Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 29. domekea - 2018.eko Urriaren 21a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak sinismen eta senidetasun batzar honetara.

Senideok: dirua eta ondasunak maitatzea eta Jesusen jarraitzaile izatea buztartu ezinak dirala gogoratzen euskun joan zan domekako Jaunaren Hitzak. Gaurko ospakizun honetan esango deusku bizitzan garrantzitsuena ez dala arrakasta izatea eta besteak gainditzea. Jesusen esanetan, handia eta lehenengoa izan nahi dauanak, uko egin behar deutso besteen gaineko indarkeriari, eta senideak maitatzen eta zerbitzatzen ikasi behar dau. Argia da Jesusen gaurko konbidapena: ZERBITZUAN eta ZERBITZARI lez bizirik izango gara handiak Jainkoaren begietan.

Eta alde guztietatik zerbitzuaz jabilkiguzanean, gure Eleizeak MISINOEN EGUNA (DOMUND eguna) ospatzen dau. Egun bat besteen alde bizia eskeintzen dabilzan andra-gizonak gogoratzeko, horreekin alkartasunean sentitzeko. Besteak bizia ugaria izan daien eurena oparotasunez urtzen dabilzan bizitzak. Egin daigun otoitz euren alde.

Senideok, holan hasten dogu gaurko ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 53, 10-11

Jaberen Zerbitzariaren kantikearen amaierea gogoratzen deusku irakurgai honek. Bere bizitza gure pekatuen ordain lez eskeintzen dauan zerbitzaria aurkezten deusku Isaias profeteak. Bere eskeintza emonkorra dala, beste batzuei bizia emotean agertzen da. Zerbitzari barria eta betikoa dan Nazareteko Jesusen irudia agertzen jaku hemen. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 4, 14-16

Hebertarrei egindako idazkiak, Jesu Kristo, Abade Nagusi lez aurkezten deusku. Jainkoa, gugaz errukitzen dan Jaungoikoa dogu. Gure aurretik joanaz bide erakusle lez bialdu euskun bere Semea. Bere bizitza, bere eskeintza, bere Nekaldia, heriotza eta Biztuerea, Jainko Aita-Amaren aurrean daukagun bitartekorik onena dogu. Onartu dagigun gogoeta aberats eta sakon hau.


Ebanjelioa: Markos 10, 35-45

Isaiasek aurkeztutako “Jaberen Zerbitzaria”, betiko bizira daroan bide lez eskeintzen jaku bere jarraitzaileoi. Eta ez dago duda izpirik be: “Zuen artean nagusi izan gura dauanak, izan bedi zuen zerbitzari”; hauxe da Jesusen erantzun garbia eta bakarra. Onartu daigun bere mezua.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoaren Zerbitzaria dogun Jesu Kristoren bitartez, munduko andra-gizon guztien alde zuzentzen deutsagu gure otoitza Jainko Aita-Amari.

1.- Gure Eleizearen alde: Jesusen nahiekin eta aginduekin leiala izan daiten eta ez daitela ohore edo indar bila ibili izan, eta bere ahalegin osoa gizaki guztien, batez be behartsuenak zerbitzen ipini daiala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Misiolari guztien alde: euren eguneroko buru eskeintza ez daitela jausi lur agorrean, eta Jaunak emonkor egin daiala; sentidu daiela gure otoitza eta euren lana onartua izatea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduan zehar ebanjelioaren zabaltzaile diran hainbeste abade, erlijioso eta laikoren alde: DOMUND egun honetan eurak gogoratzea, eta gure alkartasuna eskeintzea, pozgarri eta lagungarri izan dakien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Baztertuak diran edo indartsuen bidebakokeria sufritzen daben gizonen eta emakumeen alde: horreek be euren askapen bidea aurkitu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan alkartu garan guztion alde: zerbitzari eta senide dan Parrokia-Alkartea eraikitzeko gai izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MISIOLARI BATEK ALKARTEARI EGINDAKO GUTUN BATEN AURKEZPENA

(DOMUND eguna girotzeko ondo legoke misino herrietako baten bateagaz hartuemona izatea eta berak idatzitako zerbait irakurtea. Merezi badau, letra haundiarekin kartulina baten izten da danok irakurteko moduan...)

OTOITZA – AZALPENA: Gutun honegaz hauxe agertu nahi deutsugu, Jauna: euren herritik kanpora eta misino herrietan dagozan hainbeste pertsonak egiten daben lana eskertu, onartu eta goratu nahi dogula. Zuk gizakioi deuskuzun maitasunaren jarraipena ikusten dogu ekintza horretan. Eskeintza hau zure gogokoa izan daitela eta gu ere, gure gizartean eta gure inguruan, zure maitasunaren lekuko izan gaitezala.


MEDIZINA BATEN AURKEZPENA

(Keinua egiteko kanpoko azala nahikoa litzateke. Arlo horretan lana egiten dauan batek egiten dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, medizina hau, errukiaren ezaugarri lez aurkezten deutsut; artzain onaren eta ebanjelizatzailearen ezaugarri ederra. Jauna, lagundu eiguzu besteentzat medizina izaten; besteen zauriak osatzen dabezan olio biguna; besteen arazoak arinduko dabezan onarpen eta entzuteko gaitasuna. Zure laguntzagaz, zure Seme Jesukristogandik ikasi doguna egiten jarraitu nahi dogu.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKAINTZA AURKEZTEA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza apurtzen dauan munduko beste sufrimentu bat aurkezten deutsut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekaz arduratuta bizi diran Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten deutsudaz; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dogun pertsonak gehitzen joan gaitezala.


ESKUKADA BAT GARI GARAU AURKEZTEA

(Baserritar edo beste pertsona batek, eleizan dagoan ontzi batetik esku bete gari garau hartzen dau eta altara inguruan dagoan beste ontzi baten itzi)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen daben esku honekaz eskeintzen deutsut, Jauna, eskukada gari garau hau. Bizitzaren ezaugarri dira. Zure Semeak erakutsi euskun ez dagoala biztuerarik heriotza barik, ezta gari alerik, garaua lurrean ez bada hilten. Anaia-arreben zerbitzura euren bizia eskeintzen daben MISIOLARIAKAZ bat egin gura dogu. Zure gustukoa izango dalakoan eskeintzen deutsugu.


MISINO EDO BOKAZINO PASTORALTZAN DABILAN TALDEAREN AURKEZPENA

(Urtean zehar jorratzeko egitasmorik balebe, ondo legoke idatziz aurkeztea. Alkartearen izenean batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa Aita-Ama ona: Jesus zure Seme maitearen jarraipenera deitu gaituzu, hori guztiontzat ona dala esanez. Eskerrik asko gure BOKAZINOAGAITIK. Gure parrokian misino eta bokazino pastoraltzaz arduratzen dan taldearen egitasmoa aurkezten deutsugu. Gure ahalegina eta gure ekintzak aurkezten deutsuguz. Zure DEIA entzunez, besteen ZERBITZURAKO euren bizitza eskeintzen daben pertsonak izan deiguzala beti gure alkarteetan.

Agurra

Senideok: azkeneraino eta azkenera arte jarraitzea da Jesusen jarraitzailearen legezko amets bakarra. Alperrik dago beste guztia. Hau ez jaku ulerterreza; gatxagoa, oraindik, onartzea. Dana dala, hori da Jaunak proposatu deuskun eta proposatzen deuskun bide bakarra. Azkeneraino eta azkenera arte jarraitzea ez da heriotzaren bila ibiltea, Jesusen erara bizitea baino, haren ametsetan, keinuetan, berbetan partaide izatea. Jesus topera bizi izan zan azken unera heldu arte… Beste hainbeste itxaroten dau gugandik. Eskeintzazko eta zerbitzuzko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Gizonaren Semea zerbitzatzera
eta bere bizia guztien salbamenerako emotera etorri da”




Mezuz eta zentzuz beteriko domekea dogu gaurkoa; esanguratsua benetan. LEIHOAK mundura ZABALTZEKO deia entzungo dogu Eleiza osoan. DOMUND eguna dogu; munduko misiolari guztien eguna. Gure artean sustrai sendoak daukazan eguna. ALKARTASUNA gaurkotzen ahaleginduko gara.

Liturgia gogoan izanda, Jesus maisuak, bere jarraitzaileak eratzen jarraitzen dau. Bere Hitza ozen agertzen jaku. Mesede eta ospe bila dabilen gizarteari, gaur eta hemen, Berak beste bide bat eskeintzen deusku: “Handi izan gura dauanak, izan bedi zuen zerbitzari; lehen izan gura dauanak izan bedi guztien menpeko”.

Gogoan eukitekoa: EBANJELIOAK aginpidearen aurrez aurre, eskeintza, besteak zerbitzatzeko jarrera ipinten deusku; salbatzen dauan eta balio dauan agintaritza bakarra, maitasunaren eta zerbitzuaren agintaritza da. Maisuaren proposamena onartu gura dauanentzat horixe da eskeintza apala.

Argi dago beste logika bat eskeintzen jakula: osotasunean biziteko ZERBITZUAN BIZITEA ez da errez irunstekoa. Dana dala, DOMUND egunak, pertsona askok holan ulertu dabela eta euren bizitza holan eskeintzen dabela gogoratzen deusku. Jesusek ereindako HAZIA emonkorra zan… eta indarrez erne da!

“ZORIONTSUAK euren bizitza ZERBITZU lez bizi dabenak,
Jesus Maisuaren antzekoak izango dira”.

(Ordago!)

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Handi izan nahi dauana bego zuen zerbitzari”

(Mk 10, 43)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue