#
#

Hausnarketak:

# # #

Abendualdia: Begiespenerako gaua

#

# # #
#
#

BEGIESPENERAKO - GAUA






Zuk, gizon-emakumeen parkamena eta Jainkoaren errukia bilatzen dozun horrek... Zuk, justizia eta bakea irrikaz bilatzen dozun horrek, gizakiei berezko jaken duintasuna itzultzeko asmotan... Zuk, zure edozein egunetako ordu ilunenetan eta modu desesperagarriekin, argia bilatzen dozun horrek... Zuk, zapalketa eta indarkeria guztien aurrean dan-danok izaki libreak izeteko eskubidea daukagula aldarrikatzen dozun horrek... Zuk, gizakien arteko adiskidetze-egarriz, Jainkoagazko komuninoa egiazko errealidadea izan daiten, zure bizitzaren azken unera arte gizon-emakumeak maitetzeko modu eraginkorren bat bilatzen dozun horrek... Ba al dakizu?: garrantzitsuena Kristori harrera emotea da, zure bizitza osoko gune bakotxean zugan jaioten dan haur horri ateak zabaltzea.

Gabonila. Estutasunez beteriko itxaronaldia, negu luzea udabarriaren aurretik, misterioz beteriko egunak, begiespenerako gaua. Gai izango al zara goizero beraren zain egoteko? Gai izango al zara beragaz behingoz adiskidetuta egongo dan Eleizan bizitzera daraman bidexka aurkitzeko?

Gabonila. Norbait dago ate joka gure bihotzean: atzerritar bat, ezezagun bat, “Jainkoaren Seme!” deituriko erromes bat (Lk 1, 35), gizon eta emakume guztien anaia! Bere ezpanetan ez dago garrasirik, soilik Jainko Aita-Amaren maitetasuna eta gizon-emakumeentzako dituen asmoak lau haizeetara zabaltzen dituen zurrumurrua: “Bakea! Bakea zuoi! Bakea urrun dagoanari! Bakea hurbil dagoanari!” (Is 57, 19); “Bakea lurrean borondate oneko gizon-emakumeei!” (Lk 2, 14).

Zuk “Emmanuel, Jainkoa gurekin” (Mt 1, 23), atsekabeko eta zorioneko uneetan egiten deuskuzu bisita, garapen teknikoaren eta gizakien premina gorriaren erdian, gehiago ezin eta etsi egiten dogunean edo eta itxaropena topeten dogunean, bakean bizi garanean edo guda batean hiltzen garenean...

Une bakoitzean zatoz gurekin topez egitera eta gauza bakar bat eskatzen deuskuzu: haur txikiak bezala izanik, mugarik eta baldintzarik barik zu maitatzea... Zu, ohartarazi gabe iristen zera beti, eta inolako inposaketarik barik musturreraino maite gozuz: itxarobiderik ez dagoanean itxaroten jakin dabenentzat gozamena, ziurbakotasunaren itsasoan galduta dagozanentzat konfiantza... eta poza gorespen bihurten da.

Zuri itxarotea festarako prestetea da: txiroen festa, arrunta eta doakoa dan otoitz baten festa, gizon-emakumeen zerbitzuan agorten dan biziaren festa. Zuri itxarotea bide egitea da: begiak zeharo zabalik izanik, iluntasunean eta ilunpean haztamuka ibiltzea zure besoaren segurutasuna gure sorbaldan nabaritu arte. Zuri itxarotea bakea bilatzen jakitea da, batasunaren zeinu izeteko; eta parkatzen jakitea, zure errukiaren baitan bizi al izeteko. Zuri itxarotea isiltasunean eta bakartadean bilatzea da, lorez beteriko soloetan eta lehortutako basamortuetan bilatzea, eta gure artean ez dagoan presentzia baten freskura topetea, zure berbaz beteriko isiltasunaren hauskortasuna aurkitzea.

Zugaz bizitzea gizakiaren alde apustu egitea da; gizakiaz ahazten baldin bazara, Jainkoa ahaztuko zenduke. Nola antzemango zenion bestela? Berba emongo al dozu zure bizi guztian zehar burruka egingo dozula Bere arpegia antzemateko, nola nahi dituen gauza guztiak esku artean izanik, ezer gitxi adierazoten dabenen arpegietan, halan naz ezer galtzeko bildurrik ez dabenen arpegi lasaietan? Berba emongo al dozu bakezaleen naz indarkeriaren bidea aukeratzen dabenen arpegietan Bere antza antzematen saiatuko zarela?

Beragaz bide egitea denporari denpora emotea bezala da: hartu ezazu behar dozun une-aldia zure eskuak Berearen eskuetan ipini eta bizian zehar zure gidari fidagarriena bihurtu daiten. Estalpetuko zera zure Anaiaren bihotzean haur baten konfiantzarekin? Berari jarraitzeko hona hemen bide bat: dana alde batera itxi, kurutzea hartu eta berari jarraitzea (cfr. Mk 8, 34)...; inolako neurri eta interesik barik parkatu eta maitatzea...; Zorionbideetako izpirituan bide egitea...; erromes bat izetea, zurea ez dan eta beraz gorde ezin dozun barri on baten eroalea izetea: “Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio jaku!” (Lk 2, 11); “Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei!” (Lk 2, 14).

Mikel Pereira

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue