Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San BIZENTE MARIA STRAMBI

# # #

San BIZENTE MARIA STRAMBI

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Jose Strambi farmazialaria eta Eleonor Gori gurasoen seme, BIZENTE MARIA Civitavecchian (Erroman) jaio zen 1745. urteko urtarrilaren 1an. Fede bizitza zintzoa eta behartsuekiko maitasun berezia jaso zituen gurasoengandik, eta hauxe izango da bere bizitzako ezaugarri berezia. Aitak jaiera beroa izan zion Jesus izeneko kofradiari, eskuzabalez lagunduz; sarritan zorrak ere barkatuz, eta diru kopuru handiz lagunduz neskatila behartsuen heziketarako. Bizente honetan ere seme leial izan zen.

Amak begi argiz ikusten du semearen apaizgintzarako bokazioa; baina ez aitak, kristau zintzoa izan arren, semeari buruz beste amets batzuek baitzituen. Bien bitartean, Bizente Mariak Montefiascone-ko seminarioan hasten ditu filosofia, teologia eta bibliako ikasketak, bere buru-argitasunez eta fede bizitzako berotasunez arduradun eta ikaslagunak harrituz. Erroma-ra aldatzen da eta geroago Viterbo-ra, predikalari gaitasuna lantzeko, baita beste ikasketa berezi batzuek ere egiteko. 21 urterekin subdiakonutza hartzen du, eta Montefiascone-ko gotzainaren deia jasotzen du, Seminarioan hezitzaile izateko; eta bai Bizentek bihotz handiz erantzun ere. Baina bere ikasketak aurrera daramatza, jakituria eta santutasuna apaiz batentzat biak beharrezkoak direla jabetuz. 22 urteko zela, Bagnoregio-ko (Viterbo) seminarioko erretore izendatua da. 1767. urteko abenduko 29an, 23 urte bete aurretik, apaiz ordenatua da.

Baina, ERLIJIOSO BIZITZARAKO DEIA gero eta biziago sentitzen zuen. Civitavecchian, misio batzuetan, Bizente Mariak Gurutzeko San Paulo ezagutzen du eta bere santutasunez eta misiolari espirituz txundituta sentitzen da. Vetralla-ko (Viterbo) San Angel komentuan berriro bisitatzen du, apaizgintza aurreko gogojardunak bertan eginez. Bide batez berarekin hainbeste harreman izan zituen. Eta, besterik gabe, Pasiotarren kongregazioan sartzea eskatu zuen. 1768. urtean, apaiz gaztetxo zela, Paulo berak hartu zuen komentuan. Baina lehenago mila eta bat eragozpen gainditu beharra izan zuen aitaren aldetik, lehen ere seminariorako bidean gogo txarrez ikusi ondoren, oraingo golpe hau gehiegizkoa da berarentzat.

1768. urtean erlijioso profesa egin ondoren, Bizente Maria jo ta ke hasi zen Gogojardunak ematen, bai apaizei eta bai herriari, eduki ere horretarako aparteko dohainak zeuzkan eta. Baina laster utzi behar izan zituen predikari lanak. 1773. urtean, hain zuzen ere, Erroma-ra deitua izan zen, teologo gazteen irakasle eta zuzendari izateko. Bizente Mariak arreta handiz hartu zuen gazteen heziketa hau, kongregazio berriaren itxaropen iturri. Bai osasun aldetik eta bai espiritu bizitzaren aldetik zaintzen ditu, teologia garbia irakatsiz.

Zalantzarik gabe, inguruan gizaldiko misiolaririk sutsuenetakoa izan zen. Aita Santuak berak eskatuta, Erroma-ko eliz nagusienetan hainbat aldiz eman zituen Misioak, sarritan egun beltz ilunetan. 1775an Urte santuaren hasieran, Klemente XIV. Aita Santuaren eskariz Trastevere-ko Santa Maria elizan iragarri zuen Ebanjelioa. Entzuleen artean Aita Santua bera ere bai. Aita Santuaren aginduz, sarri zuzendu behar izan zituen Gogojardunak behin kardinalei, behin gotzainei, behin Erroma-ko kuriako arduradunei eta hiriburuko kleroari. Guztien ezagun egin zen. Besterik gabe “Pasiotar predikalari santua” deitzen zioten. Berarengana jotzen zuen Aita santuak egoera larri baten aurrean. Iturri garbitik dakigunez, hain egin zen izen handiko, Venecia-ko konklabe gatazkatsu hartan, Pio VIIa Aita Santu izendatua izan zen hartan, bere kandidatura ere tartean ibili zen eta 34 kardinaletatik 5ek bere alde eman zuten botoa, eta hori pasiotar erlijioso hutsa izanda.

Kongregazio barruan hainbeste alorren ardura hartu zuen: teologiako irakasle, ikasleen zuzendari. Komentuko nagusi, Probintziburu, Jeneralaren kontsultari. Baina beti eta denen zerbitzari agertzen zen, eginbeharrik apalenak beretzat hartuz. Ez du nahi inolako bereizkuntzarik. Bere anaien eta herritarren artean fede argi eta beroa sortzeko aparteko dohainak ditu. Horrez gainera, eskolarako eta espiritu gaietarako liburu batzuk ere idazten ditu. Izendapen berezia merezi du “Odol baliotsuaren Hila”, bere pasiotar espiritualtasunaren testigantza eta zabalkuntza. Eta ondoren, bere maisutasunezko liburua: Gurutzeko Pauloren biografia ikusgarria. Bera izan zen gorengo espirituen gidari, bai goi-mailako jendearentzat, bai herri-jende xumearentzat.

1801. urtean Pio VIIk Macerata eta Tolentino-ko gotzain izendatzen du. Bizente berehala joan zaio Aita Santuari, arren uzteko bakean komentuan, bere misiolari lanari jardunez. Baina Aita santuak bereari eutsi zion. Bizentek onartzen du. Uztailaren 26an gotzain kontsakratua, 31ean doa Macerata-ra, “bihotz-minez” komentuko anaiengandik banatuz. Behingoan hasi zuen Maceratan elizbarrutia goitikbehera berritu zuen jarduna. Iritsiz batera, bisitari hasten da: parrokoak, espetxeak, ospitaleak, monastegiak; herri misioak ere antolatzen ditu, berak ere parte hartuz. Biziera latza eta zorrotza eraman zuen. Behartsuak izan ziren bere ardura nagusia. Aita samurra eta zorrotza. Seminarioa darama bihotz erdian. Erlijiosoen bizitza zaintzen du. Santua izanik, santutasunera deitzen du.

Elizaren gainean gero eta laino montor ilun astunagoak zabaltzen hasi ziren. 1805. urtean Napoleon Bonaparte pontifikal estatua bereganatu zuen. Tropa frantziarrak Maceratan ere sartu ziren. Enperadoreari leialtasunaren juramentua eskatu ziotenean, Bizente Mariak uko egiten dio, Aita santuarenganako leialtasun bakarra aitortuz. Erbesteratua izan zen. 1808. urteko irailaren 28an Macerata barrutiak negarrez agurtzen zuen bere artzaina.

Napoleonek erlijiosoen kongregazioak ere ezabatzen ditu. Pasiotarrak beren jaioterrira itzaltzera behartuak izan ziren. Probaldi gogorra benetan. Bizente bere barrutira itzuli zen 1814. urteko maiatzean eta aintza handiz aupatua. Erraz ulertu daitekeenez, elizbarrutiak min handiz hartu du artzainaren erbestaldia. Bizente Maria berriren berri hasten da barrutia zuzentzen eta garbitzen. 70 urtera iritsi eta, nahita indarrak gutxituak eduki, ez da gelditzen. Hainbeste arduren artean ere, ez ditu albora uzten bere Misioak eta Gogojardunak, egarriz eskatu eta pozez onartzen zituen eta, errespetuz eta maitasunez jasoz.

Sufrimenduz, urtez eta lanez beterik zegoela, behin eta berriz eskatu zion Aita santuari komentura itzultzen uzteko, otoitz giroan heriotzarako prestatzeko. Ez zion behin ere onartu. “Nahiko da zure presentzia Elizbarrutia zaintzeko”, erantzuten zion Aita santuak. Azken baten, Leon XIIak 1823. urtean onartu zion eskaria. Baina ez osorik. Bere ondoan bere egoitzan nahi du eduki, bere kontseilari eta aitorle bezala. 1823. urteko azaroaren 21an uzten du Macerata, elizbarrutia jendea negar baten utziz.

Aita Santuak egunero izaten zuen berarekin harremana. Berarekin batera ari da Erroma-ko eta Elizako berrikuntza antolatzen. Jauregi pontifikaletik egunero dijoa Joan eta Paulo Santuen elizara, han izan zen gotzain sagaratua: fundatzailearen hilobi gainean egiten zituen egotaldiak, hainbeste gorabehera gogoratuz. Abenduan Aita Santua hilzorian sartu zen. Bizente Mariari deitu zioten oliadura hartu nahirik. 1823. urteko abenduaren 23 zen, gauerdia. “Badago pertsona bat bere bizia zu osatzearen alde eskaintzen duena”. Abenduaren 24ko goizaldean Bizente Maria meza ospatzen dago eta Aita santuaren alde biktimatzat eskaintzen du bere burua. Meza bukatuz batera, Aita santua hobeki sentitzen da. Bizente Maria, ordea, uste gabe gaixotu zen, aste bete geroago hil zen, 1824. urteko urtarrilaren 1an, 79 urte betetzen zituen egunean bertan. Hona karitatearen eta onginahiaren martiria. Joan eta Paulo santuen elizan hobiratu zuten, fundatzailearen ondoan; eta 1950. urtean santutzat aitortu zuen Elizak. 1927. urtetik “bere” Maceratan datza, hantxe izan zen 22 urtez artzain arduratsu eta beneragarri.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Joan 10, 1-18)

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien farisearrei:
- «Egi-egiaz diozuet: artegira, atetik sartu beharrean, beste nunbaitetik sartzen dena, lapurra da eta harrapatzailea. Atetik sartzen dena da ardien artzaina. Honi ireki egiten dio ate-zaiak, eta ardiek aditzen dute haren ahotsa; bakoitzari bere izenez deitzen dio, eta kanpora ateratzen ditu. Bere ardi guztiak atera ondoren, haien aurretik joaten da eta ardiek jarraitu egiten diote, ezagutzen bait dute haren ahotsa. Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; ihes egingo diote, arrotzen deia ez bait dute ezagutzen».

Jesusek parabola hau esan zien; baina haiek ez zioten antzeman zer esan nahi zien. Beraz, berriro honela esan zien Jesusek:
- «Egi-egiaz diozuet: Ni naiz ardien atea. Lehen etorri ziren guztiak lapurrak ziren eta harrapatzaileak; eta ardiek ez zieten entzun. Ni naiz atea. Nigandik sartzen dena, salbatuko da; sartuko da eta aterako, eta aurkituko du jatekoa. Lapurra ez dator, ostu, hil eta hondatzera baizik; Ni, berriz, bizia izan dezaten eta ugari izan dezaten etorria naiz.

Ni naiz Artzain ona. Artzain onak bere bizia ematen du ardiengatik. Morroiak, ordea, artzain ez denak, ardiak bereak ez dituenak, ikusten du otsoa etortzen eta, ardiak utzita, ihes egiten du; otsoak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu, morroiari ez bait zaio axolarik ardiengatik.

Ni naiz Artzain ona; ezagutzen ditut nire ardiak, eta nireek ezagutzen naute Ni; Aitak Ni ezagutzen nauen bezala, eta berdin Nik Aita; gainera nire bizia ematen dut Nik ardiengatik. Baditut, artegi honetakoak ez diren beste ardi batzuk; haiek ere ekarri beharrak dauzkat; adituko dute nire ahotsa, eta artalde bakarra izango da, eta Artzain bakarra.

Aitak horregatik maite nau: nire bizia ematen dudalako, berriro hartzeko. Ez dit inork kentzen; Neronek ematen dut neure gogoz. Nire esku dago, bizia ematea; eta nire esku, berriro hartzea: agindu hau hartu dut nire Aitagandik».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Hemen gara berriren berri Jesusen eta Ebanjelioaren testigu gogoangarri baten aurrean, gaur eta hemen ere hainbeste aukera Jesusen jarraitzaileoi eskaintzen dizkigularik. Izan ere, berak bizi izan zuena eta gaur eskaintzen diguna, gutariko bakoitzarentzat DEI bat da. Ongi datorkigu berarengana “hurbiltzea” bihotz zabalez eta ikusten duguna onartzeko begi garbiz.

Bizente Maria eroso bizi zen bat da; bizitza “bideratuta” dauka; baina BARNEKO EGONEZINAK beste helmuga batzuetara eragiten dio. Eta, lojikaz jokatuta, Jesus eta bere Ebanjelioaz maitemintzen da. Horrez gainera, bidean testigu berezi batekin topo egin zuen Gurutzeko Paulorekin, Gurutzeratuarekin maitemindua; horrela, begi aurrean dugu “kuadru” osoa gaztediaren hezitzaile argi hau “ulertzeko”; bere bizia Elizaren alde eskaini eta eman zuen artzain zoragarria; espiritu bideko zuzendari eta kontseilari harrigarria, fededun askori fede-bizitzan hazten lagundu diena.

Honako hau interesgarria degu: Bizente Mariak ez zuen esateko harrigarririk egin bere bizitzan; hau da, “extra bitartekorik” ez zuen erabili. Ez. Pasiotar erlijioso xume bat izan zen, Nazareteko Maisuari jarraitzeko bide egokitzat horixe aukeratu zuelako. Pasiotarren karisma bere garaiko “bitartekoak” bereziak erabiliz jokatu zuen, esaterako Herri-Misio Santuak, Ebanjelioaren eta Jesusen jarraitzaile mezua eskaintzeko.

Eta hauxe bera transmititu zien hezi zituen gazteei, bai Kongregazioan, bere hezitzaile denboran, bai gotzain izendatu zutenean, apostolu garrez bete zuen ekintzan, Seminarioan apaiz izateko hezten zituen gazteei, baita Jainkoaren Herriari kristau izateko bide ontzat, Gurutzeko Jesusen jarraibidea aurrean jarriz.

Gogoan hartzeko beste alderdi bat hauxe dezu: Bere ARTZAIN alderdia, ahalmen eta gogo guztiak erabiliz. Biziera guztietako pertsonentzat zen bere misiogintzako eskaintza: Aita Santu, apaiz, erlijioso eta erlijiosa... Baina, batez ere, herri-jende xeheak aurkitu zuen berarengan gizon on eta hurbilekoa. Batez ere, BEHARTSUENAK aurkitu zuten berarengan harrerarik onena, haiekin bat egiteko zeukan dohain harrigarriz baliatuz.

Horrez gainera, bere Artzaintza kargua behar den moduan eramateak eta, era berean, bere garaiko Elizarekin leialtasunean jokatzeak, mikaztasun eta eragozpen asko sortu zioten. Enperadorearen aginduz erbesteratua, berak zirrikiturik gabe leialtasunez irauten du, horrek sortu zizkion zoritxarrak onartuz. Eta, batez ere, bere herriaren eta Elizbarrutiaren aldeko maitasun zintzoa eta, urte askotan hain maite zuen artzainik gabe geldituz. Aita Santuarekiko leialtasuna ere harritzekoa da, bere burua biktima bezala bere alde eskainiz. Begi-bistan dago Elizarekiko bere leialtasuna, bere herriak hain maitasun beroz agertu zionez.

GAUR eta HEMEN guretzat ere, Jesusen testigu hau kristau bizitzan eta jarraipenean PROPOSAMENA dugu. Argi dago zera: halako garai bateko “erakunde” zaharkituak indarrean daudela ere, ahal dela Jesusen jarraipena egin erradikaltasunez eta gogo betean. Horrela bizi izan zuen Bizente Maria Strambik. Bera, “Kalbarioko eskolan” hezia egonik, eta Pasiotar jator bezala kapaz da egoerarik latzenari aurpegi emateko adorez eta amorez.

Egon ere, jakitun gaude zenbat kostatzen den ahulen eta behartsuenen alde, gurutze eta guzti, aurpegi ematea. Hain zuzen ere, hementxe PLANTEATZEN digu Bizente Mariak, gaurko kristauoi, berak onartu eta bizi bihurtu zituen baloreak onartzea, bai pasiotar erlijioso eta hezitzaile bezala, bai bere artzain ekintzan eta bere herriaren fede bizitzaren eragile bezala.

Zenbat proposamen eder ipintzen dizkigun begiaurrean! Orain gutako bakoitzak alorrean sartu beharra dugu eta TESTIGANTZA bizi eta baikorra eskaini gaurko munduari, gaur gure kulturari, gure inguruari. Izan bihotz!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jaungoiko eta Aita samurra,
guregan salbamen eta bizitzaren
egintza burutu duzun hori,
zure maitasunaren indar guztia erakutsiz,
harrigarriro zure Seme maiterenagan,
zure bihotz handia ezin hobeki agertuz.

Aita ona,
zure Semeak egintza hau
beste anai-arreba batzuekin
elkarlanean gauzatu du,
eta, gizaldietan zehar,
zure maitasunaren eta zure bizi-proiektuaren
aparteko testigantza emanez.

Gaur zure zerbitzari zintzoa izan zen
Bizente Maria Strambi aurrean dugula,
eta Eliza zerbitzeko bere bidea onartzen dugu,
batez ere behartsuenen eta ahulenen alde konprometituz.
Egizu jarrai ditzagula bere urratsak
eta eskain dezagula, gaur eta hemen,
zerbitzu maitekorra eta zabala
zure elkartearen eta bertan behera utzita
sentitzen direnen alde.


























ARTZAIN ONA

Jesus, laguntzen eta zuzentzen gaituzun,
artzain ona,
eraman gaitzazu Aita-Amaren Erreinura.

Zu zara artzain ona,
artaldea zaindu eta babesten duzuna,
inoiz bakarrik uzten ez duzuna,
beti laguntzen duzuna.

Zu zara artzain ona,
onberatasunez betea,
besteen biziaz arduratzen zarana,
zuzen gabekeri eta minaz sufritzen duzuna.

Zu zara artzain ona,
gure bizia elikatzen duzuna,
ur bizietara eramaten gaituzuna,
babesa eta aterpea eskaintzen diguzuna.

Zu zara artzain ona,
gure itxaropenak ezagutzen dituzuna,
bidea erakusten diguzuna,
gure ibilaldian animatzen gaituzuna.

Zu zara artzain ona,
deitu eta batzen gaituzuna,
elkartea hazi erazten duzuna,
benetako anaitasuna erakusten diguzuna.

Jesus, historiaren Jauna, artzain ona,
gizadia, zure Espirituaz,
Biziaren Erreinuko urratsetatik
zuzentzen duzu.

Erakuts iezaguzu laguntzen,
ez aurrean baizik ondoan joaten,
isiltasuna egiten eta entzuten,
hurreratzeko eta lotzeko besoak irekitzen.

Lagun iezaguzu gaur egungo
minak eta sufrimenduak aurkitzen.
Heriotza sortzen duan
zuzengabekeria eta bazterketaren kontra altxatu gaitezela.

Guztiak beharrezkoa dena izan dezaten,
gugan dagoena ipini dezagula.
Guztiak lana izan eta duintasunez bizitzeko eskubidearen alde
borrokatu dezagula.

Eguneroko pauso txikiekin
gozatu dezagula.
Argitu gure ikus mugak
eta gehitu gure utopiaren egarria.

Agertu iezaguzu elkar banatzen den bidea,
eman iezaguzu elkarteko espiritua,
bata besteen artzain ona izanez
erakutsi iezaguzu elkarrekin ibiltzen.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gaur Bizente Maria
Stranbiren eguna,
gogoko zaiguna;
beragan agiri da
gizon fededuna.
Santuak beti dauka
argitan zentzuna,
berarekin zorrotza
bestekin biguna;
nork ez du nahi ondoan
holako laguna?

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue