#
#

Hausnarketak:

# # #

Mendekoste: Berriro jaiotzea nahi dut

#

# # #
#
#

BERRIZ JAIOTZEA NAHI DUT






Jesus Berpiztuaren Espiritua, geure pobretasunetik esaten dizugu: etorri zaitez; geure ahultasunetik esaten dizugu: etorri zaitez; geure fedetik esaten dizugu: etorri zaitez; geure desio sakonenetatik esaten dizugu: etorri zaitez. Maitasunez esaten dizugu: etorri zaitez.

Aita-Ama, bidali zeure Espiritua: aldien hasieran nahaste-borrasteen gainetik zebilen Espiritua [1]; kreazioaren sorreratik dena biziz betetzen duen eta unibertsoa indarrez lehertzen duen Espiritua; basamortutik zehar zure herria agindutako lurrera bideratzen zuena; antzinako garaietan profeten bidez hitz egin zuena, gaur ere hitz egiten jarraitzen duena, eta haizeak eramaten dituen hitzak baino hitz ozenagoa duena; bihotz gogorrak aldatzeko gai dena [2]; isiltasunaren eta ahazmenaren haranean sakabanaturik dauden hezurrei bizia eman ahal diena [3]; zeure Semearen Espiritua.

Jauna, bidali zeure Espiritua eta ireki iezazkiezu gure bihotzak gizon-emakumeen sufrimenduari, eta gurutze, heriotza, odol edo garrasi bihurtutako zotinari eta minari. Atera ezazu gure begietatik harrokeriaren estalkia eta ikus dezagula bizitza hau guztia dela, dena batean: dohaina, norbera ematea, oparia, entzutea, errukia, gorespena, zerbitzua, borroka eta otoitza. Zure Espiritua, Jauna, isuri dadila gure gainera eta Hark bideratu, igurtzi eta zureak egin gaitzala.

Eman iezaguzu gai ez denaren, txiroaren, apalaren zentzua; gutxiaren, ezerezaren, ahultasunaren zentzua; zorionaren, pozaren eta jaiaren zentzua. Emaguzu anaia-arrebei laguntzeko gauza den bihotz apala. Emaguzu zure errukia nabaritu dezakeen eta gure norberekeriaren hesia hautsi dezakeen bihotza.

Isur ezazu gure eskuetara zeure Espiritua, bidal ezazu sua gure bihotzetara. Bota zure arnasa sinesten dutenengan, ezbaian daudenengan, maite dutenengan, bakarrik daudenengan, zuzentasunaren alde jokatzen dutenengan, bakearen alde borrokatzen dutenengan, etorkizuna eraikitzen dutenengan.

Iritsi da ordua: Berri Ona iragartzeko, munduan maitasunaren lekuko izateko, elkartea eraikitzeko, ondasunak elkar banatzeko, mahaia denei eskaintzeko eta anaia-arrebei atea zabaltzeko.

Espirituaren eguna da, elkartearen eta egiaren ordua, askatasunaren helduera, Espirituz eta Egiaz gurtzen dutenen tokia [4], berriz jaio nahi dutenen aldia [5].

Denerako ahalmena ematen duen Espirituaren aldia da. Orain, Erreinua martxan jarri da, eta Jauna dugu gure indarra. Orain, fededunok esan dezakegu: Bakea eta poza iragartzera bidali nau. Hemen eta orain, zure lekuko izan nahi dugu, Jauna.

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] “Lurra nahas-mahas hutsa zen: leize handiaren gain ilunpea. Jainkoaren arnasa uren gainean zebilen.” (Hasiera 1, 2).

[2] “Bihotz berria emango dizuet eta izpiritu berria ezarriko: harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango. Neure izpiritua ezarriko dut zuengan … nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko.” (Ezekiel 36, 26-28).

[3] (Cfr. Ezekiel 37, 1-14).

[4] “Badator ordua -hobeto esan, heldu da-, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Izpirituak eraginda adoratuko dutena; horrela adora dezaten nahi du Aitak. Jainkoa Izpiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Izpirituak eraginda adoratu behar dute.” (Joan 4, 23-24).

[5]
- (Cfr. Joan 3, 3-8).
- “Kristorena dena sorkari berri da; zaharrenak egin du, berria sortu da.” (2 Korintoarrei 5, 17).
- “… Berriro jaio zarete… bizia den eta betiko dirauen Jainkoaren hitzetik.” (1 Pedro 1, 23).
- “Ez zarete, ez arrotz, ez atzerritar, Jainkoaren herriko kide baizik eta Jainkoaren familiako.” (Efesoarrei 2, 19).

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue