Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

JAUNAREN GIZAKIAREN ADIERAZPENA

# # #

JAUNAREN GIZAKIAREN ADIERAZPENA

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Nazaret bai leku zoragarria, bai lurrez eta, batez ere, bertan gertatu ziren misterioen ederrez! Jainko Semea gizatu zen lekuan idatzita dago: “Hemen gizatu zen Jainkoa”.

Testamentu Zaharrean hainbeste bider egiten dabe topo Jainkoak eta gizonak; Testamentu Berrian Nazaret da Jainkoaren eta gizonaren arteko topagunea. Eta hori Mariarengan, Nazareteko neskatxarengan.

Gizona salbatzearren gizon egin nahi izan du Jainko Semeak, baina Mariaren baimena behar du. Eta Mariaren baietz osoa hartzen du, bere burua osorik eskainiz, gorputz eta odol. Eta Jesukristo gutar egingo da.

Gabirel goi-aingerua da zeruko albiste pozgarri hori lurrera dakarrena: “Poztu zaitez graziaz bete hori, Jauna da zurekin... sabelean semea sortuko eta egingo duzu eta izena Jesus jarriko diozu”. Mariak aingeruari hauxe erantzun zion: “Nola izan daiteke hori, gizonezkorik ez dut ezagutzen-eta?”. Aingeruak hauxe erantzun zion: “Espiritu Santua etorriko da zure gainera eta Gorengoaren indarrak itzalean hartuko zaitu; horregatik zuregandik jaioko dena Santua izango da, eta Jaungoikoaren Seme esango diote”.

Eta Mariaren baietzarekin burutu da egundo munduan egin den misteriorik harrigarriena. Gizakundea misterio dinamikoa da.

Behin egindakoa, Jesukristok graziaz haxe bera egin nahi du guregan: kristau batek Jaunari bai diotsonean, Bera gizartera jaisten da. Guk ere antzeko deiak eta proposamenak hartzen ditugu; azken baten, Jaunaren betiko asmo ederrak gauzatu daitezen: gizonen salbamena. Eta orduan bezala, gaur ere Jaunak gu behar gaitu.

Kontua zera da: Jaunarekin bat egin edo ez egin; eskuak prestatu edo ez prestatu.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Joan 1, 1-18)

Hasieran bazen Hitza; eta Hitza Jaungoikoarekin zen; eta Jaungoiko zen Hitza. Hitz hau hasieran Jaungoikoarekin zen. Dena Hitzaren bidez egina da; eta egindakoetan ez da ezer Hura gabe eginik. Harengan zen bizia. Eta bizia gizonen argia zen. Argiak ilunpetan argi egiten du, baina ilunak Hura ez zuen onartu.

Agertu zen gizon bat, Jaungoikoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen: argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinis zezaten. Bera ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik.

Hitza zen, mundura etorritako gizon oro argitzen duen benetako argia. Munduan zegoen; eta mundua Haren bidez egina da, baina munduak ez zuen ezagutu. Bereetara etorri zen, eta bereek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, berriz, Jaungoikoaren seme izateko eskubidea eman zien, Haren izenean sinisten badute. Hauek ez dira odoletik sortu, ez haragiaren nahieratik, ezta gizonaren nahieratik ere; Jaungoikoarengandik baizik.

Eta Hitza haragi egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua; eta geurok ikusi dugu Haren aintza, Aitaren Seme bakarrari dagokion aintza, graziaz eta egiaz betea. Joanek Hartaz egiten zuen aitormen, oihuka esanez:
- «Hau zen, nik esan nuen hura: nire ondoren datorrena nire aurrean jarria izan da, ni baino lehenagokoa bait zen».

Eta Haren betearen betetik, grazia graziaren gain hartu dugu guztiok. Legea Moisesen bidez emana izan da; grazia eta egia, berriz, Jesukristoren bidez etorri dira. Jaungoikoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen Seme bakarrak eman digu Haren berri.

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Mariaren erantzuna sakoneko errotatik sortu da: Berarengan leku ematen dio Jaunaren proposamenari; bere ezinak neurtzen eta agertzen ditu, baina Jainkoaren Espirituak berarengan egin nahi duenari zabalik dago.

Ez du presazko erantzunik ematen. Baina Jaunaren borondatea dela ulertzean, bete-beteko eta beti-betiko baietz ederra ematen dio: “Hona hemen Jaunaren mirabea. Egin bedi nigan Zuk diozuna”.

Biblian zehar lau “Fiat” = “Egin bedi" daude, lau misterio bata baino bestea harrigarriagoak egiteko erabiliak: Jainko Hirukoitzak mundua egiterakoan; Mariak esanda, Jainko Semearen Gizakundean; Kristoren ezpainetan Jetsemaniko otoitzaldian esanda, gure berreroskundea; eta gure ezpainetan Gure Aita otoitzeko handitasuna bere txikitasunean! Hori da baietzaren ederra!

Barrua garbi eta aske eta maitasun beroz, emandako baietzean, gorputz eta odol eskainiz kondiziorik gabe. Izan ere, lotzen gaituen lokarriak ez daude kanpoan, barruan baizik. Eta zenbaterainoko ondareenak dakarzkien emandako baietzak, bai Mariarenak eta bai gureak!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jainko Aita,
zure Hitza Maria Birjinaren sabelean
gizon egitea nahi izan zenuen;
gure Salbatzaile, Jainkoa eta gizon dela aurkitzen dugunok,
Haren antzeko izan gaitezela jainkotasunean.






AGUR ZURI, MARIA

Agur diotsut, Maria,
Jauna zurekin dagoelako,
zure etxean, zure kalean, zure herrian,
zure besarkadan, zure erraietan.

Agur diotsut, Maria,
beldur izan zinelako
-nor ez beldurtu horrelako albiste baten aurrean?-,
baina laster bakez eta adorez jabetu zinen
eta halako bidali bati sinistu zenion.

Agur diotsut, Maria,
ulertu ez zenuena galdetu zenuelako
-goitiko mezua izan arren-,
eta ez zenuen eman bai arin eta bai itsu bat,
bestela baizik, zerorren hitzez elkarrizketara jo zenuen.

Agur diotsut, Maria,
sortu eta argitara ekarri zenuelako
haur bat, Jesus, bizia;
erakutsi ederra emanez:
bizia sortu eta landu egin behar dela
Jaungoikoa presente egin nahi badugu.

Agur diotsut, Maria,
Espirituaren esanera jarri zinelako
eta bere itzalean iraun zenuelako,
nola ekaitzean, hala barealdian,
Jaungoikoari Jaungoiko izaten utziz
eta zu zerori izateari utzi gabe.

Agur diotsut, Maria,
gure bizitzari aukera berriak zabaldu zenizkiolako,
zure lehengusua zaintzera joan zinen,
berriona berarekin konpartitu zenuen,
eta ez zinen aspergarri egin.

Agur diotsut, Maria,
Yaberen hondarren arreba erromesa.
Zatoz bidean gurekin,
besteekin batera eraman gaitzazu
eta eutsi gure sinismenari.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Aingerua jaitsi zen
Mariarengana
eta agertu zion
Jaunaren plana:
mundua ta gizona
gora jaso dana,
argituz eta zuzenduz
oker dagoana.
“Bai, nik daukadana
eta ni nazana
Zeuretzako, Jauna”,
Mariak esana.
Hau miraria Jaunak
egin duana!
Gizon eginez dauka
Jainkoak Ama!

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue