Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 33. domekea - 2018.eko Azaroaren 18a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Hitzaren eta Eukaristiaren mahaira. Jesu Kristo be gurekin jarten da, alkarregaz jai egiteko.

Liturgia Urtearen amaierara heltzen goaz. Horrelako giroa azaltzen da Urtean Zeharreko aldien azken aurreko domeka honetan. Guztiok dogu Erreinuaren ardureari eta gure bizitzaren zentzun sakonenari ez jagokozan azaleko mila kezkatan nahasteko arriskua.

ERNE BIZITEKO deia dakarskue gaurko irakurgaiak. Erne bizi gaitezala nahi dau Jesusek, inguratzen gaituen preminetara zuhur egonez, badatorren Erreinuaren ereile izan gaitezan.

Hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Daniel 12, 1-3

Daniel profetak, -Itun Zaharraren azkenaldian eta era apokaliptiko baten-, inoiz izan ez diran moduko une garratzak iragarten dauz. Baina zuzen bizi izan diranen salbamena eta garaipena izango da datorren Mesiasekin. Aldien amaierari buruz berba egiten deuskun zati hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: Hebertarrei 10, 11-14. 18

Hebertarrei egindako idazkiaren egileak, Itun zaharreko opariak eta abadetza, Kristoren opari eta abadetzaz konparatzen dau. Zain dagoan gizadiarentzat benetako parkamena eta salbamena Kristo da. Sinismendun guztiontzat, itxaropenez beteriko mezua dogu. Onartu daigun.


Ebanjelioa: Markos 13, 24-32

Bere herriko kezkak gogoan izanez eta hizkuntza bera erabiliaz, Jesusek aldien amaierari buruz berba egingo deusku. Mezua argia da: Jaunaren zain dagozanen antzera, zuhur eta KONFIANTZA haundiarekin bizi, Jainkoa salbatzera eta bizia eskeintzera datorrelako. Mezu honetan, bildurrak ez dauka lekurik. Itxaropen berbak entzuteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Ama bere seme-alaben erreguak entzuteko prest egoala esan euskun Jesusengan konfiantza ipiniz, aurkeztu deioguzan Eleizearen eta munduaren preminak.

1.- Eleiza eta bera osotzen dogun guztion alde: hain izate ezbardinaz beteriko mundu honen erdian, batasun eta itxaropen legamina izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Bizitza publikoaren arduradun guztien alde: euren egiteekin eta erabakiekin guztien ona bilatu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gure gizarteko baztertu guztien alde: gurekin bat izan daitezan, behar dituen zerbitzuak eta laguntzak eskeini deieguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Konpromiso bat hartu daben LAIKOEN alde: mogimendu apostolikoetan, politika arloan, sindikatuetan edo giza mailan parte hartuz, zuzentasunaren eta mundua eraldatzearen alde jokatu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartuta gagozanon alde, gure alkarte osoaren alde: itxaropena biztuta, erne eta alkartuak otoitzean, Erreinua egia bihurtzen ahalegindu gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

Mesedez: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABADEAK AURKEZTEA: ESTOLA GORRIA ETA HANDIA

(Batzarreko buruak edo Pastoral Kontseiluko arduradunak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama: Hebertarrei egindako gaurko idazki zatian, Kristoren abadetza aurkeztu jaku eta guretzat daukan esanahi sakona gogoratu. Guk, zure Alkarteko kideok, gure ABADEAK aurkezten deutsuguz: euren bizitza, bere lan eta neke aldiekin, Jesusen egitekoa jarraitzeko daben ardurarekin. Aita-Ama ona, bedeinkatu eizuz abade guztiak eta, zure jarraipenean, bete eizuz bizi pozez. Hauxe eskatzen deutsugu.


PUZZLE BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpena alkarteko gaztetxo batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur puzzle hau dakartsugu. Irudi bat egiteko zati asko behar dituen umeen joko bat dala badakizu. Beste andra-gizonekin batera gure denpora eskeini nahi dogunaren ezaugarri lez eskeintzen deutsut. Arazoren bat edo pertsonaren bat beharrizanean dagoan lekuan, han egon gaitezala geure denpora eskeiniz eta ahal dogun neurrian lagunduz, guztion artean Jainkoaren Erreinua eraikitzen joateko.


ERLOJU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte edo heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik erloju hau dakartsut, denporaren ezaugarri eta bera neurtzeko tresna. Gaur, historiaren gainetik zuk daukazun aginpidea gogoratzeko dakartsut. Aitaren eskuma aldetik zuk zuzentzen dozu eta dana zeureganatzen. Zugan gauza guztiak bere betetasunera heldu daitezan zure laguntzaile izan nahi dogu.


GAZTE PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Gazteak eurak prestatzen dabe. Ondo legoke ezaugarri batekin aurkezpena egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Parrokiako gazte pastoraltzan gabiltzanon izenean egiten dogu aurkezpen hau. Jauna, ez da erreza aurrean daukagun lana. Horregaitik, zure eskuetan izten dogu aurtengo egitasmoa, pentsatuta daukaguzan ekintzekin. Zure laguntza eskatzen deutsugu, bai lanean zintzo irauteko, baita gure gaztetxo eta gazteen artean zure TESTIGU izateko ere.

Agurra

Senideok: Jainkoarekin leialak izan nahi badogu, ekinean eta konpromisoak hartuz izan behar dogu. Gure gizadian eta gizartean gertatzen danaz, ezin dogu bestaldera begiratu, ezta lotan gelditu ere. Zuhur bizi behar gara. Ikusten, begiratzen, aukeratzen eta ardurak hartzen jakin behar dogu. Orduan jausiko gara kontuan Jainkoa gure ondoan, gure munduan dabilela. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Zagoze beti erne,
Gizonaren Semearen aurrean
beti zutunik egoteko indarra eskatuz”





Liturgia Urtearen amaierara heltzen goaz, eta logikeari jarraituz, bizitza eta bere gorabeherak, burrukak eta itxaropenak ospatzen dauzan liturgiak be, azkenengo horri buruz berba egiten deusku. Zer gertatuko da aldien azkenean? Zelan biziko dogu?

Ardura hau bizitzagaz lotuta doa. GEROAREN itauna beti izan dau gogoan gizakiak. Gure eta hainbeste gizakien ahaleginak, burrukak eta itxaropenak, non eta zertan amaituko dira? Itaun honen aurrean, erantzun ugari hartu eta emon geinkez. Eta baten bat geuretzat hartu beharko dogu.

Guretzat berbeta era hori ulergatxa izan arren, domeka honetan, JAINKOAREN HITZA hori argitzera dator. Erantzuna, biztuerearen erronka eta agintzaria da. Besterik ez! Jesusengan sinisten dogunontzat, ez da ihes egite bat edo zentzun bako zeozer; sinismen horrek, beste edozeini baino gehiago, mundu eta gizarte gizatiarrago baten alde burrukatzera eta ahalegintzera bultzatzen gaitu; jakin badakigulako horixe dala BIZITZARAKO bidea. Azken biztuerearen itxaropenak bizkorturik, fededunak, arazo artean be, aurrera egiten dau.

Fededunak gogoan daukaz beti Jesusen berbak: “Zeru-lurrak igaroko dira, nire berbak, ostera, ez dira igaroko”. Anaia-arrebok, aurrera!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zeru ta lurra igaro egingo dira; nire berbak, ostera ez dira igaroko"

(Mk 13, 31)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue