Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 28. domekea - 2018.eko Urriaren 14a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Anaia-arrebok: Ondo etorriak anaitasun eta fede ospakizun honetara. Alkarte lez batu gara, Jainkoaren Hitza entzuteko eta Jesu Kristorekin batera Eukaristiaren mahaitik parte hartzeko.

Baleiteke Hitz hori bihotzez ez entzutea eta lehenean jarraitzea. Beste berba batzuk sarritan erakargarriagoak egiten jakuz, gitxiago konprometitzen gaituelako, baina ez deuskue emoten guk behar doguzan jakituria eta zoriontasuna.

Eukaristia alkarregaz ospatzeak, solidaritatezko eta anaitasunezko konpromiso serioagoak hartzera ez ete gaitu eroango… edo geurean, geure mundutxoan, betikoarekin, besteekaz arduratu barik, gustura sentitzen gara?

Jesusen jarraitzaileok aukera barri bat dogu gaurkoan. Izan gaitezan benetako lekukoak.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 7, 7-11

Israelgo jakintsuak, Salomonen ahotan ipinten dau jakituriaren eskaria eta horren jatorria. Jainkoa da benetako jakituriaren iturria. Bila dabilen eta bidean doan herri baten gogoetak eskeintzen deuskuz irakurgai honek. Gogoeta honek onartzeko prestatu gaitezan.


2. irakurgaia: Hebertarrei 4, 12-13

Hebertarren eskutitzaren egileak, Jaunaren Hitza bizi indar lez eskeintzen deusku; bihotz barruraino sartzen dan ezpata zorrotza modukoa da; gure kontzientziak aztertzen dituan indarra; fruitu emotera eta pertsonak argitzeko idatzi dan Hitza da. Entzun dagigun gogoeta mamintsu hau.


Ebanjelioa: Markos 10, 17-30

Ebanjelioan aberastasunari buruz berba egingo jaku, baina sakoneko gaia jarraipena da: Jesu Kristori benetan jarraitzea. Jesusek gazteari dana izteko eta berari jarraitzeko eskatzen deutso; ez dabil “zintzoen” eta legezaleen bila bakarrik; Erreinuaren alde dana izteko gai diranen bila dabil. Planteamentu serioa eta eraginkorra.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoa Aita-Ama ona dogulako, guztia daikealako eta gizakiok zer behar dogun badakialako, konfiantzaz beterik otoitz egin deiogun Berak emoten deuskun jakituriarekin.

1.- Eleizearen alde: fedearen indarrez eta Jesusi jarraituz, bere ondasunak behartsuenen zerbitzuan ipinten asmatu daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gure Eleizako erlijiosoen eta erlijiosen alde: euren pobretasun, kastitate eta menpekotasun botoak leialtasunez bizirik, munduaren aurrean Erreinuko balioen testigu izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko nazinoetako agintarien alde: zuhurtasunez eta zentzunez jokaturik, pobreenak ahaztu barik, bilatu daiela gizadiarentzat onena dana. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Mundu osoko eta gure Euskal Herriko bakearen alde: Jaunak argitu daizala gure agintariak, eta alkarrizketearen bidez, ahalegindu daitezala tolerantziatik, pertsonenganako begirunetik, bakerako bide barriak zabaltzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gagozan guztion eta gure Alkartearen alde: Jaunaren Hitza onarturik eta zerbitzu jarreratik, Jainkoaren eta senide behartsuenenganako maitasuna bizi daigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LUNTXEAN HARTUKO DOGUN ZERBAITEN AURKEZPENA

(Meza ondoren zerbait hartzeko lekurik balego, alkarrekin zerbait hartzera konbidatzen doguz. Hemen patata poltsa bat eta edari bat aurkeztu leitekez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Hitzaren eta Gorputzaren inguruan ospatzen gagozan sinismen batzar honen ondoren, jai eginez jarraitu nahi dogu. Maitasunean eta anaitasunean hazten joateko, alkarrekin zerbait hartuko dogu. Gure oztopo eta langak garaituz, sinismenean eta giza mailan bat eginez jarraitu nahi dogu.


“DOMUND” EGUNEKO HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Aurreko domekan egitea ondo legoke. Gazte batek egin leike. Ondo ikusteko lekuan ipini)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, datorren domekan ospatzen dogun “DOMUND” eguneko horma irudia dakartsut. Gure alkarteak misiolaria izan behar dauala gogoratzen deusku. Guk baino aukera gitxiago daukien herriekin “Alkartasun katea” egin gura dogu. Horregaitik, Domund-eko kanpaina honetan parte hartzeko konpromisoa eskuratzen dogu. Onartu, Jauna, gure senidetasuna eta alkartasuna agertu gura dauan ezaugarri hau.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Andrazko batek egin leike. Esku hutsak erakutsirik dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dabe, baina zuk beteko dozuzan konfiantzea daukat. Alkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskeintzen deutsut, Zuk zure graziaz beteko dozuzan itxaropenaz. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emoiguzu behar dogun laguntza, emoiguzu bere Gorputza gure bizitzen janari lez.


NAGUSIEN KATEKESIKO TALDEEN AURKEZPENA

(Alkartean dagozan talde guztien aurkezpena egin leiteke. Egitasmorik eginda balego, ondo legoke horri baten batu eta jendeari banatzea. Pertsona batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa Aita-Ama ona: eskerrik asko Jesus zure Seme maitea eta gure Anaia ezagutzeko dogun aukereagaitik. Gure sinismen horretan sakontzen jarraitu nahi dogu, gaur agertzen jakuzan erronkei erantzun egokia emoteko. Gure kristau alkarteari jakitera emoteaz batera, EGITASMO hori lantzen jarraituko dogunaren konpromisoa agertzen deutsugu. Hauxe da gure eskeintza apala.

Agurra

Senideok: amaitu da ospakizuna, baina Jesus deika jabilku, bakotxak geure bizi aukera zehatzetik jarraitu deiogula nahi dau. Orain hasten da jarraitzaile lez dogun konpromisoa; bidean ez dogu neke eta zailtasun faltarik izango, baina Maisua geurekin doa, geure ondoan. Biziko ahal gara, Bera lez, Erreinua eraikitzen!

Egun honetarako gogoetea

“Zoriontsuak espirituz behartsuak diranak
eurena da-eta Zeruetako Erreinua”




Domeka honetako bigarren irakurgaiak esan deusku “Jaunaren Hitza bizia eta eraginkorra dala, aho biko ezpatea baino zorrotzagoa”. Holan dala, “datorrenera” prest egon behar gara, ea Jaunak gaur bertan zer esan nahi deuskun.

Jesus ez da atzean geratu gaurko ebanjelioan eta esan beharrekoa argi eta garbi esan deusku: norberaren zilari begira egoteari, norberekeriari, norberarengandik besteak epaitzeari itzi, eta besteen onerako izango dan ANAITASUNEZKO BIZITZA barri bati HASIEREA emoteko ausardia izan.

Jesusek argi dauka, bizitza ez jakula emon dirua egiteko, edo ospea izateko, edo norberaren ongizaterako, GUZTIOK ANAIA-ARREBA LEZ biziteko baino. Jesusek, Jainkoaren nahia argi eta garbi ikusten dau eta holan iragarten dau: BANATU eta SENIDETASUNA SORTU. Horixe da benetako eta betiko salbamenera doan bidea.

Guretzat arriskua dago: “ebanjelioaren indarra” kendu; geure neurrira egindako ebanjelioa bizi. Holako ebanjelioak poza eta aurrera egiteko gogoa barik, etsipena sortzen dau (gaurko ebanjelioan agertu jakun gizona lez).

Argi eta garbi esatekoa da: BANATZEN eta SENIDETASUNA SORTZEN dakianak, gizakiagoa eta kristauagoa da. Horrek Jesusen mezua ulertu dau. Euretariko bat bazara… ZORIONAK!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Daukazun guztia saldu, eta behartsuei emon egiezu... gero, zatoz eta jarraitu egidazu"

(Mk 10, 21)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue