#
#

Maria, ama eta maistra : ADIERAZPENAREN ANDRE MARIA

# # #

ADIERAZPENAREN ANDRE MARIA

#

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

(Lukas 1, 26-38)

Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jaungoikoak, Nazaret deritzan Galileako herri batera, birjina batengana; Dabiden etxeko Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen birjina, eta Maria zuen izena.
Aingeruak, haren etxean sartuta, honela esan zion:
- «Poztu zaitez, graziaz bete hori: Jauna zurekin».
Ikaratu zen Maria, hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer ote zitekeen halako agur hura.

Aingeruak, orduan:
- «Ez izan beldurrik, Maria; Jaungoikoaren ederra aurkitu duzu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu; eta Jesus ezarriko diozu izen. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko dute; eta Jainko Jaunak Haren aita Dabid-en errege-aulkia emango dio; Jakoben etxean errege izango da beti, eta Haren erregetzak ez du azkenik izango».
Baina Mariak orduan aingeruari:
- «Nola daiteke hori? Nik ez bait dut ezagutzen gizonik».
Eta aingeruak:
- «Espiritu Santua jaitsiko da zuregana, eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik zugandik jaioko den Santua, Jaungoikoaren Seme deituko dute. Hara, zure ahaide Isabel ere, bere zaharrean, haurdun dago; eta agorra omen zena seigarren hilabetean aurkitzen da; Jaungoikoarentzat ez bait da ezer ezinik».
Mariak orduan:
- «Hona hemen ni, Jaunaren mirabea; gerta bekit, zuk diozun bezala».

Orduan aingeruak utzi zuen.

# # #
#
#
# # #

Gogoeta

 

Ebanjelioak eskaintzen dizkiguten “zehaztasunak” argitzeko ahaleginetan aurrera darraigu eta, zalantzarik gabe, lehenengo begiradan agertzen zaizkigunak baino misterio sakonagoak “adierazten” dizkigute.

Liturgiak Mariaren omenez eskaintzen dizkigun urratsak jarraituz, seguru asko emakume honen fede bideko handitasun eta sakontasuna aurkitzeko bidean jartzen gaitu, pausoz-pauso. Gaurkoz (martxoaren barruan) ADIERAZPENAREN “irudiaren” aurrean gelditzen gara, eta Jaunaren “MIRABE ZORIONTSUA” deitu dezakeguna.

Dagokigun esparrua hauxe da: Gizakiarekin, bere bekatu eta guzti, harremanean jarri nahi duen Jaungoikoa aurkezten digu. Aukera bila dabilen Jaungoikoa aurkezten digu. Hauxe da etengabe eta gero eta argiago agertzen zaiguna Salbamen historian. Jaungoikoaren ahalegin hau gizakiaren bekatu eta ahulaldi guztien gainetik aurrera dijoa.

+ Jaungoikoak hasten duen elkarrizketa bidea ulertu eta neurtu ezineko MAITASUNEAN oinarritzen da: Salbamen elkarrizketa honi Jaungoikoak berak ematen dio hasiera;

+ baina gizakiaren askatasunari azkengabeko begirunea gordez: Jaungoikoak proposatu egiten du, ez behartu.


Horrela delarik, Salbamen Historia osoa Jaungoikoaren egitasmo honek markatutako BIDEA da. Historia hau era askotako agerpenez “beterik” dago, baina, beste hainbestetan, herriaren kontrajarrrerak jasoz. Baina Jaungoikoak berean darrai. Dena dela, egia esan, bere herri barruan ITXAROPENA duen taldetxo batek irauten du, Jaungoikoaren AGINTZARIAK gogotan hartuta.

Eta hemen topo egiten dugu Ebanjelioaren testigantzarekin. MARIA, Nazaretekoa, Jaungoikoaren agintzariak ITXAROTEN eta SINISTEN dutenen tartekoa da eta, horrexegatik, Jaungoikoaren PROPOSAMENARI eta bere borondateari baietz osoa ematen dio, ondoren guztiak onartuz.

Jarrera hau Jaungoikoari “txeke zuria” sinatzea da, izan ere, bere BAI horrek ez dauka baldintzarik, ez mugarik: Jaungoikoak eskuak libre ditu nahi duena egiteko. Horrela, bada, Mariaren FIAT (= “Gerta bekit”) Salbamen egitasmo osoa onartzea da, bertan eginkizun berezia bere gain hartuz: Salbatzailearen AMA izan.

Horrela PROZESU osoa betetzen da, gizadiarentzat prozesu zoragarria eta itzela:

+ Jaungoikoak deitu egiten du eta Berarengan atsegin hartzen du: bere aurrean graziaz beterik dago, Jaungoikoaren ederra aurkitzen du.

+ Jaungoikoaren aldetik proposamena eta Mariaren aldetik onarpen askea, zalantzak argitu ondoren: “Nola daiteke hau, ez bait dut ezagutzen gizonik”?

+ Mariak oso-osorik eskaintzen du bere burua Jaungoikoaren nahia betetzera: “Gerta bekit Zuk diozunez”.


Hau irudi xumea eta zoragarria! Hemendik aurrera bidea zabalik dago, baita berez ezinekoa dena ere: birjina ama izatea. Benetan zoragarria ADIERAZPENAK eskaintzen digun edukia: bere BAIETZAK egiten du “MIRABE ZORIONTSUA”, ziur dago Jaungoikoak ez duela nahi ezer txarrik ez Beretzat, ez gizakiarentzat.

Ebanjelioko pasarte honi “BAIETZAREN JAIA” deitu genezaioke. Alde batetik, Jaungoikoaren Baietzaren jaia, Mariaren bihotza “ukitu” eta bere partaidetza eskatuz. Eta, bestetik, Mariaren Jaungoikoarekiko Baietzaren jaia, Haren aurrean bera gogo osoz eta bizitza osorako prest dago. Baietzaren jaiaren eta AUSARDIAREN jaiaren aurrean aurkitzen gara.

Pasarte honek giza-salbamenerako osagairik asko eskaintzen digu, nahita gure begientzat urrutiegi egon “misterio harrigarri” hau, baina gure bihotzarentzat fede-argitan zoragarri agertu. Eta... gure erromes-bidean zenbat kezka eta galdera! Baina Mariak Jaungoikoaren PROPOSAMENAREKIN fede biziz FIATZERA gonbidatzen gaitu. Maria ziur dago Jaungoikoak ez duela engainatzen eta...berak horrela bizi du!

Horra aurrean ibili behar dugun bide luzea. Horra Mariaren “espiritualitatea” eta guri egokitzat oparitzen zaiguna, Nazareteko Jesusen jarraitzaile garenontzat egokiena bezala; Berak ere, Seme bezala, bide berdina aukeratu zuen bere espiritualitatetzat.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

MARIA, Jaungoiko Aitaren alaba kutuna,
fede xume eta sakonez
Jaungoikoaren salbamen asmoak
beteko zirela itxaron zenuena.
Eta, gainera, pozik bihurtu zinen
bere “mirabe zoriontsu”,
Bere egitasmoarekin seguru sentitzen zinen eta.

Emaiguzu, Ama
maitemindutako seme-alabok Zu goratzea
eta zure bizi-jarrerak gureganatzea,
horrela Zuk bizi zenituen
gozotasun eta poztasunak
guk ere txasta ahal izango bait ditugu,
ziur gaude guk ere
txasta ditzagula nahi duzuna.
Orduan, bai, Ama,
gure bizitza poza dariola biziko dugula,
orduan, bai, guk ere
BAIETZAREN JAIA ospatuko dugula,
Zuk hain sakon eta pozgarri bizi izan zenuena.

# # #
#
#
# # #

Abestia

 

Jaungoikoaren borondatea
gizonaren salbamena,
baina aurretik jakin behar du
Birjina Mariarena.
Aitak gu salbatu NAHI,
Mariak diotso BAI,
hortik dator ondorena:
biak egiten dute Jesusen
Aita eta Amarena.

Gu zoriontsu izatea da
gure Aitaren ametsa,
baina lehen, orain ta gero beti
behar da gure baietza.
Mariaren antzera
guk “bai” egin aukera
ta ez erantzun traketsa;
baietzari “bai” demaiogun gaur
ta ezetzari ezetza.

# # #
#
#
# # #

Bizitzarako proposamena

 

* Mariaren ONDOAN bidea eginez, Aste Santua gogo beroz bizitzea erabakitzen dut. Horrela bere ESKOLAN ikasiko dut nik ere...

+ OSPAKIZUNETAN parte hartzea erabakitzen dut EGUN SANTU hauetan: ongi aukeratuko dut non eta nola...


* Garai honetan beti izaten da denbora libre edo opor “usaineko” gehiago.

+ Hau da nire erabakia: gaixorik eta ezinean dauden pertsona batzuen ARRETA hartu, haien bakardadean lagun eginez.

+ Egun hauetan saiatuko naiz horrelako lagun batzuk bisitatzen benetako adiskidetasunez LAGUNDUZ, nire denbora librearen zatitxo bat eskainiz.

# # #
 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa




 

 


bidean@bidean.net
orue