Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

ANDRA MARIAREN JAIOTEGUNA

# # #

ANDRA MARIAREN JAIOTEGUNA

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Santuen ospakizun-eguna ez da mundu honetara jaio zirenekoa, betiko bizi berrira aldatu zirenekoa baizik. Andre Mariari dagokionean, ordea, jaio zeneko eguna ere pozik eta handikiro ospatzen dugu: sortzez garbia delako, betiko biziaren emailea berarengan gizatu zelako.

Elizak aitortzen duenez: “Gaur jaiotzen da Izar argi bat, hain eder eta jainkozkoa, izarra izanik, Eguzkia Bera ere berarengandik jaiotzen da”. Erromako liturgian VIII. gizaldian agertzen da, “Iraileko Andre Maria” deiturarekin.

Bai, gaur ospatzen dugu Ama Birjinaren jaiotza zoriontsua eta MARIA izen gozoa erantsi zitzaiona. Maria, den guztia Jesusi begira dago, eta dauzkan dohain eta edertasun guztiak Kristogatik eta Kristorentzat dira.

Gure Amaren jaiotza dela-ta, asmatu ahalako bihozkadak botatzen dizkiogu. Horra Elizaren bihozkada batzuk: “Guztiz ederra zera, Maria... Nire aukeratua, Libanoko elurra bezain eder zuria. Nor dugu berau, eguzkia bezain argitsu datorrena? Jerusalengo alabak, beltzarana naiz, baina ederra”. Elizama pozez zorabiaturik agertzen zaigu: “Gaur jaio da Maria Dabiden jatorritik. Berarengandik etorri zaigu munduaren Salbatzailea, eta Berari esker, mundu guztia argitu da. Zure jaiotzak, Jainkoaren Ama Maria, mundu osoari alaitasuna ekarri dio”.

Eta nondik dator Mariaren jaiotza irailaren 8an ospatzea? Jaiegun hau, Sortzez Garbiarena baino lehenagokoa da. Jaiotegunak bere egunean jarraitu zuen, eta Sortzez Garbiarena abenduaren 8an jarri zen. Bere jaiotzan hain handia den Maria, Jaungoikoaren eskuetatik atera den izakirik ederrena da. Izan ere gure artera, gure antzeko eginda jaitsi aurretik, bere eskuan zeukan bere Ama izango zen Maria egin ahalakorik ederrena egitea. Inork eduki badu, mundura etorri aurretik, munduan egiteko ederrik, Maria izan da.

Amaren jaioteguna ospatzean, seme-alabok bere ederrez liluraturik, diotsogu: “Zorionak, Ama, zure jaiotegunez! Zorionak zure jaiotzak guztioi bizi berria iragarri digulako! Zorionak, Maria, Jaungoikoaren Ama zeralako... baita gurea ere!”.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 1, 26-38)

Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jaungoikoak, Nazaret deritzan Galileako herri batera, birjina batengana; Dabiden etxeko Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen birjina, eta Maria zuen izena.

Aingeruak, haren etxean sartuta, honela esan zion:
- «Poztu zaitez, graziaz bete hori: Jauna zurekin».
Ikaratu zen Maria, hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer ote zitekeen halako agur hura.
Aingeruak, orduan:
- «Ez izan beldurrik, Maria; Jaungoikoaren ederra aurkitu duzu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu; eta Jesus ezarriko diozu izen. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko dute; eta Jainko Jaunak Haren aita Dabiden errege-aulkia emango dio; Jakoben etxean errege izango da beti, eta Haren erregetzak ez du azkenik izango».
Baina Mariak orduan aingeruari:
- «Nola daiteke hori? Nik ez bait dut ezagutzen gizonik».
Eta aingeruak:
- «Espiritu Santua jaitsiko da zuregana, eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik zugandik jaioko den Santua, Jaungoikoaren Seme deituko dute. Hara, zure ahaide Isabel ere, bere zaharrean, haurdun dago; eta agorra omen zena seigarren hilabetean aurkitzen da; Jaungoikoarentzat ez bait da ezer ezinik».
Mariak orduan:
- «Hona hemen ni, Jaunaren mirabea; gerta bekit, zuk diozun bezala».

Orduan aingeruak utzi zuen.

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Amari hitz gozoak esatea, bere jaiotegunean “zorionak” ematea zor duguna da. Baina seme-alaba leialak izatekotan, halako Amaren antzekoak izaten ahaleginak egin behar. Hori da amari pozik handiena ematen diona: “Halako seme-alabak nolako amaren antza daukan!”. Izan ere, halako ama ederrak, itxurazko seme-alabak merezi ditu.

Maria gure Amak bezala, guk geuk ere dugun gauzarik ederrena hauxe dugu: Jesusek denontzat irabazitako bizi berria. Eutsi diezaiogun Ama Marigandik jaio den Jesusek dohain eman digun mailari.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Emaiguzu, Jauna,
zure zerbitzarioi graziaren dohaia;
Maria Birjina zure Semearen Ama egin zenuenean,
gure salbamenaren hasiera izan genuenok,
Haren jaiotza ospetsuan,
bake osoa irits dezagun.







MARIA

Maria, Ama xumea,
emakume herritarra,
jendeak zerbait agertu nahi dizunean
adi egoten eta entzuten dakizuna:
gogoratzen zaitugun
egun honetan
entzun gure otoitza.

Gure arazoetatik askatzea
ez dugu bilatzen.
Momentu txarrak izan arren
bizitza bizi egin behar dela
ez dugu ahaztu nahi;
guzti honetarako prest egon nahi dugu.

Konfidantza hori behar dugu,
Jainkoagan zuk duzun sinesmen hori.
Gure indarrak ahultzen doazela dirudi.

Ebanjelioan, historian,
apal eta isilik ikusten zaitugu,
bizitzaren aurrean beldurti bazina lez;
baina hortxe, zure apaltasunean
agertzen da zure balorerik nagusiena,
eta guri asko kostatzen zaigu
apalak izatea.

Badakigu Jainkoaren aurrean bitarteko zaituguna,
zure hitzak eta zure aholkuak balio dutela.
Erregutu gure alde
gure Aita-Amaren aurrean
eta lagun iezaguzu
bizitzan fruitu onak ematen.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Mariaren jaiotza
ospatzen duguna,
hau da poztasuna!
Jainkoak maitasunez
bidali diguna.
Berak argitzen digu
munduko iluna,
eta pozez alaitzen
bizitza ituna;
jaiotza honetatik
ze etorkizuna!

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue