#
#

Hausnarketak:

# # #

Abendualdia: Begiespenerako gaua

#

# # #
#
#

BEGIESPENERAKO - GAUA






Zuk, gizon-emakumeen barkamena eta Jainkoaren errukia bilatzen duzun horrek... Zuk, justizia eta bakea irrikaz bilatzen duzun horrek, gizakiei berezko zaien duintasuna itzultzeko asmotan... Zuk, zure edozein egunetako ordu ilunenetan eta modu desesperagarriekin, argia bilatzen duzun horrek... Zuk, zapalketa eta indarkeri guztien aurrean den-denok izaki libreak izateko eskubidea daukagula aldarrikatzen duzun horrek... Zuk, gizakien arteko adiskidetze-egarriz, Jainkoarekiko komunioa egiazko errealitatea izan dadin, zure bizitzaren azken unera arte gizon-emakumeak maitatzeko modu eraginkorren bat bilatzen duzun horrek... Ba ahal dakizu?: garrantzitsuena Kristori harrera ematea da, zure bizitza osoko gune bakoitzean zugan jaiotzen den haur horri ateak zabaltzea.

Abendua. Estutasunez beteriko itxaronaldia, negu luzea udaberriaren aurretik, misterioz beteriko egunak, begiespenerako gaua. Gai izango ahal zara goizero beraren zain egoteko? Gai izango ahal zara berarekin behingoz adiskidetuta egongo den Elizan bizitzera daraman bidexka aurkitzeko?

Abendua. Norbait dago ate joka gure bihotzean: atzerritar bat, ezezagun bat, “Jainkoaren Seme!” deituriko erromes bat (Lk 1, 35), gizon eta emakume guztien anaia! Bere ezpainetan ez dago garrasirik, soilik Jainko Aita-Amaren maitasuna eta gizon-emakumeentzako dituen asmoak lau haizeetara zabaltzen dituen zurrumurrua: “Bakea! Bakea zuoi! Bakea urruti dagoenari! Bakea hurbil dagoenari!” (Is 57, 19); “Bakea lurrean borondate oneko gizon-emakumeei!” (Lk 2, 14).

Zuk “Emmanuel, Jainkoa gurekin” (Mt 1, 23), atsekabeko eta zorioneko uneetan egiten diguzu bisita, garapen teknikoaren eta gizakien premia gorriaren erdian, gehiago ezin eta etsi egiten dugunean edo eta itxaropena topatzen dugunean, bakean bizi garenean edo guda batean hiltzen garenean...

Une bakoitzean zatoz gurekin topo egitera eta gauza bakar bat eskatzen diguzu: haur txikiak bezala izanik, mugarik eta baldintzarik gabe zu maitatzea... Zu, ohartarazi gabe iristen zera beti, eta inolako inposaketarik gabe muturreraino maite gaituzu: itxarobiderik ez dagoenean itxaroten jakin dutenentzat gozamena, ziurgabetasunaren itsasoan galduta daudenentzat konfiantza... eta poza gorespen bihurtzen da.

Zuri itxarotea festarako prestatzea da: txiroen festa, arrunta eta doakoa den otoitz baten festa, gizon-emakumeen zerbitzuan agortzen den biziaren festa. Zuri itxarotea bide egitea da: begiak zeharo zabalik izanik, iluntasunean eta ilunpean haztamuka ibiltzea zure besoaren segurtasuna gure sorbaldan nabaritu arte. Zuri itxarotea bakea bilatzen jakitea da, batasunaren zeinu izateko; eta barkatzen jakitea, zure errukiaren baitan bizi ahal izateko. Zuri itxarotea isiltasunean eta bakardadean bilatzea da, lorez beteriko soroetan eta lehortutako basamortuetan bilatzea, eta gure artean ez dagoen presentzia baten freskura topatzea, zure hitzez beteriko isiltasunaren hauskortasuna aurkitzea.

Zurekin bizitzea gizakiaren alde apustu egitea da; gizakiaz ahazten baldin bazara, Jainkoa ahaztuko zenuke. Nola antzemango zenion bestela? Hitz emango ahal duzu zure bizi guztian zehar borroka egingo duzula Bere aurpegia antzemateko, nola nahi dituzten gauza guztiak esku artean izanik, ezer gutxi adierazten dutenen aurpegietan, hala naiz ezer galtzeko beldurrik ez dutenen aurpegi lasaietan? Hitz emango ahal duzu bakezaleen naiz indarkeriaren bidea aukeratzen dutenen aurpegietan Bere antza antzematen saiatuko zarela?

Berarekin bide egitea denborari denbora ematea bezala da: hartu ezazu behar duzun une-aldia zure eskuak Beraren eskuetan ipini eta bizian zehar zure gidari fidagarriena bihurtu dadin. Estalpetuko zera zure Anaiaren bihotzean haur baten konfiantzarekin? Berari jarraitzeko hona hemen bide bat: dena alde batera utzi, gurutzea hartu eta berari jarraitzea (cfr. Mk 8, 34)...; inolako neurri eta interesik gabe barkatu eta maitatzea...; Zorionbideetako izpirituan bide egitea...; erromes bat izatea, zurea ez den eta beraz gorde ezin duzun berri on baten eramailea izatea: “Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaigu!” (Lk 2, 11); “Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei!” (Lk 2, 14).

Mikel Pereira

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue