#
#

Hausnarketak:

# # #

Bakegileak

#

# # #
#
#

BAKEGILEAK






“Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko” [1].


Garai guztietako gizon eta emakumeak, historian zehar eta mundu zabalean “bake” eskean ibili dabiltza. Eta zure sakontasunetik ere, aldarri bat bezala, bakean bizitzeko grina sortzen da.

Ala ere, onartuko ahal duzu honako hau?: beldurrarengatik, zapalketengatik, mehatxuengatik eta zatiketengatik zarrasta eginda dagoen gizarte batean bizi zarela… [2]; dela zure barrenean, dela zure inguruan daudenen bihotzetan, norberaren edo taldearen interesak gizakien eta herrien arteko gorrotoa zabaltzen dute etenik gabe…; eta gudak, zure bihotzera iristea nahi duten isiltasunaren oihuak, gardenak ez diren hormak eraikiz galarazten ditu [3].

Indarkeria dago gure herrietako kaleetan, eta bortizkeria gizon-emakumeen bihotzetan. Bortxakeria dago lapurretetan, bahiketetan eta atentatuetan; baina baita ere bidegabeko kaleratzeetan, neurrigabeko aberastasun pilaketan edo, milaka pertsona gosez hiltzen diren bitartean, elikagaiak suntsitzeko, merkatua aitzaki bezala hartzen danean. Biolentzia da hilketa, eta biolentzia baita ere hura zigortzen duen heriotz-zigorra. Indarkeria da guda, eta indarkeria baita ere “ezarritako ordenaren lasaitasuna” bermatzen duen bakea, bakarrik gudarik ez egotea ziurtatu beharrean, bakeak osotasunera garamatza [4].

Bakea… barreneko bakea bakarrik izango ahal da? Berehalako bake bat, behar bada? Gizakien artean bultzatu behar den hitzarmen sozial bat soilik izango ote da? Berarekin amets egin baina mundu honetan inoiz lortuko ez dugun utopia huts bateri buruz hizketan gabiltza? [5]

Bakea, guztien ezpainetan dagoen hitz bat da; baina zuzentasuna nabarmentzen den tokietan bakarrik loratzen da bakea [6]. Eta, batzuetan, bakea lortzeko borroka, bizi osoa irauten duen bide luze bat da.

Hasi zaitez zugandik: ausartu zaitez zure kontraesanei etengabe aurre egiten; begira zure iragan eta orainari, baina ez dezala tristurak gainezka egin, eta ez utzi ausikiei zure burua atsekabetzen; ikasi ezazu zure hutsegiteak barkatzen, zeure buruarekin gogorregia baldin bazara, norentzat izango zara ona?

Baina ez zaitez zure baitan itxi, irten ezazu zuregandik, hurbildu zaitez besteengana. Bakearekiko maitasunak urrun eramango dizu, oso urrutira, behar bada zuk nahiko zenukeen baino urrunago, eta hau izango da zure saria: “Jainkoaren seme” deitua izatea.

Hau da zure halabeharrezko zeregina: Bizitzaren Jainkoak eskaintzen dizun oparia onartu eta gure lur maite honetan bakea erein dezakeen zuzentasunaren alde borrokatzea [7]. Baina zuzentasunaren aldeko gose eta egarriak, maitasun borrokalariaren sua zugan piztu dutenak, ez dezatela zure izaera maitasunik gabe borrokatzen duen gizaki baten bihurtu.

Nahi ahal duzu, hemen eta orain, Jesusen zorionbideetara apaltasunez hurbiltzea, gizakien lurrean bakea egi bihurtuko duten keinu zehatzetan gauzatzeko?

Gero eta zuzenagoa den mundu baten alde eta egunero egiazkoagoa den bake baten alde borroka egiteko prest zaudela hitz ematen ahal duzu? Ba gogora ezazu: bakea, Jainkoaren dohaina izanik, gizon-emakumeen askatasun hauskorrarekin ados egonez handitzen da [8].

Ausartuko zara askatasunera gidatzen digun egiaren alde zure ahotsa altxatzera? Prest zaude gizakien justizia gainetik kendu ezinik ibili beharraren arriskua onartu eta bakea ekartzen digun zuzentasunaren alde borrokatzeko?

Nondik aterako dituzu biolentzia guztiei uko egiteko eta, egunez egun, “Maitasunaren Zibilizazioa” egi bihurtzeko beharko dituzun indarrak [9]?

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] Mateo 5, 9.

[2] “Bakearen zain geunden, baina ez dugu onik. Osasunaldia espero genuen, baina beldur-ikara dugu gainean” (Jeremias 14, 19).

[3] “Nire herriaren zauria azaletik sendatu nahi dute. «Bakea! Bakea!» diote, baina ez dago bakerik” (Jeremias 6, 14).

[4] “Justiziak bakea ekarriko du, patxada eta konfiantza betiko” (Isaias 32, 17).

[5] Bakea ez da bakarrik bizitza lasai bat ahalbideratzen duen itun bat, ezta ere soilik “bakerako garaia” “gudarako garaia” bukatzen denean (cfr. Kohelet 3, 8). Bakea, izadiarekin, bere buruarekin eta Jaungoikoarekin harmonian bizi den gizakiaren egoera bat da.

[6] Bakea justiziaren emaitza da, txiroen ongizate eta zoriona gauzatzen duena, zuzena den pertsona asebetetzen duena: erein dezagun txiroen eta zapalduen artean osasuna, askatasuna eta justizia (cfr. Lukas 4, 16-21).

[7] “Bakegileek bakean ereiten dute eta fruitutzat zuzentasuna biltzen” (Santiago 3, 18).

[8] Gudarik ez egotea ez da berme nahikoa bakean bizitzeko; gizakiak ongizatearekin gozatzeko aukera duenean ongizate hori bakearen berme bihurtzen da: justizia egiterakoan; lur, etxe, lan, janari eta osasunerako eskubideak ahalbideratzen direnean; norberaren eta elkartearen segurtasuna ziurtatzen direnean (Cfr. Lebitarrena 26, 3-13).

[9]
- “Maitasunaren Zibilizazioa balio unibertsalak diren bakea, elkartasuna, justizia eta askatasunean oinarritzen da” (Juan Pablo II., Eskutitz Apostolikoa: Tertio Millenio Adveniente, 52).
- “Gure esku dago Maitasunaren Zibilizazioa garaile bihurtzea, edo gizabanakoaren, utilitarismoaren, kontrako onuren, sistemaren mailan jartzen diren norberekerien zibilizazioa… babestu” (Juan Pablo II., Angelus, 1994ko otsailaren 13a).
- “Zer da Maitasunaren Zibilizazioa?: buru-belarri aritzea eta besteenganako zerbitzuan bizitzea; irizpide iradokizalea eta denboran gauzatzen dena izatea; zuzentasunaren arauak, bizikidetza, politikagintza, lan- eta gizarte harremanak, atzerri bakoitzaren egitasmoak, kulturak, izateko moduak, sentsibilitate berriak… Maitasunaren Zibilizazioak berak duen balore-eskala gero eta hobeago adierazi dezaten borroka egitea” (CATE, 148. orrialdea).

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue