Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San JOAN JAINKOARENA

# # #

San JOAN JAINKOARENA

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

San Joan Jainkoarenaren Anai Ospitalarien Sortzailea.

Joan Ciudad Duarte, Portugalen jaio zen 1495. urtean, Montemor o Novo herrian; eta Granadan hil zen 1550. urtean, 55 urteko zela, herriko seme kutuntzat onartua. Guztiak zeukaten “santutzat”. "Jainkoarena” deitura baino hoberik ez da eta ezin hobeki adierazi gizon honen nortasuna: zerbitzu-bidea.

Zortzi urteko mutiko zela, Toledo-ko Oropesa herrian agertzen zaigu. Joan Jainkoarenaren biografian hutsune nabarmenak eta ilun-une asko agertzen dira, gaur ere argitu gabeak: nortzuk izan ziren bere gurasoak, bere jaioterria, familia eta bizitza, bera urteetan aurrera joan arteko guztia. Uste denez, bere etxetik igaro zen elizgizon batekin etorri zen eta Frantzisko Cid Mayoral-en etxean jasoa urte askotan.

“22 urteko zela, gerrarako gogoa sortu zitzaion”, Oropesa-ko Kondearen konpainian izena emanez, Carlos V. Enperadorearen zerbitzura, Hondarrabiko herriaren defentsara joan zenean, Frantziako Frantzisko I.ak eraso zion eta. Izan liteken esperientziarik txarrena gertatu zitzaion, ea-ea urkatua izan zen eta. Oropesa-ra itzulita, Viena defendatzera deitua izan zen, turkoen erosoen aurka.

Gerra giroko esperientzia hauen ondoren, artzain eta egurgile izatera jo zuen, nola edo hala bizi behar-ta; Ceuta-ko harresiak eraikitzen igeltsero lanetan jardun ondoren, azkenik, Gibraltar-en liburugintzan hasi zen, Granadan luzaroan horretan iraunez, Elvira kalean, bide berrietara jo arte.

Granadan hasten da JOAN JAINKOARENAren benetako historia, bizitzan ongi oinarrituta zegoela, itxura baten, Espainian eta Europan zeharreko ibilaldiak bukatu ondoren. Joan bide baten atzetik zebilen jo batera eta bestera. Azken batean aurkitu du.

1539. urteko urtarrilaren 20an gertatu zen garrantzi handiko zerbait. Martirien Ermitan Avila-ko San Joanen hitzaldia entzuten zegoela, gertatu zen bere KONBERTSIOA. Avila-ko Joanen hitzak barru-barrutik eragin zioten: salgai zeuzkan liburuak alboratu, herrian zehar biluzik ibiliz, haurrak beraiek ere aurretik erabilia, guztiak irri eta barre eginez. Bere portaera ero batena zen, eta hartakotzat jota, Errege-Ospitalean sartu zuten. Han jartzen da gaixoen eta eskaleen zerbitzura, bitartean bere pentsaerak eta espiritu-bizitza bideratuz, gogoeta sakonak eginez. Avila-ko Joanek zuzentzen du gazte urduria eta Extremadura-ko Guadalupeko Ama Birjina bisitatzera bidaltzen du. Han argitu zitzaion barruan zerabilen ametsa eta Ama Birjinaren oinetan promes egin zuen behartsu, gaixo eta munduko baztertuen alde bere burua eta bizia eskaintzea.

Urte bereko udazkenean itzuli zen Joan Granada-ra, adorez eta gizatasunez beterik. Bere ahaleginak eta jendearen eskuzabaltasuna beste laguntasunik ez dauka. Hasiera batean, Joanek bere ongileen etxeak erabiltzen ditu gaixoak eta herriko behartsuak hartzeko. Baina laster alokatu behar izan zuen etxe bat, Lucena kalean, bertan bere lehenengo ospitalea antolatuz. Behingoan zabaltzen da bere entzutea Granada osoan, eta gotzainak “JOAN JAINKOARENA” izena eransten dio. Ondorengo hamar urteetan bere ekintza hazten joan da eta beste ospitale bat eraikitzen du Cuesta de Gomerez-en.

Era berean, bere garaiko ospitale-zerbitzu berriagoak eskaintzen ditu. Bere zerbitzu-lanak gehituz doaz han-hemen eta bere ikasle kopurua ere gehituz doa; haien artean ezagunena Antón Martin, Madril-en bere Ordenako Ospitalearen sortzailea, “Nuestra Seńora del Amor de Dios” deitua, eta bere ekintza berriaren oinarriak gero eta sendoagoak dira.

1550. urteko martxoaren 8an hil zen Joan Jainkoarena Granadan biriketako minak jota, ito-zorian zegoen gazte bat salbatzearren, errekara salto egiteak kaltetuta. Azken logikoa bere bizi osoa hurkoari eskainita bizi izan zen batentzat.

1630. urteko irailaren 1an beatifikatu zuten eta 1690. urteko urriaren 16an kanonizatu. Ospitale eta gaixoen zaindari izendatua izan zen.

Bere heriotza ondoren, bere Ordena zabaldu zen Espainian, Portugalen, Italian eta Frantzian eta, gaur egun, bost kontinentetan dago indarrean. San Joan Jainkoarenaren Ospitalari erlijiosoak 1.500 inguru dira eta 200 elkarte baino gehiago gaixoen zerbitzurako.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 25, 31-46)

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- «Gizonaren Semea -eta aingeru guztiak harekin- bere aintza handitan etortzen denean, bere jaun-aulki ospetsuan eseriko da; eta herri guztiak Haren aurrean bilduak izango dira. Hark batzuk besteengandik bereiziko ditu, artzainak ardiak ahuntzengandik bereizten dituen bezala: ardiak bere eskuin-aldean ipiniko ditu; ahuntzak, berriz, ezker-aldean.

Orduan erregek honela esango die bere eskuinekoei:
- "Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; har ezazue, munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoen erreinua. Gose bai nintzen, eta zuek jaten eman zenidaten; egarri nintzen, eta edaten eman zenidaten; arrotz nintzen, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik nintzen, eta ikustera etorri zineten; espetxean nengoen, eta Nigana etorri zineten".
Orduan zintzoek erantzungo diote:
- "Jauna, noiz ikusi zintugun goserik, eta eman genizun jaten; edo egarri, eta edaten eman? Noiz ikusi zintugun arrotz, eta etxean hartu; edo biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zintugun gaixorik edo espetxean, eta joan ginen Zugana?".
Eta erregek erantzun eta esango die:
- "Benetan diotsuet: nire senide diren txiki hauetako bati egina, neuri egin zenidaten".

Orduan honela esango die ezkerrekoei:
- "Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren aingeruentzat prestaturik dagoen betiko sutara. Gose bai nintzen, eta ez zenidaten jaten eman; egarri nintzen, eta ez zenidaten edaten eman; arrotz nintzen, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik nengoen, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoen, eta ez zineten ni ikustera etorri".
Haiek erantzungo diote:
- "Jauna, noiz ikusi zintugun goserik edo egarri, arrotz, biluzik, gaixorik edo espetxean, eta guk lagundu ez?".
Orduan erantzungo die:
- "Benetan diotsuet: txiki hauetako bati egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin".

Eta hauek betiko oinazetara joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizitzara».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Beste behin, gure mailatik gora dauden PERTSONAI ETA EGOERAK ditugu aurrean. Sarri jakin ere ez dakigu nondik eta nola sortu diren, “isilean” gelditu dira hainbat zertzelada ezkutuan. Eta areago, ez dira inorentzat bizi-eredu izateko gai ere. Ez. Baina haien bizibidean zerbait arraroa gertatzen denean, orduan... DENA DA EZBERDINA! Eta orain bai merezi duela aintzat hartzea pertsonai horiek bizi eta egin izan dituztenak! Hitz batean esanda, baina benetan harrigarria.

Gaur aurrean dugun IRUDI eta TESTIGUARI begira horrelakoren bat sentituko dugu. Beste behin gehiago, argi ikusten dugu Jaungoikoak munduko ahul eta xumeak aukeratzen dituela, gainditu ezineko egoerei behar den moduan erantzuteko, orduko kultur eta ingurugiroan gertatu zen bezala. JOAN JAINKOARENA da horren kasu esanguratsu bat. “Abenturazale” baten egoeratik hasita, bere konbertsioko gailurrera iritsi arte eta, hortik gora, uste ezineko bestean.

Gizaseme hau, berez hain herritar xume bat izanik, gaurko ebanjelio atalak eskaintzen digun pasartea ezin-hobeki eta sendoago ulertu zuen; besterik gabe, bere bizitza eta planteamendu guztiak aldatu zituen, bere izate osoaren oinarrietan ikutuz eta bere BIDE BERRIAK sortuz. Ospitale psikiatrikoan sartu eta han egindako egotaldia eskola egokia izan zitzaion han zer gertatzen den ikus-ikasteko, eta nola “hobetu” liteken asmatzeko. Hemen jaio zen JOAN JAINKOARENA berria, Jainko Beraren graziaz eta eraginez; hori bai, ezin-ordainezko bitarteko baten laguntzaz (bere espiritu-gidari izan zen Avila-ko Joan).

Joan Jainkoarenak hauxe aurkitu zuen, esperientziz: edozein pertsona, denik eta hondatuena ere, Jaungoiko Beraren ARPEGI IKUSGAIA dela; eta orduan buru eta bihotz lanean hasten da egoera txarrenetan daudenei laguntzeko, bere inguruan ikusten zuenez. Hona hemen bere garaiko ospitale munduari eskaintzen dion EKINTZA BERRIA eta ERABERRITZAILEA. Hona hemen Joan Jainkoarenak utzi digun ekarpen baliotsua, eta berak sortutako erlijioso Familiak aurrera darrai.

Bere bizitza osoaren KLABEA honetan datza: bizitzako halako une batean, berak, beti Erreinuaren alde zabalik, gaixo eta behartsuen aurpegi itsusietan aurkitzen du klabe hori, eta batez ere, bere inguruan “erotzat” hartzen zituenak eta, horregatik, guztiz baztertuak zirenen artean. “Zabalik egon”, hori da, zalantzarik gabe, sarrerarako KLABEA. “Errealitatea” lehendik zegoen, baina orain Jaungoikoaren grazi edo argi horrek ESNATU egiten du Joan Jainkoarenaren bihotza eta izate osoa eta abentura berri horretara “BULTZATZEN” du. Benetan harrigarria!

GAUR eta HEMEN, GURETZAT, Joan Jainkoarena eta antzekoak esanguratsuak dira. Izan ere, “egoera larriak” eten gabe gertatzen dira gure artean ere bai, agerkera berriak izan arren. Modu bat edo bestekoak izango dira; beharrizana bateko edo bestelakoak izango dira. Baina errealitate horiek bihotz ZABAL eta SENTIBERAK eskatzen dituzte, egoera horietatik “deiak entzun” eta gogo beroz erantzuteko erronka jasotzen dutenak, nahita sarri muga eta eragozpen asko gainditu behar, baina ERANTZUN EGOKIAK ematen arduratzen direnak; horrelako bihotzak beharrezkoak eta ezinbestekoak ditugu. Hona hemen klabea!

Gure jokabidea ez da “ez-ikusi” egitea, hor konpon esatea arazo hauen aurrean, Ebanjelioaren arabera behintzat. Bestetara baizik, hainbeste gizon-emakumek hasi eta egindako BIDEA jarraituz, bai lehenago eta bai gaur bertan, erronka onartu eta indarrean jarri, erantzun gizakoiak eta solidarioak... hau PREMIAZKOA da eta EGIN BEHARREZKOA.

Uxala gaurko Ebanjelioko pasarteak eta Joan Jainkoarenaren jaiak (eta beste hainbesterenak) sortuko balute guregan, Jesusen jarraitzaileok eta Maisuaren Berri Ona bizi eta iragartzera bidaliok, gurari eta ahalegin bizi hori, batez ere, ahulenen eta behartsuenen alde agertuz, GURE ARTEAN egunero gertatu ohi diren hainbeste egoeretan. “Zatozte nire Aitaren bedeinkatuok; har ezazue munduaren hasieratik zuentzat gertatuta dagoen erreinua”, hauxe da gure Jaunak eta Maisuak opatzen digun erantzuna. Hor aurkitzen gera!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Gure Jaungoiko eta Aita ona!
Zu zure seme-alaba bakoitzarekin arduratzen zera,
bihotz eta errai samurrez maite dituzulako
eta, horregatik, gizon-emakumeak bideratzen dituzu
zure bizi-Egitasmoan partekide izateko.

Aita,
egizu zure Seme maitearen
eta bere jarraitzaile jatorrenak bezala,
Joan Jainkoarena bezala,
gaur ere, gure artean,
gizon-emakumeak sortu daitezela, gazte eta heldu,
konpromezu-BIDEA jarraitu ahal dezaten,
gogo bete-betean eta benetan,
been anai-arreben alde.
















AQUÍ ESTOY, SEŃOR

Jesus Jauna, ireki nire begiak
zure egiaren argitara.
Ireki nire begiak
haruntzago begiratzen duan gizakiaren bihotzera;
Erreinuaren balioetara.
Zabaldu nire begiak ontasunera eta samurtasunera,
barkamenera, zuzentasunera, anaitasunera,
egiara, edertasunera eta bakuntasunera.

Jesus Jauna, ireki nire begiak
bukatzen ez diren baloreetara.
Jesus Jauna, ireki nire begiak
zure heriotza baino haruntzago:
zure Piztueraren argira eta askatasunera.

Zu, Jesus Jauna, hemen zaude, nire bide berrian.
Zu, Jesus Jauna, hemen zaude
eta zure bizi-egitasmoa eskaintzen didazu.

Zurekin kontatzen dut:
nire galderaren erantzuna zara;
nire arrazoien arrazoia zara.
Zurekin kontatzen dut:
nik nahi dudan gizakiaren eredua zara;
onartzen dudan egitasmoa zara.
Zurekin kontatzen dut:
nire bizitzako Egitarau eta Pertsona zara;
nire bizitzaren zentzua zara.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gizona dabil munduan zehar
jo batera ta bestera,
ezin sartu ta sartu nahi Jaunak
beretzat daukan bidera.
Joan Jainkoarena,
egin eroarena,
zuk egin duzu aukera!
Beste guztien trukean duzu
aukeratu Jainko Bera.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue