Hemen zagoz : Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza >Jesusekin topo

#
#

JESUS eta BARTIMEO ITSUA

# # #

JESUS eta BARTIMEO ITSUA

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Begietako gaitza: gauzak ikusi nahi eta ezin ikusi. Bihotzeko gaitza: gauzak diren bezala ikusi ahal izan, eta ikusi nahi ez. Bi gaitzotatik zein zailago sendatzen?

Egia esan, gizaki onaren ezaugarria da gauzak diren bezala ikusi nahia; ez da egiaren beldur eta bere atzetik dabil. Bestelako gaitz hori sendatzekorik ez dago inor munduan; Jainkoarentzat ere zailena omen da.

Begietako gaitzen artean ganduarena da bat: gauzak erdizka baino ikusi ezina; lasser izpitxoaz gandua ebakita sendatzen da gaur egun.

Fede-bizitzan Espirituaren izpitxoa da, gauzen azal-mazalak urratu eta gauzak diren bestekoak erakusten dizkiguna.

# # #
#
#
# # #

Ebanjelioaren argitan

 

(Markos 10, 46-52)

Aldi hartan, Jesus bere ikasleekin eta jende-talde handi batekin Jerikotik ateratzean, Bartimeo itsua -Timeoren semea- eskean zegoen bide-ertzean, eserita; eta Nazareteko Jesus zela entzun zuenean, deiadarka hasi zitzaion:
- «Jesus, Dabiden Seme, erruki zakizkit!».

Askok haserre egiten zioten ixil erazteko. Hark, ordea, orduan-eta deiadar handiagoa egiten zuen:
- «Dabiden Seme, erruki zakizkit!».
Jesusek, geldituta, honela esan zien:
- «Dei ezaiozue».

Deitu zioten itsuari, esanez:
- «Izan bihotz; altxa; deika daukazu-ta».
Hura, soin-gainekoa bota, bat-batean zutitu eta Jesusengana etorri zen. Jesusek esan zion:
- «Zer nahi duzu, Nik zuri egitea?».
Itsuak erantzun:
- «Maisu, ikus dezadala berriro!».
Jesusek esan zion:
- «Zoaz, zure sinisteak sendatu zaitu».

Eta berehala hasi zen ikusten, eta atzetik zijoakion bidean.

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Bartimeok lehenago ikusten zuen, antza denez. Iluntasunaren esperientzia garratzaren ondoren, Jesusekin topo eginik, berriz ere ikusten hasi zen. Berriro eta hobeto. “Zure sinesteak sendatu zaitu”. Sinesmen-argiak ekarri zion begietako argia ere.

Zer ote da sinesmen-argia? Itsuak Gizon Hurarengan Jainko Semea ezagutu zuen, eta begi argiekin zeundenak ezagutu ezin! Ez da harritzekoa Bartimeok Jesusi atzetik jarraitzea. Argituta dagoenak jarraitzen du.

Gaur egun ere asko eta asko dira, behinola fede-argitan bizi izan zirenak, eta ilunaldi luze eta garratz baten ondoren, berriro ikusi nahian ari direnak, bila eta bila martxan jarri direnak bide berrietatik zehar: guraso-elkarte txikiak, kristau-mugimenduak, ospakizun eta otoitzaldi bereziak...

Horra AUKERA berriak, Jesusekin topo egin eta begietako gandua urratzeko. Ondorengo ikusmena zorrotzagoa eta zabalagoa izan ohi da, aurrekoa baino. Bai esperientzia gozo eta pozgarriak entzuten direla: bizi-poza, itxaropena, testigantzarako adorea, otoitz-esperientzia berriak eta abar.

Horra Jesusekin topo egiteko aukera berriak. Guretzat dira.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Zure Seme bakar Jesusengan
denok seme-alabatzat hartzen gaituzun Aita Jainkoa!
Nola eskertu, garen ezerezean,
Zugandik hartutako mesede guztiak?
Bekaturik handiena litzateke
Zurekin eskerronekoak ez izatea.
Seme-alaba egiten gaituen Espiritua hartu dugu eta,
Espiritu beraren bidez,
“Abba-Aita” deitzen dizugu.

Bai, Aita,
txoria airean dago, arraina uretan, harria lurrean
eta ni zure eskuetan.
Hau fede-argiaren ederra!
Eskerrik asko bihotzez.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

GEHIAGO EMATEKO OTOITZA

Jauna, nik gehiago eman nahi dut,
baina beldur naiz:
galtzaile ateratzeko beldur naiz.

Lurreko ondasunei lotuta nago:
dirua, erosotasuna, ongizatea,
gizarte-maila, ospea, arrakasta, familia...
Sakrifizioak eskatuko dizkidazulako beldur naiz.

Atera iezadazu kanpora beldurra
eta sartu berriro animua.
Erakutsi iezadazu
eskatzen duzuna baino gehiago ematen duzula.

Sukarrak eta barruko tumoreak osatzen dituzu.
Begi gardenak eta bihotz garbia ematen dituzu.
Eskua zabalik eta norbere burua hobetzeko
indar berezia ematen.
Zuzentasun-gogoa eta gizarte berriaren alde
borrokan egiteko kemena.
Mugagabeko zeruertza
eta bizitzarako ilusio berria ematen dituzu.
Familia berria
eta benetako anaia-arrebak diren lagun zintzoak ematen.
Batez ere, zera ematen duzu,
Aita maitekorra, Ama ere badena,
eta baldintzarik barik maite nauena: zeure Aita.

Egia esan asko ematen duzu.
Zergatik darrait beldur izaten?
Zugan konfiantza dut, Jauna,
konfiantza bihotz-bihotzez.
Eta gero eta gehiago eman nahi dizut:
neure gauzak, neure astia eta ni neu,
zure atzetik joateko, zure ikasbidea jarraitzeko
eta ahal ditudan guztiak ezagutu zaitzaten.

Eskerrik asko, Jauna, adorea emateagatik.

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Bartimeo ta Jeriko
gogoan dira betiko.
Bide-ertzean dago itsua
lagun bat noiz etorriko;
“Nazareteko Jesus baletor”
fedez dio berekiko.

2

Urrutiko oihartzuna
itsuak pozez entzuna:
“Gora Dabiden semea, Jesus,
salbatzen datorkiguna!”.
Horrekin hasi zaio argitzen
bere barneko iluna.

3

“O Dabiden seme hori,
erruki Bartimeori!”.
Jendeak gogor: “Hago isilik,
ze erruki ta istori!”.
Baina errukiz betetzen zaio
bihotza Jesukristori.

4

“Ze gaixo edo eskeko?
Joan ta esan etortzeko!”.
“O Bartimeo, izan uste on,
Jesusek dio joateko”.
Jeiki zen eta hasi sentitzen
sinesmen edo antzeko.

5

“O Bartimeo maitea,
zer nahi duzu egitea?”.
“O ene Maisu, ikusi nahi dut,
baduzu borondatea”.
“Zoaz, osatu zaituena da
Nigan duzun sinestea”.

6

Pozez saltoka itsua,
dena dago argitsua.
Ez daki nola eskertu edo
osatu duen Maisua;
eta herria goraka baten
Jaungoiko errukitsua.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue