#
#

Hausnarketak:

# # #

Justizia eraikitzailea

#

# # #
#
#

JUSTIZIA ERAIKITZAILEA






“Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko” [1].


Toki guztietan topa ditzakegu beraien etorkizuna itxita dagoela ikusten duten gizon-emakumeak, beraien historiaren pisuagatik suntsituta bizi direnak: batzuk langabezian daude, beste batzuk pobrezia latzean, eta badira premia gorria ezagutzen dutenak ere... beste batzuk alkoholaren edo eta drogen kiribilean harrapatuta bizi dira... eta gehientsuenak hutsik dagoen beraien bizitzetatik ihes egiten dute arrakasta izatearen eroaldi baten sartuaz edo egun bakoitzean diru gehiago irabazteko borrokan eroriaz, horretarako ordaindu behar duten prezioari jaramonik egin gabe, eta beraien inguruan dituzten pertsonen zoriari axolarik eman gabe.

Gizon eta emakume horien artean ba ahal dago inor boterearen, ondasunak pilatzearen edo ospearen gosez eta egarriz ez dagoena? Baina zenbat izan dira gogobete direnak?

Era berean, han-hemenka, mundu guztian zehar itxaropenez markatutako gizon-emakumeak topatzen ditugu, justizia beraien bihotzean nola garatzen den sentitzen dutenak.

Zeren gose dira? Zer nahi dute beren egarria asetzeko? Izaki berriarekin janztearen gosea daukate; Sortu zituenaren irudira egokitu nahiaren egarria daukate [2]. Ezin dira pozik gelditu Jesusen antzeko egiten ez badira, Bera bai da ikusezina den Jainkoaren irudia, justizia eta bakearen ispilua.

Eta zuk, izan ahal duzu inoiz benetako goserik? Gauza guztiekin “asebeteta” dagoen gizarte honetan, izan ahal duzu inoiz egarririk? Zerk asetzen dizu benetan? Izan zaitez zintzoa: zer da bilatzea eta lortu nahi duzuna: zure zoriona ala Jainkoaren justizia?

Zintzotasuna, zentzutasuna, zuhurtzia, zuzentasuna eta justizia bilatzen badituzu, hona hemen zure gose eta egarriaren arrazoia: zuretzat Jainkoak nahi duena, horixe izatea. Baina ahalegindu zaitez bereizketa hau egiten: zerua ala Jainkoa bilatu, infernutik ala bekatutik ihes egin; edozein hipokritak nahi du zerua eta beldur dio infernuari, baina soilik zintzoa den gizakiak dauka justiziaren irrika.

Gizatiarragoa den mundu batean bizitzeko asmoa duzulako, gizon-emakumeen bidegabekeriei aurre egin behar diezunean ez zaitez mugatu “Jauna! Jauna!” [3] esatera.

Zu zeure begiekin, Hirugarren Munduko hainbat hirien kanpoaldean eta herrixketan bizi den gosea eta premia gorria ikusteko aukera izango bazenu, errukiak hitz gabe utziko zizun [4].

Ezin zera axolagabe bizi, ezin duzu itsuaren edo jakinezaren itxurak egin, ezin zera “bidetik okertu” [5] gose, bizilekurik gabe, zainketa medikurik gabe, eta batez ere, etorkizun hobeago baten itxaropenik gabe bizi den neurrigabeko jendetzari ez ikusia egiteko. Zure ahotsak salatu ditzala era guztietako zuzengabekeriak eta pertsona ororen duintasunari errespetua galtzen dioten entitate, erakunde edo gizakiak [6].

Baina ez zaitez konformatu injustiziak salatzearekin. Nahiz kontraesan, atzerapen eta atzerako pauso ugarirekin topatu, zu historiaren zentsuaren testigu izatera deituta zaude… Hauxe da zuri eskatzen zaizuna: justizia eraikitzailea eta bakearen artisaua izatea, tirabira kontraesankor guztien erdian ere.

Topatu ezazu bide bat muga guztiak apurtu eta gizon-emakumeengandik hurbilago egoteko; borroka ezazu zure bizia galtzeraino gizakia inoiz ere onura alderdikoiengatik zapaldua izan ez dadin; eman ezazu zure hitza, kateatzen dituen bidegabekerietatik, gizatasuna kentzen dien gorrototik eta inguratzen dien premia gorritik askatzeko prest zaudela [7]… eta topatuko duzu, ez zure gaitasun sortzaileak lokartzen duen ametsa, baizik eta lur-azalean injustizia izpi bat dagoen bitartean gelditzea galarazten dizun poza.

Gauza guztien gainetik gizakiari begirunea erakusten dion gizarte bat eraikitzeko borroka egiten baduzu, Bizitzaren Jainkoarekin topaketa bat adierazten duen gunea otoitza dela konturatuko zera. Hainbat injustizia dagoen arren, bere Erreinua eraikitzeko Jainkoak lanean jarraitzen du mundu honetan, eta zu itxaropenaren gizon-emakumea izatera deituta zaude mundu berberean.

Zuri zeregin handi bat eman dizute: egian, justizian eta bakean oinarritzen den “Maitasunaren zibilizazio” berria eraikitzea. Eta mundu justuago bat eraikitzea, beste gauza batzuen artean, honako ahaleginak egitea da: ongi elikatuta edo gutxieneko heziketa bat gabe dauden haurrik egon ez dadin; nekazaririk lan egiteko lur zatirik gabe egon ez dadin; beste atzerri batekoak edo beste sinesmen bat izatearren gaizki ordaindutako langilerik egon ez dadin edo beraien eskubideak gutxietsiak izan ez daitezen; beste gizakien edo estatuen eskutik gizon-emakumeen esplotaziorako aukera ematen duten sistemarik egon ez dadin; ez dadila egon larregi duenik, beste batzuek, inolako arrazoirik gabe, gauza guztien beharrean daudenean.

Ebanjelioaren “eromena” sinestarazteko izan zaitez legamia bezala munduaren bihotzean. Eta gizon-emakumeen sufrimenduak garrasi egiten badu zure bihotzean… gizakiaren beldurrak hitzik ezin esan duenaren hitzak zure ezpainetan ipintzen baditu… zu eta mundu guztian zehar sakabanatuta dauden hainbat jende, gizon-emakume berriaren alde borroka egiten duzuenok, neurri gabe eta buru-belarri aritzearen fruitua den sinfonia unibertsala abesten hasi zaitezte.

Egunez egun, joan zaitezte, erein zuzentasuna eta maitasuna jasoko duzue [8].

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] (Mateo 5, 6).

[2] "Defendatu gizagaixo eta umezurtzak! Egin justizia dohakabe eta behartsuei! Askatu gizagaixo eta behartsuak, libratu gaizkileen eskutik!" (Salmoa 82,3-4).

[3] "Ez da Zeruetako Erreinuan sartuko niri “Jauna, Jauna” esaten didan guztia, zeruko nire Aitaren nahia egiten duena baizik" (Mateo 7, 21).

[4] “Erruki dut jende hau… jaterik ez dute” (Markos 8, 2).

[5] (Cf. Lukas 10, 31).

[6] “Ireki ahoa zuzentasunez epaitzeko, dohakabe eta behartsuen eskubideak babesteko” (Esaera zaharrak 31, 9).

[7] “Joka ezazue zuzenbidez eta justiziaz, askatu zapaldua zapaltzailearen eskutik, ez eman tratu txarrik etorkin, umezurtz eta alargunei, ez egin indarkeriarik, ez hil errugaberik” (Jeremias 22, 3).

[8] “Erein zuzentasuna, eta maitasuna jasoko duzue” (Oseas 10, 12).

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue