Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

Santa LUISA DE MARILLAC

# # #

Santa LUISA DE MARILLAC

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Santa Luisa de Marillac 1591ko urtean jaio zen, abuztuaren 12an. Familia ospetsu bateko alaba zen. Haurtxotan hil zitzaion ama, eta aitak eman zion aukera, gorengo mailako heziketa aberatsa hartzeko. Horrez gainera, guztiz jainkozale eta eredugarri hazi zen.

15 urteko gaztetxo zela kaputxinen komentuan sartu nahi izan zun, baina galerazi egin zioten gaixotia zelako. Berehala aita hil zitzaion, eta bere seniden eraginez, Le Gras jaunarekin ezkondu zen. Bere beatifikazioko prozesuan hauxe irakurtzen da: “Kristau emazteen eredugarri izan zen. Bere ontasunez eta goxotasunez bere senarra ere bigundu egin zuen, egoskorra baitzen; horrela iritsi zuen beren artean dena elkarbanatzea, baita otoitza be”. Semetxo bat izan zuten, Luisak maite-maite izan zuen. Ama-esperientzi honek asko balio izan zion geroko sortzaile lanetan. 34 urtekin alargun gelditu zen. Le Gras jauna bere besoetan hil zen kristau zintzo bezala. Berehala hartu zuen erabakia: oso-osoan Jaungoikoari emana bizi nahi dut, on egitera jokatuz.

Frantzia erlijiozko gerratez nahasturik zebilen XVI. gizaldian. Baina XVII. garrenean kontaezin ahala santu-lorez beterik agertu zen, egitekorik ederrenez Eliz bizitza indaberrituz: Salesko Frantzisko, Juana Frantziska, Vicente Paul, Luisa de Marillac.

Salesko Frantzisko izan zen Luisaren espiritu-gidaria, Vicente Paul santuarengana zuzendu arte. Ordurako Vicente santuak bere errukizko egintza harrigarriak indarrean jarrita zeuzkan, Karitate Elkarteak esaterako, behartsuen zerbitzurako elkarteak. Luisak ezarriko zion emakume eta amatasunezko ukitua, bihotz osoz jokatuz. Herriz herri hasi zen, kofradiak gogoberotzen, gaixoak bisitatzen.

Baina... beharrizanak asko eta langileak gutxi. Lurralde batzuk mixeri gorriak jota zeuden. Vicentek eta Luisak ez zeukaten lotarako astirik. Haien arloa gero eta zabalago egin zen. Hainbeste gazte elkartu zitzaizkion Luisari, behartsuei laguntzeko gertu. Nobiziatu aldi baten ondoren, Luisak eta bere lagunak botoen eskaintza egiten dute, 1634. urteko Anunziazio jaian; handik aurrera mundu guztiko San Vicente Paul-en Karidadeko Alabak egun honetantxe berrituko dituzte botoak.

Handik aurrera elur bola handiagotzen joan zen harrigarriro. “Bere jaun behartsuen” (honelaxe deitzen zien berak) aldeko egintzak ugarituz joan ziren: ospitalez ospital dabil; ume abandonatuak onartzen; gerra-lurretako zaurituez arduratzen; behartsuen babesetxeak; buruko gaixoz jotakoentzako etxeak. Luisa eta bere lagunentzat ez dago lagundu ezineko beharrizanik.

1655. urtetik aurrera Karidadeko Alaben Kongregazioa kanoniko legez onartu izan zen Elizan. San Vicentek, Erregelak irakurriz, esan zien: “Gaurtik aurrera, “KARITADEKO ALABAK” izena eramango duzue. Zaindu ongi izen eder hau, izan dezakezutenik ederrena baita”.

Santa Luisaren ekintzan itzela izan zen, bera izatez hain ahula izan arren. Lanaren lanez lehertuta erori zen 1660. urteko martxoaren 15an. Vicentek, bera ere gaixorik zegoenez, ezin izan zion lagundu azken orduan. Enkargu hau bidali zion: “Zu aurretik zoaz, laister ikusiko zaitut berriro zeruan”. Vicente ekintza onez beterik, laister elkartuko zitzaion.

Luisa Marillac-en gorpuzkin beneragarriak Parisen daude, Kongregazioaren Etxe nagusian, Domina Mirarigilearen Andre Maria Santa Catalina Labouré bizentinarrari agertu zitzaion kapilan bertan. Pio XI. Aita santuak santatzat aitortu zuen Luisa Marillac 1934. urtean, eta Joan XXIII. Aita Santuak Gizarte Laguntzaileen Zaindari izendatu zuen.

XVII. eta XVIII. gizaldietan Karitadeko Alabak Frantzian eta Polonian jarri zuten indarrean beren sozial ekintza ongarria. 1790. urtean Espainaratu ziren eta XIX. gizadian Europa osoan eta Latino-Amerikan zabaldu ziren, baita Amerika iparraldean, Asian, Afrikan eta Ozeanian. Gaur egun Kongregazioa 93 lurraldeetan ari da lanean Afrikan, Hego Amerikan, Asian eta Europan. Karitadeko Alabak 33.000tik gora izan dira, 2.500 elkarteetan banatuta eta 78 probintzia kanonikoetan.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lucas 10, 25-37)

Aldi hartan, etorri zen legegizon bat, eta azpikeriaz honela esan zion Jesusi:
- «Maisu, zer egin behar dut nik, betiko bizia iristeko?».
Eta Hark esan zion:
- «Zer dago Legean idatzirik? Zer irakurtzen duzu han?».
Eta legegizonak:
- «Maita ezazu Jauna, zure Jaungoikoa, bihotz-bihotzez, gogo-gogoz, zure indar guztiz, eta zure adimen osoz; eta zure lagun-hurkoa, zeure burua bezala».
Eta Jesusek erantzun zion:
- «Ondo esan duzu. Egizu horrela, eta biziko zera».

Baina legelariak, bere burua zuritu nahiez, honela esan zion Jesusi:
- «Zein dut, ordea, nik nire lagun-hurko?».

Eta Jesusek orduan:
- «Gizon bat zetorren behin, Jerusalendik behera, Jerikora, eta lapurren eskuetan erori zen. Lapurrek, erantzi eta zauritu ondoren, erdi-hila utzirik alde egin zuten. Hain zuzen, apaiz bat zetorren bide hartan behera eta ikusi zuen, baina beste bide-bazterretik aurrera jarraitu zuen. Berdin egin zuen, han gertatu zen lebitar batek ere: ikusi, eta beste bide-bazterretik aurrera jarraitu.

Handik zehar bidez zihoan samariar bat, ordea, hurreratu egin zen eta, hala ikusita, erruki izan zuen; eta hurbildurik, zauriak lotu zizkion, olioa eta ardoa gainera isuriz; eta bere abere-gainean hartu eta ostatura eraman zuen, eta han zaindu. Biharamunean bi denario atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: "Zaindu ezazu, eta gehiago eralkitzen baduzu, neronek honakoan ordainduko dizut".

Hiru horietan, zein deritzozu azaldu zela, lapurren eskuetan erori zen haren lagun-hurko?».
Legelariak erantzun zion:
- «Harentzat erruki izan zuena».
Eta Jesusek orduan:
- «Zoaz, eta egin zuk ere beste horrenbeste».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Hemen dugu ongi ezagutzea merezi duen beste pertsonaia bat, emakume ahul gaixotia izan arren; bere lanerako jokabide sendo eta jatorra ikusita, egia esan, neurriz gainekoa izan da. Santa LUISA de MARILLAC Ebanjelioaren MUINETIK sortutako irudi argitsua da, KARIDADE handiz bizi izandakoa, bere garaiko eta inguruko behartsuenen alde jokatuz. Era berean, berak sortutako Familiak aurrera eramango du behartsuen eta baztertuen aldeko ekintza ederra.

Eta hona hemen gaur berriro aurkitzen gara, ulertzen hain zailak diren “Jaungoikoaren bideen” aurrean, baina sarritan eguneroko eta ohizko eskema arruntetan moldagaitzak. Jaunak etxekoandre eredugarri hau bilatzen du, Berarekin buru-belarri lankide izateko, beste Ebanjelioaren testigu ospetsua den Vicente de Paul santuaren ondoan. Bere ondoan, Luisa izango da anai eta espiritu-zuzendari dan Vicente de Paul-en esku luze maitekorra bezala, bere mila eta bost ekintzetan. Horrela dela, Jaungoikoak BIHOTZ ZABALAK aukeratzen ditu, Berak gizadiaren onerako nahi luken Erreinua indarrean jartzeko.

Gaurko Ebanjelioaren argitara eta Maisuaren galderaren aurrean: “Hiru hauetatik, zein agertu zela deritzaizu lapuren eskuetan erori zen haren lagun-hurko...?”, “Harentzat errukia izan zuena”, Luisak ez du atsedenik hartzen eta BESTE ADISKIDE ETA LAGUNAK gogoberotzen ditu itzelezko ekintza horretan parte hartzera, inolako mugarik gabe. Horrela, San Vicente de Paul-en laguntzaz, erlijiosa FAMILIA BERRIA sortzen du, historian zehar hainbeste fruitu gozo eta eder gizartearen onerako eman duena.

BEHARTSUAK dira emakume honen ametsen iturburua, San Vicente de Paul-en “itzalean”. Hau da, berarengan aurkitu dugu Ebanjelioa emakume harrigarri honen bihotzez jabetzen. Horra zenbaterainokoa den esperientzi honen indarra: “KARIDADEKO ALABAK” izenak berak adierazten du non dagoen “ebanjeliozko sekretua”, emakume honetaz JABETUZ, berotasun eta gozotasunezko indarrez bete dituena.

Luisa eta Vicente honetan agertzen dira miragarri: gure munduko behartsu eta baztertuen ekintzaz eta konpromesuz. Hori azpimarratzen dute beren bizitzako jokabidetzat gelditu diren BIZI-ARAUAK: “Monastegitzat gaixoen etxeak izango dituzte. Gelatzat errentaz hartutako lekutxoren bat. Klaustrotzat lagundu beharreko behartsuak bizi diren kaleak...”. Honenbesterekin ongi argi dago nolako ESPIRITUAK girotzen duen Familia hau.

GAUR eta HEMEN, eta GURETZAT, deia zabalik dago. Eta askoren egoera larriak, behar bada, ez dira Santa Luisaren eta Vicente de Paul-en garaikoak, baina BEHARTSUAK hor jarraitzen dute, eta beharrizanak gutxitu beharrean, areagotu egin dira eta, izan, orduan bezain dramatikoak eta negargarriak dira. Horrela dela, “behartsuen kausa” bizirik eta bertan dago, gu bizi garen inguruan bertan.

Horregatik, sinismen irudi eta testigu hauek bizi izan dutenak eta adierazten digutenak gaur ere indarrean irauten dute hemen, gure artean, gure elkarteetan, gure eguneroko joan-etorrietan. Horrela ikusi eta nahi izatea... hori beste “kontu” bat da! Baina izan horrela da-ta, uste gutxien denean gogoratzen digu. Luisa de Marillac eta Vicente de Paul-en Ebanjelioko ERRONKA da eta... baita beste hainbeste kristau anai-arrebek gauzak horrela irakurtzen dituzte eta beren indar guztiz erantzuten saiatu direnak.

Santa Luisaren jaia ospatzeak lagunduko al digu Ebanjelioaren MUINA aurkitzen eta gure bizitzari ukitu berezi bat ematen. Horrela balitz! Uxala gaurko munduko mila eratako POBRETASUNAREN ERRRONKA NORK BERE EGITEA iristen badugu.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Gure Jaungoiko eta Aita ona,
behartsuen kausa zure gain hartzen duzuna,
Jesus, zure Seme maiteak,
haien alde bere burua eta bizia jokatzeraino,
gizarteak baztertzen dituenengana maitasunez hurbilduz.

Aita,
SANTA LUISA DE MARILLAC-en antzera,
emaguzu bihotz zabal eta emankorra,
gizartean pobretasunaren ondorenak
gehien eta zorrotzen jasotzen dituztenak,
ongizatearen munduan murgilduta bizi garen honetan,
GUREGAN aurki dezatela
Ebanjelioan Jesusek eskatzen digun erantzun egokia,
Zuri hain atsegin zaizuna.
















BIZIA EMATEKO BELDURREZ

Jauna, zeuk esana da:
Nigatik eta Ebanjelioagatik bizia ematen duenak,
salbatu egingo du.
Baina bizia emateko beldur gara.
Iraupen senaren indarrak
norberekeriara garamatza eta lotu egiten gaitu.

Arriskuak saihesteko
dena aseguratuta daukagu.
Eta hor agertzen da gure koldarkeria...
Jesukristo gure Jauna,
bizia emateko beldur gara.
Baina bizia,
Zuk, gastatzeko eman diguzu;
norberekeria antzuan itxirik
ezin gara ibili neurtzen.

Bizia ematea, besteengatik zerbait egitea da,
ordaina itxaron gabe;
bueltatu ezin duenari mesede bat egitea;
behar izan ezkero, porrota ere onartzea;
lagun hurkoaren alde dena ematea da.

Argi zuzien antzera
erretzen goazen neurrian
izango gara argi besteentzat.

Aldendu gaitzazu,
sakrifizioa baztertuz,
seguritatea bilatzearen gezurrezko zuhurtasunetik.

Jauna, zure laguntzaz,
ezinezko horretan sartu gaitezela,
ezinezko horren atzean Zu eta zure grazia daudelako
eta ez gaituzu utziko hustasunean jausten.

Etorkizuna zer izango den jakin ez arren
eta gure bidea lainopean galdu,
ematen jarraitu nahi dugu,
negarrez dauden mila giza begietan
gauerdian zain zaitugulako.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gure santuak izan ditugu
apalak, baina abilak,
harrigarriak eginda gero
jatorrak eta umilak.
Pobre, gaixoen lagun,
hagatik dira ezagun,
nahita eurak egon hilak.
Hemen dugu bat maitagarria:
Santa Luisa de Marillac.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue