#
#

Hausnarketak:

# # #

Jarri ezazu sutan lurra

#

# # #
#
#

JARRI EZAZU SUTAN LURRA




Gizateria Nazareteko Jesusen bizia, bere irakatsiak, eta maitasunari, sinesmenari, Jaungoikoaren errukiari eta lagun hurkoarenganako konpromisoari buruzko bere predikazioa gehiago ezagutu beharrean aurkitzen da gaur ere.

Maite zaituen eta itxaroten duzun Jaungoikoa, gure erdian…, gure bizitzaren erdigunean…, munduaren muinean…, “itsasoan barrena” gizartearen erraietan…, gizateriaren bizitza eta etorkizuna jokoan dagoen tokian egotea nahi duen Jainkoa da. Harrera on bat ematea nahi badiozu: “gaurko eguna” betetasun osoan bizitzea…, “denboraren ezaugarriak” bereiztea… eta zuzentasunezko bideak zeharkatzea eskatuko dizu…; itxaron iezaiozu zure ateak zabal-zabalik ipiniaz, gauza guztiak atsekaberik gabeko begiekin begiratuaz eta samurtasunez beteriko bihotzarekin maitatuaz…; hitz-eman ezazu orainean ahal duzun buru-argitasun handienarekin; bizi zaitez beti jarrera positibo batekin; eta lan egizu zuzenagoa eta anaikorragoa den gizarte bat lortzeko.

Hurbildu zaitez, bere lanpostuetan ala edozein kale edo plazetan noraezean dabiltzan gizon-emakumeei… urreratu zaitez betirako bizia duten hitzen egarriz dauden pertsonei… elkarbanatu ezazu beraiekin zurea ez den eta horregatik isildu ezin duzun Mezua.

Zuk badakizu kristau itxaropena ez dela baikortasun merke bat bilatzea, ezta ere kontsolamendu inozo bat topatzea, Jaungoikoarengan funtsezko konfiantza ipiniaz bizitzari aurre egiteko tankera bat baizik; giza itxaropen guztiak itzali egiten direla dirudienean, sinestunak “munduko lanetan eta sufrimenduetan, gozamenetan eta alaitasunetan, helburuetan eta borroketan Jaungoikoa etorri datorrela jakin badaki”. Gizarte honek erdiguneetatik urrutira joatea nahi duten zu bezalako gizon eta emakumeak behar ditu, galduta dabiltzanen bidera irten eta maitasuna, justizia, askapena eta bakea hurbil dauden errealitateak direla adierazteko.

Zure hitzak zure biziaren testigantza baldin badira, hau da Beste norbaiten bizitzaren testigantza, inguratzen zaituztenen konfiantza indartu egingo da. Baina ez ahaztu, zure bizi guztian zehar, Kristori esaten diozun “Bai” hori egunero berretsi beharko diozula; nahiko erreza da “Ez” esatea; aldiz, zein nekez egiten zaigun “Bai” esatea!; “Ezetz” behin esaten baduzu nahiko da; “Baietza” goizero esan beharko duzu; ez da inoiz betirako “Bai” esaten.

Behin eta berriz , apaltasun osoz, bekataria zarela onartu beharko duzu. Bakarrik horrela etor daiteke Kristo zure eguneroko bizitzan bere laguntasuna eskaintzera. Berak ez dizu inoiz behartzen; Berak bakarrik gauza bat espero du zugandik: zure aurpegia bira egin eta “hemen nauzu…” [1], “...gerta bekit zuk esan bezala” [2].

Bera zure ondoan dago zuk ez ikusiarena egiten diozunean ere. Hona hemen zure biziaren zentzua: zuregan eta besteengan Kristoren eguneroko presentziaz jabetzea, eta etengabe Berari jarraitzera egiten dizun gonbidapena onartzea.

Zure atzaparrean seme galduaren eraztuna, hau da jaietako eraztuna [3] ipintzen dizuna nor den ohartzen zarenean… gauaren erdian “jarraitu niri...” [4] “… eta giza arrantzale egingo zaitut” [5] nork xuxurlatzen dizun konturatzen zarenean… orduan hasten zera benetako bizia bizitzen. Eta egun baten, Berarengatik eta gizon-emakumeengatik, dena utzi eta Berari jarraitzeko gai zarela konturatzen zara.

Berak ez ditu aukeratzen jakintsuenak, azkarrenak edo indartsuenak direnak, edota hobeto hitz egiten dutenak, ezta begikoak direla ematen dutenak ere… [6]; Berak “bihotzez txiroak” direnen laguntza bilatzen du beti.

Kontuan izan: gizakiaren alde, hau da makurtuen, zapalduen, ahulen eta alde batera utziak izan direnen alde borrokatzen baldin baduzu, Jaungoiko berarekin borrokatzen duzu bere Erreinuaren alde. Zabaldu egizuz zure aukerak, deuseztatu itzazuz oztopo guztiak, ireki zure begiak eta konturatu zaitez munduan, biziaren alde borrokatzen, Erreinua ereintzen eta besteak laguntzen dituzten talde eta pertsona ugari daudela; ohartu zaitez profetak, lekukoak, jarraitzaileak, lagunak, anai-arrebak… edonon daudela… eta asko dira paperik ez dituztenak, batzuk atzerritarrak dira, eta beste batzuk ez dute zure fede berbera… Uko egiozu harrokeriari eta handiusteari, eta zabaldu ateak dohaintasunari.

Ezazu ahaztu: Jesus bake sakon baten mezularia dela, eta bake honen ondorio nabarmenenak justizian eta babesgabeen eskubideak errespetatzean nabaritzen direla; Berak ematen duen bakea maitasunaren fruitua da, pertsonen arteko zatiketaren eta tratu txarren zergatiak ezabatzen dituen elkarte baten emaitza. Zure sakoneko egiaren aurrean ipini eta errotik aldatzera gonbidatzen zaituelako, Jesusek aldarrikatzen duen mezuak, bere baitan, sua darama: Jainkoaren Erreinua gizarte honekin lotuta dago, zapalkuntzaz eta zuzengabekeriaz osatutako bere egiturekin, aberastasun eta gabeziekin, bake eta gudekin, gose eta erosotasunarekin, bizia eta heriotzekin.

Egunen batean Berarekin topo egiten baduzu, ez duzu ezeren ezta inoren beldurrik izango: ez duzu bahitua izango zarelaren edo hil egingo dizuten beldurrik izango, eta ez zera bizkartzainekin kalera irtengo. Egunen batean Berarekin topo egiten baduzu “daukazun guztia saldu eta harribitxia erosten baduzu…” [7], “dena utzirik berari jarraitzen badiozu” [8], zure jomuga topatu duzula esateko moduan izango zara. Eta behartsuei eta zapalduei emango diezun laguntzan antzemango duzu zure bide aproposa.

Hitz eman ezazu, beti eta neurririk gabe, maitasunaren alde: gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde; ahularen, txikien eta kontuan hartzen ez direnen eskubideen alde; txiroen eta baztertuen, normalean interesatzen ez zaigunen, gure bidean gurutzatu nahi ez dugunen, “emankorrak” ez direnen, politikarako eta ekonomiarentzako balio ez dutenen alde…

Xamurtasunez maite dizun Hark ez dizu eskatzen bakarrik papur batzuek, zure bizitza osoa baizik. Berak hiru gauza eskatzen dizu bakarrik: naiz eta gutxi izan, Ebanjeliotik ulertu duzuna zure bizira eraman dezazula; Bere bizia gizakien artean aldarrikatu dezazula; eta “lurrean sua piztu dezazula” [9].

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] Irteera 3, 4.

[2] Lukas 1, 38.

[3] Cfr. Lukas 15, 22.

[4] Mateo 9, 9.

[5] Lukas 5, 10.

[6] Cfr. 1 Korintoarrei 1, 26-28.

[7] Mateo 13, 46.

[8] Lukas 5, 11.

[9]
- “Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko biztua balego!” (Lucas 12, 49).

- Jesus hil eta biztu zenetik mundua sutan mantentzen duen suagatik bizi gara: Jesusek hitz egiten zuen bitartean Emauseko erromeslarien bihotzetan zegoen sua. Berez, horrela diote Origenesek Jesusen ahoan ipintzen dituen hitzak: “Nigandik hurbil dagoena sutik gertu dago; nigandik urrun dagoena Erreinutik urruti dago”.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue