Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

EMETERIO eta ZELEDONIO Santuak

# # #

EMETERIO eta ZELEDONIO Santuak

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Euskalerriko Elizak Emeterio eta Zeledonio martiri santuak bere zaindaritzat eduki izan ditu XIX. gizaldira arte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elizbarruti berekoak izan ziren arte.

Haien jaiotza eta bizitzaren berri garbi askorik ez zaigu geratu, Diocleciano enperadoreak martirien agiri guztiak erretzeko agindu zuelako, haien arrarastorik gelditu ez zedin.

Baliteke III. gizaldian bertan Calahorran jaioak izatea, enperadoreak hemen bildu ohi zituen gudamutilak-eta. Emeterio eta Zeledonio ere gudamutilak izan ziren. Prudentzio historigileak diosku: Kristok beretzat nahi izan zituen gudamutilak lehendik ere bizimodu latza eramandakoak ziren. Lehen gerrarako erabilitako abildadeak orain Kristoren alde jarri zituzten. Lehen Zesarren banderak, orain Kristoren gurutza dute ezaugarri.

Aurelio Prudentziori esker dakizkigu gaur haien bizitzako eta martiritzako hainbat berri. Calahorrako katedraleko bataio-harriak dio: “Hemen bi gizasemeak, Jesukristoren izenean, martiritza jasan zuten, betiko aintzagarri”. Enperadorearen agindu gogorra atera zen: “Sasijainkoen aldare aurrean opariak eskaini, edo Kristo ukatu”.

Gure santu gazteok ez zuten denpora asko behar izan aukera egiteko. Orduan hasi ziren tribunaletako joan-etorriak: bateko ondasunak eta kargu koipetsuak eskainka; besteko zigor gogorren mehatxuak. “Bai gauza gozoa dela Kristogatik bizirik erretzea, lantzaz zulatua eta odolustua izatea!”.

Hau izan zen bi anai santuen aukera: “Ordua da Jaungoikoari berea dena emateko”. Zesarrentzat ez da ezer gelditzen. Asmatu-ahala zigor, irain eta oinaze hasi zitzaizkien gainera erortzen; baina Kristoren bi gudariok elkar berotzen zuten: “Betoz zartatekoak eta oinazeminak; orduan eta ederragoa aingeruak eskaintzen diguten koroea”.

298.urterantza eman zuten bizia.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Joan 15, 26 – 16, 4a)

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- «Nik Aitarengandik bidaliko dizuedan laguntzailea etortzen denean, Aitarengandik den egiaren Espiritua, Hark egingo du aitormen Nitaz, eta zuek ere egingo duzue aitormen, hasieratik Nirekin bait zaudete.

Zuen sinismena zalantzan egon ez dadin esan dizuet hau. Sinagogatik botako zaituzte; gehiago oraindik: badator garaia, zuei bizia kentzen dizuetenek, Jaungoikoari omen egiten diotela usteko dutena. Ez Aita, ez Ni, ezagutu ez gaituztelako egingo dute hori.

Haien ordua datorrenean, oroi zaitezte Nik esan nizuela; horretarako esaten dizuet hau».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Horrelako testigantzak aurrean ditugula, nori ez zaio gogoa berotzen? Heriotzari bildurra galdu dioten gudari ausartak! Gudamutilak elkar hiltzen eta armaz nola elkar menperatuko arriskatzen dute bizia. Kristoren jarraitzaile diren gudariak, ordea, bizia jokatzen dute, baina maitasunez, eta bizia kentzen dietenen alde beren bizia eskainiz.

Alde batetik apalak dira, berenez gauza gutxi direla badakite-eta; ez dute ez harrokerira, ez gogorkerira jotzen. Horregatik doaz otoitzera, Jaunari laguntza-eske; eta horrek betetzen ditu indarrez Jesusen esanera jokatzeko. Ez bildurrez kokildu, ez amets gozoetan hegaz hasi, ez hor konpon esan eta egin. Jesukristo gurekin badago, noren bildur izan daiteke ba? Berak bezala, gorrotoa maitasunez azpiratuta ondoren, heriotza bizi berrirako ate bihurtzen zaie.

Gure anai-arreba santuen odol gorri beroak igurtzi eta garbituko ahal dizkigute begi-bihotz lausotuak, haien antzera gauzak ikusten eta egiten hasi gaitezen. Gauzak diren bezala ikusita, haiek edo gu ez gabiltz zuzen, ez ditugu munduko gauzak berdin ikusten. Horregatik haien eta gure jokoa ez da berdina. Azken baten, Jesusi jarraitzekotan, haiek arrazoia. Santuak lagun eta gidari ditugula, jo dezagun otoitzera.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Aita ona:
guregana bidali zenuen Jesus
esaneko izan zitzaizun,
leiala eta zintzoa;
emaiguzu,
Emeterio eta Zeledonio martiri santuen
otoitzez eta erakutsiz,
gure buruari mundukeriak ukatuz,
azkenera arte Jesusen jarraitzaile adoretsu
ager gaitezela.











GEHIAGO EMATEKO OTOITZA

Jauna, nik gehiago eman nahi dut,
baina beldur naiz:
galtzaile ateratzeko beldur naiz.

Lurreko ondasunei lotuta nago:
dirua, erosotasuna, ongizatea,
gizarte-maila, ospea, arrakasta, familia...
Sakrifizioak eskatuko dizkidazulako beldur naiz.

Atera iezadazu kanpora beldurra
eta sartu berriro animua.
Erakutsi iezadazu
eskatzen duzuna baino gehiago ematen duzula.

Sukarrak eta barruko tumoreak osatzen dituzu.
Begi gardenak eta bihotz garbia ematen dituzu.
Eskua zabalik eta norbere burua hobetzeko
indar berezia ematen.
Zuzentasun-gogoa eta gizarte berriaren alde
borrokan egiteko kemena.
Mugagabeko zeruertza
eta bizitzarako ilusio berria ematen dituzu.
Familia berria
eta benetako anaia-arrebak diren lagun zintzoak ematen.
Batez ere, zera ematen duzu,
Aita maitekorra, Ama ere badena,
eta baldintzarik barik maite nauena: zeure Aita.

Egia esan asko ematen duzu.
Zergatik darrait beldur izaten?
Zugan konfiantza dut, Jauna,
konfiantza bihotz-bihotzez.
Eta gero eta gehiago eman nahi dizut:
neure gauzak, neure astia eta ni neu,
zure atzetik joateko, zure ikasbidea jarraitzeko
eta ahal ditudan guztiak ezagutu zaitzaten.

Eskerrik asko, Jauna, adorea emateagatik.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Aintzina baten heldu zitzaigun
gurera Kristoren barri
Euskalerrian milaka dira
egi honen ezaugarri.
Gaur San Emeterio
eta Zeledonio
hauek zuten iragarri.
Eta harrezkero, kristau fedea
izan da gure oinarri.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue