Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

SAN JOSE, Andre Maria Birjinaren senarra

# # #

SAN JOSE, Andre Maria Birjinaren senarra

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

San Jose dugu gaur, bihotz erdiko santua; itxuraz eta azalez txikia eta apala, baina Jaungoiko Aitak bere Seme gizon eginaren aitatzat aukeratua. Santuen artean ere apartekoa da. Jatorriz errege-odolekoa zen, Dabiten ondorengoa.

Beragatik bakarrik dio ebanjelioak: "Gizon zintzoa" zela, oso-osokoa. Gizaseme argi eta langile fina, ez irudietan sarri agertzen den agure. Maria gaztearekin ezkontzekotan zebilen Jose mutil eder itxurazkoa izango zen. Jose dohatsuaren santutasuna harrigarria da, bere isiltasun eta apaltasunean.

Jaunaren Espirituak Mariarengan egin dituenak sinistu eta onartu zituen pixkana-pixkana. Mariaren senarrak, Mariak berak bezala, onartzen du eta bete birjintasuna; Maria eta Jesusekin maitasunezko harreman estu eta garbian bizi da.

Mariaren senarrez gainera, Jesusen agiriko eta legezko aita da. Bai, bai, Jose da Jesusen aita. Begira: Uso batek datil bat zeramala, lorategi baten erortzen utzi zuen. Hain lur ona izanik, hazi eta palmondo galanta egin zen. Baratzezainak ez zuen palmondoa landatu, baina bere baratzean hazi da; beraz, berea da. Palmondoa haztean, auzotarrak harrituko dira eta giza-tantai hori eman duen lurra bedeinkatuko du. Baliteke inortxo ere ez oroitzea baratza zaindu duen baratzezainaz. Salesko Frantziskok argitzen du parabola hau. Baratzezaina San Jose da. Lorategia Maria bere emaztea da. Usoa Espiritu Santua, eta palmondoa Jesus. Joseri dagokio palmondoa, bera da, bada, Mariaren senarrra eta lorategiaren jabea.

Une larria benetan, Maria haurdun dagoela Josek jakitean! Mariari buruz ez dauka zalantzarik, baina misterioaren aurrean larritu egiten da. Deritzaionez, onena bera handik aldentzea da, Jainkoaren beldur santuz. Jainkoak Berak ateratzen du duda-mudazko ilunpetatik. Eta orduan berak ere, Mariak lehenago bezala, esan zuen: "Hona hemen Jaunaren mirabea".

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 1, 18-24)

Jesukristoren jaiotza honela gertatu zen: Jesusen ama Maria, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoelarik, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun aurkitu zen Espiritu Santuaren egitez.

Haren senar Josek, gizon zintzoa bait zen, eta ez bait zuen bere emaztea salatu nahi, isilka utzi eta joatea erabaki zuen. Baina, asmo hori gogoan zerabilkiela, Jaungoikoaren aingerua ametsetan azaldu zitzaion, eta esan zion:
- «Dabiden seme Jose, ez izan beldurrik, Maria zure emaztea, etxean hartzeko, sabelean daraman haurra Espiritu Santuarengandik bait dator. Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izen, horrek salbatuko bait du bere herria bekatuetatik».

Guzti hau gertatu zen, Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin:

«Begira, birjinak sabelean sortu eta semea izango du,
eta Emmanuel ezarriko diote izen,
hau da: “Jaungoikoa gurekin”».

Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen, eta bere etxean hartu zuen emaztea.

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Egia: gaur "Aitaren eguna!". Horrela erabiltzen da gaur egun San Jose eguna, batez ere komertzio inguruetan. Bestelakoa zen San Joseren aitatasunaren ederra! Halako kondizioetan, dena bertan behera utzi gabe, baietz osoa emateko kapaz den gizona! Mariaren senar leial eta maitekorra, eta Jesusen aita eta giza-bizitzako eredu eta maisua. Bere bizitza osoa aldatu beharra gertatu zitzaion, Jaunaren asmoak bitartean sartu zitzaizkionean.

Hori da sinismenean bizia jokatzea! Isilean sartzen da Jaunaren bidean, isilean betetzen du bere egiteko ederra eta isilean ezkutatzen da. Baina ez ahaztu San Jose dela, Jaungoikoarengandik egitekorik ederrena, handiena hartu duen gizona. Sinismenak eman zion handitasuna, maitasunez hartu eta betetzen den egitekoaren ederra!

Beldurraren kontrakoa maitasuna da. Maitasuna dagoen lekuan ez dago beldurrik, uste ona baizik. Beldurrak kokildu egiten du eta maitasuna zabaldu eta sendotu. Hori horrela delarik, Jose santua, Nazareteko arotza, eguneroko lanean Jaunari erantzun dion kristau zintzoa da, eguneroko santutasun isil eta apala daramaten guztien eredu eta zerutar zaindari. Badugu nori begiratu eta nori deitu.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jainko Ahalguztiduna:
izadi berriaren hasieran,
Kristo Salbatzailearen
zaintzaile leial egin zenuen Jose santua;
egizu, honen otoitzez,
Elizak ere leial zaindu dezala
Jesukristoren salbamen-misterioa,
eta bere betera eraman.









JESUSEN ZAINPEAN JARRI ZAITEZ

Mehatxuka dabiltzanei, zauritzen dutenei,
duintasuna mintzen dutenei,
gorputza hil arren bizia ezin dutenei kendu,
EZ IZAN BELDURRIK.

Egia tapatzen dutenei,
edo egiaren jabe direla sinestuz,
manipulatu, neurtu eta saltzen dutenei,
EZ IZAN BELDURRIK;
ezta ere gezurraren indarraz
pertsonak eta herriak euren menpe eduki nahi dituenei.

Altxatu zure ahotsa,
leku eta momentu guztietan,
eta agertu bizian eta anaitasunean duzun fedea,
Jainkoaren babespean,
Jesusen ondoan,
Espirituaren gerizpean,
eta elkartearen berotasunean lortutako fedea.

Sinesmen horrek zaindu dezazula eguneroko poza;
lagundu dezazula askatasunez bizitzen
eta bizi iturri bihurtzen;
zure otorduak elkar banatzen eta itxaropenari abesten.
Zaindu egunero zure sinesmena.

Horregatik zigortu nahi zaituenei,
euren babesa kendu, lan barik utzi,
zutaz eta zure historiaz ahaztu,
zure txakal aldia zauritu
edo gaizki egin nahi dizutenei,
EZ IZAN BELDURRIK.

EZ IZAN BELDURRIK.
Jesusen zainpean jarri zaitez,
erantzun bere deiari;
Aita-Amaren zainpean jarri zaitez,
bere magalean atseden hartu;
Espirituaren zainpean jarri zaitez,
borrokatu eta askea izan.
Gure eskuetan izan litekeen egitasmorik ederrenean
zure bizia ematen diharduzu.

EZ IZAN BELDURRIK.
Jesusen zainpean jarri zaitez!

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gaur ospaten dugu
San Jose harotza
horregatik pozez da
gure bihotza.
Jainkoak eman zion
aita-ordekotza,
erantzunik onena
Jaunari damotsa:
Jataldia motza
luze errezu-hotsa
bizitzako zotza
luze ta zorrotza!
Berotu, Jose,
gure fede hotza.
Zeuk lez maite dezagun
Jainko Bildotsa.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue