#
#

Hausnarketak:

# # #

Jainko bilatzailea

#

# # #
#
#

JAINKO BILATZAILEA






Zoriontsua izan nahi duzu? [1] Zu zorion-bilatzaile sutsua eta inoiz asetuko ez den horietako bat zara? Eta zorion-bilaketa suhar horretan zein da besteek daukaten zeregina? Eta lekurik ba ahal dago “Ni naizena naiz” [2] aldarrikatzearekin harritzen gaituen Guztiz Beste Norbait horrentzako?

Zure bihotzean gordeta dauden galdera sakonentzako erantzunak bilatzeko borroka egiten duten horietako bat al zara zu? Ala bilatzeaz nekatu eta etsipenez eta desilusioz markaturik bizi diren horietako bat? [3].

Egun batzuetan esango genuke bizitza ez dela itxaronaldi mingarri bat baino gehiago, aldi bakoitzeko gau ilunago bat. Zurztasun amaigabe bat dirudi dagoela gure barrenean, azaldu ezin daitekeen urrunaldi batengatik min agorrezin bat, Jainkoaren absentziak soilik, giza bihotzean eta munduaren historian sor dezakeen bakardadearen eta utzikeriaren sentsazio bat… eta “heriotzara bota digutela” [4] oihukatzeko tentazioa sentitzen dugu. Bizitza inora daraman bidaia luzea dirudi orduan, eta ematen du dena heriotzaren isiltasunarekin bukatzen dela [5].

Baina bizitza benetan maite baduzu eta luzaroan mantentzen den poza bilatzen baduzu, ez zara etsiko zoriona, edukitzearekin, boterearekin, plazerrarekin edo norberekoikeria pertsonal edo taldekoarekin soilik lotzen duten proposamenekin.

Ez dezazula inoiz ahaztu, zure bizitza hauskortasunarekin markatuta dago [6]: jaioberriaren hauskortasuna, haurraren edo zaharraren hauskortasuna, gaixoaren, behartsuaren, hustutakoaren, baztertutakoaren, emigratzailearen, kartzelatuaren hauskortasuna… Ala eta guztiz ere, ahultasuna, mina eta heriotza misterio bat izaten jarraitzen dute. Baina, bizi izatea egokitu zaigun kultura postmoderno honek, ez dakienez erronka hauei erantzun egokirik ematen, kontsumoak duen zirrararen, plazerraren, dibertsioaren eta ahaztearen azpian ezkutatzen saiatzen da.

Ez zaitez erori etsipenaren eta zinismoaren tentazioan. Zabaldu zure bihotzeko ateak benetako itxaropenari [7], bizipozari, zain egon, desiratu eta prestatu daitekeen etorkizunari [8]. Gogoratu ezazu zure iragana esker onarekin, bizi ezazu orainaldia pasioarekin, eta ireki zaitez etorkizunera konfiantza guztiarekin.

Ausartu zaitez daukazun itxaropena, zure zorionaren nahia eta etorkizuna fida diezaiokezun Haren eskuetan jartzen; zuretzat bide berriak zabalduz zure bizitza bizi izatea merezi dezala eragin dezakeen Hura. Izan ezazu beti egia bilatuz borroka egiteko kemena… eta paregabeko maitasunez maitatua, etengabe bilatua eta ikusi ezin daitekeen Haren besoetan eramana sentituko zara [9], Bera bai da, beti, zuregana hurbildu, harrera egin, ulertu, babestu eta etengabe laguntzen dizuna.

Zure bizitzako bideetan zurekin topo egiteko, Jainkoak, abiaraztea eta bidera irtetzea erabaki duen bezala… ausartu zaitez erromes bezala bizitzen [10], Erreinuaren eskale bat bezala, zure bizitza, fedeak dakarren iluntasunaren eta ikusmenaren egarriaren artean, denbora estuaren eta bizitza amaigabearen artean, erbestearen negarraren eta zeruaren irrikaren artean, bideko nekearen eta atsedenaren itxaropenaren artean mugitzen dela jakinez.

Jesusek iragartzen duen Jainkoa, Abenduko Jainkoa da [11], gizakiarentzat denbora duen Jainkoa, bidea ireki eta itxaronaldia pizten duen Jainkoa, ezagutaraziz estali, komunikatuz ezkutatu, hitz eginez isildu egiten den Jainkoa [12].

Gogoratu zaitez: Jauna ezagutu izanak ez dizu salbuetsiko bere aurpegiaren argia bilatzen jarraitzea, aitzitik, itxaronaldiaren egarria piztuko du zugan… behin eta berriro, “jada” eta “oraindik ez”-aren [13] artean harrapatuta dagoen betiko erromes bat bezala ikusiko zara, iluntasunean distira egin zuen argiagatik indarberrituta bizi dena [14], zure etengabeko bilaketak jarraitzen duen bitartean eta zure ezpainetan zure nahi sakonenak durundatzen duelarik: “Zure aurpegiaren bila nator, bai, Jauna. Ez gorde niri zeure aurpegia!” [15].

Utzi iezaiozu otoitzari zu beldurretik askatzen eta Jainkoak zure eskuetan jarri duen jendearekin zintzo izateko behar duzun adorea emango dizu. Doktrinak azaldu egiten dira, baina pertsonek elkar aurkitzen dira; teoriak eztabaidatu egiten dira, baina pertsonek elkar ezagutzen dute eta aukeratu egiten dira.

Otoitz eginez, ikasi ezazu egonarriarekin bizi izaten, zure denboran beti izango ez den Jainkoaren denbora itxaroteko, eta zure bideetan beti izango ez diren Jainkoaren bideak jarraitzeko [16]. Iritsiko alda Hitzak besteen alde konpromisoa hartzera eramaten zaituen eguna! Iritsiko alda besteengan Jesusen ahotsak dioena aitortzeko unea!: “Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten” [17].

Eta, egunero, Berpiztuak Jainkoaren Hitza azaltzen jarraitzen dizula eta biziaren-ogia zurekin partekatzeko zure mahaian eseritzen jarraitzen dela ohartzen bazara, Jainkoaren maiteminduaren otoitza ipiniko duzu zure espainetan [18]: “Jauna, nire Jainkoa, irakatsi nire bihotzari non eta nola bilatu Zuri, non eta nola aurkitu Zuri… Jaun gorena, zer egingo ote du zure erbesteratu honek zugandik hain urrun?… Irakatsi egidazu Zu bilatzera eta agertu zaitez bilatzen zaituenari; ezin naizelako joan Zure bila Zuk erakusten ez badidazu, eta ezin dizut aurkitu Zu ez bazara agertzen. Desiratuz bilatuko zaitut, bilatuz desiratuko zaitut, maitatuz aurkituko zaitut eta Zu aurkituz maiteko zaitut” [19].

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] Zoriontsu izateko:

- “Jaun ahalguztiduna, zorionekoa zuregan konfiantza duena!” (Salmoa 84, 13).
- “Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun duena, bere Jainko Jauna itxaropen duena!” (Salmoa 146, 5).
- “Irakaspenari jaramon egiten dionak izango du arrakastarik. Zorionekoa Jaunarengan usteona duena!” (Esaera Zaharrak 16, 20).


[2] Irteera 3, 14.

[3] Ez utzi lekurik tristurari:

“Ez utzi zeure arima tristuraren menpe, ez atsekabetu zeure burua gogoetekin. Bihotzeko pozak bizia ematen dio gizakiari, eta alaitasunak bizitza luzatzen. Gozarazi zeure burua, poztu bihotzondoa, uxatu urrutira tristura; asko galdu baititu tristurak eta ez du ezer onik ekartzen” (Ben Sirak 30, 21-23).


[4] MARTIN HEIDEGGER, “Ser y tiempo”.

[5] Min- eta larritasun-uneetan, amorruaren eta etsipenaren garaian, bizitza ekaitzak asaldatutako itsaso batean bihurtzen denean, etorkizun ilun eta irteerarik gabeko amildegi amaigabean erori garela esango genuke. Eta nahiz eta zuk ihes egin nahi izan, noranahi joanda ere, mina ez da bukatzen:

“Salba nazazu, ene Jainko: leporaino ditut urak. Istinga sakonean murgiltzen ari naiz, eta oinak non tinkaturik ez. Ur handietan nago sartua, eta korronteak narama. Akitua nago deiadarka, errea daukat eztarria, lausoturik begiak, ene Jainkoaren zain eta zain” (Salmoa 69, 2-4).


[6] “Gizakiaren egunak belarraren pareko: zelaiko lorea bezala loratzen da eta, haizeak jo orduko, bertan behera galtzen, zegoen tokian aztarnarik utzi gabe” (Salmoa 103, 15-16).

[7] Itxaropen bat:

- “Behin-betiko galduko du heriotza! Jainko Jaunak guztien begietako malkoak xukatuko ditu” (Isaias 25, 8).
- “Itxaropen-iturri den Jainkoak alaitasunez eta bakez bete dezala zuen fedea, eta Izpiritu Santuak eman diezazuela bere indarraz itxaropena gainezka” (Erromatarrei 15, 13).


[8] “Bete ezazue mezua, eta ez entzun bakarrik… Askatasuna ematen duen lege bikaina hausnartu eta horri tinko eusten diona –ez erraz ahazten duen entzule bezala, benetako betetzaile bezala baizik-, hori zoriontsu izango da legea betez” (Santiago 1, 22. 25).

[9] “Ez izan beldur, zeurekin bainauzu; ez larritu, zure Jainkoa bainaiz. Neure laguntzaz ahaltsu egiten zaitut, neure esku garaileaz eusten dizut” (Isaias 41, 10).

[10] “Zure aurrean arrotz eta etorkin besterik ez gara, gure arbasoak izan ziren bezala” (1 Kronikak 29, 15).

[11] Iristen den eta salbatzen gaituen Jainkoa:

- “Eutsi gogor, ez beldurtu! Horra gure Jainkoa! Berbera dator gu salbatzera” (Isaias 35, 4).
- “‘Hara, birjinak haurdun gertatu eta semea izango du, eta Emmanuel jarriko dio izena’ (Emmanuel izenak Jainkoa-gurekin esan nahi du)” (Mateo 1, 23).


[12] “Jainko ezkutua eta ikusezina zara zu, benetan, Jainko misteriotsua, Israelen Jainkoa, gure Salbatzailea” (Isaias 45, 15).

[13] “Jada” baina “oraindik ez”:

- “Joanek esaten zuen: Bihotz-berri zaitezte, hurbil bait da zeruetako erreinua” (Mateo 3, 2).
- “Jesusek erantzun zien: Jainkoaren erreinua ez da nabarmen etorriko. Ezin esango da: ‘Hona hemen’ edo ‘Hara han’; zeren Jainkoaren erreinua zuen artean baitago jadanik” (Lukas 17, 20-21).


[14] “Ilunbetan zegoen herriak argi handi bat ikusi zuen; herio-itzaleko lurrean zeudenei argi bat agertu zitzaien” (Mateo 4, 16).

[15] Salmoa 27, 8-9.

[16] “Nire egitasmoak ez dira zuenak bezalakoak, ezta nire jokabidea ere zuena bezalakoa” (Isaias 55, 8).

[17] Mateo 25, 40.

[18] Lukas 24, 13-35.

[19] Anselmo Deuna Canterburykoa, XI. mendeko teologo eta filosofoa, bere Proslogion lanean.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue