Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

- C ZIKLOA: ABENDUALDIKO 1. domekea - 2018.eko Abenduaren 02a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: Liturgia Urte barri baten hasieran gagoz, ABENDU ALDI barriaren hasieran. Jesusen jaiotza pozez ospatzeko, Eleizeak itxaropen aldi barria eskeintzen deusku: honezkero etorria dan Jesus gogoratzeko aldia, graziazko eta itxaropen garaia.

“Zagoze erne” esaten deusku Jaunaren Berbeak. Zain egon behar da. Jauna guregana dator pertsona bakotxaren bidez, gertaera bakotxean. Fedez onartzea, jatorkun Jaunaren Erreinuaren testigantza itxaropentsua maitasunez emotea da guri jagokuna. “Zatoz, Jesus Jauna… mundu honetara, gure Eleizara, gure bizitzara”, hau da gure erregua.

Hasi dagigun ospakizun hau.

Pregoia

Oharra:Zentzu berezia dauka eta zaindu beharra dago. Bakoitzak ikusi ze momentutan egin: hasieran, Hitzaren ondoren...).

ABENDUALDIKO PREGOIA - 1



Gaurko gizakia,
nun dagoz zure begiak,
nun zure itxaropena?

Gaurko gizakia,
zein da zure ibilbidearen helmuga?
Gose zara eta ezerk ez zaitu asetzen.
Euki, euki, euki...
eta eukiteak ez zaitu zoriontsu egiten.
Hainbeste eskeintza, eta buru makur jarraitzen dozu.

Gaurko gizakia,
zabaldu zure begiak zain ez zagozan horretara!
Begiratu, mendietan zehar gizon ahul bat dator,
itxura haundi bakoa.
Pekatariekaz bat egiten dau,
eurekaz batera bateoa hartu,
eta bere doea inork onartu ez.
Bateatzaileak bakarrik autortzen dau:
“Neu naz bateatu beharrean aurkitzen dana,
eta ez zu, Bateoaren egilea zarana”
.
Gizon makal hau,
agindutako Erreinua ernetzeko
Jainkoak gizakien artean
ereindako kimu barria dogu.

Gaurko gizakia,
ase ezineko zure gose egarria entzunez
datorren barriak zure bihotza hartu daiala.
Barri guztia Bere barruan dago.
Ez bilatu eukitean,
ezta inoiz beteko ez diran hitzetan.

Gaurko gizakia,
entzun zure bakardadea
eta isiltasun apalean,
eta bere agintzaria beteaz
zure bila datorrenarekin bat egiten ahalegindu:
“Jainkoak gizakia maite dau. Gaur zugaz gogoratu da”.

Ulibarri, Fl.



Oharra: Abendualdiko pregoia edo aldarria prestau dogu PowerPointeko argazki eta musikarekin. Erabili nahi izanez gero: >>>sakatu HEMEN<<<.



ABENDUALDIKO PREGOIA - 2



Abendua hasten dala iragarten deutsuet.
Jaso begiak, igurtzi eta begiratu ingurura.
Momentua bizi. Entzumena zuhur izan.
Entzun oihuak eta deiadarrak, haizea, bizitza…

Abendua hasten dogu,
eta zeru-hertzean barriro itxaropena sortzen da.
Haruntzago, Gabonak eta bere argi izpiak.
Gabon baketsua, barrukoa,
anaikorra, solidarioa, gisatua,
baita azalekoa, apurtua, indarkeriazkoa…;
baina beti itxaropenaz ezkondua.

Abendua, danok barruan daroagun
itxaropen hazi sortzailea dogu;
su-gar mehea, amatatu ezinekoa,
aldi guztietan agertzen jakuna;
solidaritatezko bidea, ondo egina;
ibilaldi bakotxean poza zainduz;
iruzurtzen ez gaituen oin-hatzak;
biziaz beteriko hazkundea;
barri onaren iragarpen neurtua;
gainezka egiten dauan samurtasuna…

Zuhur egon eta entzun.
Isaiasen oihua itxaropenez beterik:
«Jaunaren argitara ibili gaitezan».
Joan Bateatzaileak itxaropenez deitzen dau:
«Bihotz barritu zaiteze hur dagoelako Jainkoaren Erreinua».
Israelgo pobreen
eta munduko pobre guztien itxaropenaz,
Mariak bere onarpenaren berbea ahoskatzen dau:
«Egin bedi nigan zeuk nahi dozun lez».

Poztu zaiteze.
Jantzirik politena jantzi egizue.
Usainik ederrenagaz lurrundu zaiteze. Ikusteko lez!
Jainkoa dator. Poza, bakea eta itxaropena bizkortu.
Prestatu bidea. Salbatzailea dator.
Jainkoa dator… eta atean dago.
Bizitzara itzartu!

Ulibarri, Fl.



Oharra: Abendualdiko 2 pregoia prestau dogu PowerPointeko argazki eta musikarekin. Erabili nahi izanez gero: >>>sakatu HEMEN<<<.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 33, 14-16

Jainkoak Juda eskuetatik itzita eukala zirudienean, bere herria itxaropenez eta pozez betetera joten dau Jaunak. Dabiden muskiletik kimu barria sortuko da; harek ekarriko dau mundura bakea eta zuzentasuna. Hauxe da Jeremias profetearen mezua. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 3, 12 - 4, 2

Maitasuna Jaungoikoaren dohaia dalako, alkar maitasunean biziteko aholkua emoten deutso Paulo apostoluak Tesalonikako kristau alkarteari. Maitasun horrek gurekin iraun behar dau gure bizitza osoan. Jainko Aitaren maitasun osorantz joatea da gure bizitzaren zentzuna. Onartu dagigun apostoluaren deia.


Ebanjelioa: Lukas 21, 25-28 . 34-36

Jainkoak errealitate bihurtuko dauan geroari buruz dabil Lukas ebanjelaria. Ez dau bildurtu gura azken eguneko gertaeren aurrean; Jaunaren egunaren zain dagozan fededunengan itxaropen eta otoitz jarrerea sortu nahi ditu. Mezu hau geuretzat be bada.

Jaungoiko herriaren otoitza

Seme-alabak gurasoengan daukien konfiantzaz, hurreratu gaitezan Jainkoarengana, Jesu Kristo eta gizaki guztien Aita-Amagana, gure preminak aurkeztuz.

1.- Mundu guztian zehar zabalduta dagoan Eleizearen alde: gizakien aurrean izan daitela Kristogan agertu dan Jainko maitasunaren ezaugarri. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztien alde: Abendu aldia izan daitela guztiontzat onarpenaren eta hurtasunaren, onaren, bakearen eta zuzentasunaren bilaketa gunea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Nazinoetako agintarien alde: beti guztien onaren bila lehiatuz, zuzentasunaren alde eta bakea defendatzen ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Ilusino eta itxaropen barik, burrukatzen nekaturik bizi diranen alde: bidean aurrera egiten lagunduko deutsen arrazoiak eta lagunak aurkitu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Parrokiako alkartearen alde: hurrekoak eta abegitsuak izanda, gure senideen preminak ikusteko erne bizi gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

Mesedez: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN AURKEZPENA (edo beste ezaugarri bat)

(Ohitura bihurtzen doan Abenduko koroiaz jarraitzen dogu. Norberak egina edo lorategian erosia. Pastoral batzordeko buruak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, alkarte osoaren izenean, Abenduko ezaugarri hau aurkezten deutsugu. Gabon aurreko egun honeek, sakontasunez bizitera konprometitzen gara. Jauna, emoiguzu zure indarra eta argia, zure gogokoa dana eginez bizi daiguzan egun honeek.


ABENDUKO KOROIAREN LEHENENGO KANDELEA ISIOTZEN DA

(Buru egiten dauana koroia dagoan lekura doa, eta lehen kandelea isiotzen dau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama, Abenduaren hasieran, koroiko lehenengo kandela hau isiotzen dogu. Gure itxaropena argitzen dauan argia izan dakigula. Berak lagundu deiskula itzarrik egoten; zure etorrerea ikusteko bihotzeko begiak erne izan daiguzala. Zure arrastoa ez daigula galdu. Zu zagozan leku guztietan, Zugaz bat egin daigula.


AMETS BAT, GURARI BAT, ITXAROPEN BAT ETA OTOITZ BAT AURKEZTEA

(Eskeintza ume batek, gazte batek, andra-gizon batek eta adineko batek egiten dabe)

OTOITZA – AZALPENA:

UMEAK: Jauna, nik ume amets bat dakartsut: mundua gure jokoak modukoa izan daitela; bardintasun eta anaitasun lekua.

GAZTEAK: Jauna, nik gurari bat dakartsut: gizakia eta gizartea, egiak eraginik bizi daitezala.

ANDRA-GIZONAK: Gure seme-alabei begira bizi garanok, itxaropen bat dakartsugu, Jauna: gizakien arteko hartuemonak bakezkoak izan daitezala.

ADINEKOAK: Jauna, iraganak ikututa eta geroari begira bizi naz. Otoitz hau egiten deutsut: zure betiko etorrerea oztopatzen dauan guztia parkatu eizu; eta umearen ametsa, gaztearen guraria eta andra-gizonen itxaropena, zure graziaz egia bihurtzen lagundu eiguzu.


ALKARTEKO UMEEN AURKEZPENA

(Umeak altara aurrera doaz eta eskutik ebatuta gelditzen dira; eta otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Abenduko koroiagaz batera gure itxaropena diran ume honeek aurkezten deutsuguz. Etorkizunari begira bizi dira. Gugan daukee euren konfiantza. Gu gara euren guraso, lagun eta gidariak. Gure bihotzean beti izan deigula itxaropena; pozik bizi izaten laguntzen deuskun itxaropena.

Agurra

Senideok: emon deutsagu hasierea Abendu aldiari eta Jaunaren Berbeak erne biziteko deia egin deusku; badator Jauna. Gure eguneroko bizitzak begien bistako egin daiala Jainkoak deuskun maitasuna. Berarekin aurkitu eta berretsi daigula gure itxaropena. Itxaropen biziaren aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

"Erakutsi eiguzu, Jauna, zure errukia
eta emoiguzu zure salbamena"




LITURGIA URTE BARRIA hasten dogu gaur. Kristau alkarteentzat hau berezia da: hurrengo hilabeteetan, JAUNAREN MAITASUNAREN HISTORIA, bere “salbamen historia” hori biziteko, ospatzeko eta elikatzeko prestatzen gara. Kristau alkarteak hauxe ospatzen dau liturgian. Oinarrizko ideia hau ahazten edo baztertzen dogun neurrian… gure ospakizunak aspergarri bihurtuko jakuz.

Jaunaren maitasun historia horretan, oinarrizko momentua, NORBAITEN PRESENTZIA DA; desiratua eta itxarona izan dan Norbaiten jaiotza da. Bila dabilen, bizitzaren zentzunaren bila, historiaren zentzunaren bila, heriotzaren zentzunaren bila, estu eta larri dabilen gizakiari, itxaropena emongo deutsan Norbait. Horregaitik, ABENDUA, ITXAROPENAREN ALDIA DOGU; Jaunaren BIDEAK prestatzen joateko aldia. Beragana zabaltzeko eta onartzeko prestatuz bakarrik ezagutuko dogu. Hauxe da Gabonak ospatzea; Bera gure artean egote hori, itxaropen lez eta salbamen lez bizitea. Hauxe da gaur hasten dogun aldia.

Abenduko lehen domekako deia hauxe dogu: “zagoze beti zuhur” (ebanjelioa). Beharrezkoa da: “datorren Jaunagan” dogun sinismenak eta itxaropenak bakarrik beteko dabe zentzunez Abendu aldia. Gure ITXAROPENA JESUS da.

Zoriontsuak bere ETORREREA itxaroten dabenak:
gure gurari sakonenak BERAK BETEKO ditu!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Adoretu zaiteze ta jaso egizue burua, zuen askatasuna urr dago-ta"

(Lk 21, 28)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue