Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San ANDRES, apostolua

# # #

San ANDRES, apostolua

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Genesaret, edo Tiberiades, edo Galileako lakua, hiru eratara izendatzen du Ebanjelioak leku berbera. Tekniko jankintsuak oraintsu aurkitu omen dute itsasontzi bat, garai hartakoa delako ustez. Hori baino behinago dugu ANDRES beraren berri jasotzea. Itsasontzia ordukoa dela eta ez dela eztabaidak darabilzkiete jakintsuek; baina Andresek Jesusen deia jaso eta jarraitu zuena ordukoa eta gaurkoa da. Hauxe da gaurko ospakizun honekin egiztatu nahi duguna.

ANDRES, Betsaidakoa zen, Jesus ezagutu eta Berari baietza eman zien bien arteko bat. “Protocletos” deitzen diote, lehenengo deitua. Jesusen galderari: “Zeren bila zabiltzate?”, gogo beteko erantzuna ematen diote: “Maisu, non bizi zera?”. Jesusen erantzunaz bai pozik Andres: “Etorri eta ikusiko duzu”.

“Nondik edo nola jakin genezaken ikasleak gau hartan ikusi eta ikasitakoa!” (San Agustin). Harrezkero Andres Jesusi eskaini zitzaion osorik eta betiko.

Jesus berpiztuta gero, apostolu lagunak bezala, Andres Asia Txikian barrena ibili zen, Caucaso inguruetara iritsiz. Acayako Patras hirian bertako agintari nagusiarengana hurbildu zen eta adore handiz eraso zion: “Zuk ere, Egeas, ezagutuko bazenu Gurutzearen misterioa, seguru asko berarengan sinistu eta gurtuko zenuke”. Buruzagia gora goraka jarri zen eta, besterik gabe, Andres gurutzean hiltzera kondenatu zuen, baina gurutzetara.

Bere Maisua bezala hiltzera zijoela-ta, bihozkada beroak bota zizkion Gurutzeari, gaur Elizak bere otoitzetan biltzen duenez: “Agur Gurutze eder! Har nazazu zure besoetan, zuregandik zintzilik egon zen Kristo nire Maisuaren ikasle hau”.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 4, 18-23)

Jesusek, Galileako itsas-bazterrean zebilela, bi anaia ikusi zituen, Pedro deritzan Simon eta haren anaia Andres, itsasoan sareak botatzen, arrantzaleak bait ziren. Eta esan zien:
- «Zatozte Nirekin, eta giza-arrantzale egingo zaituztet».

Haiek berehala sareak utzi eta jarraitu egin zioten.

Handik aurrera zihoala, beste bi anaia ikusi zituen, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, itsas-ontzian sare-konpontzen ari zirela beren aita Zebedeorekin; eta dei egin zien. Haiek ere, berehala ontzia eta aita utzi eta jarraitu egin zioten.

Jesus Galilea osoan barrena zebilen, haien sinagogetan erakusten, Erreinuko Berriona hotsegiten, eta gaitz eta min guztiak sendatzen herrian.

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Bossuet jakintsuak, Andres apostoluari “apostoluen lehen semea” deitzen dio. Izan ere, Bera izendatzen dute Ebanjelioek Jesus ezagutu zutenen artean lehenengoa. Ikusi zuen, bai, eta bizi izan zuen, labur bada be, Jesusek zekarren bizi berria.

Ondoren, bere anai Pedrori kontatu zion berak ikusi eta bizi izan duen esperientzi gozo sakona. Eta Pedro darama Jesusengana. Berdin egin zuen Santiagok Joanekin eta Bartolomek Felipekin. Dotrina xelebreekin burua nahaskildu ez, berari gertatu zaiona kontatu. Eta “Jesusen gaitza” isatsi.

Hori da guri gaur eskatzen zaiguna: jendeak ez du nahi dotrinarik, pozik eta gogo betean kristautasuna bizi dutenen esperientzia baizik. Eta, jakina, hori daukanak ematen du.

Gaur egun gero eta argiago ikusten da: etorkizuneko kristaua mistikoa izango da edo ez da izango. Mistikoa: hau da, Jesus Gure Jaunarekin eta bere Aitarekin harreman pertsonala eta sakona daukana, Espirituaren eraginez. Hori da norbere bizitzatik Jesusen testigu izatea, inork ikusten ez duen Jesus ikusgarri eta sinisgarri eginez, batez ere, bere erako biziera eramanez.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jauna,
zure Berri Onaren zabaltzaile
eta Elizaren artzain egin zenuen
Andres apostolu santua;
izan bekigu laguntzaile zure aurrean.






GURE EZINA ETA ZURE INDARRA

Jauna,
bizitzak
gure ahultasunak agertzen dizkigu
eta gure mugak aurrean jartzen.

Geu garan ispiluaren aurrean
pobre eta beharrizanean aurkitzen gara...
indar barik,
ohiturak eta arazoak eragiten digute
eta astiro-astiro indargabetu.

Gure indarrak berreskuratzeko
non dago ur bizia?
Sendo sentitzeko
nori heldu?
Gure espirituak behar duan bultzakada
non aurkitu?

Gure ahultasunean
zure indarra aurkitzen dugu,
Biziaren Jauna.

Ahul sentitzea,
Jainkoagandik datorkigun indarrarekin aurkitzeko
bidea dela erakusten diguzu.

Hustu eta biluzten garenean,
hustasuna sentidu
eta gure mugak onartzen ditugunean,
orduan gure Jainko On eta Eskuzabalak
eusten gaitu, elikatu, animatu
eta gure indarrak berriztatu.

Gure bizia Zurekin lotuta egon bedi,
gogo beroz eta atseden barik
zure bila ibili gaitezela,
gure begiek zure begirada bilatu dezatela
eta gure besoak
zure laguntza aurkitu arte luzatu;
Jauna, zure Espirituak
aurrera egiteko,
adoretsu eta ausarditsu egin gaitzala,
eta batez ere,
bideko lagunekin,
Zugandik hartzen dugun indarra
elkar banatzeko gai.

Esku bat Zuri emanda,
otoitzaren, Hitzaren bidez
eta entzuteko zuhur egonez...
zure indarra bilatuz,
beste eskua nirekin datozenei emanda,
elkar banatuz
eta elikatzen gaituan indarra eskainiz,
Zu gure artean zaudenen ezaugarria,
gure ahaleginak eutsiz
eta gure pausoak zuzenduz.

Gure ahultasunean
onartua eta opari lez zure eskuetan aurkeztua,
gure indarra dago, Jauna,
izan, zure indarra da
gure bizitzak
zure egitasmoarekin bat egiten ditugunean
aurkitzen dugun indarra.

Hala izan bedi.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Andresek entzun zuen behin
“etorri ta ikusi”
ta jarraitu Jesusi;
berak Pedro anaiari
Jesus Jauna erakutsi.
Emandako baietzari
azkeneraino eutsi,
ez zaio kosta gutxi...
Gurutzean hil zen, baina
Andres dugu nagusi!

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue