Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San MATEO

# # #

San MATEO

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

San Mateo dugu, Jesusek aukeratuta, zazpigarren apostolua.

Mateo agiriko bekataria zen, herritarren zerga-dirua bildu eta kanpotar zapaltzaileei ematen ziena. Hain mesprezagarriak egin ziren herriaren aurrean, farisearrak Jesusen aurka esatekorik gogorrenak zabaltzeko, horrelakoak botatzen zizkioten: “Honek zergalariekin eta bekatariekin jaten du”. Jesusek txanpon berdinarekin, baina bestekaldea erakutsiz, erantzuten die: “Zergalariak eta emagalduak aurrea hartuko dizuete Zeruetako Erreinuan”. Zergalari hoien tartekoa zen San Mateo.

Kaparnaun herrian jaio zen. Han zeukan jarrita Mateok bere diru-biltzeko mahaia. Jesus handik igaro zen baten, han ikusi zuen Levi mahaian eserita diru-biltzen, eta besterik gabe, gonbidatzen du: “Jarraitu Niri”. Eta Mateok -harrigarria!- dena bertan behera utzi eta atzetik joan zitzaion.

Hau bai erantzun azkarra, kondizio gabekoa, betirakoa! Irabazbide ederra uzten zuen, baina hobea eskuratu du, antza: Nazareteko Maisuaren adiskidetasuna.

Gertaera honek ospatzea merezi zuen, eta bai antolatu ere afari eder bat, Jesus Bera buru zela. Nazareteko Maisuak liluratu egin zuen, eta ez da gehiago Berarengandik aldenduko. Ordurarteko biziera osoan aldatu du, izena ere bai: Lehen Levi, orain Mateo, “Jainkoaren dohaina” da bere esanahia.

Hemendik aurrera Mateoren ametsa zera da: Maisuaren erakutsiak jaso, eginbeharraren kontzientzia hartu, otoitzean Jainko-esperientzia bereganatu eta apostolu lagunekin batasunean bizi.

Erakutsi guztiok jaso zituen bere Ebanjelioan. Lehen, txanponak biltzen; orain, zerutiko bizi berriko hazi ederrak biltzen. A zer nolako aldea!

Mateok bere Ebanjelioa aramear hizkuntzan idatzi zuen, Jesusek erabiltzen zuen hizkuntza berean. Mateoren asmoa hauxe izan zen: Kristorengana itzuli ziren lehenengo judutarrei Haren Berri ona iragartzea. Berak gorde dizkigu Jesusen hitzik gehien.

Etiopia eta Persia aldean iragarri zuen Jesusen Ebanjelioa, Jaunak bere bidez mirari asko egiten zituela. Martiri-heriotza izan zuen, antza.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 5, 27-32)

Aldi hartan, Jesusek zergalari bat ikusi zuen, Lebi zeritzana, zergalari-mahaian eserita, eta esan zion:
- «Jarrai Niri».

Denak utzita, zutitu zen eta jarraitu egin zion. Bazkari handi bat eman zion Lebik bere etxean; baziren han mahaian haiekin zergalari asko eta besteren batzuk. Farisearrak eta haien aldeko idazlariak marmarrean ari ziren eta honela esan zien ikasleei:
- «Zergatik jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin?».
Jesusek erantzun zien:
- «Ondo daudenek ez, baino gaixo daudenek behar dute sendagile. Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihotz-berri daitezen».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Ze indar ote dauka Jaunaren hitzak, Mateoren antzera, gogoz entzun eta oso-osoan aldatzeko! Hitzak berak sartzen du bihotzaren erdian; eta hausnarketa on baten ondoren, Jaunaren deiari pozik erantzuteko prestatzen da. Orduan egiten da bat, Jaunak bidalita, misiolari, hurkoaren arduradun, zerbitzu bat edo beste eskainiz.

Horrelako batek laster giroberritzen du bere ingurumaria, lurra landu eta onduz, hazi berria ereiteko. Horrelako batek ez du hain erraz atzera egingo, bideko eragozpenen aurrean.

Horra, orduan eta gaur zergalariak misiolari bihurtuta! Deabruak Jainkoari lapurtutakoak, berriro lehengo eskuetara itzuliz.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Zure erruki neurrigabean, Jauna,
Mateo zergalaria
zure Apostolu izateko aukeratu zenuen;
emaiguzu, haren otoitz eta ikasbideen bidez,
Zuri zintzo jarraitzea.






GURE EZINA ETA ZURE INDARRA

Jauna,
bizitzak
gure ahultasunak agertzen dizkigu
eta gure mugak aurrean jartzen.

Geu garan ispiluaren aurrean
pobre eta beharrizanean aurkitzen gara...
indar barik,
ohiturak eta arazoak eragiten digute
eta astiro-astiro indargabetu.

Gure indarrak berreskuratzeko
non dago ur bizia?
Sendo sentitzeko
nori heldu?
Gure espirituak behar duan bultzakada
non aurkitu?

Gure ahultasunean
zure indarra aurkitzen dugu,
Biziaren Jauna.

Ahul sentitzea,
Jainkoagandik datorkigun indarrarekin aurkitzeko
bidea dela erakusten diguzu.

Hustu eta biluzten garenean,
hustasuna sentidu
eta gure mugak onartzen ditugunean,
orduan gure Jainko On eta Eskuzabalak
eusten gaitu, elikatu, animatu
eta gure indarrak berriztatu.

Gure bizia Zurekin lotuta egon bedi,
gogo beroz eta atseden barik
zure bila ibili gaitezela,
gure begiek zure begirada bilatu dezatela
eta gure besoak
zure laguntza aurkitu arte luzatu;
Jauna, zure Espirituak
aurrera egiteko,
adoretsu eta ausarditsu egin gaitzala,
eta batez ere,
bideko lagunekin,
Zugandik hartzen dugun indarra
elkar banatzeko gai.

Esku bat Zuri emanda,
otoitzaren, Hitzaren bidez
eta entzuteko zuhur egonez...
zure indarra bilatuz,
beste eskua nirekin datozenei emanda,
elkar banatuz
eta elikatzen gaituan indarra eskainiz,
Zu gure artean zaudenen ezaugarria,
gure ahaleginak eutsiz
eta gure pausoak zuzenduz.

Gure ahultasunean
onartua eta opari lez zure eskuetan aurkeztua,
gure indarra dago, Jauna,
izan, zure indarra da
gure bizitzak
zure egitasmoarekin bat egiten ditugunean
aurkitzen dugun indarra.

Hala izan bedi.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Inor balego ez dakienik
gaur da San Mateo jaia,
bekataritzat egonarren
horra apostolu gaia.
Jesus Jaunaren deia jasota
haren erantzun alaia
ondorenean eztaia...
Ongi ikasi zuen betiko
Jesus Maisuaren nahia:
bekatariz eta gaixoz beterik
dagola Aitaren mahaia.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue