Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

PIO CAMPIDELLI Dohatsua

# # #

PIO CAMPIDELLI Dohatsua

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Romagnan jaio zen, Poggio Berni-ko Trebbion, 1869ko apirilaren 29an. Bost semeetatik hirugarrena da, Luis izenez, geroago senitartean Luisito deitua. Jaiotegunean bertan bataiatua izan zen. Jose Campidelli eta Filomena Belpani gurasoak baserritarrak dira. Familia baketsu da, nekazari lanetara emana, Jainkozale zintzoa.

Bost urteko zela hartu zuen Sendotza eta hamabirekin Gure Jauna. Askoren arteko mutikoa bat zen, baina oso jatorra. Otoitz egiten zuen besteen alde. Egunero dijoa mezara, bide luzea ibiliz; etxerantzean, lagunei katekesia ematen die. Batzuek adarra jotzen zioten, santujaletzat hartuz; gehiengoak ontzat daukate eta benetan estimatzen dute. Luisitoren joera txalogarri honetan amaren eragina nabarmentzen da.

Hurbil-hurbilean, S. Arcangel-en dagoen Santutegitik Pasiotar Misiolariak iristen dira herrira. Luisitok 10 urte dauzka, bere amarekin dijoa misioetara eta haiengana erakarrita sentitzen da. Halako “zerbait” sentitzen du barnean eta Pasiotar izatera deitzen dio, eta berak pozik onartzen du. Komentuko Nagusiari agertzen dio bere gogoa, baina bere eskaria ezin du bete 14 urte baino lehen.

1882ko maiatzaren 2an sartzen da komentuan; maiatzean bertan janzten du erlijioso jantzia. Sei hilabete bakarrik egongo da bere jaioterritik urruti, Soriano-ko San Eutizio komentuan nobizio. Gero Casale-ra itzuliko da hasierako ikasketak eta teologia ikastera, apaizgintzarako prestatuz. Bai nobizio bezala eta bai ikasle bezala eredugarri izan zen; aintzat hartua izan zen bere barnetasun sakonagatik, bere erabateko obedientziagatik eta bere agiriko eta barneko jarreragatik. Andre Mari zale sutsua zen.

Baina, zoritxarrez, gorpuzkera ahulekoa da, eta 1888an, birikietako minaren seinaleak agertu zitzaizkion; horrek eramango zuen heriotzara. Hau da gazte askoren gaixotasuna. Piok heriotza onartzen du Jainkoaren esanera jarriz, “bere bizia Elizaren, Aita Santuaren, Kongregazioaren, bekatarien eta bere Romagna maitearen alde eskainiz”.

Egoera horretan zegoela, bisitatzera joan zitzaion amari diotso: “Izan bihotz, ama, paradisuan elkartuko gara”. 1889ko azaroaren 2an hiltzen da, 21 urteko zela.

1985ko azaroaren 17an, Joan Paulo IIak “Dohatsu” aitortzen du eta Pasiotar gazte hau esaldi esanguratsu hauekin deskribatzen du:

“Gaztediaren Nazioarteko Urtean jaso dugu aldare gainera San Luisen Pio anaia, gazte jatorra, “gatz gozagarria” bezala, bere lurraren eta bere herriaren alde eman du bizia. Pio anaiak honetan aurkitu du bere bizitzako oinarrizko balioa: bere buru-eskaintzan. Bere bizitzaren barruko alderdi hau, batez ere, bere heriotzako orduan nabarmentzen da: bere azkena gainean duela ikustean, Jaunaren nahia betetzera gogo betean jarri zen. Txikitatik agertu zuen otoitzera eta liturgiarako joera, kristau ikasbidera gogo beroz jo zuen, familiako giro beroak lagunduz. Pasiotarren Kongregazioan sartu ondoren, aukerako giroa aurkitu zuen bere Jainko egarria asetzeko eta beste askori ere horretara eragiteko apaiz egin ondoren. Baina ezin izan zen izatera iritsi, Jaungoikoak 21 urteko zela Berarengana deitu zuen-eta. Pasiotarrak daukaten boto berezia: “Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren oroitzapen iraunkorra egitea”, berak bere izate osoa horretara zuzendu zuen, gorputz eta arima hartu zuen Kongregazioaren erlijioso boto berezia betez. Familia behartsu bateko seme izanik, osasun ahulekoa zen, adimenez normala; baina ez zeukan hori zoritxartzat, gutxiago frustraziotzat bere pobretasuna eta mugatasuna; bestetara baizik, zeukanarekin eta zenarekin gorengo maila hartu zuen. Horregatik izan da eredugarri bizitzan ezagutu zutenentzat eta horrela jarraitzen du bere testigantza argitsura hurbiltzen diren guztientzat”.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Joan 15, 9-17)

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- «Aitak Ni maitatu nauen bezala, hala maite izan zaituztet Nik. Zaudete nire maitasunean, nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean egongo zarete; Ni ere Aitaren aginduak betetzen ditudalako, Haren maitasunean nagoen bezala.
Hori esan dizuet, nire poza zuengan izan dadin; eta bete-betea izan dadin zuen poza.

Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar, Nik maite izan zaituztedan bezala. Ez da maitasun handiagorik, nork bere bizia bere adiskideengatik ematea baino. Zuek nire adiskide zerate, Nik agindua betetzen baduzue.

Orain ez dizuet gehiago morroi esaten, morroiak ez bait daki nagusiak zer egiten duen; adiskide esaten dizuet, Aitagandik ikasi dudan guztia adierazi bait dizuet zuei.

Ez nauzue zuek aukeratu Ni, baizik Nik aukeratu zaituztet zuek, eta ezarri zaituztet, joan zaitezten, eta fruitu eman dezazuen eta zuen fruituak iraun dezan; Aitari nire izenean eskatzen diozuen guztia eman dezaizuen.

Hau agintzen dizuet: maita dezazuela elkar».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Hemen gara berriro, gure ibilbidea begirada sakonez eginez eta Nazareteko Jesusen jarraitzaile zintzo batzuek aurkituz, gaur Pasiotar gazte batekin topo egiten dugu. Merezi du berarengana hurbiltzea eta bere bizitzan nabarmentzen diren balio batzuekin jabetzea; ondoren gure bizitzara ekartzea, Maisuaren jarraipenean gure bizitzaren KLABE izatera iritsi daitezen.

Pio Campidelli gogora ekarriz batera, hauxe da lehenengo aurkitzen duguna eta harritzen gaituena: Jainkoa pertsona “txikiekin” baliatzen dela, aparteko dohain gabekoekin, bere “arte-lana” egiteko. Hau da, bere denborako gaztetxo bat, garaiko baliabideak erabiliz eta bere asmoak bete gabe, gainera: erlijioso izanez gainera, apaiz izatekoa, Ebanjelioaren Berri Ona bihotz garbiz bila dabiltzanei iragarriz.

Horregatik, Pasiotar erlijioso gazte honek ez zuen “apartekorik ezer” egin, hauxe baino ez: apaiz izateko prestatu gogo beroz eta ahaleginez, baina Jaungoikoak bere gaztetasunean bizia eskatu zion eta, inolako zalantzarik gabe, bere eskaintza egiten du, “bere bizia Elizaren, Aita Santuaren, Kongregazioaren, bekatarien, bere Romagna maitearen alde eskainiz”. Entzun duzuna! 21 urte baino ez, baina Pioren sinismen fruitua heldua zegoen, behar zenerako eskaintzeko. Benetan inbidiagarria!

Inolako zalantzarik gabe, hemen aurkitzen dugu “KALBARIOKO FRUTUA”. Familiatik zekarren sinismen xumean hezita, orain Pio Pasiotar Familiako karismaz heldu eta sendotzen da. Gurutziltzatuarengana begira eta han aurkitzen duen guztiak Maisuaren jarraitzaile zintzo egiten du. Jesusek ere bere bizia ematen du, oraindik gazte zela. Pio jota-ke ari da Haren antza hartzen, sinismen sendoz Haren jarraitzaile agertuz.

Horrez gainera, bere espiritualtasunean Jesusen Ama Mariaren irudiko egin zen, Berarengandik ikasi zuen Jaungoikoaren asmoetara jartzen eta horrela bizitzeko gonbitea onartuz. Horra, gazte honek ere Mariaren “FIAT” beretzat hartzen du: Jaungoikoaren nahia eta asmoak onartzeak merezi duela, nahita guztiz ulertu ez.

Horregatik, bete-betean dator beretzat, Pio Campidelliren jaiegunerako aukeratu den Ebanjelioko pasartea. Izan ere, gazte honek bere barru-hondoan sentitzen ditu Maisuaren hitzak: “Aitak maite izan nuen bezala, horrela maite izan zaituztet Nik ere, Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue; Nik ere nire Aitaren aginduak betetzen ditudan bezala eta maitasunean iraun”. Alde batetik xumea eta xinplea, eta bestetik ederra eta harrigarria. EBANJELIOKO XUMETASUNA da bere osotasunean eta erradikaltasunean biziz. Pio gaztea horrelan bizi da eta, gainera, itzelezko poztasunez.

Era berean, “ikasle maitearen” esperientziak durundi egiten deutso bihotzean; Maisuaren hur-hurrean bizi eta besteengana indartsu eta gozatsu zabaldu zuen durundia: “Ez nauzue zuek aukeratu Ni, baizik Nik aukeratu zaituztet zuek, eta ezarri zaituztet, joan zaitezten, eta fruitu eman dezazuen eta zuen fruituak iraun dezan”. Maisu berberak MISIOA konpartitzeko deitu eta aukeratu duela sentitzea... arrazoirik asko da, Piok bere bizitzako urte apurrak hainbesteko indarrez eta zintzotasunez bizitzeko.

Hauxe da errazoi bakarra, bai Kristau Alkarteak eta bai Pasiotar Familiak gazte hau Maisuaren jarraitzailetzat eta imitagarritzat eskaintzeko. Izan liteken xumetasunik handienaz, hori eta gehiago eginaz bizitzea merezi duela “diosku” eta eskaintza iraunkor horretara burua jartzea. Bere sasoiko heziketa estiloa jarraituz, Jaungoikoaren nahia onartuz, “bere bizia Elizaren, Aita Santuaren, Kongregazioaren, bekatarien, bere Romagna maitearen alde eskainiz”.

Ebanjelioaren freskotasuna bizi ahala aurkitzea bitxia eta harrigarria da, nahita bizitzako bideetan “baliabideak” xinpleak izan. Pio Campidelli da gertaera honen lekuko. Hori dala eta, bere bizitza eta buru-eskaintza eredugarri dira guretzat, baita gaurko kulturgiroan ere.

HEMEN eta GAUR gu ere gonbidatuak gara Ebanjelioa bere sakontasunean bizitzera. Egia esan, beste kultur eta erlijio-giroa dugu gaur, eta beste “baliabide” batzuekin agertu beharko ditugu, Pio gaztearengandik guztiz ezberdinak. Baina, gaur ere, “Kalbarioko Eskolan” ongi hezita, gaurko munduari eta anai-arreben alde eskaini genezake gure bizitza, nahita “pobrea” eta durundi handigabekoa izan, baina gehiago ezinbesteko onuraz beterik.

Pasiotar erlijioso gazte hau begi aurrean dugula, gure bizitzako eskaintza pozik egitera eraman behar gaitu, bateko zein besteko bizimodua izan, eta “geure burua eskaintzearen” ezaugarri izan gaitezke, Joan Paulo II. Aita Santuaren hitzak erabiliz.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jaungoiko Aita ona,
bihotz garbia eta xumea maite duzuna,
eta zure maitasunera zabaltzen diren pertsonei
horrela harrigarriro bizitzeko dohaina ematen diezu,
eta guzti hori eskaini diguzu, inoiz ez bezala,
zeure Seme maitearengan.

Aita,
eskerrak ematen dizkizut
PIO CAMPIDELLI,
Pasiotar gazte honengatik,
gaztaro ederrenean eskaini zelako
zure maitasunezko asmoetara,
bere bizia eskainiz opari atsegingarri bezala.

Egin gaitzazu berak bizi izan zen bezala bizitzeko gai,
sentzilotasunez, baina bihotz zabalez,
eta horrela izan gaitezen
Ebanjelioaren maitasun testigu biziak;
horrela beren bizitzako bide bila dabiltzanak
guregan aurkitu dezaten BIZI-BIDE hori,
Zuk zeure seme-alabentzat gura duzuna,
beti berentzat ONENAREN bila zabiltz-eta.
























JESUSEN ERRONKAK

Ahalegintzen naiz eta diostazu: barkatu!
Beldur naiz eta diostazu: izan bihotz!
Ezbaian nago eta diostazu: fidatu zaitez!
Urduri nago eta diostazu: lasaitu!
Bakardadea nahi dut eta diostazu: etorri eta jarraitu!
Planak egiten ditut eta diostazu: utz itzazu!
Ondasunak bilatzen ditut eta diostazu: utzi bertan behera!
Ziurtasuna bilatzen dut eta diostazu: ez dizut agintzen ezer!
Bizi nahi dut eta diostazu: eman zure bizia!

Ona izan nahi dut eta diostazu: ez da nahikoa!
Buruzagi izan nahi dut eta diostazu: zerbi ezazu!
Agindu nahi dut eta diostazu: esana egin!
Ulertu nahi dut eta diostazu: sinistu!
Argitasuna nahi dut eta parabolak kontatzen dizkidazu.
Olerkia nahi dut eta gertatutakoak diostazu.
Lasaitasuna nahi dut eta arretatsu izateko eskatu.
Indarkeria nahi dut eta bakea da zure hitza.
Ezpata atera eta diostazu: gorde ezazu!
Mendeku bila nabil eta diostazu: eman beste aurpegia!
Bake zale izan nahi eta diostazu: ezpata ekartzera etorri naiz!
Bakegile izan nahi dut eta diostazu: lurrera sua ekartzera etorri naiz!
Ezkutatu nahi dut eta diostazu: izan argi!
Lehen tokiaren bila nabil eta diostazu: azkeneko jarri!
Agertu nahi dut eta diostazu: ezkutuan egin otoitz!

Ez! Ez zaitut ulertzen Jesus.
Zirikatzen nauzu. Nahastatzen nauzu.
Zure ikasle askoren antzera
beste irakasle bat argiagoa eta gutxiago eskatzen duena nahi dut.
Baina Pedrorekin batera aitortu beharra daukat:
beste inork ez dauzka betiko bizitzarako hitzak.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gaur Pio Campidelli
pozten gaituzuna,
Pasiotar gaztea
ez hain ezaguna.
Egintza txikietan
zen zure jarduna,
baina handi beroa
zure maitasuna;
hor non lortu zenduan
zuk santutasuna.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue