#
#

Hausnarketak:

# # #

Jainkoak gizakiaren bihotza arriskatzen du

#

# # #
#
#

JAINKOAK GIZAKIAREN BIHOTZA ARRISKATZEN DU



Munduaren sorreratik, gizon-emakumeen bihotzak egunsentiak argitzen dituenetik, Jaungoikoa gizaki bakoitzarengana hurbiltzen da eta, eskale arrunt bat izango balitz bezala, atearen atalasean gelditzen da [1]. Muga gabeko gau honetan, Jaungoikoak gizakiaren bihotza arriskatzen du.

Jaungoikoak ez du bilatzen une egokiena zugana hurbiltzeko. Bera, une oro dabil deika zure atean eta etengabe xuxurlatzen dizu: “Gaur zure etxean gelditu behar dut” [2]. Ez, ez zara zu Beraren zain zegoena, Bera da zure bila dabilena; ez zara zu Beraren irrikan zegoena, nekatu gabe Bera da zugana hurbiltzen dena.

Hona hemen Jaungoikoaren maitasunaren sekretua: Bera, lagun bat bezala iristen da, zure ondoan gelditu eta zure bihotzera hitz egiteko behar duen denbora hartzen du [3]; zure bide egin luzean laguntzen dizu, baita zuk kontuan hartzen ez diozunean ere; zure mahaian esertzen da eta afaria elkarbanatzen du zurekin, baita zuk ahazten diozunean ere; eta Berak itxaron egiten du. Bai, Jaunak badaki itxaroten, eta urak harria pitzatuz bere bidea egiten duen bezala, Jaungoikoaren maitasuna gure bihotzaren muineraino sartzen da.

Zabaldu zure begiak eta ikusi ezazu: hona hemen, Jaungoikoa zuregana dator:

* Berak zure desio hoberenak lantzen dituzten zure arimako oihanetan itxaroten dizu, naiz eta oihan horiek zure bidegabekerien eguzki sutsuak kiskali.

* Bera da zure onberatasuneko uharren erdian dagoena, baita zure zeurekoikeriaren izotzak izozten dituenean ere.

* Bera zutik mantentzen da mugagabeko bakardadez estalitako zure soroetan, beti bezala zure malkoen ihintzaz bustiriko soroak.

* Naiz eta zuk aurka egin, Bera da zure bihotzeko basamortuak ernamuintzen dituenak, Bere errukiaren euriak blai egiten baitituzte maitasunaren egarri dauden zure lur lehorrak.

Baina ez izan beldurrik; Bera, neurrigabeko errespetuz, zuregana hurbiltzen da zure bihotza suntsitzen duen pisua eramaten laguntzeko asmoz [4]; zure pauso ahulak bakearen bidetik gidatzera [5] eta zure bizia gorespenezko kantu baten bihurtzera dator Bera.

Utziko ahal diozu Jaungoikoari zure izaera moldatzen? Onartuko ahal duzu bere maitasunez gidatua zarela? Berak zuregan jartzen duen konfiantzarik gabe, zuri Berak Berarengan jartzeko eskatzen dizun konfiantzarik gabe, nola jarraituko zenuen aurrera? Emaiozu zure konfiantza eta zoriontsu izango zara [6]; Berak egiaren bidezidorra erakutsiko dizu eta zuk bizitzara daraman bidean aurrera egin ahal izango duzu [7] zure ahultasunak kontuan hartu gabe, Berak obsesio larrietatik konfiantza lasaira eramango bai dizu [8].

Gaueko ilunaldiak nahasten badizu: utzi zaitez argiztatzen! Zure bihotzaren isiltasunean, hitzak ere mututzen diren gune horretan, Bere presentzia apalarekin betikotasunaren isilaldia betetzen duen Jaungoikoarekin aurrez aurre topatuko zara. Zure bakardade eta porrota baino haratago ez ahal duzu ikusten Bere argi distiratsuak zugan dirdira egiten duela jada? [9]

Noizbait zure barru hondoko gune sakonenean Jainkoaren aurrean soilik asebete daitekeen egarri hori sentitzen baduzu, ausartu zaitez, alaitasunez, iturrietara joaten:

* Entzun bizitzarako Berak dituen hitzak, zure gelako bakardadean, bide eginez ibiltzen zoazenean, beste bi edo hirurekin zaudenean, edo elkartean batzartzen zarenean, eta betikotasunaren baretasuna topatuko duzu.

* Hitz egiozu apaltasunez, zabaldu egiozu zure bihotza, eta ikusiko duzu nola mina eta etsipena bera ere kantu eta opari bihurtzen diren [10].

Arriskuan ipiniko ahal zenuke zure bizia maitatzeagatik? Jainkoak duen erruki neurrigabearen misterioari aurre eginez, izango zinateke biziaren lekuko? Beraz, ez inoiz ahaztu Beraren deiari erantzutea, harriekin egindako etxeak atzean utzita Kristorenganako eta zure anai-arrebak diren gizon-emakumeenganako maitasuna igortzen duen bihotz batetan bizitzea dela [11]; eta Jainkoak zuk daukazun zuzentasunezko gosea eta egarria asebeteko duela gainezka egiten duen betetasunarekin itxarotea. Eta zure sakonunetik ur-biziko ibaiak sortuko dira [12] .

Ez zaitez gelditu, eskuak gurutzatuta, zerura begira. Nora eramango dizun jakin gabe, Berari jarraitzearen arriskua hartzea… garai guztietako Apostolu eta Martirien ostean bide egitea… gizon eta emakumeen bizitzaren bihotzera Kristoren argia eramaten duen zerbitzari xumea izatera deitua izan zarela onartzea da, Jainkoaren mezularia beraien nahigabe eta poz guztien erdian.

Ez izan beldurrik amaieraraino joateko; egunsentiaren argia inoiz itzaltzen ez den bide honetan aurrera egiteak, ez dezala zure bihotza ikaratu… eta Bere bakearen eta adiskidetzearen harritutako lekukoa izatera helduko zara.

Bilatu ezazu iluntasunean distira egiten duen argia, itxaron ezazu pazientziaz egunsentiaren argiak gaueko itzalak argitu arte, eta bizipozak eztanda egin dezala goizeko izarra zure bihotzean sortzen denean.

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] "Hara, atean Nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea ireki, harenean sartuko naiz, eta elkarrekin afalduko dugu" (Apokalipsia 3, 20).

[2] (Lukas 19, 5).

[3] "Nik neuk liluratuko dut, basamortura eraman, eta bihotzera mintzatuko natzaio" (Oseas 2, 16).

[4] "Honela mintzo zaizu Jauna, sortu eta eratu zaituena. ‘Ez izan beldur, askatu egin baitzaitut eta zeure izenez deitu; nirea zara zu... Neu bainaiz Jauna, zure Jainkoa... zure salbatzailea... preziatua baitzara niretzat: biziki estimatzen eta maite zaitudalako... Ez izan beldur, zurekin bainago." (Isaias 43, 1-5).

[5] (Lukas 1, 79).

[6] "Irakaspenari jaramon egiten dionak izango du arrakastarik. Zorionekoa Jaunarengan usteona duena!" (Esaera Zaharrak 16, 20).

[7] “Bizirako bidea erakutsiko didazu; alaitasun betea zure aurrean, betiko zoriona zure ondoan” (Salmoa 16, 11).

[8]
- “Izan konfiantza Jaunarengan eta egin on dena, zeure herrialdean bizi eta bertako aberastasunaz gozatzeko. Izan bedi Jauna zure atsegina, eta berak emango dizu bihotzak eskatzen dizuna” (Salmoa 37, 3-4).

- “Bedeinkatua konfiantza niregan duena, Jaunak ez baitu inolaz ere konfiantza hori zapuztuko” (Jeremias 17, 7).

[9] “Jaiki, egizu distira, badator-eta zure argia; Jaunaren aintza zure gain ageri da! Ikus, ilunbetan dago lurra, gau beltzean herriak; zure gain, ordea, Jauna ageri da, haren aintza zure gain nabari” (Isaias 60, 1-2).

[10] “Malkoetan erein zutenek pozetan dute biltzen” (Salmoa 126, 5).
“Jauna dut indar eta babes, berari diot abesten, bera gertatu baita nire salbamen” (Salmoa 118, 14).

[11] “Bihotz berria emango dizuet eta izpiritu berria ezarriko zuengan; harrizko bihotzak kenduko dizuet eta haragizkoa emango” (Ezekiel 11, 19).

[12] “Nik emango diodan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko zaio barruan” (Joan 4, 14).

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue