari emon daizala.


CARITAS TALDEAREN AURKEZPENA

(OHARRA: hurrengo domekatan ondo legoke Parrokiako pastoral talde ezbardinak aurkezten joatea).

(Gaur, Giza Ekintza edo Karitas taldeagaz hasten gara. Ondo legoke urteko egitasmoa idatzita eroatea eta amaieran banatzea. Aurkezpen hau kartel haundi batekin egin daiteke. Taldeko batek egiten dau)


OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure taldea, inguruan agertzen diran egoera mingarriekaz arduratzen da. Alkartearen izenean egiten dogun ezkero, gure EGITASMOA idatzi egin dogu gero banatzeko. Eta helburua hauxe da: danok hurreratu gaitezala egoera horreetara. Onartu egizu, Jauna, gure eskeintza hau eta lagundu eiguzu inguruko preminetara zabalik egoten.

Agurra

Senideok: neurri barik maitatzen gaituan Jainko Aita-Amak alkartu gaitu sinismen ospakizun honetan; bere Berbearen bidez maitasunean eta maitasunez biziteko proposamena egin deusku. Hau da Jainkoak amesten dauana: maitasunean alkarri emonez, gizateria osoa maitasunean bat egin. Gure etxeetan, auzoan eta inguruan honen testigu izatera bialduak gara. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Alkar maite badogu, Jainkoa gugan dago,
eta bere maitasuna osotasun guztian heltzen da gugana”




Kristauok, gure egun berezia ospatzen dogun domeka honetan be, Jainkoagaz eta bere Hitzagaz jabetzeko une hau aprobetxatzen dogu. Gaur, Jaunaren Hitzak, gure artean eztabaida handia sortzen dauan gaia erabili dau: ezkonduen arteko MAITASUNA eta EZKONTZA APURTZEA. Besterik ez!

Sarritan (baleiteke sarriegi be) pentsatu izan da, ezkonduen banaketeaz (dibortzioaz) “maitasunik ezari urtenbidea” emoten jakola. Baina gaia eta egoerea askoz be sakonagoa da: pertsona konkretuen bizitza OSOA hartzen dauan arazo pertsonala, sentimentala, psikikoa… da.

Sinismendunontzat, hona hemen itauna: gaurko andra-gizonak euren arteko benetako eta betiko maitasunean bizi daitezan, zelan lagundu? Nahikoa ete da ezkontza betikoa dala esanez? Zelan lagundu, alkarrizketarik ezagaitik edo aukeratzerakoan erratu diralako barriro be porrot egingo dabenei?

Argi dago MAITASUNA zer dan eta egunero ikasi behar dan gauza dala BATEN BATEK erakutsi behar deutsala gure munduari. Begi bistan dago: denporea, eroapena, sinismena, gogoetea, parkatzeko gaitasuna behar dirala. Kristau alkarteen egiteko bat da ezkon maitasuna zaintzeko behar diran argia, indarra, haizea, animoa… emotea.

JAUNAREN MAITASUNA dohai lez onartzeko eta biziteko BILA ibiltea jagoku; pertsona lez eratzen joateko, egunero maitasun horretan sakontzea jagoku: gure gizarteari laguntzeko era zehatza dogu. Fededunok horren jakitun gara.

Zoriontsuak egunero ahalegintzen diranak:
Jainkoaren MAITASUNAREN EZAUGARRIAK izango dira!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jaungoikoaren erreinua umetxo batek lez hartzen ez dauana, ez da han sartuko"

(Mk 10, 15)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue