Testigantzak eta hausnarketak

ITXAROPENA SORTUZ, BIZIRA DEIA

Data: 2014 / 09 / 12

Hor lehengo egun batean, lagun batek hauxe eskatu zidan: Mesedez, idatzi iezadazu oporraldian gertatu zaizun “zerbait”. Zerbait? Zertaz? Barruan “ukitu” zaituen zerbait “deigarria”, “eragingarri izan zaizuna...”. Azaleko begirada bizkor bat ematea nahiko izan zen, eta berehala etorri zitzaizkidan aurrera halako irudi bizi batzuek, itxura oneko argazkiak bailira. Begi-bihotzak bete zizkidan.

Aurrean neuzkan “argazki-irudi” banaka bat zoragarriak. Aukera bat egin behar izan nuen. Ez zitzaidan erraz izan. Baziren bi “koadro” zirraragarriak. Aukeratu behar eta erabaki nuen. Eta nahi duzuenoi aukera honen berri eman nahi dizuet. Egia esan, norbere bizitzari sakonean ukitzen dion arazoei zor zaien xalotasunez.

Gertaera xume bat da, baina oso ederra eta nire bizitzan eragin BEREZIA sortu duena eta... ITXAROPENEZ betea, itxaropen asegarria; nire ustez, “onenetakoa”, gaurko munduak, gaurko kulturak eta gaurko gizarteak behar duten horietakoa. Hor duzue nire bizikizuna.

Uztaileko asteburu bat zen. Eta udaldiak denetarako “aukera” eskaintzen digunez, egun hori bitxi ederrez beterik iritsi zitzaidan. Hondarribiako baztertxo batean izan zen (udaldian ohi denez, jendez beterik). Astiro gindoazen ibiltzen, eguneroko nekeak eta presa-aldiak baretu nahirik. Eta San Pedro kale ertz batean, "postu" batek atentzioa eman zidan, eta bertan horma-irudi handi bat eta txapel zabal beltz bat, idazkun honekin: “TXAPELDUN 2014”. Bere alboan argazki kamera bat tripode gainean, propaganda-liburuxkaz betetako mahai bat eta bi pertsona, hurbiltzeko konbite eginez.

Atentzioa eman zidan eta hurbildu nintzen. Laster jabetu ziren nire “arretaz” eta “jakin-minaz”; hurbildu zitzaizkidan eta argazki bat atera nahi zidaten horma-irudiaren ondoan, txapel eta guzti. “ITXAROPENAREN TXAPELDUNA” idatzita zekarren kartelak. Atsegin izan zitzaidan proposamena. Bertan planteatzen zuenaren jakinminez jarri nintzen. Vicente Muńoz jaunak (Gran Sol jatetxearen jabeak) Euskadiko pintxo-txapelketa irabazi zuen bezala, orain eta hemen “Itxaropenaren Txapelduna” izatea jokatzen zen. Hau duk pagotxa!

Eta ekintza hau GIPUZKOAKO ITXAROPEN TELEFONOAREN alde jokatzen zen. Atsegin izan zitzaidan motiboa. Egia esan, aurretiaz entzuna zitzaidan Itxaropenaren Telefonoa (TEG, deitzen diotenez) eta nola izan zen saritua “Boluntariotzari sariaz”, Gipuzkoako Foru Aldundiak emana eta, oraintsuago, “Hiritar Merituari Domina”, Donostiako Alkateak emana. Ni nire “saltsan” sentitzen nintzen; egia esan, beti izan zaizkit gogoko horrelako zeregintxo xume eta isilak gure gizartearen erdian hainbeste pertsonak burutzen dituztenak.

Argazkia, kutxatxoan oparia, TEG-eko baliabide xumeak eta pertsona abegitsuak; hauei esker, EZAGUTU ahal izan nuen TEG hori bertatik bertara. Elkarren berri eman ondoren (hain zuzen, haietatik bat ez zen TEG-ko kide, baina Hondarribiarra zenez, doango elkarlanean ari zen haiekin), kezka onuragarri batek ukituta aldendu nintzen. Atsegingarri izan zitzaian gaia, baina BENETAN eta BARRUTIK. Dena horretan gelditu ez zen susmoa neukan.

Nire barruko jakin-mina gehituz joan zen, eta handik aurrera beraiek eskaini zidatena irakurriz joan nintzen, jo nuen Webgunera (www.telesgi.org), eta hor jabetu nintzen TEG-­ren filosofiaz eta klabeekin, bere helburu den ENTZUTE AKTIBOA bizitzea, bihotz-bihotzez, premian dauden pertsonak nork entzun AURKI dezaten, haien bizitzari irtenbide bat ematen laguntzeko. Zoragarria! Boluntarioa izan, zertarako? eta ENTZUTEKO eta entzunez pertsonak SENDATZEKO.

Hauxe da nik benetan bizi izan dudan gertaera (gertaera, niretzat bai behintzat), bihotzean “ukitu” eta beste bide batzuetara “eraman” ninduen hori eta ahal denik laburren kontatu nahi dizuetena.

- TEG horren berri jakin nuen (ezustean bada ere). Interesgarria iruditu zitzaidan bere egitekoa. Merezi zuen jokatzea. Eta... egia da! Argazki bat atera nuen eta opari bat eskaini ere bai. Baita TEG Egoitzara deitu ere eta bere argibide guztiak eskatu nituen. Hori izan zen nire lehen biziko pausoa.

- Ibilian-ibilian jakin nuen TEG dela Itxaropen Telefono bakarra, Estatu osoan, DOANGOA. Datu hau zirraragarria iruditu zitzaidan: badira Erakunde banaka bat laguntzen diotenak: Foru Aldundia eta hainbat Udalek, eta bestelako erakunde eta kide batzuek, eta haien laguntzei esker, posible dela “mirari” hau, bakardade larrian bizi diren hainbeste pertsonei laguntzeko, eta sarri askotan, bizitzeko baliabide gutxikoak. Beste dei bat atean! KIDEAK GEHITZEKO KANPAINA zen, Telefonoaren DOANTASUNARI eusteko, deitzen zuten pertsonei askatasuna emanez. Oso ongi!

- Era berean jakin nuen TEG horretan 30 pertsona direla doan elkarlanean jokatzen dutenak, eta hori urteko egun guztietan. Zer eskaintzen duten?: denbora, beren dohainak, eta, batez ere, beren BIHOTZA, pertsona horiei Telefonoz entzuteko. Eta dena ANONIMATU osoan (datu hau BEHIN eta BERRIZ errepikatu zidaten), astean ordu batzuek ematen dituztela honetan, igandea izan nahiz herriko jaiak, edota nahiz Eguberriak... egon ere, beti daude pertsonak entzungo dien bihotz baten zain. Harritu egin ninduten pertsona ANONIMU horiek, BIZIZ eta ITXAROPENEZ beterik!

- Prozesu honen ondoren, TEG horretan kide izateko izena ematea erabaki nuen. Eta Webgunean irakurri nuenean, urteko 50 euro kostata, 10 pertsonei DOAN lagundu ahal diegula... jokatzea merezi duela iritsi nion! Ondorio hauxe atera nuen: niretzat aberasgarri zela eta 20, 30 edo 50 eurotan urteko “mirari” bat baino gehiago iritsi ahal dudala. Egi hutsa!

- Eta ibili dudan bideko azken elementu bezala, esperientzi hau jakitera ematea erabaki nuen; nire ustez, beste pertsona batzuek ere hau ezagutzea merezi duala. Hori bai, benetan sinesten dut bakoitzak BERE BIDEA egin behar duela, bere esperientzi pertsonala. Argi dago! Haien webgunea eskaintzen dizuet: (www.telesgi.org) eta, laburpen gisa, sarreran bertan erakusten duten bideoa: BIDE BERRI baten hasiera ona duzu, gai hau interesatzen bazaizu, zarena zarela.

Gaurkoz hemen gelditzen naiz. Baliteke beste egunen batez, kontaketa honen hasieran aipatzen nizuen “beste esperientziaren” berri ematea, gaurkoz zain gelditzen da. Izan pazientzia! Gaurkoz nahiko esperientzi honekin. Eta... niri bezala “ukituko” al dizue bihotz erdian. Izan ongi... eta ongi egin bakoitzak bere bidea!

Ibiltari bat

Bizira deia

 

Argibideak

 
 
bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue