Hemen zagoz : Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza >Jesusekin topo

#
#

JESUS eta PERLESIADUNA

# # #

JESUS eta PERLESIADUNA

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Bai, betiko aldietan! Gizaki erdikinak ugari, oso-osokoak urri. Azal-itxurak zaintzen ardura asko, barruak garbi zaintzen gutxi. Beti ere, aberats handikiek ahalbide gehiago dute, azal-itxurak eder eta egoki zaintzeko, behartsuak baino. Txikiak ez dauka nola disimulatu; arranoa goiko harkaitzetan seguru.

Bekatu ere, nork egiten du bekatu? Gehienetan behartsuak; handi-mandiak beraiek jartzen dituzte, nahi duten erara, txarraren eta onaren neurri eta mugak.

Jainkoaren aurrerako beste kontu bat da. Aita Jainkoa Jesusengan gizakiz jantzita azaldu zenean, bekatari azaldu zen, bekatariekin nahasten baitzen, eta bekatari bezala gurutzera kondenatua izan zen.

Jesusek gizakia osorik sendatu nahi du, “santukeriak” alde batera utzita.

# # #
#
#
# # #

Ebanjelioaren argitan

 

(Mateo 9, 1-8)

Aldi hartan, Jesus txalupa batean sartu eta, itsasoa igarota, bere herrira etorri zen. Eta horra, perlesidun bat ekarri zioten zerraldoan etzanda. Jesusek haien sinesmena ikusirik, honela esan zion perlesidunari:
- «Izan bihotz, seme! Barkatzen zaizkizu zure bekatuak».

Honetan, idazlari batzuek honela zioten beren baitan:
- «Biraoka ari da Hau».
Jesusek, ordea, haien burutapenak ezaguturik, honela esan zien:
- «Zergatik darabilzkizue burutapen txarrak zuen bihotzetan? Zer da errazago esaten: "Barkatzen zaizkizu zure bekatuak", hala "Jaiki, eta zoaz?". Hara bada, jakin dezazuen Gizonaren Semeak baduela lurrean bekatuak barkatzeko eskubidea…, honela esan zion perlesidunari: "Jaiki zaitez, hartu zure esku-ohea eta zoaz etxera"».
Jaiki zen gizona eta han joan zen bere etxera.

Jende-taldea, hori ikustean, izuturik gelditu zen; eta Jaungoikoa goresten zuten, gizonei horrelako eskubidea ematen dielako.

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Harrera gozoa, maitekorra Jesusek gaixoari egiten diona: “Izan bihotz, seme! Barkatzen zaizkizu zure pekatuak”. Horretarako aurrez beraien sinesmen sendoa ikusi zuen. Gaixoak, behartsuak errazago hartzen du barkamena, makal sentitzen baita.

“Barkatzea”, ontzat hartzea, errukitsu izatea, gutxiren jarrera da; Jainkoarena eta bere Espirituak eraginda dabiltzanena. Besteentzat biraoa da. Betikoa: gauza berdina ikus-entzun, eta txikiek Jainkoa goratzen dute, “santu” eta handikiak biraolaritzat hartzen.

Orduan eta gaur, beti dira perlesiadunak, osasun eta maitasun bila dabiltzanak. Jesusek badu, ba, errukia eta ahalmena! Baina “kamileruak” behar ditu gaixoak eta behartsuak Berarengana hurbiltzeko, bitarteko errukiorrak. Kamilerurik ez bada, ezin sendatu gaixo-gaitzik.

Bai bokazio ederra “kristau kamileru” egitea! Jesusekin topo egin duenak behingoan hasten da kamileru, inork esan gabe. Jesusekin topo egiteak gaixoarekin topo egitera darama.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Hondorik gabeko errukizko itsaso zaitugun Aita!
Benetan, zenbat maite gaituzun bageneki,
zorionaren zorionez hil egingo ginateke.
Zuri “Gure Aita” deitzean,
guztiei anaia-arreba deitzea nahi nuke,
batez ere gaixo eta behartsuei.

Emaguzu zure Espirituaren dohaia,
Zuk Jesusengan agertu diguzun
erruki eta maitasunaren ugaritasuna
anaia-arreba gaixoen artean banatzeko.
Bihur nazazu “kristau kamileru”,
zure eta beste askoren arteko bidea
erakutsiz eta egiten lagunduz.
Nirekin egin duzuna
beste askorekin ere egin dezazula nahi dut.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

NIRE MAKALTASUNETIK EGINDAKO OTOITZA

Bizitzaren bidetik
beti zure aurrean ibiliko naiz.

Jauna, nire bizitza eskaintzen dizut, egizu emankorra.
Nire nahimena eskaintzen dizut, zurearen antzekoa egizu.

Ortozik ibiliko naiz,
nire altxorra zarela jakitearen
poz bakarraz.

Har nire eskuak, egin itzazu abegikorrak.
Har nire bihotza, egizu sutsua.
Har nire oinak, egin itzazu neka ezinak.
Har nire begiak, egin itzazu gardenak.
Har nire ordu ilunak eta bihurtu berritasun.

Nire erorpen eta atsekabeetan lagun nahi zaitut.
Ematen dizkidazun gauza txikiekin
gozatzen erakutsi iezadazu,
bide bazterretan gelditu barik
beti harantzago joaten ikasiz.

Har nire nekeak eta egin zureak.
Har nire bide zidorrak, egin zure bidea.
Har nire gezurrak, egi bihurtu itzazu.
Har nire heriotzak, bizi bihurtu itzazu.
Har nire txirotasuna, aberastasun bihurtu egizu.
Har nire esanekotasuna, poz bihurtu egizu.
Har nire ezereza, egin nahi duzuna.
Har nire familia, zurea egizu.
Har nire bekatuak.
Har nire maitasun hutsak,
hainbeste egin barik utzitakoak,
nire eguneroko etsipenak, nire ordu tristeak.

Jauna, zatoz nirekin;
hurreratu nire lorratzetara.
Berriztatu nazazu nire eskaintzan,
ematearen poza senti dagidala,
bizitza ematearen poz betea,
zure zerbitzuan gastatuz.
AMEN.

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Egun batean Jesusengana
dakarte perlesiaduna,
ongi dakite Jesus benetan
dela gaixoen laguna.
Eta behingoan errukitu zen
Jesusen bihotz biguna
eta opatu zion arima
ta gorputzeko osasuna.

2

“Sines ezazu eta barkatzen
zaizkizu gaur pekatuak”.
Hango marmarra ta iskanbila
fariseu garbi santuak:
“Hau biraoa entzun duguna,
hori bakarrik Jainkuak;
dudarik gabe, gizon hau dago
itsututa deabruak”.

3

“Aitaren gauzak ezagutzeko
hori da bihotz gogorra!
Nik badudala eskubidea
ikus dezazuten, horra:
«Zuri diotsut: Jeiki ta zoaz!»”.
Harek bai salto bizkorra!
Gorputz-arimaz biziberritan
gizaki gaixo lehorra.

4

Hau ikusita, jende guztia
bihotza pozez beterik:
“Jainkoak Berak lagundu ezik,
hau ez dago egiterik”.
Fariseuak lotsagorritan
ez pozik ta ez bakerik;
ikusi nahi ez duenak ez du
ezer onik ikusterik!

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue