Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

Jesusen jarraitzaileak

# # #

Sinestun batzuen testigantza

Ibilbide berri honen hasieran, "amets" baten deia sentitzen dugu, barneko eraginez. Horra zergatik hartzen dugun gure gain ERRONKA hau. Eta baliteke horrela hartua izatea beste askoren aldetik ere. Hauxe da gure "ametsa": Berreskuratu, BARRU-BARRUTIK, hainbeste gizon-emakumeen bizitzako testigantzaren esanahia eta balioa; izan ere, gizaldietan barrena eta munduaren zabal-luzean, kristau sinismenaren TESTIGU argiak eta goralgarriak horiek izan baititugu.

Batek baino gehiagok uste izango dute ez gaudela gaur egun "Santu eta Santa" artean denbora galtzeko. Baina... hara ba: gure planteamendua, hain zuzen ere, haien egiazko balioak BERRESKURATZEA da, bestelako zertzelada eta huskeriak alde batera utziz; sarri askotan haien bizitza eta haien mezua sakenetik desitxuratzen baitute.

Ikuspegi honetatik begiratuta, erraz ulertuko duzu gure planteamendua: Jesusen JARRAITZAILEAK eta Ebanjelioaren TESTIGUAK. Horrela hartuta, gaia sustraitik aldatzen da. Guk behintzat, horrela uste dugu. Izan ere, "Jesusen jarraitzaile" eta, gainera, "Ebanjelioaren testigu" bezala ulertzeak, besterik gabe, dena bestelako mamiz janzten du. Eta... Jaunari eskerrak, oraindik ez da berandu!

Gure proposamena abiapuntu honetatik hasten da. Ez dagiala inork uste izan, beraz, "ez dakit nolako lantzarrak" jorratzera gatozela. Ez. Gure nahia hauxe duzu: Jesusen jarraitzaile ARGIENETAKO batzuk berreskuratzera gatoz, Ebanjelioaren testiguak berauek ditugu eta. Beti da txalogarria horien aztarrenak gogoratzea eta horrela gure bizitza gozatu Maisu eta Jaunaren jarraipenean.

Hauxe da, eta ez besterik, gure Web guneko atal hau jorratzen hastean izan dugun asmoa. Hurbildu nahian hasi gara, ez gero horien biografietara (gehienetan asmakizunez eta ipuinez beterik, batez ere, antzinakoenak), baina bai beren MEZUETARA, haien bizitzen eragingarrietara, beren erromez bidean benetako "motor" bultzagile izan zitzaien horietara. Hau da gure asmo bakarra.

Horrela delarik, BI KLABE dira azpimarratu nahi ditugunak: Jaungoikoaren Hitzaren argia, gizon-emakume hauen bizitza argitzen dutena; eta, horren ondoren bezala, bizi-testigantza horrek niregan sortzen duen konpromisoa, gaur, Jesus eta bere Ebanjelioaren jarraipenean. Bi klabe hauek onartzen ez badira, lakio baten erortzeko arriskuan geundeke, eta, gainera, guretzat hutsegite barkaezina.

Bi klabe hauek benetan hartzeak zuzenean eramango gaitu gure bizitza eta gure sinesmena OTOITZ GIROAN sartzera. Horrela, otoitz giroan hau egitea ez da guretzat alienagarri izango, bestetara baizik: jarrera BIZIRA ta EKINTZARA eramango gaitu, gure ibilbidea eta bizitza osoa argituko digu, baita gure ingurumari guztia ere, eguneroko bizitzan partekide geran "mundutxo" hori, hain zuzen; hortxe izan nahi dugu elementu aldagarri, jarrera jatorra harturik, gizon-emakume hoiek erruz eskaintzen diguten argitara.

Bideak erakutsiko digu planteatzen dugun proiektu hau iristen dugun ala ez. Gure aldetik dagoena jarriko dugu behintzat. Asmo horrek eraginda, Kristau Elkarteak bere hasieratik gizaldietan zehar izan dituen testigurik esanguratsuenak hartuko ditugu biderakusle.

  • Horregatik, Mariaren irudia, bere omenezko hainbat jaien poz-eraginez, edukiko dugu aurrean, bidean zehar goazela, eta baita zuzenean eta benetan Nazareteko Jesusen Berri Onean partekide izan direnak.

  • Era berean, gure begi eta bihotz aurrean izango ditugu gure Euskal Herrian bertan gure lekuko Elizaren Zaindariak, herri honen sinismen-bizikizunean hainbesteko eragina izan dutenak.

  • Gure fedeko anai-arreba Martiriak omenduko ditugu, lehenagokoak eta gaurkoak; ezagunagoak eta ez hain ezagunak.

  • Gizonezko eta emakumezko Erlijioso Familien Sortzaileak ere argitara ekarriko ditugu, batez ere, gure inguruan ezagunago egiten zaizkigunak.

  • Gure Kristau espiritualtasunean esanguratsuenak direnak ere nabarmenduko ditugu, Jainko Herriak hartakotzat ezagutu eta hain maitatzen dituenak, gaur eta hemen gure bideko lagun hartuz.

  • Eta... nola ez, PASIOTAR FAMILIAKO testigurik esanguratsuenak ere ezagutu eta miretsiko ditugu, haiek eskaintzen diguten mezua jasoz.

    Eta guzti hau atalka-atalka eginaz joango gera. Ez daukagu beste biderik. Hilero bizpahiru benetako santutasun-eredu eskaintzen saiatuko gera. Hainbat hiletarako alorretan sartzen gera. Baina hilero izango ditugu eskuartean lagungarri batzuek bai gure bizitza pertsonalerako eta bai gure pastoraltza lanetarako. Hau da gure itxaropena eta gogoa: Jesusen JARRAITZAILEEN eta Ebanjelioaren TESTIGUEN sorta eder hau zuen eskuetan jartzea.

    Horrela delarik... ekin bideari! Horretan ari gera guztiok.

  • # # #
     

    Elkartea Ospakizunean

     
    << aurrekoa

     

     


    bidean@bidean.net
    orue