#
#

Hausnarketak:

# # #

Jainkoaren samurtasuna

#

# # #
#
#

JAINKOAREN SAMURTASUNA






Denbora bere osotasunera heldu zenean, Jaungoikoak bere Semea bidali zuen emakume batetik jaioa [1]“Ilunpetan zegoen herriak argi handia ikusi du. Itzalpean bizi zirenei argiak egin die distira"[2].

Vladimirrek margotutako Jainkoaren Amaren Ikonoa, ulerkuntza guztia gainditzen duen Jaungoikoaren samurtasunaren ikonoa da [3]. Jaunaren eta gizateriaren arteko topaketaren misterioa ezagutarazten dizu; bera da ikusezina denaren begi-bistako ezaugarria, aurpegi baten isla, Sakratuarekin bat egiteko topagunea, Jaunaren eta gizon-emakumeen arteko lotura ahalbidetzen duen ikusgaia.

Hurbildu zaitez Gizakundearen misteriora barne isiltasunaren bitartez. Ez izan beldurrik. Hurbildu zaitez apaltasunez; sinestuna, Jaungoikoarekin aurrez-aurre hitz egin eta zutik irauten duen gizon-emakume bat besterik ez dela konturatuko zera; eta agorrezina dan leialtasuna duen Jainko bat ezagutuko duzu [4]. Eta harrituta geldituko zera zure ezpainak xuxurlatzen dutena entzutean: “Bihotzak esaten dit: ‘Ea, bila ezazu Jaunaren aurpegia’. Zure aurpegiaren bila nator, bai, Jauna. Ez gorde niri zeure aurpegia!” [5].

Nazareteko Jesusengan sumatu dezakezu Jaunaren Aurpegia eta Hitza [6]. Kristoren bitartez, Jaungoikoa, askatu, harrera egin eta konfiantza ematen duen aurpegi baten bihurtzen da; Jaungoikoak deitu eta beraren bila dabiltzanei inoiz bizkar emango ez dien aurpegia; gizakion ahultasuna inoiz epaitu ezta gaitzetsi ere egingo ez duen aurpegia; gizon-egin-den-Jainkoaren aurpegia; gizonaren azken aldiunean Jaungoikoaren eternitatera irekitzen den aurpegia.

Jauna zure ondoan dago. Bera da gizateriarentzat Jaungoikoaren irudia. Berarengan ikusten dugu egunen batean izango garena: Jaungoikoarengan bizi dan gizon-emakume baten ikonoa. Berarengan antzematen dugu betiereko aurpegia, Jaungoikoak gizakia bere antzeko eta irudiko egin zuenean geneukan aurpegia. Berak erakusten digu Jainkoak, bere samurtasunarekin, gure bihotzean daukagun bakardadea betetzea nahi duela [7], gure inguruan sufrimenduz josita dauden gizon, haur eta emakume guztiak lagundu, sendotu, suspertu eta bihotz ematen ikasi dezagun [8].

Ama Birjinaren gainjantziak duen iluntasunean, argiz jantzitako zure tunikak, Jauna, distira egiten du. Zure presentziak hartu zintuen gizatasuna eraldatzen du: ulertezina den grazia, argi eskuragaitza. Onberatasunez betetako leize hondogabea. Eta denak zugandik jasotzen du argia, Kristo distiratsua, zu bai zera gizaki guztiak argitzera datorren eguzki atera berria.

Maria, bihotzez txiroa eta apala, zu zara aleak ereiteko behar den lur ona, Erreinuaren aleak fruitua emango duten lurra. Zugan jaitsi da Jaungoikoaren bedeinkapena, eta gizaldi guztiak esango dizute bedeinkatua [9].

Zuregatik, aingeruaren aurrean makurtu zen Jaunaren mirabe apala, Hitza gizon egin zen eta gure artean jarri bizitzen [10], eta guk bere aurpegia ikusi dugu. Zuregatik gure lurrak toki bat eskaini zion Eskuraezina denari, eta buztinak Sortzailea gorpuztu zuen.

Maria, zure apaltasunean Jaungoikoaren distira babesten duen buztinezko ontzia zera. Jaunaren Ama zera zu, hain maitea dugun Ama gurea, eta Elizaren irudia bere sabelean salbamena daramaelako naiz eta oraindik salbamen hori itxaroten jarraitu.

Ama, zure aurpegiak leuntasunez eta beldurrez nahastutako samurtasuna adierazten digu. Zure hazpegietan margotuta daramazu sufrimendu bare bat, edozein arrazoi delarik, hainbeste gizonek eta emakumek jasan behar izan dituzten zauri eta sufrimenduak.

Bitartekari zarala esanez zuregana dijoanarentzat, zure Semearen errukia bilatzen duzu, zure burua Berarengana hurbilduz eta makurtuz.

Ahaztezina da zure begirada. Arretaz betetako begiak, deskribatu ezin daitekeen samurtasuna ezkutatzen duen begirada: ama baten bihotz sakonetik irtendako begirada; iragana ikertu eta etorkizuna hausnartu nahi duen begirada; infinitura zabalik dagoen begirada.

Ama, zuk Jaungoikoa gizakitu duzu, gizakiok zein den jainkotzen gaituen bidea jakin dezagun; Jainkoaren eta gizakiaren artean zegoen tarte zeharkaezina desagertu egin da.

Ematen du errugabea eta zauritutako irribarrea daramazula zure ezpainetan. Esango genuke… garrasi guztiak, malko guztiak, ahalmenik gabeko isiltasunak eta garai guztietako gizon-emakumeok ezinezkoa dela adierazten duten egindako keinuak… beren arrastoa utzi dutela zuregan.

Maria, esango genuke zure ezkerreko eskuarekin Bidea, Egia eta Bizia den Hura adierazten diguzula [11].

Zure neurrigabeko samurtasunetik etengabe errepikatzen duzu: “Jauna, erruki zaitez gizon-emakumeotaz, naiz eta beraiek zureganako gupidarik ez izan”. Ezerek ez dizu ahaztu eraziko profeten ahotsak zioena, aspalditik datozen malkoak eta nahigabeak, gizakion sufrimenduaren ostean ezkutatzen diren gorrotoa eta premia gorria.

Jauna, errukiz beterik, zure Amaren aurpegira hurbiltzen duzu zurea, kontsolatu nahian; ezkutuan dagoen nahigabea ondo ezagutuko bazenu bezala eta zure itxaropena hedatzea nahiko bazenio bezala: "Ama, urrundu ezazu zure aurpegitik tristura!... 'Ni naiz… Bizia!'" [12].

Gizakundea: zuregatik Jaungoikoak daukan maitasun zoroaren misterio sakona: “Gure Jainkoaren barru errukitsuari esker, goizargia agertu zaigu zeru goitik”[13].

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] Ikus Galaziarrei 4, 4.

[2] Ikus Isaias 9, 1.

[3] Jaungoikoaren samurtasun kontsolagarria:

- "Unetxo batez utzi zintudan, baina gupidarik handienaz hartuko zaitut. Haserrealdi batean, unetxo batez aurpegia ezkutatu nizun, baina etengabe maite zaitudalako gupitu naiz zutaz" (Isaias 54, 7-8).

- "Nola aita seme-alabentzat errukior, hala Jauna begirune diotenentzat errukior" (Salmoa 103, 13).

- "Amak haurra kontsolatzen duen bezala, halaxe kontsolatuko zaituztet" (Isaias 66, 13).


[4] Jaungoikoaren leialtasun agorrezina:

- "Oroitzen naiz itxaropena susperrarazten didan zerbaitez: Jaunaren onginahia ez dela amaitu, haren errukia ez dela agortu. Goizero berritzen dira. Bai handia, Jauna, zure leialtasuna!" (Negar kantak 3, 21-23).

- "Azaldu niri, Jauna, zeure bideak, erakutsi ni nondik ibiltzea nahi duzun. Zuzen nazazu, zurekiko leial izan nadin, irakats niri, zu baitzara salbatzen nauen Jainkoa; zuregan itxaron dut etengabe. Ekarri gogora, Jauna, zeure errukia eta maitasuna: betidanikoak dituzu" (Salmoa 25, 4-6).

- "Itzul zaitezte niregana bihotz-bihotzez... Itzul zaitezte Jaunarengana, zeuen Jainkoarengana, bihozbera eta errukiorra baita, haserregaitza eta onginahiz betea" (Joel 2, 12-13).

- "Errukiorra eta bihozbera da Jauna, haserregaitza eta onginahi handikoa. Ona da Jauna guztientzat, gupidaz betea bere sorkari guztientzat" (Salmoa 145, 8-9).


[5] Salmoa 26, 8-9.

[6] Jesusengan agertu zan Jainkoaren onberatasuna:

- "Orain Jainko gure Salbatzailearen bihotz ona eta gizon-emakumeenganako maitasuna agertu da, eta salbatu egin gaitu, ez gure jokabide zuzenagatik, bere errukiari esker baizik" (Titori 3, 4-5).

[7] Jaungoikoaren samurtasuna gure bihotzaren bakardaderako:

- "Jainkoak maitatu eta bere herri santu izateko aukeratu zaituztenez gero, jantz zaitezte bihozberatasunez, ontasunez, apaltasunez, otzantasunez, pazientziaz" (Kolosarrei 3, 12).

- "Honela dio Jaun ahalguztidunak: epai ezazue zuzentasunez, izan on eta errukitsu" (Zakarias 7, 9).


[8] Sufritzen dutenak laguntzeko, sendotzeko eta suspertzeko:

- "Bedeinkatua Jainkoa, Jesukristo gure Jaunaren Aita, Aita errukitsu eta kontsolamendu ororen iturri den Jainkoa! Berak ematen digu adore atsekabe guztietan, guk ere besteak edozein atsekabetan adoretu ahal izan ditzagun geuk Jainkoarengandik hartzen dugun adoreaz" (2 Korintoarrei 1, 3-4).

[9] Ikus Lukas 1, 48.

[10] Ikus Joan 1, 14.

[11] Ikus Joan 14, 6.

[12] Ikus Joan 11, 25.

[13] Ikus Lukas 1, 78.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue