Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San BIZENTE PAUL

# # #

San BIZENTE PAUL

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Ez dakizkigu zehatz-mehatz bere jaiotzaren leku eta garaia. Baina, Pouy jakintsuaren ustez, Bizente Paul, Pouy inguruko auzo bateko baserri etxe apal baten jaio zan, Dax hiritik bost kilometrora, Landas departamentuan, Frantziako hego-mendebaldean. Bere jaioterrian, Berceau de Saint Vincent de Paul deritzaienean, adreilu eta zurezko habez eraikitako eraikuntza apal bat agiri da, Bizente 1580 edo 1581. urtean jaio zen etxearen antzekoa. Bere jaiotzaren agiririk ez da inon, bataio agiriak jartzea 1648. urtera arte ez zen sartu-ta.

Bere anaien artetik hirugarrena zen. Familia behartsu bateko seme zenez, haurtzarotik lagundu behar izan zuen etxeko lanetan, batez ere ardi eta txerri zaintzen. Txikitatik agertu zen buruz argia, eta horregatik aitak eliz karrera egiteko gauza zela ikusi zuen. Dax hirian egin zituen lehen eta bigarren mailetako ikasketak, eta geroago filosofia eta teologiakoak Toulousen zazpi urtetan. Zaragozara ere etorri zen ikasketak lantzera. Gazterik ordenatu zen apaiz.

Gorabehera batzuen eraginez (gaur egun ez hain ezagunak), hogeita hamar urteko zela Paris-en aurkitzen dugu, apaiz zereginen batzuek hemen aurkitu zituen eta; geroago, izen handiko apaiz baten bitartekotzaz, Gondi izeneko jaunen etxean sartu zen 1613. urtean, seme-alaben hezitzailetzat eta geroago emaztearen espiritu zuzendari bezala. Gondi jaunaren lurraldeetan zehar ibiliz, Bizente behingoan konturatu zen baserri jendeak zeraman bizimodu latz eta neketsuaz, bai gorputzez eta bai espirituz, era berean beren arretaz bizi ziren elizgizonen egoeraz.

Esperientzi honen eraginez eta bere espiritu bizitza landuz (guretzat hain ezagun ez diren zertzelada batzuek behartuta), erabaki zorrotz eta atzerarik gabekoa hartzera jo zuen: bere apaiz bizitza ebanjelizatzera eta baserri jendea askatzera dedikatzea eta elizgizonen heziketa lantzera. Erabaki honen ondoren, Bizenteren bizitza horretan dijoa, 80 urtetan etorri zitzaion heriotzara arte, 1660. urtean: behartsuen bizitza materiala eta espirituala zaintzen.

Bere ikuspegia, hasieran baserri mundura mugatua, pixkanaka zabaltzen joan zen: galeretara zigortuak, gaixo behartsuak, gudari zaurituak, esklabuak, bertan behera utziak eta zaharrak, eskaleak, gerrako errefuxiatuak edo Madagascar-eko jentilak. Horretarako apaizak martxan jarri zituen (Misioko Kongregazioa, Asteartetako Konferentziak), handikien arteko eta herri mailako andre-gizonak (Karitateko parroki kofradiak, eta Karitateko Damak), baserri aldeko neskak (Karitateko Alabak); Ebanjelioko argiz eta bere kristau esperientziaz kutxatu zituen, Lukasen Ebanjelioan Jesusen Hitzak oinarritzat hartuz: “Jaunak bidali nau katiguei askatasuna eta behartsuei Berri Ona iragartzera, itsuei ikusmena eta zapalduei askasuna ematera” (Lk 4, 18).

Esperientzi honen erakutsiz, Bizente Paulek hasi zuen bere ekintza harrigarria, Elkarte eta Erlijioso eta Sekularren Kongregazioen animatzaile eta Fundatzaile bezala behartsuei laguntzeko asmoz. Horra, 1617. urtean, Châtillon-en Karitateak sortzen ditu karitateko ekintzak indarrean jarri nahirik, (geroago Karitateko Damak deituak eta gaur egun AIC bezala ezagunak, Nazioarteko Karitateen Elkartea). Berehala zabaldu ziren Frantzian zehar eta geroago mundu osora, 260.000 kide izatera iritsiz. Bizi zela idatzi zituen Frantzia osoan sortu ziren Karitate askorentzako estatutoak.

1625. urtean Misioko Kongregazioa sortu zuen, Paulen Misiolariak, Lazaristak edo Bizentinoak izenez ere ezagunak. Bere heriotz orduan, Kongregazioa Poloniara, Italiara, Argeliara, Madacascar-era, Irlandara, Escocia-ra... zabalduta zegoen. Bere heriotza arte izan zen Kongregazioaren Jeneral orokor Nagusia, aldian aldiko Kontsejuaren batzarrak antolatuz, erregelak idatziz, asanblada orokorrak zuzenduz eta hainbesteko sorkuntzak dakartzan arazoak argituz.

1633. urtean, Luisa Marillac lagun zuela, Karitateko Alaben Konpainia sortu zuen. Luisa ondoan zuela, Jeneral nagusi izan zen, noizean behingo batzarrak eratu zituen, erregela bat idatziz eta legezko oinarriak erantsiz, iraultza usainekoak; guzti horrek Konpainia indartsu egin zuen ondorengo urteetan. Bera bizi zela, Frantzian eta Polonian 60 etxe eraiki zituen. Geroago, Konpainia Elizako Kongregaziorik nagusienetarikoa izan zen.

Sortu zituen Elkarteak zuzendu beharrez, Bizentek itzelezko eskutitz pila idatzi zituen; badira 30.000 karta, haietarik % hamar baino ez dira gordetzen. Misio eta Arreben Kongregazioari kontatu ezin ahala Konferentzi zuzendu zizkion. Haietarik banaka bat baino ez degu eskuetan.

1628. urtetik aurrera elizgizonak hezitzera jo zuen, ordenatu aurrekoei Gogojardunak, Astearteetan Konferentziak eta apaizei erretiroak. Bere bizitzako azken 25 urteetan elizbarrutietako Seminarioak sortzeari eman zion. Hogeiren bat sortu zituen.

1683. urtean Haur Abandonatuen obra izan zen bere arreta nagusia. Parisen bertan bakarrik urtero 300 ziren. Beharrizanari begiratuz, Karitateko Alabak izendatzen zituen obrari laguntzeko eta 13 etxe jaso zituen horretarako. 1636tik aurrera, Bizentek ardura berri bat hartu zuen: gerra, izurriteak eta gosea zirela eta, sufritzen zeudenak. Mateo Regnard Anaiak, Bizenteren laguntzaile batek, 53 joan-etorri egin zituen, mozorrotuta etsaien artetik bestaldera igaroz: dena zen Bizenteren dirua gerra-lekuetan zeudenei eramatea.

Aldi berean, bere garaiko espiritu gidarien lagun eta kontseilari izan zen. 1652. urtean, Paris hondaturik zegoela, Bizentek, bere 72 urte bizkarrean zituela, itzelezko laguntza programak bideratu zituen, eguneroko milaka zopa egunean birritan San Lazaro-ko milaka pobreen artean banatuz eta Karitateko Alaben etxeetan beste milaka askori jaten emanez. Diru biltzeak ere antolatu zituen, astero 5tik 6 mila librarainoko haragi bilduz, 2tik 3 mila arrautza eta jantzi eta bestelako lagungarri pila bat.

Harrigarriak izan ziren Bizenteren ekintzak, bere hiletetako predikalariak esateraino: “Ez zaio asko falta izan Elizaren irudia aldatzeko”. Bizente bere bizitza osoan behartsuentzat izan zen eta hurkoari lagun egitea. 1660. urteko irailaren 27an bizi betera aldatu zen Jainkoaren besoetan. Leon XIII Aita Santuak aitortu zuen baserritar apal hau Karitateko Katoliko Elkarte guztien Zaindari.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 4, 14-22a)

Aldi hartan, Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta Haren izena lurralde guzti hartan zabaldu zen. Hango sinagogetan irakasten zuen, eta guztiek goresten zuten.

Jesus Nazaretera joan zen, Bera hazi zen herrira, eta larunbatetan ohitura zuen bezala, sinagogan sartu zen eta zutik jarri, irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua eman zioten. Liburua zabaldurik, profetaren hitz hauek aurkitu zituen:

«Jaunaren Espiritua niregan dago,
Berak gantzutu bait nau,
behartsuei berri ona emateko.
Katiguei askatasuna
eta itsuei ikusmena hots egitera bidali nau,
zapalduei askatasuna ematera,
Jaunaren grazi urtea hots egitera».


Liburua bildu ondoren, laguntzaileari eman zion, eta eseri egin zen. Sinagogan ziren guztien begiak Hari begira-begira zeuden. Bera honela hasi zitzaien hitz egiten:
- «Gaur bete da, orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau».
Eta guztiek aitormena egiten zioten, eta harriturik zeuden, Haren ahotik graziazko hitzak ateratzen bai ziren.

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Ez da zail harritzea geure begiz ikusi eta geure bihotzez kontenplatzen dugunaz. Horrela delarik, Nazareteko Jesus aurkitzen dugunen, sentiberatasun bereziz jantzita, Palestinako bideetan aurkitzen dituen pertsonekin dabilenean, haien keinu txikienak ere “susmatzen” daukan ahalmena ikustea, benetan harritu egiten zera. Beste hainbeste gertatzen da gizon-emakume batzuekin, gizaldietan zehar han-hemen aurkitzen dituzu sentiberatasun berdinarekin, Jesusen antzera egoera ezberdinetan eta buru-belarri ekintzara jotzen dutenak, beren ahalmenak mugatuak izan arren.

Gaur begi aurrean dugun testigua diogun honen erakusgarri da. San Bizente Paul egoera ezberdinetan sentiberatasuna eta hurkotasuna agertzen ditu eta egoera latz horien erantzuna bilatzen du buruz eta bihotzez, Nazareteko Maisuaren arabera jokatuz, Jesus Berak erabiltzen zituen KLABEAK erabiliz. Horixe da gure Bizente Paul.

San Bizentek Jesusengan aurkitzen du bere bizitzako klabea. Ebanjelioko pasarte honek Jesus Nazareteko sinagogan agertzen digu, bere Misioaz jabetuz: “Jaunak bidaltzen nau behartsuei Berri Ona emateko, katiguei askatasuna, itsuei ikusmena, zapalduei askatasuna” (Lk 4, 18); hauxe izango da San Bizenterentzat eta indarrean jarri zituen bestelako Familientzat bizi eta ekintzaren eredua. Jesusek, Nazareten, bere bizitza Jaungoiko Aitaren proiektutik hasten bada, orain Bizente Paulek ere hortxe aurkitzen du bere bizitzako klabea, horrek bai merezi duela bizia jokatzea eta bere alde burua eskaintzea neurri gabe. Hau da lehenen “datua” eta garrantzi handikoa izan ere, zalantzarik gabe, testigu honen bizitzan eta irudi zoragarri honek eskaintzen digun lilura.

Hona hemen Bizente testiguaren bizitza beteko klabe bat: egoera jakin batzuetan eta Ebanjelioko sentiberatasun bereziak lagunduta, BASERRI MUNDUKO JENDEAREN bizitzaren laztasuna eta drama neketsua ezagutzen ditu, negargarrizko egoeran, bai gorputzez eta bai espirituz. Hemen agertzen da Bizenteren “ebanjeliozko zentzuna” eta esperientzi honek markatuko dio bizitza osoa, bere bizitza eta apaiz ekintza osoa egoera hori biguntzera emanez; denbora joan ahala, beste gizarte egoera berriak sortuko dira (askotarikoak izan ere) eta horrek eraginda, behartsuenen eta baztertuenen alde bizitza eskaintzeraino joko du, bai berak eta bai bere Familiaren ahaleginak eta konpromisoa.

Horrelakoren bat gertatu zitzaion Nazareteko Jesusi ere: Harentzat ere behartsuak eta baztertuak zeukaten lehentasun garbia; orain Bizente Paul, Nazareteko Maisuaren ikasle leialak, bide eta helburu berdinak hartuko ditu. Eta bai iritsi ere bere azkengabeko ahaleginez, egoera nahastetsuenei aurpegi emanez, horretarakoxe hainbat eratako Elkarte eta Erlijioso Kongregazioak sortuz; eta horrela berriztatzen du Nazareteko Jesusek bizi eta indarrean ipini zuena. Harrigarria benetan!

Baina, bada beste klabe bat ere San Bizente Paulen bizitzan, eta arretaz jaso eta bere eskaintzaren eta ekintzaren ezaugarri bezala hartzekoa. PARROKIETAKO KLERUAREN heziketak dauzkan akats sakonak aurkitzea (era guztietakoak), eta San Bizente Paulek Eliz esparru hau lantzen bere “ahalegintxoa” egingo du. Buru-belarri horretara jarriko da, egoera honi erantzunik egokiena eman nahirik. Horregatik, ordenatuko direnei Gogojardunak ematen hasten da, baita apaizei erretiroak ere, Seminario berriak martxan jarriz arlo hau ahal denik ondoen bete ahal izateko. Benetan ekintza itzela eta hainbeste ondoren salbagarri ekarri zituena.

GAUR eta HEMEN guretzat ere irudi hau gonbidapen eragingarria da, ebanjelioko sentiberatasunez jabetzeko, Nazareteko Maisuaren aukera berberak egiteko, BEHARTSUEN aldeko aukera eginez, era askotako egoeretan; baita Elizaren eta bere beharrizanen alde gorputz eta arima jokatuz, inguruan ditugun beharrizanei erantzunez; hor behar dira ebanjelioz jantzitako bihotzak eta bertan “presentzia biziak” ezarriko dituen ekintzaileak.

San Bizente Paulen irudia guganatzeak gure bizitzako klabeak berritzera eraman behar gaitu, baita Maisuari jarraitzeko konpromisoan eta gure eliz elkarteak dauzkan premien aurrean prest agertuz. Uxala gure aurrean ditugun erronka horiei aurpegi emateko beste gogo eta ausardi badugu. Izan bihotz!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jaungoiko eta Aita ona,
izaki eta gizaki guztiak maite dituzana,
baina batez ere bihotz erdian dituzun
behartsuenak eta baztertuenak.

Aita ona,
Zuk zeure Seme maitearen bidez
agertu diguzu zure neurri gabeko maitasuna,
biziaren aldeko presentzia bizia eta bizi-sortzailea,
eta ezin gehiagoan konpartitu du zure hurkotasuna
eta maitasunez beteriko samurtasuna
behartsuenen eta bertan behera utzita daudenen alde.

Aita,
gaur SAN BIZENTE PAUL
behartsuen alde bizi eta egoera ezberdinetan
Ebanjeliozko erantzun betea eman zuen
zure zerbitzari zintzoaren
jaia ospatzen dugu.

Egizu gureganatu ditzagula bizi izan zituen KLABEAK
eta gure inguruan eta gaurko munduan
presentzia salbagarri izan gaitezela,
zure salbamenaren eta biziaren dohainak zabalduz,
horrela Zu ondoan sentitu zaitzaten Aita on bezala,
bere seme-alaben ona eten gabe bila dabilena.



























LEKUKO IZATEKO AUSARTA IZAN

Badakit, Jaunak dio, misioa ausarta dela.
Ebanjelioko lanak gogorrak dira:
lur gogorrean hazi ona erein
eta landetan sasi eta arantzak kendu.

Eta fruituak, batek daki?, hain urriak
eta galbelarra beti nahastean.

Misioa gogorra da: Jainkoa iragarri,
pobreak eta baztertuak babestu,
galtzaileekin, biktimekin bat egin,
gogortzaleak eta boteretsuak ukatu.

Agintariek zuen lepotik barre egingo dute,
ahaldunak kontra izango dituzue.
Errain gabeko txori harrapariak
usoen hegaldia apurtuko dute.

Misioa gogorra da: nik hasitakoa jarraitu,
egunero Ebanjelioaren lekuko izan
eta zuen errain agorretan
zoriontasunak onartu eta bizi.

Horregatik, Espirituaren eraginez,
zuen ondoan izango nauzue,
eta nire paregabeko lekukoak izango zarete:
profetak, zerbitzariak eta martiriak.

Zuen hazia ez da galduko, ez;
zuen odola ere ez da agor geldituko.
Neguan ere zuzentasuna loratzen ikusiko duzue,
zuen amets guztiak gaindituz. Nire hitza ematen dizuet.

Jauna, zuk agindutako misioa gogorra da.
Bete zure hitza; ez gaitzazu zerupean utzi.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Baserri baten jaio zinen ta
mundu osora zabaldu,
Jaunak beretzat aukeratu ta
bere mahastira bialdu.
Mila pobre, gaixo, zahar eta
seme-alaba galdu,
hau ikusita kiskaldu...
Gaur zu, Bizente, txalo-irrintziz
gura zaitugu goraldu;
zure antzekorik ezin leiteke
ez erosi ta ez saldu.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue