Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 30. domekea - 2018.eko Urriaren 28a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok.

Senideok: pozik alkartzen gara Eukaristia ospatzeko; Jainkoak barriro batzen gaitu, bere seme-alaba egiten, aukeratu egiten gaitu eta Jesusen lehenengo jarraitzaileen antzera, alaitasunez biziteko konbidapena luzatzen deusku. Jainkoak bere herria salbatu dau eta gutariko bakotxa salbatzen dihardu.

Bartimeo itsua osatzea eskeintzen deusku domeka honetako ebanjelioak. Itsuak erregu eta oihu egiten eban, zailtasunen eta oztopoen artean, ahaleginetan ebilen Jesusekin berba egiteko: “Dabiden Semea, erruki zakidaz”. Jesusek osatu egin eban: “Zoaz, zeure fedeak salbatu zaitu”. Jaunari gogotik otoitz eginez, egiari jarraitzeko behar dogun ikusmena eta fedea eskatuko deutsaguz.

Hasi daigun kristau senidetasunaren ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 31, 7-9

Jainkoa bere herriarekin ona eta leiala dalako, erbesteratuen etxeratzea aitatzen deusku Jeremias profetak lehenengo irakurgai honetan. Sakabanatuak Jainkoak batuko ditu, eremuan gidatuko ditu eta euren aberrian sartuko ditu. Profeteak, herri barria nortzuk osotuko daben dinosku, eta herriak itxaropena zaindu daian, jaso aurretik euren askapena pozik abesten dau. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 5, 1-6

Hebertarrei egindako eskutitz honetan, abade izateko baldintzak gogoratzen deuskuz eta Kristori ezarri, itun barriko abade bakarrari. Berez gizona dalako, Jainkoaren eta gizakien arteko bitartekotza beteten dau. Jesusek osotasunean beteten dau eginkizun hori. Onartu dagigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Markos 10, 46-52

Jerikoko itsua osatzea entzungo dogu. Jesus beragaz errukitzen da eta Jainkoaren bizi barriaren emoilea da. Itsua ikusten hasten danean, bidean ipinten da bere jarraitzaile eginaz; Jesusegaz aurkitu danean bere bizitza osoa argitu jako. Testigantza ederra benetan ebanjelioko zati honek eskeintzen deuskuna.

Jaungoiko herriaren otoitza

Konfiantza osoz zuzentzen deutsagu gure otoitza Jainko Aita-Amari, Eleiza osoaren eta gizaki guztien preminak aurkeztuz.

1.- Eleizearen alde: Jainkoaren Erreinua zabaltzera deitua dan ezkero, behartsuenen aldeko zerbitzuz eta konpromisoz bizirik, gizakiei erakutsi deiela Jainkoaren benetako aurpegia. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herri guztietako agintarien alde: beti zuzentasunaren eta askatasunaren alde ahalegindu daitezan; hainbat lekutan bakearen alde lan egin daien; eta herrien hainbat preminen aurrean sentikorrak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gure alkarteko eta mundu guztiko gaixoen alde: eurak zaintzen dabizanen bitartez, Nazareteko Jesusen Barri ona eta bere indar askatzailea ezagutzeko zoria izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Zerbitzu ugaritan (Karitasen, Osasun Pastoralean, talde baztertuen zerbitzuan…) dabilzanen alde: zerbitzu sozialaren babesetik kanpora dagozan edo edozein motatako baztertzeak sufritzen dabezan hainbat jenderi eskua luzatzera eta Erreinuaren Barri Ona aitzera emon daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen baturik gagozanon alde, gure alkartearen alde: Jesu Kristoren jarraitzaile lez, gu gabilzan lekuetan, Ebanjelioaren benetako testiguak eta gizaki horreentzat Argia eta Itxaropena izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Makilea, ahal dala, itsuek erabilten dabena. Alkarteko heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur makila hau dakartsut; honegaz, ni eta nire alkarteko kideak, besteen laguntzaile izan gura dogula agertzen deutsut. Jauna, zabaldu nire begiak, besteei ere euren begiak zabaltzeko lagun izan nakien. Argitu naizu zure argiz, ilunpean dabilen gizarte honi, zure argi izpiak heldu dakiozan.


GATZONTZI BETE BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona konprometitu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mundua eraldatze ahaleginaren eta gure ebanjelizatze lanaren ezaugarri lez dakartsut gatzontzi hau. Historian zehar beste testigu asko lez, guk ere gure oztopoak gainditu, eta zure Ebanjelioaren testigu izan nahi dogu mundu honen erdian. Gatza gezatu eta indar barik gelditu ez daiten, zure laguntza eta grazia eskatzen deutsuguz.


KANDELEN AURKEZPENA

(Bi Gazte bik eroaten dabez altara gainean ipiniko diran kandela bi. Euretariko batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Jesukristogan dogun sinismenaren ezaugarri lez, gure ospakizunean bizturik eukiko doguzan kandela bi honeek dakartsuguz. Espirituaren dohai lez eta zuk emondako erregalo lez, zeuk isiotu dozu sinismen hori gure barruan. Lehenengo eta behin eskerrik asko. Sinismen horrek gure bizitza zentzunez bete dau, eta sinismen hori eskeindu nahi deutsegu guk ere gure ingurukoei.


KATEKESIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Ume, gaztetxo eta gazteen katekesiaren aurkezpena egiten da. Ondo legoke zerbait idatzia eukitea, danok ikusteko eran, edo danoi banatzeko eran. Danon izenean pertsona batek aurkezten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko gure Aita-Ama ona: KATEKISTA taldea aurkezten gara gaur. Gure egitekoa, zure Semearen antzera, Zure Erreinuaren Barri Ona iragartea da. Egiteko hau benetan hartzen dogu. Baina Zuk badakizu ez dala erreza kristau baloreak gaurko ume eta gazteei transmititzea. Guk, gure ahalegina eskeintzeaz batera, Jesusen Espirituaren argitasuna eta indarra eskatzen deutsuguz. Egunero hobeto egiteko gogoa agertzen deutsugu.

Agurra

Senideok: amaitu da ospakizuna. Jainkoa goratu dogu; Harek salbamena eskeini deusku Jesu Kristoren bidez eta guk Jesusi jarraitzeko erabagia hartu dogu. Heldu da geure bizitzara eta geure zereginetara joateko ordua. Arduratu gaitezala bidean aurkitzen ditugun herrenez eta itsuez; ez daiguzala isilduazo hareen oihuak, ez daigula beste aldera begiratu hareen aurrean, eta Jesusek berak egingo leukean lez, lagundu deiegula. Egia izango ete da!

Egun honetarako gogoetea

“Jesu Kristo gure Salbatzaileak heriotza desegin eban
eta Ebanjelioaren bitartez benetako bizia argitaratu eban”




Gure Jaun eta Maisuaren arrastoak urratzen jarraitzen dogu. Domeka honetan be, bere mezuan oinarrizko dana gogoratzen deusku. BERA, ARGIA dan ezkero, gure bihotzak ikutu eta gure iluntasunak argitzera dator. Hauxe da liturgiak eskeintzen deuskuna.

Jaunaren Berbeak, profetearen bidez, oinazea eta erbesteratzea pairatu dauan herriari, urteera barria, askapen barria iragarten deutso (1. irakurgaia). Jerikoko itsuari, iluntasunaren gatxagaz jota egon arren, argia danari dei egiteko indarra daukanari, Jainkoaren proiektuak egia bihurtzen diran Kristoren bidez benetako salbamena heltzen jako (ebanjelioa).

Bigarren irakurgaiak, Jesus Abade Nagusi bakar lez aurkeztu deusku; bere bizia emonez, betikotasuna lortzen dau. Ulerterrezak gertatzen ez jakuzan Jaunaren bideak dira.

ZORIONTSUAK JESUSENGAN
euren BIZITZARAKO ARGIA aurkitzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Dabiden Seme, erruki zakidaz"

(Mk 10, 48)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue