#
#

Hausnarketak:

# # #

Gabonak: Aitaren maitetasunaren distira

#

# # #
#
#

AITAREN MAITASUNAREN DISTIRA






"Ez beldurtu! Begira, berri on bat dakarkizuet, herri guztiaren pozerako izango den poz handi bat: Salbatzaile bat jaio zaizue gaur Dabiden herrian: Mesias Jauna. Eta hau izango duzue ezaugarria: haur bat aurkituko duzue oihaletan bildua eta askan etzana." (Lukas 2, 10-12).

Zuretzat: Jainkoarengan sinesten duzula esaten duzun horrentzat…; sufritzen dutenen aurpegietan eta txiroenen bizitzetan Berpiztua antzematen duzula esaten duzun horrentzat…; gure munduko kontraesan eta tira-bira guztien gainetik lur honetan egia, justizia, bakea eta askatasuna egi bihurtzeko beharko dituzun kemena, irudimena eta indarrak Espirituak emango dizkizula sinesten duzun horrentzat…; ezertan eta inorengan sinesten ez duzun horrentzat…; dena eta denek mesfidagarriak direla pentsatzen duzun horrentzat…; etorkizunak ekarriko duenarekin arduratu gabe, hemen eta orain itxaropentsu izaten saiatzen zaren horrentzat…

Zuretzat: lurretik bidegabekeria ezabatzearren etengabeko borroka baten bizia eskaintzen duzun horrentzat…; eta mugagabeko maitasunarekin bizia eman zizunari madarikatzen duzun horrentzat…

Zuretzat: errudun edo errugabe izanik, erbesteratua, atzerriratua, kontzentrazio-esparru batean giltzapetua edo burdin sareen artean espetxeratua egon arren, oraindik askatasunarekin amesten duzun horrentzat…; eta okerbideratuta dagoen mota guztietako boterearen kontra edo biziatutako eta galbideratutako sistema guztien aurka jaikitzen zaren horrentzat…

Zuretzat: zeurekoikeriak begiak itsutu eta arazo ekonomikorik gabe itxurakerian, gezurretan, bekaizkerian, boterearen irrikan oinarritutako bizitza arduragabe batean itxita bizi zaren horrentzat…; eta arrantzalea, kale-garbitzailea, nekazaria, igeltseroa edo arotza izanik, neurrigabeko maitasun batek betiere antzaldatzen duen izaki bat besterik ez zarela konturatzen zaren horrentzat…

Zuretzat: ezintasuna, hauskortasuna eta gizakiaren porrota etengabeko esperientzia bat izanik, larrituta bizi zaren horrentzat…; eta estatuko edo alderdiko interesengatik zapalduta bizi direnak, zuzengabekeriengatik kateatuta daudenak, gorroto eta miseriaz inguraturik bizitzeagatik gizatasuna galdu dutenak askatzeko borroka egitera gonbidatzen dizun Jainkoak, gizon eta emakumeen historiaren muinean dagoela onartzera gonbidatuta zaudela dakizun horrentzat…

Zuretzat: Kristo ezagutzen eta maitatzen duzula esaten duzun horrentzat…; eta jakin gabe, Bere ondoan bizi zaren horrentzat…

Zuretzat: Jainkoari apaltasunez hitz egiten eta xumetasunez “etor bedi zure Erreinua” eskatzen diozun nekaezin erromesa, bidegabekeriaren kateak apurtu, axolagabekeriaren sokak askatu eta zapalduta dagoenari itxaropena eramango dion berri onaren eramailea zaren horrentzat…

Zuretzat: “Ez izan beldurrik, gose dagoenarekin ogia, egarria daukanarekin ura, erromesarekin etxea eta biluzik dagoen anaiarekin jantzia elkarbanatzeko (cfr. Mt 25, 35-40) zure bihotzeko ateak zabaltzen dituzun bakoitzean, ni zurekin nago” Jainkoak xuxurlatzen dizun horrentzat…

Zuretzat, gaur Eguberri eguna da. Gaur, Jainkoak bisita egiten dio zure herriari. Gaur, Jainkoa zuen artean dago. Gaur guztiontzako bake eta alaitasun iturria den haur bat jaio zaizue

Bai, Jainkoa filosofoentzat eta jakintsuentzat, eroentzat eta pertsona bitxientzat dator… beste era bateko bizimodua bilatzen duten gizon-emakume zintzoentzat dator… eta lapurrentzat, suizidentzat, hiltzera zigortuentzat, hiltzaileentzat ere badator…

Jainkoa maite dutenentzako eta gutxietsi egiten diotenentzako dator… kontuan hartzen ez diotenentzako eta bere izena inoiz entzun ez duten arren inkontzienteki bilatzen diotenentzat dator…

Sufrimenduak gizakia zirikatzen duen tokietan egotera gonbidatzen zaitu Jainkoak,… gizarteak atzamarrez seinalatu eta mespretxuz alboratzen dituenekin atsekabeak eta bizipoza elkarbanatzera deitzen dizu Jainkoak,… minaren menpe daudenekin, gizaki aske bezala ibili ezin direnekin, bizi, borroka egin eta hiltzeko baliozko arrazoi bat topatu ez dutenez, kaskarkeria eta axolagabetasunaren artean dabiltzanekin zure hurbiltasuna erakustera dei egiten dizu Jainkoak…

Baina, Jainkoak, ez ilusiorik ezta ere itxaropenik ez dagoen tokietan ere behar zaitu… bakardadea soilik nabaritzen den tokietan… gizakia ardura gabeko itsukeriengatik bere baitan sartzen den uneetan… neurri bezala bakarrik dohaintasuna erabili daitekeen guneetan…

Izan zaitez ausarta… Arriskatu ezazu zure bizia dena edo ezerezera… Bizi zaitez gizaki apalen ondoan, makurraraziak, zapalduak, esetsiak eta ahaztuak diren guztien ondoan: beraiek zabalduko dizute alaitasunaren ateak… eta zu izango zara, gizon eta emakumeen artean, Aitaren maitasunaren distira bat.

Mikel Pereira

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue