Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 34. domekea KRISTO ERREGE - 2018.eko Azaroaren 25a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Liturgia Urtearen azkeneko domekara.

Gaur, JESU KRISTO ERREGEAren festaburua ospatzen dogu. Errege da, baina ez mundu honetako erara. Ez dau menpekorik, ikasleak baino. Haren Erregetza ez da boterean oinarritzen, zerbitzuan baino: “Gizonaren Semea zerbitzera eta bere bizia emotera etorri da”, esango deusku.

Errege apala, zerbitzaria, ikasleen oinak garbitzen dituan Erregea dala entzungo dogu Ebanjelioan zehar. Errukia eta parkamena, egia eta kurutzea dira haren armak. Kristok, gaur, garrantzitsuena ZERBITZEA dala gogoratzen deusku jarraitzaileoi. Haren Espirituak indartu gaizala eta lagundu deiskula egiaren testigantza emoten munduaren aurrean.

Hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Daniel 7, 13-14

Daniel profeteak (Testamentu Zaharraren amaieran), ikuskari handi baten, aintzaz beterik, maiestatez eta boterez inguratua datorren Gizonaren Semearen agerpena deskribatzen dau. Unibertsoan zuzentasunezko eta bakezko Erreinuari hasierea emoten deutso. Etorkizunaren “ametsa” da; Nazareteko Jesus izango da ametsa. Bihotz apalez, entzun dagigun.


2. irakurgaia: Apokalipsia 1, 5-8

Apokalipsia idazlearen arabera (hau dogu Bibliako azken liburua), Kristoren garaipenaren ziurtasuna eta haren behin betiko agerpena da kristau itxaropenaren oinarri sendoa. Harek askatu gaitu pekatuetatik, Harek egin gaitu Jainkoaren beraren abade. Onartu dagigun fedez eta itxaropenezko testigantza hau.


Ebanjelioa: Joan 18, 33b-37

Ebanjelioko pasarte honetan, Jesusek Pilatoren aurrean be autortzen dau bera Errege dala. Haren Erregetza Jainko Aitaren kausarekin bat dator guztian. Haren erregetza egian oinarritzen da. Errege zerbitzaria da Jesus; oso-osorik emoten dau bere burua; askatu egiten ditu Harek euren bizitzetan onartzen dabenak. Prestau gaitezan ebanjelio zati hau entzuteko, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Konfiantza osoz zuzendu deiogun gure otoitza Jainko Aita-Amari, eta aurkeztu deioguzan Eleizearen eta gizaki guztien preminak.

1.- Errege eta abade herri dan Eleizearen alde: entzun daiala Jaun bakarraren Hitza, eta testigantzaz eten barik iragarri daiala munduaren eta gizakien artean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako agintarien alde: hainbeste lekutan hain irrikatua dan bakearen alde ahalegindu daitezan, eta pertsona guztien eskubideak errespetatuak izan daitezala. Jauna, egin gaizuz bakearen eraikitzaile. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Ekonomiaren, kulturearen eta zientziaren boterea daukatenen alde: Jaunak emon deutsen jakintza eta zuhurtzia ipini daiela guztien onaren zerbitzuan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixoen eta gitxituen, ahulenen eta baztertuen, zer janik ez dabenen, IHESA (sida)dun gaixoen eta drogazaleen alde: agintariak ahalegindu daitezala zuzentasunez jokatuz, preminan diran horreei guztiei behar daben laguntza emoten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Kristo Erregeren jaia pozez ospatzen dogunon alde: gu bizi garan gizartea zuzentasunetik eta egiatik eraldatzen ahalegindu gaitezan. Jauna, egin gaizuz solidarioak beharrezkorik be ez daukatenekin. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

Mesedez: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALKARTEAREN LANDAREA AURKEZTEA

(Alkarteko pertsona esanguratsu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Pastoral urtearen hasieran (badira domeka batzuk) landara eder baten aurkezpena egiten genduan konpromiso hau gogoratuz: Zuk gure barruan ereindako Hazia, urtean zehar zaintzea. Lehen etaparen amaieran eta Liturgi Urte barriaren hasieran, LANDARA berbera aurkezten deutsugu. Zaindu dogu eta Jesusen urratsak jarraituz zaintzen jarraituko dogu. Aita-Ama ona, gure konpromisoa betetzeko zure laguntza eskatzen deutsugu.


LUR GLOBOA AURKEZTEA

(Ebanjelizatze arloan dabilen batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Lur globo hau dakartsut. Hainbeste nazinotan, herritan, kulturatan eta hizkuntzatan banatutako gure munduaren ezaugarria da. Gizaki guztien gurariak eta interesak batzen dituan bakarra Zeu zarala autortzen dogu. Gizadiaren batasunaren alde lanean jarraituko dogun ezaugarri lez dakartsugu.


OTZARA BETE FRUITU AURKEZTEA

(Fruitu ugarigaz betea. Alkarteko pertsona heldu batek egin leike. Amaieran, preminan dagoan familia bati eroan leikio)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, otzara bete fruitu dakartsut. Naturearen bidez, gure onerako eta gozamenerako emoten deuskuzuz. Sortutako gauza guztien Jaun eta Errege zarala autortuz eskeintzen deutsut. Eskerrik asko, naturea zaintzea, erabiltea eta ekoiztea gure eskuetan itzi dozulako. Ondasunak behar diran lez erabilten eta banatzen ikasi daigula.


LITURGI URTEKO EGUTEGIEN AURKEZPENA

(Domeka honetan amaitzen dan egutegia eta barriaren aurkezpena. Balego, Liturgi taldeko batek egiten dau; bestela eleizako arduradun batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, alkartearen izenean LITURGI URTEKO EGUTEGI bi honeek aurkezten deutsudaz: urtean zeharreko ospakizunak prestatzeko orain arte erabili doguna, eta datorren domekatik aurrera erabiliko doguna. Urteko ospakizunen bidez zure bila jarraitu nahi dogu, Jauna; zure esku maitagarria gure eguneroko bizitzan nabaritu. Gure orainak eta geroak zentzuna izan dagian, uneoro zure laguntza behar dogu. Zugaz kontatzen dogu, Jauna.

Agurra

Adiskideok, Kristo Erregeren jai hau pozez ospatu izanak, eguneroko bizitzan, gure bihotzen erregea bera dala autortzera eroan gaizala. Haren Espirituak lagundu deiskula gizarte hau eraldatzeko ahaleginean, egunik egun gizaki guztiekin, batez be behartsuenekin gero eta zuzenagoa eta solidarioagoa izan daiten. Aste zoriontsua, Erreinuaren eraiketan!

Egun honetarako gogoetea

“Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena.
Bedeinkatua datorren erreinua, Dabid gure aitarena”




Liturgia Urtearen amaiera lez, Kristau Alkarteak JESU KRISTO SORTUTAKO GUZTIEN ERREGE festaburua ospatzen dau. Kristo atzo, gaur eta beti. “Errege ahaltsuak” entzute onik ez daukien mundu honetan, ausardia behar da jai hau ospatzeko.

Jai honetan zer ospatzen dau Kristau Alkarteak? Mundu honetako erregeekin badauka zerikusirik (= boterea eta aberastasuna)? Eta erantzuna: INONDIK INORA BE EZ. Kristoren erregetza ulertzeko “beste giltza” bat sartzea beharrezkoa da. Holan esanez, benetako baieztapen bat egiten gabilz: Berak kristau bizitza guztia ikutzen dau. Bere ikusteko ereak, maitatzeko edo jarduteko ereak, bere jarraitzaileari be NORTASUN berezi bat emon behar deutso: eguneroko bizitza, zuzentasun gogoak, egia zaletasunak, alkartasun zeinuak, bizitza bihurtu eta bizitza sortzen doazan eremua.

Erregetza honek ez dauka zer ikusirik “biba Kristo erregea” oihukatzeaz. Gauzak bere lekuan ipintea bere jarraitzaileoi jagoku. Kristoren erregetzaren giltzak KURUTZEA eta ZERBITZUA dirala munduari agertzea geuri jagoku.

Ez daigun ahaztu: “Egiaren testigu izatera etorri naz. Egiarena danak, entzuten dau nire berbea”.

Zoriontsuak ERREGE eta JAUN lez onartzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Honetarakoxe jaio eta etorri naz ni mundura: egia autortzeko"

(Jn 18, 37)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue