#
#

Maria, ama eta maistra

# # #

KONTENPLAZIOZKO BEGIRADA MAITETSU ETA SAMURRA

Gure eginbidean beste erronka bat. Web orri honen "abentura" hasi genuenetik, geneukan bihotz hondoan gordeta gaur hasten dugun zokondotxo hau. Zergatik? Bi hitzetan: gure sinismen argitan, MARIAK, gure Amak, sarri askotan eskaintzen zaion baino gehiago merezi du. Horrez gainera, zor zaio AHALEGIN maitekor bat hezurmamitzea, gizaldietan zehar itsatsi zaizkion eta ongarri ez zaizkion kutunkerietatik "garbitzeko"; horrela, behar den moduzko berarekiko ESPIRITUALTASUNA biziko dugu.

Argi dagoenez, iritsi nahi dugun helburua ez da gure esku ez dagoen zerbait. Hau da, gure egitasmoa ez da NAZARETEKO MARIARI buruzko "goi mailako teologia" eskaintzea. Ez; ez doa hortik gure eginbidea. Askoz ere xumeagoa da. Helburu apalago batekin konformatzen gara. Ebanjelioak eskaintzen dizkigun arrastoak lagun, eta gure artean zabalduta dabiltzan jaiak eta "irudiak" esanguratsuenak gogotan hartuz, hor proposatzen zaigun OINARRIZKOENA azpimarratu eta, era horretan, espiritualtasun onuragarria bizi.

"Onuragarri" diogu, izan ere, badira gaur ere adierazpen eta jaiera batzuk (gero eta gehiagora ote?), Berak, Nazareteko Mariak BIZITZAN bizi izandako KLABEEKIN zer ikusirik ez daukatenak; egia esan, hauxe da Amaren bizitzatik jaso eta bete beharrezkoa: "Sinistedunen ama", Nazareteko Maisuaren jarraitzaileen ama izateko MISIOAN erakusten dituztenak.

Horregatik, gure gogoeta apal hauek:

  • JAUNGOIKOAREN HITZETIK sortuko dira: saiatuko gara Hitz horrekin eta proposatzen digunarekin leialak izaten;

  • Mariarekiko ABESTIREN bat izango dugu lagun (egon ere kristau elkarteak askotarikoak darabiltz), Mariaren edertasuna jasotzeko baliotsuenak eta esanguratsuenak;

  • OTOITZ / ESKARI labur bat erantsiko diogu, gure bihotzen asegarri eta agergarri, gai hori darabilgun hilabete osoan bihotzaren lagungarri izan dakigun;

  • eta KONPROMESU bat proposatuz amaituko dugu, gure hileroko bidean zaindu eta bizitzeko.

    Ikusi dezakezuenez, dena da xumea eta apala. Hori bai, Mariarekiko txokotxo honetan gure esku dauzkagun BALIABIDEAK eskainiko dizkizuegu, guk gure apaltasunetik eskaintzen dizueguna, zuok aberasten eta hobetzen joan zaitezen. Askoz hobe, guk hemen eskaintzen duguna hobetzeko lagungarriak beste pertsona eta elkarteak bidaltzen badizkigute, gureak aberastuz zabaltzeko.

    Interesgarri al deritzaizue gure proposamena? Hauxe litzateke gure Amarentzat, MARIARENTZAT, omenaldirik gogokoena, eta hasten dugun katekesi eta ebanjelizatze lan honetan gu bultzatzeko modu bat. Gaurko mundu honek ere merezi eta behar du.

    Izan bihotz! Eta... jo dezagun batera!

  • # # #
     

    Elkartea Ospakizunean

     
    << aurrekoa

     

     


    bidean@bidean.net
    orue