#
#

Hausnarketak:

# # #

Jainkoa samurtasuna da

#

# # #
#
#

JAINKOA SAMURTASUNA DA






Zabalik daukazun zauriaren oroipena burutik urrundu ezin duzunean, zure malkoak, ezin lokarturik zenbatu ezin diren gauaz, eta izotz zuriz jantzitako egunsenti amaigabeaz hitz egiten dutenean… irribarrea zure ezpainetan ozta-ozta marraztera ausartzen denean… zure begiek, zaurien oroipenengatik atsekabetuta, dagozkien adiskidetze, samurtasun eta maitasun zatia arrenka eta oihuka eskatzen dutenean… bizitza lehertzeko zorian dagoela iruditzen zaizunean eta larritasunak bere iluntasunarekin dena estaliko duela susmatzen duzunean, zu bakarrik, galduta eta utzita moduan geratuz… zure bizitzaren erabateko maisua izan nahi duzunean eta beste inor baino gehiago balio duzula pentsatzera eramaten dizun harrotasuna zugan agertzen denean… laguntzarik behar ez duzunaren tentazioa eta Jainkoa eta zure anai-arrebak ahazteko bihozkada sentitzen duzunean… Non aurkitu ulertu, harrera eman eta lagunduko digun begirada? Non jarri etorkizunerako itxaropena berpiztuko duen ilusioa? Nola jarraitu itxaroten itzalak ere sumatzen ez direnean?

Zatoz, Eguberria da! Hurbildu zaitez, anaia/arreba! Ez izan beldurrik! Sartu zaitez doako isiltasunaren denboran, oinuts zaitez lur sakratua zapaltzen bai duzu, eta liluratuko zaitu samurtasuna den Jainkoak [1].

Historiaren hasieratik, Moisesi Paregabea bezala agertu zitzaion Jainkoak, Israel lehenik eta behin maite eta askatasunera deitu zuenak, giza sufrimenduaren aurrean bere samurtasuna adierazten du: «Ongi ikusia dut nire herriaren atsekabea… entzun dut haren oihua… ohartu naiz haren oinazeaz. Hura askatzeko jaitsiko naiz» [2].

Gure Jainkoa, bere seme-alabak osotasunean bizitzera eta gizatasunean haztera deitzen jarraitzen duen aita bezala da. Baztertua edo era bidegabean eta errukigabean erabilia sentitzen zaren horri, gure Jainkoak «Kanpora!» esaten dizu, eta iluntasunez inguratuta bizi zaranari «Irten argitara!» [3]… gose eta egarri zaren horri, haize suharraren eta bero itogarriaren eraginez edozein basamortutan sufritzen duzun horri, «Gupidaz hartuko zaitut eta gidatuko, iturburu freskoetara eramango» [4] esaten dizu Jaunak… Jainkoaren errukia, heriotzetik bizitzara eramango dizun maitasun eraginkor eta sortzailea da, «Jaunak bere herria kontsolatu du bere samurtasuna agertuz, atsekabean errukia izan dio» [5]. Nahiz eta zure bizitzan egunak egon non Jainkoak ez dizula entzuten, ahaztu egin zaituela edo alde batera utzi dizula uste izan, Jaunak hau esaten dizu: «Ahaztu ote dezake amak bere haurtxoa edo bere sabeleko umeari errukia ukatu? Ba, amak haurra ahaztu balu ere, nik ez zaitut ahaztuko. Neure esku barruan daukat grabatua zure izena» [6].

Seme galduaren edo aita errukitsuaren parabolan agertzen den seme gazteenarekin inoiz parekatu zara? [7]. Semerik gazteena aitaren etxean bizi zen; maitatua zen, eta, hala ere, librea izatea, bere bidea egitea nahi zuen… eta urrutira joan zen… Zu, «urrutiko herrialde baten», premia pasatzen duen seme hau izan zintezke; zure berezko bihotzetik urrun, jaso duzun bizitza xahutzen duzu; zure ametsei adore emanda, diruan jartzen duzu zure itxaropena, berekoi eta eskergabe bilakatuz… «ondasun guztiak jan zituen»behea jo zuenean, premia gorriaren erdian zegoenean, etxeko oroimina sentitu zuen… Eta aitak bere semea ahaztu ahal zuen? Ez, aitak ez zuen inoiz bere semearengan pentsatzeari utzi; egonarriarekin, eguna joan eguna etorri bere seme izaten jarraitzen zuen hari itxaroten zion«oraindik urruti zegoela, ikusi zuen» bezain laster -hots, zu zauden tokian ikusiz eta zu zaren bezalakoa zarala aitortuz- harengana korrika joan zen, samurtasunez besarkatu eta gaitzespen-hitz bakarrik gabe «musuz bete zuen». Semeari emandako besarkada honetan dago aitaren zirrara guztia eta eutsiezinezko poztasuna: azkenik, galduta zegoen semea etxera itzuli baita!

Utzi zaitez besarkatzen Jainkoaren samurtasunaz, eta hitzeman ezazu zure bidean zaurituta aurkitzen dituzun guztiekin partekatuko duzula: zabaldu begiak zure anai-arreben aurpegietan islatzen den larritasuna ikusteko; ireki zure belarriak atsekabetuen aldarria entzuteko; zabaldu zure besoak axolagabetasunaren hesia apurtzeko, eta munduari, norberekoikeria, gorrotoa, bortizkeria eta heriotzaren gainetik, maitasunaren ahultasuna ardatz bezala hartzen duen gizartea eraikitzeko beharra erakusten dioten irribarreak, ferekak eta besarkadak eskaintzeko.

Samurtasuna ez da ahultasuna, eta ezinezko balioa da buru hutsa eta harrizko bihotza dutenentzat; lasaitasuna, barruko bakea eta heldutasun emozionala behar dituzu daukazun gauzarik hoberenak beste batzuei eskaini ahal izateko, eta hori ez da inoiz posible izango zugandik ihes egiten ari zaren bitartean. Samurtasuna, hitzak aukeratzen jakitea da, eta itzalak zeharkatzen dituen begiradarekin begiratzen ikastea. Samurtasuna, beldurrak itzaltzen eta zalantzak menderatzen dituen hurbiltasuna da, ez bait dago ezer besarkada bat baino boteretsuagoa. Samurtasuna, ezer itxaron gabe ematen duzunean nabaritzen duzun poztasun paregabeko iturria da. Samurtasuna, zaharrei bizitasuna ematen duena da, umeak lasaitzen eta lokarrarazten duena, gizakiak armagabetzen duena.

Bilatu ezazu egunero tarte bat eta utzi zaitez Jainkoaren errukiagatik besarkatzen [8], Hari ezer esan gabe, zuri ezer esan gabe, ezer egin gabe… bere samurtasunak zure bizitza guztia blaitu arte, barreak zure ezpainetan kanta dezan, irribarreak zure aurpegian dantza dezan eta zure izaki osoak berotasuna heda dezan, txikien poztasuna beti kutsakorra izaten delako. Neurrigabeko dohaina da egoten jakitea eta harrera ematea, poztasunaren kontsolamendua eskainiz.

Beti daukazu aukera zure uste sakonekin zintzo izanez bizi izateko edo, haiei uko eginez, boterearen, diruaren eta epe motzeko etekinen munduan murgilduta bizitzea nahiago duten haien nahietara tolesteko. Ezer ez dutenen borrokarekin bat egiten duzun heinean, begiztatu ezazu maitatzera gonbidatzen zaituen Hark eskaintzen dizun askatasuna; harritu zaitez partekatzearen basabideetatik, apaltasunaren bidezidorretatik, egiaren bideetatik, anaitasunaren jaira eramaten zaituztela ikusterakoan.

Zure aurrean harresi gehiegi tentetzen diren orduak ere egongo dira, eta lur jota, betilun, ilusiorik gabe edo hutseko hobietan, zalantzan eta mingostasunean hondatuta egongo zara… Gogoratu ezazu, tristura heriotza bezalako zerbait da eta bakardadea hil-etxe bat bezalakoa; ezazu bizitzagatik dolu iraunkorrik arrastaka eraman, ezta ebaki bizitzari lotzen zaituen begiztak. Ez beldur izan, beti geratzen dira itxaropenak, baita gaueko iluntasunak dena estaltzen duenean ere: saiatu ezinezkoa dena; bilatu ezazu inoiz itzaltzen ez den argia, bilatu «Ni naiz bizia» [9] esaten dizunari, eta izan ezazu pazientzia dena bere orduan iritsiko baita.

Baina bizitzak bere lilura galdu duela uste baduzu, utopia guztiez mesfidatzen bazara eta amesteari ere uko egiten badiozu… atzo jada atzean geratu delako, gaurko egunak ez duelako bere osotasuna aurkitzen, eta biharamunak ez dirudielako inoiz garaiz iristen denik… dena betetzen duen haren presentziarekin soilik baretzen den pazientzia gutxiko itxaronaldian bizi bazara… gogoratu ezazu, ezer ez inork ez daki bakardadeaz gehiago zalantzaren basamortuan barrentzen den hark baino… Egin apustu bizitzera eragiten dizunaren alde, begiratu aurrez aurre bizitzari, ez iezaiozu inoiz uko egin gauzak beste era batera egiteari edo beste modu batera bizitzeari dagozkien ametsei.

Denbora aurrera doan heinean, ezin duzula gehiago egin, ez duzula ezertarako balio edo indarrek uzten zaituztela sentitzen baduzu… tristurak eta bihozminak harrapatzen badizute, edo bakardadeak eta mingostasunak dena urpetzen badute… ohartu zaitez ferekek eta samurtasunez betetako besarkadek xuxurlatzen dutenaz: “Zuk pentsatzen duzuna baino askoz gehiago balio duzu; garrantzitsua zara niretzat; maite zaitut eta zurekin partekatzea nahi dut nire bizitzako bidea”… eta gogoratu hitz hauek zuretzat ere esan zirela: «Ez izan beldur, zeurekin bainauzu; ez larritu, zure Jainkoa bainaiz. Nik laguntzen zaitut, nik indartzen, nik eusten dizut» [10].

Samurtasuna, beste norbaitekin topo egitera joateko norberarengandik irtetea da. Horregatik, irten zure lurretik eta aberritik, irten zure ohituretatik eta erosotasunetik, zure aterpe lasaitik eta segurtasunetatik… Ez zaitez lotu zure irizpideetara ezta zure ikuspuntuetara… Irten zugandik eta Berarekin topatuko zara, irten zugandik eta zugan aurkituko duzu.

Ezazu aukeratu biderik errazena ezta ere erosoena. Igo zaitez haztera eragiten dizun eta transzendentziarantz gidatzen zaituen bidetik; igo zaitez gorantz Misteriora hurbiltzeko, Jainkoaren samurtasunarekin zure bihotza biltzen uzteko, isiltasunean hitz egiten dizun Haren hitzak entzuteko, bizia ematen duten hitz horiekin Berak zugan dena argitzen baitu: «ikusi ditut zure malkoak eta sendatu egingo zaitut» [11].

Baina, gero, jaitsi menditik ezin delako beti gailurrean egon, ezin da ezkutatu poztasuna eta inor ezin da zoriontsua izan bera bakarrik. Egunez egun, borroka ezazu uste sendoak helarazteko, benetako balioak irakasteko, idealekin jendea berotzeko, itxaronaldirako arrazoiak emateko, gauza txikien balioa aurkitzen laguntzeko, eta bizitzaren misterioari bihotzak irekitzeko.

Hiri handietan eta herri txikienetan, leku guztietan topatzen ditugu sufritzen duten gizon-emakumeak, eta, era berean, argi eta samurtasun pixka bat itxaroten dutenak. Jaitsi, bada, txiroenen eskubideak babestera… jaitsi sufritzen daudenen ondora… jaitsi eroritakoak altxatzeko, zaurituta daudenak sendatzeko, malkoak lehortzeko, kontsolamendua bilatzen duten guztiengana zure eskua luzatzeko… Jaitsi eta ez dezazula inoiz ahaztu dena ahal duela sinisten duenak [12], dena ahal duela maite duenak.

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] Jainkoak maite gaitu:

- hautsezina den samurtasunarekin: “Mendiak beren lekutik aldenduko eta muinoak kolokatuko balira ere, nire maitasuna ez da zuregandik aldenduko, zure zorionaren aldeko nire konpromezua ez da kolokatuko. Hala diot nik, samurtasun neurrigabearekin zutaz maiteminduta dagoen Jaunak” (Isaias 54, 10).

- aitaren maitasunaren modukoa den samurtasunarekin: “Hain seme kuttuna da Efrain niretzat, hain ume atsegingarria! Hainbeste zeresan eman didan arren, ezin dut inola ere burutik kendu; dardaraz dago nire barrua, harenganako errukiz gainezka” (Jeremias 31, 20).

- barkamena den samurtasunarekin: “Zuei barkatzeko begira, errukia agertzeko prest dago Jauna, Jainko zuzena baita. Zoriontsuak harengan itxaron dutenak!” (Isaias 30, 18).

- errukia den samurtasunarekin: “Errukiorra eta bihozbera da Jauna, haserregaitza eta onginahi handikoa. Ona da Jauna guztientzat, gupidaz betea bere sorkari guztientzat” (Salmoa 145, 8-9).


[2] Irteera 3, 7-8.

[3] Isaias 49, 9.

[4] Isaias 49, 10.

[5] Isaias 49, 13.

[6] Isaias 49, 15-16.

[7] Lukas 15, 11-32.

[8] “Itzul zaitezte Jaunarengana zeuen Jainkoarengana, bihozbera eta errukiorra baita, haserregaitza, onginahiz betea eta barkatzeko beti prest dagoena” (Joel 2, 13). “Zure zorionak eta leialtasunak inguratuko naute bizitzako egun guztietan; Jaunaren etxean biziko naiz amaigabeko egunetan” (Salmoa 23, 6).

[9] Joan 14, 6.

[10] Isaias 41, 10.

[11] 2 Erregeak 20, 5.

[12] Cfr. Markos 9, 23.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue