Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

EUGENIO BOSSILKOV Dohatsua

# # #

EUGENIO BOSSILKOV Dohatsua

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

EUGENIO BOSSILKOV ia gure egunotako martiri bat dugu. Bulgariako Elizaren aurkako erasoaren biktima da.

Bulgarian, Belen-en jaio zen. Bere gurasoak, Luis eta Beatriz, nekazari katoliko apal batzuek ziren, katolikoak urri ziren Bulgarian, gehiengoa kristau ortodoxoak izanik.

Gaztetxo zela, 13 urtekoa, bere aberriko Ores-ko Pasiotarren Seminarioan sartu zen. Pasiotarrak 1781. urtean iritsi ziren Bulgariara, Turkotarren menpe zegoela. Bere ikasketak Russeen jarraitu zituen, ikasle burutsu eta umoretsua agertuz. 1915. urte aldera, ikasketa humanistikoak eta nobiziadua burutu ondoren, erlijioso profesa egiten du 1920. urtean. Belgikan ikasten du teologia, eta filosofia Holandan. 1924. urtean Bulgariara itzultzen da eta han hartzen du apaizgintza, bere senidez inguratuta, Russe-ko katedralean, 1926. urtean.

Hurrengo urtean, nagusiak Erroma-ko Ekialdeko Institutu Pontifikalera bidaltzen dute ikastera; besteak beste, zazpi hizkuntza ikasi zituen. Pertsona irekia zen, ortodoxoen artean ere ezaguna eta preziatua izan zen, baita fedegabekoen artean ere.

Buruz eta bihotzez hain ongi jantzia, bere aberrira itzultzen da, Eliza Ortodoxokoekin harreman estuagoak sortu zituen, ekumenismorako bideak zabalduz (Ekialdeko eta Mendebaldeko Elizen artean elkarganatzeko giroa sortuz). Katoliko elkartetxo baten parroko ardura hartu zuen, bertako eliztarrei karinoz lagunduz, batez ere haurrei eta baztertuei. 1940. urtean, Bulgaria Hitlerren erasopean erori zen eta judutar asko salbatu zituen nazitarren atzaparretatik.

1946. urtean hil zen Telen gotzaina eta Eugenio izendatu zuten ordezko, Russe-ko katedralean urriaren 7an sagaratua izan zen. Baina Bulgarian indarrean zegoen jazarpena. 1948. urtean Bossilkov gotzainak iritsi zuen Erroma-ra joateko baimena, Pio XII.ak pozik hartzen du, berarekin elkarrizketa zabal eta luzea izanez. Urriaren hasieran Bulgaria-ra itzultzen da.

Gogo beroz sartzen da bere lanera, esanez: “Ez daukat beldurrik. Nik nire buruari begira unetxo baten ere ez dut zalantzarik eta etorri litekeenik okerrenerako ere prest nago”. Bere pastoraltza lanean ari zela, berehala konturatu zen herriaren premi gorriaz, baita komunismoaren zapalketaz; eta herriaren alde jarri zen, gorputz eta espiritu bizitzari eusteko, horiek ziren, izan ere, bere herriaren beharrizan gorriak: horretarako Herri Misioak antolatu zituen.

Berehala sortu zen kleroaren aurkako erasoa, apaizak erbesteratzea, eliz ondasunak konfiskatzea, baina berak Ebanjelioa iragartzeari gogor ekin zion, horretarako eliztarrentzat otoitzaldiak eratuz. Erasoa gogortzen zijoalarik, berak horrela erantzun zuen: “Bizitzeko adorea izan dut, txarrenaren aurrean ere izatea espero dut, Kristori, Aita Santuari eta Elizari leialki jarraituz. Ezarri zaigun legea onartezina da. Otoi nire alde”.

1952. urteko uztailaren 16an esku erantsi zioten Vatikanoren aldeko espioitzat eta estatuaren aurkako konspiraziotzat salatuz. Presondegiko bizitza itzelezko miseriaz, irainez eta arazoz betea izan zen. Irailaren 29an zabaldu zen bere aurkako prozesu faltsua, eta fusilamenduz hiltzera kondenatua izan zen. Kondena jaso ondoren, senitartekoei unetxo batez bisitatzeko eskubidea ematen zaie. Ezagutu ezineko eran dago. Epaia 1952. urteko azaroaren 11an bete zen. Ofizialki, Bulgariako Estatuak bere heriotzaren berri 1975. urtean eman zuen, hau da, hilda 23 urte geroago.

Joan Paulo II. Aita Santuak “Dohatsu” aitortu zuen 1998. urteko martxoaren 15an.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 9, 18-22)

Jesus bakarrik otoitzean ari zela Hamabien aurrean, honela galdetu zien:
- «Ni nor naizela dio jendeak?».
Haiek erantzun:
- «Batzuek, Joan Bataiatzailea; besteek, berriz, antzinako profetaren bat piztu dela».

Hark orduan:
- «Eta zuek, nor naizela diozue?».
Pedrok erantzun zion:
- «Jaungoikoaren Mesias».
Baina Hark inori ez esateko agindu zien zorrotz. Eta esan zien:
- «Beharrezkoa da, Gizonaren Semeak neke handiak jasatea: zaharrek eta idazlariek gaitzetsi egingo dute eta hil; baina hirugarren egunean piztuko da.

Eta honela esaten zien guztiei:
- «Nirekin etorri nahi duenak, uko egin biezaio bere buruari, har beza egunero bere gurutzea, eta jarrai bezait. Izan ere, bere bizia salbatu nahi duenak, galdu egingo du; baina bere bizia Nigatik galtzen duenak, salbatu egingo du. Zertarako du gizonak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badu?».



(Joan 10, 11-18)

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien farisearrei:
- «Ni naiz Artzain ona. Artzain onak bere bizia ematen du ardiengatik. Morroiak, ordea, artzain ez denak, ardiak bereak ez dituenak, ikusten du otsoa etortzen eta, ardiak utzita, ihes egiten du; otsoak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu; morroiari ez bait zaio axolarik ardiengatik.

Ni naiz Artzain ona; ezagutzen ditut nire ardiak, eta nireek ezagutzen naute Ni; Aitak Ni ezagutzen nauen bezala, eta berdin Nik Aita; gainera nire bizia ematen dut Nik ardiengatik. Baditut, artegi honetakoak ez diren beste ardi batzuk; haiek ere ekarri beharrak dauzkat; adituko dute nire ahotsa, eta artalde bakarra izango da, eta artzain bakarra.

Aitak horregatik maite nau: nire bizia ematen dudalako, berriro hartzeko. Ez dit inork kentzen; Neronek ematen dut neure gogoz. Nire esku dago, bizia ematea; eta neure esku, berriro hartzea: agindu hau hartu dut nire Aitagandik».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Kristau Elkartearen historiari zuzentzen diogun begirada baketsu eta kontenplakor batez, gizon eta andre batzuekin topo egiten dugu, egoera larri eta gogorrenetan ere, bai lehenago eta bai gaurko egunean ere, ZINTZOTASUNEZ erantzuten jakin dute, benetan sakona eta zoragarria, beren kristau sinismenari, Nazareteko Maisuaren jarraipenean. “Bide” eta “era” ezberdinetatik Ebanjelioari eta bertako KLABEAK betetzeari beren bizitzako testigantzaz erantzun die. Horren bila gabiltza.

Gaur gure aldiko eta hurreko pertsona bat proposatzen zaigu, egoera jakin eta latzetan, fede oinarriekin bat eginda: Nazareteko Jesusen LEKUKO da eta hori azken mugaraino eramanda, leialtasunez bizia emanez. Hau da EUGENIO BOSSILKOV, Pasiotar erlijiosoa, bere jaioterri Bulgariako kristau elkartearen ARTZAIN izateko kargua onartu zuena hain giro arriskutsuan, eta sinismenaren aurkako eraso gogorrari aurpegi emanez.

Hor ditugu Maisuaren hitzak, “Jarraitu nahi didanak, uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutza eta jarrai bezait”, gaur egungo Kalbarioko gailurrean egi bizi bihurtzen da. Hori gutxi balitz, 23 urtez “desagertutzat” emanda egotea; bere martiritza isiltasunez ilunean gorde zen, berdin bere bizitza, “Kristori, Aita Santuari eta Elizari leialtasunez eskainia”, Eugenio beraren hitzez. Hona hemen LEKUKO baten testigantza, martiritzaz gorri.

Erlijioso bat dela azpimarratzen dugu, “Kalbarioko Eskolan” ongi landua, Pasiotarren KARISMAZ halakotua izanik. Horrez gainera, lekuko Elizan gorputz eta arima errotua. Ez da apartekorik ezer, baina bere herriko ARTZAIN-bokazioz hornitua. Hor nabarmentzen dira bere ekintzak, delituzko ekintzak bezala hartuak, aurrean darabiltzanen alde jokatuz, edo-eta edozeinen aurrean “aurpegi emanez”, pertsona guztien eskubideak zainduz, nahita horrek arriskuak ekarri, Eugenio Bossilkovi gertatu zitzaion bezala.

Hona hemen Nazareteko Maisuaren proposamena, “ikasle maiteak” bildu eta eskaintzen digunez, gure martiriaren bizitza eta ekintza denak argitzen dituena: “Artzain onak bere bizia ematen du ardiengatik...”; Nik nire bizia ematen dut ardiengatik...”; “Aitak horregatik maite nau: nire bizia ematen dudalako, berriro hartzeko. Ez dit inork kentzen, Neronek ematen dut nire gogoz…”; “Agindu hau hartu dut Aitarengandik”. Hona hemen Ebanjelioari, Aita Santuari eta bere inguruko Elizari eta anaiarteari eskainitako bizitza baten LABURPENA.

GAUR eta HEMEN, gu geroni aurkitzen gara bizi-testigantza honen aurrean; testigantza harrigarria eta gaur egungo fededunentzat ere baliagarria. Baliteke gure ingurumariko gizarte eta politika egoerak hain larriak ez izatea, baina gaur ere badira TESTIGANTZA BIZI bat behar duten egoerak, Nazareteko Maisuaren proposamenen aurrean zintzoak izan nahi badugu eta Berak eskaintzen digun Ebanjelioa bizi bihurtuz, gaurko munduari eskaini.

Gure bizi-bidean sortzen zaizkigun galderak eta kezkak, askotakoak dira eta sakonera eta garrantzi handikoak. Gaurko kultur-giroan, askotako proposamenen aurrean, Nazareteko Jesusen jarraitzaile bat, adore eta bihotz sendoa behar dituzten aukerak egitera behartzen dute. Izan ere, gure kulturak, bizitzako alderdi askotatik begiratuta, bizi duen “krisiak”, behin baino gehiagotan, ausardi handia behar duten ERANTZUNAK eskatzen ditu; eskatu ere, bizikera batzuek ukatzea eskatzen du, eta pertsona askorekin SOLIDARITZAZ jokatzea, ez sinismenaren aurkako egoerak direlako, baina bai pertsona askok bizi ahal izateko eta maila askotan zanpatuta daudenak duintasunez baliatzeko egoera larriak ugari direlako.

Hori dela-eta, “begirada” hauek uste baino gehiago lagundu ahal digute geuk bizi ditugun egoera batzuen aurrean galdetzen eta egoera horietan daudenekin dugun jarreraz kezkatzen, erantzun hobearen zain. Eugenio Bossilkovek bai jakin zuela, bere garaian eta bere inguruan, Nazareteko Jesusen KLABE barruan koherentziaz jokatzen. GU GEU gauza al gara GAUR eta HEMEN Maisuaren proposamenen TESTIGU izateko?

Hemen geratzen zaigu galdera erantzunaren zain. Uxala gure hurbileko inguruak behar duen TESTIGANTZA ematera iristen bagara eta, gainera, berehala. Izan bihotz!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Ene Jainko on eta samurra,
seme-alabok hain maite gaituzuna,
eta, horregatik, zure Seme maitearengan
eta hainbeste testigu eta jarraitzaileengan
ezagutzera ematen diguzu,
dena emateraino iristen den
zure maitasun horren edertasuna eta handitasuna,
zure bihotzarentzat opari atsegingarri.

Gaur, Aita, zure Elizaren zerbitzari eta artzaina,
Ebanjelioko balioen aldeko testigutzan
bere bizia eman zuen
EUGENIO BOSSILKOV dohatsua gogoratuz,
emaguzu, arren, onartu dezagula bere gonbidapena
zure Seme maitearen KLABEAK bizitzen,
horrela Ebanjelioaren TESTIGU BIZIAK izan gaitezen,
eta gaurko munduari eta gure kulturari
bizi bete eta berriaren zure proiektua eskaini.



















MAITE ZAITUDALA BADAKIZU

Jauna, maite zintudana badakizu,
eta maitatzen jarraitzen dudala;
maite zaitudala badakizu.

Nire handikeri eta harrokeria izan arren,
nire beldur eta hutsegiteak izan arren,
maite zaitudala badakizu.

Sarritan nekatua eta baztertua izan arren,
buru gogorra izan arren,
maite zaitudala badakizu.

Jende artean ikustea erreza izan ez arren,
pobre jantzita ikustea kostatzen zaidan arren,
maite zaitudala badakizu.

Sinesmen dudak izan arren,
nire itxaropena badaezpadakoa,
eta nire maitasun norberekoia,
maite zaitudala badakizu.

Egun batzuetan mihiluze izan arren,
beste batzuetako gogorik eza eta arduragabekeria,
nire oinak nekatuta izan arren,
nire eskuak zikinak,
eta nire aurpegia itxura gabekoa,
maite zaitudala badakizu.

Nire izatea onartzea kosta izan arren,
Zuk esana beti ulertu ez arren,
guzti hau korapilatsua dela ikusi arren,
maite zaitudala badakizu.

Jauna, maite zaitut,
Zuk aurretiaz maite ninduzulako
eta ez ninduzulako ukatu,
zakar eta hauskorra izan arren.

Jauna, maite zaitut,
nagoen tokian
eta ditudan ahalbideekin
zure ondoan, izatea emanez,
nirekin fidatzen zarelako
eta anai zerbitzura dei egin.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gaur Eugenio Bossilkov dugu
Jesukristoren testigu,
bere odola emateraino
iritsi zela dakigu.
Hor zen den martiria,
Kristoren agiria;
guretzat dei bat bekigu.
Ez kalean ta ez espetxean
inon ere ez katigu.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue