Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 2. domekea - 2019.eko Urtarrilaren 20a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak sinismen eta anaia-arreben arteko batzar honetara!

Joan zan domekan, Jesusen Bateoaren ospakizunarekin amaitu genduan Gabon aldia eta sartzen ginen Urtean Zeharreko domeketan. Fededun lez aurrera goaz, bilaka gabilz, Jesusengana eta Jesusen proposamenera eten barik hurreratzen jardun beharrean gagoz. Harek, gure preminetara adi egonik, gure ona baino ez dau nahi.

Senideok: gure konfiantza Jainkoaren maitasun muga bakoan ipinita, eta, ibiltari lez, zutunik jarrita, hasi daigun gure ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 62, 1-5

Israelgo erbesteratuak barriro itzultzeko baimena emoten eban Ziroren agiriaren ondoren, Jainkoaren maitasunak uria inguratuta lez ikusten dau Isaias profeteak; eztegu egunetako jai lez deskribatzen dau. Berba egiteko era horrek, ekintza eta salbamen mezu hau agertzen deusku: bere herriaren erdian agertzearen ezaugarri lez, Jainkoak eta Jerusalemek bat egitea. Onartu dagigun itxaropenezko mezu hau.


2. irakurgaia: 1 Korintokoai 12, 4-11

Gizartean, lanbide eta ekintza ugari dagoz; Eleizan, barriz, ministeritza, dohai eta karisma asko eta ugari. Jainkoak bere Eleizea dohaiez beteten dauala gogoratuko deusku Paulo apostoluak. Dohai eta karisma horreek ez dira norberarentzat, Eleizearen onerako baino. Onartzen dogu apostoluaren gogoeta sakon hau.


Ebanjelioa: Joan 2, 1-11

Ez senarrak ez emazteak aurpegirik ez daukien eztegu anonimo hau porrot egin dauan Itun Zaharraren irudia da. Jesusekin amaitzen da Itun Zaharra; Jesus da ura ardao bihurtzen dauana. Eta ardao berezi eta oparo hau, jaiaren, Mesiasen maitasunaren, Erreinuaren eta parte hartzearen ezaugarria da. Hau da ebanjelariak adierazten deuskuna. Zutunik jarririk, entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amak deuskun maitasunean gure konfiantzea ipiniaz, aurkeztu deioguzan gure beharrizanak eta erreguak bere Seme Jesu Kristoren bitartez.

1.- Eleizearen alde: Jesusek gizaki guztientzat dakarren barritasunaren testigu bizi izan daiten, eta iragarpen hori muga guztiak baino harantzago eroan daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Euren bizitzarako bakea eta ondo izatearen bila dabilzan gizon eta emakume guztien alde: zoriontasunaren iturri agortuezina dogun Jesusekin topo egiteko aukerea izan daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Senar-emazte guztien alde: hartuemon guztien bitarteko bakarra, egiazko maitasunaren iturri bakarra, Jesus izan daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Kristau alkarte guztien alde: eleizako, eleizbarrutiko, eskualdeko eta parrokiako ekintzetan parte hartuaz, danon onerako dohaiak banatu dauzan Jaungoikoa goratu eta zerbidu daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gagozan bakotxaren eta guztion alde: Jainkoaren presentziaren eta ahulenenganako maitasunaren testigu sinisgarriak izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan "EZAUGARRI" ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PITXARKADA BETE UR AURKEZTEA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, pitxarkada ur hau dakartsut, Kanako ezteguetan ardao bihurtu zenduala gogoratuz eta Bateoan gizaki barri egin ginduzan ezaugarri lez. Zure seme-alaben artean gizaki barri lez hazten ikusi gura gaituzu zure Eleizan. Bateatu guztiok, eta gure gizartearen erdian, zure barritasunaren testigu izan gaitezala.


ERAZTUNA AURKEZTEA

(Ondo legoke senar eta aita dan batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Nik ezkontzako eraztuna dakartsut, Jauna. Bizitza guztian nire emaztearekin leialtasunean biziteko konpromisoaren ezaugarria da; berarekin familia bat sortu dot. Familietako aita guztien izenean, ezkontzako sakramentuaren eta aita izatearen konpromiso lez eskeintzen deutsut. Biztu eizu gugan sakramentuaren grazia, hartutako konpromisoak poztasunez eta jardunez bizi daiguzan.


FAROL ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Herrigintzan, politikan edo sindikatu baten sartuta dagoan batek egin leike. Farola, meza-emoileari emon, eta honek altara gainean izten dau. Eta gero dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, farol isiotu hau dakartsut. Argi hau, Jesukristo berbiztuaren irudia eta gizaldietan zehar hainbeste profetak izan eben konpromisoaren ezaugarria da. Hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen gaur egun hainbeste andra-gizonen ahalegina eskertu nahi deutsut. Behartsuekaz arduratzen zaran Aita-Ama ona, onartu egizu gure eskeintza apal hau.

Agurra

Senideok: Jesu Kristo presentzia barri lez eskeini jaku, antzinako eta betiko presentzia; gure ura (gure txikitasuna) ardaorik onenera bihurtzera dator; beste inon eskuratu eta erosi ezin dan presentzia da harena. Gainera, alaitasun galdua berreskuratzeko, besteak alaitzeko gaitasuna barriz emoteko gai da. Besteentzat ardao barri, bihotza beteten eta lasaitzen dauan presentzia izateko asmotan urtengo ahal gara hemendik etxerakoan! Kristau testigantzazko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jaunak Barri Onaren bidez dei egin deusku
Jesu Kristo gure Jaunaren aintza lortu daigun”




Gabon jaiak atzean geratu dira, eta joan zan domekan Jesusen Bateoa ospatzen genduan. Hor entzun genduzan berba honeek: “Zu zara nire Seme maitea, nire aukeratua; entzun eiozue”. Bidea egiteko prestatzen gara, BERARI ENTZUNEZ, bere jarraitzaile eginez. Mariaren eta bere jarraitzaile taldetxoaren antzera, Jesusen “ezaugarriak” ikusteko eta bere mezua geureganatzeko prestatzen gara. Jesusengan fedea sortuz joango da. Bera da behin-betiko EZAUGARRIA. Ondo jatorku bere ondoan egotea.

Domeka honetan mezu zabala eta esanguratsua dogu. Lehenengo irakurgaiak Jainkoa Itunagaz LEIALA izango dala gogoratu deusku (“zu zara nire aukeratua”; izan be, Israel Jainkoak aukeratua da). Paulok, alkarte bakotxean “dohai ugari” eta danak GUZTION ONERAKO dagozala esan deusku. Jesusek bere EZAUGARRIA egin eban Kanan. Maria, Jesusen “ordua” ahalbideratzen dauan sinismenduna lez aurkeztu jaku.

Mezu eder eta zabal honek, sinismendunok, Jesusen izatearen aurrean, ONARTZEKO eta ENTZUTEKO jarreran ipinten gaitu; helburua, berak proposatzen eta eskeintzen deuskun guztia BARNERATZEN joatea da. Berak MOLDATUKO gaitu, berak hasitakoaren jarraitzaile izan gaitezan; hau da, Jaunaren EGITASMOAREN jarraitzaile.

ZORIONTSUAK Jesusi ENTZUTEKO prest dagozanak:
bere IKASLE izaten ikasiko dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Egizue Berak esan dagizuena"

(Jn 2,5)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue