Hemen zagoz : Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza >Jesusekin topo

#
#

JESUS eta HAURRAK

# # #

JESUS eta HAURRAK

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Diotenez, ez dago txikirik zoroen artean; denak Napoleonetik gorakoak. Haurrek ere laster hartzen dituzte handi-plantak. Gaurkora begiratuta, denok ote gaude, ba, zoro? Agerian edo isilean, eskuz edo bihotzez, denok eskaileran gora! Gaitzena, norberak gora egiteko, bestea behera bota behar.

Jesus ez da maisu txarra. Gu barru-barrutik ezagutzen gaitu. Berak ere handi izateko bidea erakutsi digu; baina EREDUTZAT haurra aurrean ispilu bezala jarrita: “Haurrentzat eta antzekoentzat da Zeruetako Erreinua”. Hau da: gizona bere tamainara iristeko bidea. Jesus haur artean gozatzen, eta ikasleak, haserretuta, haurrak uxatzen.

Gaurko ataltxoa ispilu ederra, bere aurrean bihotz-zabalik, nondik nora gabiltzan ikusteko.

# # #
#
#
# # #

Ebanjelioaren argitan

 

(Markos 10, 13-16)

Aldi hartan, haurtxo batzuk ekartzen zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, ordea, haserre egiten zieten.
Baina Jesus, hori ikustean, haserretu zen eta esan zien:
- «Utzi haurrei Neregana etortzen, ez galerazi, horrelakoena da-ta Jaungoikoaren Erreinua. Benetan diozuet: Jaungoikoaren Erreinua haurtxo batek bezala hartzen ez duena, ez da han sartuko».

Eta besotan hartuz, bedeinkatu egiten zituen, eskuak gainean ezarriz.

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Zeruko atea estua eta txikia omen da. Egin duenak daki eta dio. Sartu nahi dugunoi bere tamainan ibiltzea dagokigu. Gaur ere bai? Beti neurri berdina, beti eta denentzat.

Haur baten tamainakoa izatea litzateke onena, baina umekeriarik gabe. Umekeriak utzi eta umetasunean bizi. Buruz eta bihotzez garbi eta tolestura gabekoak izanik.

Izan ere, gizonik handiena ere zer da besteak baino gehiago? Edukitzea, jakitea da bat, eta izatea beste bat. Jesus handia -Jainko Semea- txiki egin zen, gurutzeraino; eta Aitak zeru-lurren Jaun eta Jabe egin.

Egia esan, hau filosofia xelebrea da gaurko munduan. Hauxe bai dela zoro egitea! Bai, baina jakinaren gainera. Hori Jesusekin topo eginez lortzen den jakituria da. Kristau dela esan, eta haizeak nora hara ibiltzea, hori bai dela zoroarena egitea! Azaleko erlijiotasuna ez da nahiko, kristau-bide jator hau hartzeko; buruak mundukerietatik hustu eta Jesusez eta bere Ebanjelioz betetzea beharrezkoa da. Orduan bai, mundu harro eta azal hutsaren aurrean zoro azaltzea seinale ona da. Ez ala?

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Bihotz beteriko Aitarik Aitena!
Haur egin zen Jesusengan
gu ere zure haurtzat har gaitzazu.
Ezin Zuri "Aitatxo" deitu,
gu "haurtxo" izan eta sentitu gabe.

Grinen eta inguruaren eraginen indarrez,
sarri egiten dugu nahi ez duguna,
eta ezin duguna bilatzen dugu.

Garbitu gure bihotza,
zuzendu gure grinen egarriak
zure seme-alaba bezala bizi gaitezen.
Gu zenbat eta haurrago,
Zuk maiteago izango gaituzula jakinik,
Espirituaren dohainez
zure gogoko haur bihurtu gaitzazu.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

AITA-AMAREKIN NOIZ ALKARTUKO ZAIN

Ene Jainkoa,
Zugana noanean eta zure aurrean aurkitzen naizenean,
zer esango didazu?
“Seme-alaba, gora bihotza,
seme-alaba on lez portatu zara”
.

Azalpen bat prestatuta eduki arren,
ni mutu geldituko naiz.
Zuk, eskutik heldu
eta etxeko txoko guztiak erakutsiko dizkidazu.
Hitz askorik ez duzu erabiliko.
Zerbait esatearren, holakoren bat esango didazu:
“Zu hemen, gurekin batera ikusteko gogoa geneukan”.

Ikaratuta aurpegira begiratuko dizut
eta zure begi distiratsuak ikusiko ditut
negar-malkoak gorde ezinean.

Eta nire azalpen eta kontaketa guztiak
burutik desagertu egingo zatzaizkit.
Oroipen hilak gordeta gelditzen diren kaxa huts horretan
nire erruak betirako lurperatuta geldituko dira.

Kapitalismoaren aurreko ura lez,
eta turismoaren aurreko eguzkia lez
Zu, doanekoa zarela ulertzen hasiko naiz.
Seme galduaren parabola ulertzeko sasoia dela
konturatuko naiz!

Eta nire bihotzean betirako geldituko da,
nik entzun ez arren,
oraindik esaten zabiltzan hitza: “Seme”-“alaba”.

Eta lehenengoz! sentituko dut,
inoiz agortzen ez den poza.

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Umea eta usoa
a ze bikote gozoa!
Beren ispiluz, Jaunak damaigu
bere eskola osoa:
Ume antzeko diranentzako
da goiko paradisua.

2

Jaun handiago ezina,
Belenen Ume egina:
zapi mantarrez bilduta
dago ume txiki pospolina...
Bera beste gu ginake ere
goitik jeitsiko bagina.

3

“Nor ote da handiena?”
Gizonen betiko tema.
Jesusek beti neurri bat dauka:
ume-jarrera ta sena;
Jaungoikoari deitzen diona
“ene Aitatxo” izena.

4

“Alde ume mukizua!”
Pedroren haserre-sua.
“Utzi umeei nireganatzen”
berotu baitzen Maisua:
“Berena baita nire Erreinua,
jaso ongi abisua!”.

5

Gaurko irakaskizuna
Jesusek eman diguna:
zertan dagoen gizonarentzat
egizko handitasuna:
gizonkeriak albora utzi
eta hartu umetasuna.

6

Bateko astakeriak,
besteko txakurkeriak...
Holakoetan ibiltzen dira
pizti eta aberiak;
tokatzen ez den legez bagabiltz
hortik datoz aberiak.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue