Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San MATEO

# # #

San MATEO

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

San Mateo dogu, Jesusek aukeratuta, zazpigarren apostolua.

Mateo agiriko pekataria zan, herritarren zerga-dirua batu eta kanpotar zapaltzaileei emoten eutsena. Hain mesprezugarriak egin ziran herriaren aurrean, farisearrak Jesusen aurka esatekorik gogorrenak zabaltzeko, holakoak botaten eutsoezan: “Honek zergalariakaz eta pekatariakaz jaten dau”. Jesusek txanpon bardinagaz, baina bestaldea erakutsiz, erantzuten deutse: “Zergalariak eta emagalduak aurrea hartuko deutsue Zeruetako Erreinuan”. Zergalari horreen artekoa zan San Mateo.

Kaparnaun herrian jaio zan. Han eukan jarrita Mateok bere diru-batzeko mahaia. Jesus handik igaro zan baten, han ikusi eban Levi mahaian jesarrita diru-batzen, eta beste barik, konbidatzen dau: “Jarraitu Niri”. Eta Mateok -harrigarria!- dana bertan behera itzi eta atzetik joan jakon.

Hau bai erantzun azkarra, kondizino bakoa, betirakoa! Irabazbide ederra izten eban, baina hobea eskuratu dau, antza: Nazareteko Maisuaren adiskidetasuna.

Jazoera honek ospatzea merezi eban, eta bai antolatu ere afari eder bat, Jesus Bera buru zala. Nazareteko Maisuak liluratu egin eban, eta ez da gehiago Berangandik aldenduko. Ordurarteko bizikerea osoan aldatu dau, izena ere bai: lehen Levi; orain Mateo, “Jainkoaren dohaia” da bere esanahia.

Hemendik aurrera Mateoren ametsa zera da: Maisuaren erakutsiak jaso, eginbeharraren kontzientzia hartu, otoitzean Jainko-esperientzia beragandu eta apostolu lagunakaz batasunean bizi.

Erakutsi guztiok jaso ebazan bere Ebanjelioan. Lehen, txanponak batzen; orain, zerutiko bizi barriko hazi ederrak batzen. A zelako aldea!

Mateok bere Ebanjelioa aramear hizkuntzan idatzi eban, Jesusek erabilten eban hizkuntza berean. Mateoren asmoa hauxe izan zan: Kristogana bihurtu ziran lehenengo judutarrei Haren Barri ona igartea. Berak gorde deuskuz Jesusen berbarik gehien.

Etiopia eta Persia aldean iragarri eban Jesusen Ebanjelioa, Jaunak bere bidez mirari asko egiten ebazala. Martiri-heriotza izan eban, antza.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 5, 27-32)

Aldi haretan, Jesusek zergalari bat ikusi eban, Lebi eritxona, zergalari-mahaian jesarrita, eta esan eutson:
- «Jarraitu Niri».

Danak itzita, zutundu ta jarraitu egin eutson. Bazkari handi bat emon eutson Lebik bere etxean; baziran han mahaian hareekin zergalari asko eta besteren batzuk. Farisearrak eta euron aldeko idazlariak marmarrean ebiltzan, eta esan eutsen ikasleei:
- «Zergaitik jaten eta edaten dozue zergalari ta pekatariekin?».
Jesusek erantzun eutsen:
- «Ondo dagozanak barik, geiso dagozanak behar dabe osagilea. Ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino, bihotz-barritu daitezan».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Ze indar ete dauka Jaunaren berbeak, Mateoren antzera, gogoz entzun eta oso-osoan aldatzeko! Berbeak berak sartzen dau bihotzaren erdian; eta hausnarketa on baten ondoren, Jaunaren deiari pozik erantzuteko prestatzen da. Orduan egiten da bat, Jaunak bialduta, misiolari, hurkoaren arduradun, zerbizio bat edo beste eskeiniz.

Holako batek laster girobarritzen dau bere ingurumaria, lurra landu eta onduaz, hazi barria ereiteko. Holako batek ez dau hain errez atzera egingo, bideko eragozpenen aurrean.

Horra, orduan eta gaur zergalariak misiolari bihurtuta! Deabruak Jainkoari lapurtutakoak, barriro lehengo eskuetara bihurtuz.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Zure erruki neurribakoan, Jauna,
Mateo zergalaria
zure Apostolu izateko aukeratu zenduan;
emoiguzu, haren otoitz eta ikasbideen bidez,
Zuri zintzo jarraitzea.






GURE EZINA ETA ZURE INDARRA

Jauna,
bizitzak
gure ahultasunak agertzen deuskuz
eta gure mugak aurrean ipinten.

Geu garan ispiluaren aurrean
pobre eta beharrizanean aurkitzen gara...
indar barik,
ohiturak eta arazoak eragiten deuskue
eta astiro-astiro indargabetu.

Gure indarrak berreskuratzeko
non dago ur bizia?
Sendo sentitzeko
nori heldu?
Gure espirituak behar dauan bultzakada
non aurkitu?

Gure ahultasunean
zure indarra aurkitzen dogu,
Biziaren Jauna.

Ahul sentitzea,
Jainkoagandik jatorkun indarragaz aurkitzeko
bidea dala erakusten deuskuzu.

Hustu eta biluzten garanean,
hustasuna sentidu
eta gure mugak onartzen doguzanean,
orduan gure Jainko On eta Eskuzabalak
eusten gaitu, janaritu, animatu
eta gure indarrak barriztatu.

Gure bizia Zugaz lotuta egon daitela,
gogo beroz eta atseden barik
zure bila ibili gaitezala,
gure begiek zure begirada bilatu dagiela
eta gure besoak
zure laguntza aurkitu arte luzatu;
Jauna, zure Espirituak
aurrera egiteko,
adoretsu eta ausarditsu egin gaizala,
eta batez ere,
bideko lagunekin,
Zugandik hartzen dogun indarra
alkarbanatzeko gai.

Esku bat Zuri emonda,
otoitzaren, Hitzaren bidez
eta entzuteko zuhur egonez...
zure indarra bilatuz,
beste eskua nirekin datozenei emonda,
alkarbanatuz
eta janaritzen gaituan indarra eskeiniz,
Zu gure artean zagozanen ezaugarria,
gure ahaleginak eutsiz
eta gure pausoak zuzenduz.

Gure ahultasunean
onartua eta opari lez zure eskuetan aurkeztua,
gure indarra dago, Jauna,
izan, zure indarra da
gure bizitzak
zure egitasmoarekin bat egiten doguzanean
aurkitzen dogun indarra.

Holan izan bedi.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Inor balego ez dakianik
gaur da San Mateo jaia,
pekataritzat egonarren
horra apostolu gaia.
Jesus Jaunaren deia jasota
haren erantzun alaia
ondorenean eztaia...
Ondo ikasi eban betiko
Jesus Maisuaren nahia:
pekatariz eta gaixoz beterik
dagola Aitaren mahaia.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue