#
#

Hausnarketak:

# # #

Apalak izango dute lurra ondaretzat

#

# # #
#
#

APALAK IZANGO DUTE
LURRA ONDARETZAT








"Zorionekoak bihotz apalak, haiek izango baitute lurra ondaretzat." [1].

Botereak, aberastasunak edo ospeak erakartzen zaituenean [2]…; besteak baino gehiago balio duzula esaten dizun harropuzkeria azaltzen danean [3]… inoiz zauritu gabe, Kristok hau gogoratzen dizu: “Zorionekoak bihotz apalak...”.

Ez izan beldurrik. Inoiz ez da beranduegi berriro hutsetik hasteko. Jainkoaren pazientzian ez da ezer galtzen. Utzi zaitez gidatzen, utzi iezaiozu beste Norbaiti zure gizatasunaren buztina modelatzen, eta askatasun paregabea sentituko duzu.

Jarri ezazu zure konfiantza maite zaituelako gizon egin Zenarengan, eta bukaeraraino zurekin bide egitearren bere bizia eman Zuenarengan: Berarengan finkatuko da zure amaigabeko malenkonia; Berarengan sendotuko dira zure hauskortasuna eta gabeziak; Berarengan, egiazko Jainkoak, esanezin den pozez aseko zaitu, zure mugagabeko nostalgia asebetez, zure hauskortasuna onartuz, zure txirotasuna aberastuz, zure txikitasuna jainkotuz eta zure bizia betikotuz [4].

Maitasuna aintzakotzat hartzen ez den eta indarkeriaz beteta dagoen mundu honetan, zuri dagokizu, apaltasun handienarekin, Jainkoaren Erreinua egi bihurtzea [5]. Zuri dagokizu, armarik gabeko eta desarmatutako apaltasunaren indar guztiarekin, lurraren ikuspegia aldatzea eta gizakiaren bihotza zaharberritzea.

Ez zaitez jarri suminaren eta pazientzia ezaren menpe;… zure eguneroko pentsamenduak, itzak, ekintzak edo keinuak ez ditzatela inor gutxietsi edo gaizki hartu. Bilatu ezazu beti nola egi-bihurtu zure bizian pazientzia eraginkorra, eta berak ereingo du zure bihotzean soseguaren, malgutasunaren, egokitzeko, elkar ulertzeko eta barkatzeko ahalmenaren, eta baita ere samurtasunerako gaitasunaren hazia. Apaltasunak Jainkoaren eta gizon-emakumeen zerbitzurako eskuragarri jarri dezala zure bizia… eta lasaitasuna, oparotasuna, bakea eta bizitza izango da zure oparia…

Zu ez zera zure bizitzaren jabea; baina zaren guztia eta daukazun oro Jainkoarengandik jaso duzula aitortzeko gai baldin bazara [6], bihotz apalak gidatzen, babesten eta libratzen dituen Jainkoa onartzeko ere gai izango zara [7]. Eta hau da Berak zuretzat duen ondoriotasuna: “Bere lurraren” bakea; gizakiekin elkarbanatzen duen lurra; heriotzik ezagutzen ez duen lurra; gaiztakeriari herritartasunezko eskubiderik ematen ez dion lurra; irakaren ereileak inoiz landu ez duen lurra; atsedenaren iturriak durundi egiten duen lurra; Ur Biziak isuri eta zeharkatzen duen lurra [8].

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] Mateo 5, 5.

[2] Boterea, aberastasuna edo ospea:

- "Ez pilatu mundu honetan ondasunik … Izan ere, zure aberastasuna non, zure bihotza han." (Mateo 6, 19. 21).

- "Ez da morroirik bi nagusi zerbitza ditzakeenik... Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan." (Lukas 16, 13).


[3] "Ene seme, maite itzazu zure herritarrak; harrokeriagatik ez uste izan zeure herriko seme-alabak baino handiago zarenik." (Tobit 4, 13).

[4] "Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan." (Joan 3, 16).

[5] "Dakizuenez, herrietako buruzagiek menpean hartzen dute herria eta handikiek bere agintea ezartzen diete. Ez bedi izan horrela zuen artean; zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari; eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi." (Mateo 20, 25-27).

[6] “Zer daukazu hartu ez duzunik? Eta daukazuna hartua baldin baduzu, zergatik harrotzen zara hartua ez bazenu bezala?” (I Korintoarrei 4, 7).

[7] “Toki garai eta sakratuan bizi naiz, baina hurbil nago atsekabeturik eta lur jota daudenengandik, lur joak arnasberritzeko eta atsekabetuei adorea bizkortzeko.” (Isaias 57, 15).

[8] “Egarri dena betor, eta har beza doan, nahi badu, biziaren ura.” (Apokalipsia 22, 17).

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue