#
#

Maria, ama eta maistra : JAINKOAREN HITZAREN Santa MARIA

# # #

JAINKOAREN HITZAREN Santa MARIA

#

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

(Lukas 11, 27-28)

Aldi hartan, Jesus jendeari hizketan ari zitzaiola,
jende-arteko emakume batek,
deiadar batean, honela esan zuen:
- «Zorionekoa,
Zu ekarri zintuen sabela,
eta Zu hazi zintuzten bularrak!».
Baina Berak esan zuen:
- «Zorionekoak, bai,
Jainkoaren Hitza entzuten
eta betetzen dutenak!».

# # #
#
#
# # #

Gogoeta

 

Ebanjelariak eskaintzen dizkiguten “zehaztasunak” edo ezaugarriak ezagutzea oso garrantzitsua da. Hona zergatik: horrelakoetan badela “zerbait” bere Elkartean edo-eta bere bizikizun pertsonalean, esanahi berezi bat izan duena. Izan ere, Lukas ebanjelariak zehaztasun “berezi” ugari eskaintzen dizkigu, eta hauxe da bere ezaugarria.

Gaur eskaintzen dugun testu hau berau dugu horietako bat, inolako zalantzarik gabe. Niri beti egin zait deigarri MARIAK hemen agertzen duen modua: zehatza eta samurra; baina, era berean, fededunen EREDU bezala Hitza ENTZUTETIK sortzen dena.

Egia esan, Lukasek gorago aurkeztu digu edertasunez harrigarriro jantzita Mariaren amatasunaren “misterioa” (Lk 1, 26-28), eta hemen bere handitasunaren beste alderdi berri bat eskaintzen digu: Jaungoikoaren Hitza entzuteko eta bereganatzeko zeukan bere ahalmen eta berezitasuna, bere bizitza osoaren argi ta bideko gidari bihurtuz.

Lukasek sinbologia sail bat eskaintzen digu hemen: herriko emakume bat pozez goraka (“Zorionekoa, Zu sortu zintuen sabela eta Zu hazi zintuzten bularrak”), biologiko mailan agertzen da eta Testamentu Zaharra gogorarazten digu, emakumea, batez ere, beti agertzen baita senarrari seme-alabak sortzen. Bere aldetik, JESUSEN ERANTZUNAK beste maila baten jartzen du gizon-emakumearen benetako zoriontasuna: Jaungoikoaren Hitza entzun eta bere graziazko misterioz bizi bihurtzen denean.

Horrela dela, Lukasek Maria fededunentzat SINISMEN bideko EREDUTZAT ipintzen du. Izan ere, berak hartu du Jaungoikoaren presentzia aldagarriaren dohaina, “Espiritu Santu sortzailea” bitarteko dela; eta Berak, bere Hitzari esker, eskaintzen da eta parte hartzen du, gizaki egin den Jaungoikoaren dohain zoragarria ahalbideratzeko. Hain dago Jaungoikoarengana zabalik eta hain uste onez betetako erantzuna eman du, hortik sortu da gizakiarentzat BIZI BERRIA.

Hemen sortzen da berarentzat ere sinesmenez goi mailako zoriontasuna, eta bere bizitza poztasun eta bedeinkapenen argibide eta oinarri bihurtzen da, bere antzera, sinesten dutenentzat.

Egia da: gehiago ere esan ahal dugu; hitzaren hitzez plen-plen egin ditzazkegu bazterrak. Baina, inolako zalantzarik gabe, ebanjelariak “harantzago bidaltzen gaitu”. Hau da, Maria kontenplatzea proposatzen digu: bere egoera, bere Jaungoikoaren Hitza onartu eta bereganatzea, bere bizibideko “janari” bihurtuz.

Nik argi eta garbi daukat Hitz horixe izango zela izaki zoragarri hari eguneroko ekintzan lagundu diona. Bai, agintzariak hor zeuden, baina... egunean eguneko hori, beste “kontu” bat da eta, gainera, bere Herriaren Jaungoikoak nahi duen bidetzat hartu eta bizitzea.

Zer sentituko ote zuen Amaren bihotzak, Biziaren Jaungoikoarengan uste osoz ITXAROTEN ZEGOENAK? Zer esperimentatu ote zuen FEDEDUN handi haren sinesmenak? Benetan barru-barrutik oratu beharko zion bere Jaungoikoari eta bere Jaungoiko eta Jaunaren “jokabide arraroak” onartzera moldatu! Nola joan ote zen HITZA hausnartzen, eta barruko zukua ateratzen, bere itxaropenaren sendogarri! Nolakoa izan ote zen bere OTOITZA Jaungoikoaren une bakoitza onartu eta egunero gauzatzen joateko!

Hona hemen Mariaren PROPOSAMEN nagusia, baita gure fede-biderako ere. Horrez gainera, Jaunaren Hitza entzutetik sortzen den FAMILIA BERRIAN partekide izateko: “Zorionekoak, bai, Jaungoikoaren Hitza entzuten eta betetzen dutenak” (Lk 11, 28).

Lehenago Jaungoikoaren herrian partekide izatea errito batez gauzatzen bazen, hemen Mariak PARTEKIDE izateko KLABE berri bat eskaintzen digu: Hitza entzun eta betetzea. Ez da gutxi! Proposamen hau ulertu nahi duenak, Berarekin batera bidea egin beharko du, Jaungoikoaren bideak isilean bihotzean onartuz, baldintza gabe. Harrigarria!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

MARIA, Jesusen Ama
eta zeure antzera
Biziaren Jaungoikoaren HITZA
entzuten dugunon Ama.

Lortu ezaiguzu, Ama,
HITZA ENTZUTEKO
gurari zintzo eta leiala;
horrela bizitzako bidaiari garenon
janari bihurtuko dugu zure antzera,
gure Maisu eta Jaun eta zure Semearen
URRATSAK jarraitu ahal ditzagun.

Lagun ezaguzu, Ama, bizitzako bidean,
eta BETI gure ondoan sentitu zaitzagula.
AMEN.

# # #
#
#
# # #

Abestia

 

Sortzetik garbi-garbia
Zu Ama zoragarria!
Itxura baten apal txikia,
baina benetan handia;
gizon egin den Jaungoikoari
eman diozu bizia.

Jaunaren deia entzuna
ta Zuk eman erantzuna.
Hitzak beregan zeukan guztia
Zuri gertatu zaizuna;
Hitza entzun ta Zuk betetzea,
hortik zure handitasuna.

(Doinua: “Uso zuria”)

# # #
#
#
# # #

Bizitzarako proposamena

 

* Mariaren JARRERAK jarraituz, hil honetan HITZA ENTZUTEA gehitu eta zainduko dut.

+ Egitarautxo bat egingo dut EBANJELIOA irakurri eta hausnartzeko egunero eta, hortik neure bizitzarako konpromisoren bat atera.


* Garizumak BARAUA, OTOITZA eta LIMOSNA proposatzen dizkigu, biderako lagungarritzat.

+ Ekonomi aldetik, AUKERA bat hartzen dut nire gain SOLIDARITZA espirituz (niri dagokidan neurriz eta egin ahal dezakedan “baraurik” onena eginez) beharrizanen baten lagunduz, nahiz hemen, nahiz urrunean izan.

# # #
 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa




 

 


bidean@bidean.net
orue