Hemen zagoz : Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza >Jesusekin topo

#
#

JESUS, MARTA eta MARIA

# # #

JESUS, MARTA eta MARIA

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Gizakia ez da tresna bat, ez da makina bat: “jan-lan-lo-jai”ka baten jira eta bira dabilen kontsumoko errota bat. Horrela balitz, arto-garien aleak ez baina, norberaren burua hautsiko genuke. Itxura batean, mardul, gordin, eder; baina noizko heldu gizatasunez? Bakoitzaren ardura eta zeregina da norberaren burua landu eta gizatasunez garatzen joatea.

Sarritan alde batera bakarrik jotzeko tentaldian erortzen gara: espiritualkeria hutsera, edo materialkeria hotzera. Bietara garatzea da gure eginbeharra. Gizakia ez da ogi hutsez bizi, Jainkoarengandik datorren Hitzari ere toki eman behar zaio. Jaso dezagun Jesusen erakutsia.

# # #
#
#
# # #

Ebanjelioaren argitan

 

(Lukas 10, 38-42)

Aldi hartan, sartu zen Jesus herrixka batean, eta Marta zeritzan emakume batek bere etxean hartu zuen. Bazuen honek, Maria izeneko ahizpa bat; eta hau, Jaunaren oinetan eseririk, Haren hitza entzuten zegoen.

Martak, berriz, nahiko lan bazuen etxeko zereginetan, eta, aurrean jarrita, honela esan zion Jesusi:
- «Jauna, ez al zaizu batere axola, nire ahizpak ni lanean bakarrik uztea? Esaiozu niri laguntzeko».
Eta Jaunak erantzun:
- «Marta, Marta, estu ta larri zabiltza zu gauza askorekin; eta bakarra izan beharrezkoa. Mariak alderdirik onena aukeratu du, eta ez zaio kenduko».

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Nor eta Jesus gurera ostatu-eske? Martaren ardura zer-nola prestatuko afaritarako! Mariarena, zer entzungo Jesusi eta nola ezagutuko bere BIDE BERRIA. Martaren zalapartak ez zeukan azkenik; bitartean Maria Jesusen oinetan entzuten eta ahogozatzen. Entzutekoa Martaren erremuskada! “Mariak hartu dizu zatirik onena”, Jesusen erantzuna. Hori gainera! Izan ere, zeinek egin zuen benetako Jesusekin topo? Jesus mahaizalea zen; baina Bera ere beste mahai bateko janaria eskaintzera joan zen.

Pasarte hau ez da erraz eta egoki ulertzekoa. Ez ekin hutsean, ez egon hutsean, bietara jokatu behar dela, gorputz eta arimaz asetzera. Jesusek bere iritzia azaltzen digu: Mariak entzuten egonaz atsegin gehiago ematen diola, Martak arnasestuka prestatu dion afariak baino.

Gurera etorrita, zenbat denbora ematen diogu bizitzako zalapartari eta zenbat Jesusekin egoteari? Zalapartaka bagabiltza, ezin Jesusekin topo egin. Egoten, entzuten, gogoz hausnartzen egon egin behar. Egia esan, asko eta asko gehiago nekatzen eta aspertzen dira Jesusekin egoten, zalaparta artean baino. Zer deritzazu?

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Gure artean deika zaitugun Aita ona!
Zuk zenbat gauza guri esateko,
eta guk astirik ez Zurekin egoteko!

Emaguzu Jesusen Espiritua,
Hura bezala,
Zurekin BAKARDADEAN egoteko egarria
gugan sor dezan.

Ez zaitez aspertu gure zain egoten.
Erakutsi iezazkiguzu benetako ondasunak,
behar den beste asti har dezagun beraien bila.
Zure gauzak onak dira, baina Zu hobea!

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

ORTOZIK

Ortozik, Jauna. Ez oinen puntan.
Ortozik, sandaliak kenduta,
hanka azpia hondarrean markatzen,
otoitzaren abenturan sartzen, Jesus Jauna.

Ortozik, pausorik pauso,
ibiltzen hasi berriak diren umeen antzera,
horrela egiten dugu bidea, Jauna.

Ortozik, jatortasun bila,
garbitasun eta bizi sustraien bila,
horrela goaz aurrera, Jauna.
Ortozik, ez garen guztia baztertuz
horrela goaz aurrera, Jauna.
Ortozik, ordezko hanka gabe,
sinpletasunez, zaratarik egin gabe,
beste batzuentzat urratsak markatuta uzteko asmo gabe,
horrela egiten dugu bidea, Jesus Jauna.

Ortozik, bihotza zuhur,
ezaguna ez dena eta balio ez duana onartuz,
neurtzen ez dena eta salerosten ez dena onartuz,
horrela sartzen gara, Jesus Jauna.

Ortozik, Jainkoaganako abenturan,
bere esperientzia izan, eta ondoan, lagun lez sentitzeko,
horrela egiten dugu bidea, Jauna.

Ortozik, pausorik pauso,
ezezagunarekin liluraturik
eta Transzendentziak erakarririk
horrela egiten dugu bidea, Jauna.

Ortozik, erromesak lez,
bizitzaren azken zentzuaren bila,
eta bizitzeko benetako arrazoien bila,
horrela egiten dugu bidea, Jauna.

Ortozik, pausorik pauso,
gure kristau izatea otoitzean oinarrituz,
Jainko Aita-Amaren maitasuna,
Jesus Jaunak bizi izan zuen antzera bizi gura dugulako.

Jesus, zuk maite zenuelako, maite dugu guk.
Jesus, otoitz egiten zenuelako, otoitz egiten dugu.
Jesus, zure bizitzeko era, nahiko arrazoi da,
abentura honetarako, esperientzia honetarako,
bihotzaren iraultza dakarren otoitzerako.

Jesus, Jainkoa gizakiaren barruan sartzeko atea
otoitza dela uste dugu.
Jauna, hau irekiaz,
Berak bere dohainak eskaintzen dizkigu.
Jauna, hau itxiaz, bihotza hutsik eta bakarrik gelditzen da.

Ortozik, pausorik pauso, gogogabetu barik,
otoitzaren premiaz jabeturik,
bide barri bat hasteko ausardiaz beterik,
zure izenean gure bidea hasten dugu, Jesus Jauna.
Benetako Otoizlaria zaran horrekin, bat egiten dugu.
Zure Argian eta zure Espirituaren indarrean
ipintzen dugu gure konfiantza
eta Aita-Amaren aurpegia agertu iezaguzula eskatzen dizugu.

Ortozik, bidean zurekin batera,
Zu gure erdian.
Ortozik, zure Espirituarekin goaz,
zure Espiritua, bila dabilen gure bihotzean,
maite gaituen Aita-Amaren samurtasunean babesturik.
Ortozik, gure bihotza hustuz diotsugu:
Maisu, erautsi iezaguzu otoitz egiten. Maisua!

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Jesus Betaniara
joan zen batean,
jo zuen adiskide
batzuen atean.
Martak eta Mariak
Jesus ikustean,
berekin hartu zuten
poztasun betean.

2

Lagun-giroan Jesus
agurtu ta gero,
biak beren lanean
hasi ziren bero.
Maria adi dago
Jesusen bezero,
lanpetutako Martak
ez zuen espero.

3

“Zer deritzazu, Jauna,
hau al da itxura?
Ni hola ikusteak
ez al dizu ardura?
Bidal zazu Maria
behar den lekura,
ni hemen lanpetuta,
bera hor olgura!”.

4

“Ikusten zaitut presaz
zabiltzala Marta,
arnasestuka eta
mila zalaparta.
Beharrezkoena bat
bakarrik behar da:
Mariak du zatirik
onena aparta”.

5

Gogoan har dezagun
Jesusen eskola:
gure betetasuna
Beragan dagola.
Lanaren lanez Jesus
ez utzi inola;
sinesten duenari
on egin deiola.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue