bidean - sarrera Nortzuk gara || Harremana ||

Testigantzak eta hausnarketak

ITXAROPENA SORTUZ, BIZIRA DEIA

Data: 2014 / 09 / 12

Hor lehengo egun baten, lagun batek hauxe eskatu eustan: Mesedez, idatzi egidazu oporraldian jazo jatzun “zerbait”. Zerbait? Zertaz? Barruan “ukitu” zaituan zerbait “deigarria”, “eragingarri izan jatzuna...”. Azaleko begirada bizkor bat emotea nahiko izan zan, eta berehala etorri jatazan aurrera halako irudi bizi batzuk, itxura oneko argazkiak bailira. Begi-bihotzak bete eustazan.

Aurrean neukazan “argazki-irudi” banaka bat zoragarriak. Aukera bat egin behar izan neban. Ez jatan errez izan. Baziran “kuadru” bi zirraragarriak. Aukeratu behar eta erabagi neban. Eta nahi dozuenoi aukera honen barri emon gura deutsuet. Egia esan, norbere bizitzari sakonean ikutzen deutsoen arazoei zor jaken xalotasunez.

Jazoera xume bat da, baina oso ederra eta nire bizitzan eragin BEREZIA sortu dauana eta... ITXAROPENEZ betea, itxaropen asegarria; nire ustez, “onenetarikoa”, gaurko munduak, gaurko kulturak eta gaurko gizarteak behar daben horretarikoa. Hor dozue nire bizikizuna.

Uztaileko asteburu bat zan. Eta udaldiak danetarako “aukera” eskeintzen deuskunez, egun hori bitxi ederrez beterik heldu jatan. Hondarribiako baztartxo baten izan zan (udaldian ohi danez, jentez beterik). Astiro ginoiazan ibiltzen, eguneroko nekeak eta prixaldiak baretu nahirik. Eta San Pedro kale ertz baten, “postu” batek atentzinoa emon eustan, eta bertan horma-irudi haundi bat eta txapel zabal baltz bat, idazkun honegaz: “TXAPELDUN 2014”. Bere alboan argazki kamera bat tripode gainean, propaganda-liburuxkaz beteriko mahai bat eta pertsona bi, hurreratzeko konbite eginez.

Atentzinoa emon eustan eta hurreratu nintzan. Laster jabetu ziran nire “arduraz” eta “jakingurea”; hurreratu jatazan eta argazki bat atera gura eusten horma-irudiaren ondoan, txapel eta guzti. “ITXAROPENAREN TXAPELDUNA” idatzita ekarren kartelak. Atsegin izan jatan proposamena. Bertan planteatzen ebanaren jakinguran jarri nintzan. Vicente Muńoz jaunak (Gran Sol jatetxearen jabeak) Euskadiko pintxo-txapelketa irabazi eban lez, orain eta hemen “Itxaropenaren Txapelduna” izatea jokatzen zan. Hau dok hau!

Eta ekintza hau GIPUZKOAKO ITXAROPEN TELEFONOAREN alde jokatzen zan. Atsegin izan jatan motiboa. Egia esan, aurretiaz entzuna jatan Itxaropenaren Telefonoa (TEG, deitzen deutsoenez) eta zelan izan zan saritua “Boluntariotzari sariaz”, Gipuzkoako Foru Aldundiak emona eta, oraintsuago, “Hiritar Merituari Domina”, Donostiako Alkateak emona. Ni neure “saltsan” sentitzen nintzan; egia esan, beti izan jataz gogoko holango zeregintxo xume eta isilak gure gizartearen erdian hainbeste pertsonak burutzen dabezanak.

Argazkia, kutxatxoan oparia, TEG-eko baliabide xumeak eta pertsona abegitsuak; honei esker, EZAGUTU ahal izan neban TEG hori bertatik bertara. Alkarren barri emon ondoren (hain zuzen, euretatik bat ez zan TEG-ko kide, baina Hondarrabitarra zanez, doango alkarlanean ziharduan eurakaz), kezka onuragarri batek ikututa aldendu nintzan. Atsegingarri izan jatan gaia, baina BENETAN eta BARRUTIK. Dana horretan gelditu ez zan susmoa neukan.

Nire barruko “jakingurea” gehituz joan zan, eta handik aurrera eurak eskeini eustena irakurriz joan nintzan, jo neban webgunera (www.telesgi.org), eta hor jabetu nintzan TEG-ren filosofiaz eta klabeakaz, bere helburu dan ENTZUTE AKTIBOA bizitzea, bihotz-bihotzez, preminan dagozan pertsonak nok entzun AURKITU dagien, euren bizitzari urtenbide bat emoten laguntzeko. Zoragarria! Boluntarioa izan, zetarako? eta ENTZUTEKO eta entzunaz pertsonak OSATZEKO.

Hauxe da nik benetan bizi izan dodan jazoera (jazoera, niretzat bai behintzat), bihotzean “ukitu” eta beste bide batzuetara “eroan” ninduan hori eta ahal danik laburren kontatu gura deutsuedana.

- TEG horren barri jakin neban (ezustean bada ere). Interesgarria iruditu jatan bere egitekoa. Merezi eban jokatzea. Eta... egia da! Argazki bat atera neban eta opari bat eskeini ere bai. Baita TEG Egoitzara deitu ere eta bere argibide guztiak eskatu nebazan. Hori izan zan nire lehenengo pausoa.

- Ibilian-ibilian jakin neban TEG dala Itxaropen Telefono bakarra, Estatu osoan, DOANGOA. Datu hau zirraragarria iruditu jatan: badira Erakunde banaka bat laguntzen deutsoenak: Foru Aldundia eta hainbat Udalak, eta bestelako erakunde eta kide batzuk, eta euren laguntzei esker, posible dala “mirari” hau, bakardade larrian bizi diran hainbeste pertsonei laguntzeko, ta sarri askotan, biziteko baliabide gitxikoak. Beste dei bat atean! KIDEAK GEHITZEKO KANPAINA zan, Telefonoaren DOANTASUNARI eusteko, deitzen eben pertsonei askatasuna emonez. Oso ondo!

- Era berean jakin neban TEG horretan 30 pertsona dirala doan alkarlanean jokatzen dabenak, eta hori urteko egun guztietan. Zer eskeintzen daben?: denporea, euren dohaiak, eta, batez ere, euren BIHOTZA, pertsona horrei Telefonoz entzuteko. Eta dana ANONIMATU osoan (datu hau BEHIN eta BARRIZ errepikatu eusten), astean ordu batzuk emoten dabezala honetan, igandea izan nahiz herriko jaiak, edota nahiz Gabonak... egon ere, beti dagoz pertsonak entzungo deutsoen bihotz baten zain. Harritu egin ninduen pertsona ANONIMU horreik, BIZIZ eta ITXAROPENEZ beterik!

- Prozesu honen ondoren, TEG horretan kide izateko izena emotea erabagi neban. Eta Webgunean irakurri nebanean, urteko 50 euro kostata, 10 pertsonei DOAN lagundu ahal deutsegula... jokatzea merezi dauala eritxi neutsan! Ondorio hauxe atera neban: niretzat aberasgarri zala eta 20, 30 edo 50 eurotan urteko “mirari” bat baino gehiago lortu ahal dodala. Egi hutsa!

- Eta ibili dodan bideko azken elementu lez, esperientzi hau jakitera emotea erabagi neban; nire ustez, beste pertsona batzuek ere hau ezagutzea merezi dabela. Hori bai, benetan sinisten dot bakotxak BERE BIDEA egin behar dauala, bere esperientzi pertsonala. Argi dago! Euren webgunea eskeintzen deutsuet: (www.telesgi.org) eta, laburpen erara, sarreran bertan erakusten daben bideoa: BIDE BARRI baten hasiera ona dozu, gai hau interesatzen bajatzu, zareana zareala.

Gaurkoz hemen gelditzen naz. Baleiteke beste egunen baten, kontaketa honen hasieran aipatzen neutsuen “beste esperientziaren” barri emotea, gaurkoz zain gelditzen da. Izan pazientzia! Gaurkoz nahiko esperientzi honegaz. Eta... niri lez “ikutuko” al deutsue bihotz erdian. Izan ondo... eta ondo egin bakotxak bere bidea!

Ibiltari bat

Bizira deia

 

Argibideak

 
 
bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue