Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San MARTIN

# # #

San MARTIN

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Martin, Panonian (Hungarian) jaio zen, 316. urtean. Bere gurasoak jentilak ziren. Pavian egin zituen ikasketak eta bertan ezagutu zuen kristautasuna. Bere aita, militarra zenez, militar bizitzara zuzendu zuen semea, burutazio horiek kentzeko burutik. Martinek gudari espirituz jokatzen du, bai bere aitaren esanera, bai Jesus Jaunaren esanera: bizikera zuzena eta ongilea eramanez.

Militar bidaietan zebilela gertatu zen harako irudietan agertzen dena: bere kapa bi zati egin eta erdiaz hotzez hiltzen zegoen behartsu bat estaltzea. Laster hartu zuen kristau bataioa, militar bizitza utzi eta Kristori jarraitzeko. Bere aberrira itzuli zenean, bere ama zuzentzen du kristautasunera.

Poitiers lurretan monastegi bat jasotzen du, inguru guztian Kristoren arnas garbi eta beroa zabalduz. Europako santurik ezagunena eta herrikoiena egin zen. Historiagile batek Frantzian bakarrik 3.677 eliza kontatu ditu San Martinen izenean jasota eta 487 herri bere izena daramatenak.

Toursko gotzaina hil zen eta herriak, nahitaez, Martin behartu zuen bere lekurako. Horrela zabaldu zen esaera eder hau: “Martin azalez gudari da, derrigorrez gotzain, bere gogoz monjea”. 35 urtetan zer ez zuen egin, herriz herri Jesukristoren izena eta bizitza iragartzen! Zenbatu-ezineko beste dira berari eransten dizkioten mirari harrigarriak.

397. urtean hil zen.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 25, 31-46)

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- «Gizonaren Semea -eta aingeru guztiak harekin- bere aintza handitan etortzen denean, bere jaun-aulki ospetsuan eseriko da; eta herri guztiak Haren aurrean bilduak izango dira. Hark batzuk besteengandik bereiziko ditu, artzainak ardiak ahuntzengandik bereizten dituen bezala: ardiak bere eskuin-aldean ipiniko ditu; ahuntzak, berriz, ezker-aldean.

Orduan erregek honela esango die bere eskuinekoei:
"Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; har ezazue, munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoen erreinua. Gose bai nintzen, eta zuek jaten eman zenidaten; egarri nintzen, eta edaten eman zenidaten; arrotz nintzen, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik nintzen, eta ikustera etorri zineten; espetxean nengoen, eta Nigana etorri zineten".
Orduan zintzoek erantzungo diote:
"Jauna, noiz ikusi zintugun goserik, eta eman genizun jaten; edo egarri, eta edaten eman? Noiz ikusi zintugun arrotz, eta etxean hartu; edo biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zintugun gaixorik edo espetxean, eta joan ginen Zugana?".
Eta erregek erantzun eta esango die:
"Benetan diotsuet: nire senide diren txiki hauetako bati egina, neuri egin zenidaten".

Orduan honela esango die ezkerrekoei:
"Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren aingeruentzat prestaturik dagoen betiko sutara. Gose bai nintzen, eta ez zenidaten jaten eman; egarri nintzen, eta ez zenidaten edaten eman; arrotz nintzen, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik nengoen, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoen, eta ez zineten ni ikustera etorri".
Haiek erantzungo diote:
"Jauna, noiz ikusi zintugun goserik edo egarri, arrotz, biluzik, gaixorik edo espetxean, eta guk lagundu ez?".
Orduan erantzungo die:
"Benetan diotsuet: txiki hauetako bati egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin".

Eta hauek betiko oinazetara joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizitzara».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Jentil munduan nolako santutasun lorea sortu den! Jaungoikoarentzat ez dago ezinezkorik; nahi duen lekuan eta orduan sortzen du bizi-iturri berria. Militar giroan, inolako giza laguntzarik gabe, horra jainkozko zuhaitz tantai galanta.

Gaur kristau giroa galdu dela diogu, ez dagoela zereginik. Egia, guk gutara ez daukagu etorkizunik. Baina Jesus bizi da, gure artean dabil; gutxien uste den lekuan sortzen dira gaur ere kristau bide berriak, laiko adoretsuak, eragozpen guztien gainetik aurrera egiten dutenak. Martinen antzera, premian dagoenarekin errukitu eta kapa, etxea, dirua eta bizitza bera erdibana egiten dutenak. Guretzat ere ez dator gaizki santu honen deia eta erakutsia.

Jakina, horretarako gudari espiritua behar dugu, Kristoren gudari izateko; izan ere, hori dela Jesusen jarraitzailea, diosku Ebanjelioak. Ez dago Jesusi jarraitzerik txepelkeriaz eta epelkeriaz jokatuta; bihozkada baten eraginez kapa erdia behartsu bati ematea errazago da, norbere bizia besteen zerbitzura ipintzea baino, eta hori egin zuen Martinek Jesus Beraren antzera.

Badugu, bai, zer ikasi Martin santuarengandik; ez gaitezela azaleko ipuin batzuekin gelditu. Gaur da aproposeko aldia kristau gudarientzat, beraiena da etorkizuna. Sor bitez gure artean Martinen antzeko laiko argi eta sutsuak, Kristoren alde jokatzeko paparra dutenak.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jainko Jauna,
Martin gotzian santuak goratu zaitu bai bere biziaz,
bai bere heriotzaz;
berri itzazu gure bihotzetan zure graziaren miragarriak:
ez heriotzak, ez biziak,
Zuregandik aldendu ez gaitzan.







JESUSEN ESKUAK

Jesusen eskuei begira geratuko gara.
Konfidantza transmititzeko, abegitasuna agertzeko,
segurtasuna eskaintzeko,
maitasuna emateko... gai diren eskuak.

Umeak onartu eta bedeinkatzeko eskuak zabalik,
aurrera egin ezinik bide bazterrean gelditu direnei,
luzatzeko prest dauden eskuak;
Espiritu minduak eta gorputz zaurituak
osatzeko prest dauden eskuak;
sareak batzen edo harria lantzen ohituta dauden langile eskuak,
bidea erakusten duten eskuak
eta aurrera egiteko gogoa sortu,
betetasunera eroaten duten eskuak.

Luzatu zure eskua gurearekin bat egin arte,
ukitu horrek bizi berritu gaitzan,
zure musuak biztu,
eta zure besarkadak ondoan zaitugula kontura arazi.

Zure laguntzarekin
gure anai-arreben hurkoak izatea lortuko dugu.

Lagundu iezaguzu,
beharrizanean daudenei gure eskuak luzatzen.
Zure bultzakadaz kontatzen dugu.
Zure laguntzarekin ez dezagula galdu fedea
eta zure eskuak gureekin bat eginda sentidu ditzagula.
AMEN.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Azaroak hamaika
San Martin gogoan,
guztiz maitatua da
hemen ta kanpoan.
Pobreei laguntzeko
beti prest zegoan,
bizia ernetzen zen
Martinen ondoan;
Santuen itzalean
ze poza dagoan!

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue