#
#

Hausnarketak:

# # #

Jainko bilatzailea

#

# # #
#
#

JAINKO BILATZAILEA






Zoriontsua izan nahi duzu? [1] Zu zorion-bilatzaile sutsua eta inoiz asetuko ez dan horreetako bat zara? Eta zorion-bilaketa suhar horretan zein da besteek daukien zeregina? Eta lekurik ba ahal dago “Nazana naz ni” [2] aldarrikatzearekin harritzen gaituen Guztiz Beste Norbait horrentzako?

Zure bihotzean gordeta dagozan galdera sakonentzako erantzunak bilatzeko burruka egiten daben horreetako bat al zara zu? Ala bilatzeaz nekatu eta etsipenez eta desilusinoz markaurik bizi diran horreetako bat? [3].

Egun batzuetan esango genduke bizitza ez dala itxaronaldi mingarri bat baino gehiago, aldi bakotxeko gau ilunago bat. Zurztasun amaibako bat dirudi dagoala gure barrenean, azaldu ezin daiteken urrunaldi bategaitik min agorrezin bat, Jainkoaren absentziak soilik, giza bihotzean eta munduaren historian sor dezakeen bakartadearen eta itxikeriaren sentsazino bat… eta “heriotzara bota digutela” [4] oihukatzeko tentazinoa sentitzen dogu. Bizitza inora daraman bidaia luzea dirudi orduan, eta emetzen dau dana heriotzaren isiltasunagaz bukatzen dala [5].

Baina bizitza benetan maite badozu eta luzaroan mantentzen dan poza bilatzen badozu, ez zara etsiko zoriona, edukitzearekin, boterearekin, plazerrarekin edo norberekoikeria pertsonal edo taldekoarekin soilik lotzen duten proposamenekin.

Ez dezazula inoiz ahaztu, zure bizitza hauskortasunagaz markauta dago [6]: jaiobarriaren hauskortasuna, haurraren edo zaharraren hauskortasuna, gaixoaren, behartsuaren, hutsitutakoaren, baztertutakoaren, emigratzailearen, kartzelatuaren hauskortasuna… Ala eta guztiz be, ahultasuna, mina eta heriotza misterio bat izeten jarraitzen dabe. Baina, bizi izetea egokitu zaigun kultura postmoderno honek, ez dakienez erronka honeei erantzun egokirik emetzen, kontsumoak dauen zirrararen, plazeraren, dibersioaren eta ahaztearen azpian ezkuteten saiatzen da.

Ez zaitez erori etsipenaren eta zinismoaren tentazinoan. Zabaldu zure bihotzeko ateak benetako itxaropenari [7], bizipozari, zain egon, desiratu eta prestau daiteken etorkizunari [8]. Gogoratu ezazu zure iragana esker onagaz, bizi ezazu orainaldia pasioagaz, eta edegi zaitez etorkizunera konfiantza guztiagaz.

Ausartu zaitez daukazun itxaropena, zure zorionaren nahia eta etorkizuna fida diezaiokezun Haren eskuetan jarten; zuretzat bide barriak zabalduz zure bizitza bizi izetea merezi dezala eragin dezakeen Hura. Izan ezazu beti egia bilatuz burruka egiteko kemena… eta parebako maitetasunez maitetua, etenbako bilatua eta ikusi ezin daiteken Haren besoetan eroana sentituko zara [9], Bera bai da, beti, zuregana hurbildu, harrera egin, ulertu, babestu eta etenbako laguntzen deutsuna.

Zure bizitzako bideetan zugaz topez egiteko, Jainkoak, abiarazotea eta bidera irtetzea erabaki dauen bezala… ausartu zaitez erromes bezala bizitzen [10], Erreinuaren eskale bat bezala, zure bizitza, fedeak dakarren iluntasunaren eta ikusmenaren egarriaren artean, denpora estuaren eta bizitza amaibakoaren artean, erbestearen negarraren eta zeruaren irrikaren artean, bideko nekearen eta atsedenaren itxaropenaren artean mobitutzen dala jakinez.

Jesusek iragarten dauen Jainkoa, Abenduko Jainkoa da [11], gizakiarentzat denpora dauen Jainkoa, bidea edegi eta itxaronaldia piztetan dauen Jainkoa, ezagutaraziz estari, komunikatuz ezkutau, berba eginez isildu egiten dan Jainkoa [12].

Gogoratu zaitez: Jauna ezagutu izanak ez deutsu salbuetsiko bere arpegiaren argia bilatzen jarraitzea, aitzitik, itxaronaldiaren egarria pitzduko dau zugan… behin eta barriro, “jada” eta “oraindik ez”-aren [13] artean harrapauta dagoan betiko erromes bat bezala ikusiko zara, iluntasunean distira egin zeban argiagaitik indarbarrituta bizi dana [14], zure etenbako bilaketak jarraitzen dauen bitartean eta zure ezpanetan zure nahi sakonenak durundatzen dauelarik: “Bai, Jauna, zeure arpegi bila ibiliko naz, ez gorde niri zure arpegia” [15].

Utzi iezaiozu otoitzari zu beldurretik askatzen eta Jainkoak zure eskuetan jarri duen jendearekin zintzo izateko behar duzun adorea emango dizu. Doktrinak azaldu egiten dira, baina pertsonek elkar aurkitzen dira; teoriak eztabaidatu egiten dira, baina pertsonek elkar ezagutzen dute eta aukeratu egiten dira.

Otoitz eginez, ikasi ezazu egonarriagaz bizi izaten, zure denporan beti izango ez dan Jainkoaren denpora itxaroteko, eta zure bideetan beti izango ez diran Jainkoaren bideak jarraitzeko [16]. Iritsiko alda Hitzak besteen alde konpromisoa hartzera eramaten zaituen eguna! Iritsiko alda besteengan Jesusen ahotsak dioena aitortzeko unea!: “Nire anai oneitariko txikiren bati egin zeutsena, neuri egin zeusten” [17].

Eta, egunero, Berbiztuak Jainkoaren Berbea azaltzen jarraitzen deutsula eta biziaren-ogia zugaz partekatzeko zure mahaian eserten jarraitzen dala ohartzen bazara, Jainkoaren maiteminduaren otoitza ipiniko dozu zure espainetan [18]: “Jauna, nire Jainkoa, irakatsi nire bihotzari non eta nola bilatu Zuri, non eta nola aurkitu Zuri… Jaun gorena, zer egingo ete dau zure erbesteratu honek zugandik hain urrun?… Irakatsi egidazu Zu bilatzera eta agertu zaitez bilatzen zaituenari; ezin nazalako joan Zure bila Zuk erakusten ez badeustazu, eta ezin deutsut aurkitu Zu ez bazara agerten. Desiratuz bilatuko zaitut, bilatuz desiratuko zaitut, maitatuz aurkituko zaitut eta Zu aurkituz maiteko zaitut” [19].

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] Zoriontsu izateko:

- “Gudarozteen Jauna, bai zoriontsu ustea Zeugan dauan gizona!” (Salmua 84, 13).
- “Zoriontsu, Jakoben Jainkoak laguntza emoten dautsana, ustea bere Jainko Jaunagan jarten dauana!” (Salmua 146, 5).
- “Itzari adi-adi dagoanak zoriona aurkituko dau; ustea Jaunagan jarten dauana, zoriontsua izango da!” (Esakunak 16, 20).


[2] Urteera 3, 14.

[3] Ez itxi lekurik tristurari:

“Ez emon bihotzean tokirik itunaldiari, ezta zure burua bururapenez oinazetu be; bihotzeko poztasuna da gizonaren bizia; poztasunak luzatu egiten dauz gizonaren urteak; poztu egizu zure burua, artu barriro adorea, urrundu zugandik naigabea; izan be, itunaldiak lagun asko il ditu, eta naibageaz ez da ezer irabazten” (Sirak 30, 21-23).


[4] MARTIN HEIDEGGER, “Ser y tiempo”.

[5] Min- eta larritasun-uneetan, amorruaren eta etsipenaren garaian, bizitza ekatxak asaldatutako itsaso batean bihurten danean, etorkizun ilun eta irteerarik bagako amildegi amaibakoan erori garala esango genduke. Eta nahiz eta zuk iges egin nahi izan, noranahi joanda be, mina ez da bukatzen:

“Onik atara nagizu, nire Jainko horrek!, ura samaragino eldu yat-eta: Ioi sakonetan sartuta nago eta ezin dot oinik inun ezarri; uretan barru-barru sartu naz, urbiziak tatarras naroa. Deadarka etenda nago, iztarria artuta daukat; lausotu egiten yataz begiak, nire Jainkoaren zain onen luzaro egonez” (Salmua 69, 2-4).


[6] “Bedarrak lez irauten dabe gizonaren egunak, landako lorea lez loratzen dira: haizeak ari ikututxo bat egin orduko, ezereztu egiten da, egoan tokiak ez dau barriro ikusiko” (Salmua 103, 15-16).

[7] Itxaropen bat:

- “Eriotza betiko ondatuko dau, Jainko Jaunak arpegi guztietako malkoak legortuko ditu” (Isaias 25, 8).
- “Itxaropenaren Jaungoikoak bete zagiezala sinismenean poz eta bake osoaz, Espiritu Santuaren indarrez itxaropena ugari izan dagizuen” (Erromakoai 15, 13).


[8] “Jaungoikoaren itza entzun bakarrik ez, baita eginez bete be egizue… Askatasun-lege bikaina hausnartu ta haretan iraun dagiana, entzule alperra izan bagarik, eginez bete dagiana, horixe izango da zoriontsu bere arazoetan” (Santiago 1, 22. 25).

[9] “Ez izan ezeren bildurrik, zeugaz nago-ta; ez kikildu, zeure Jaungoikoa naz-ta. Neuk sendotuko zaitut, neu etorriko naz zuri laguntza ekartera, eta neure beso zuzenaz eutsiko dautsut” (Isaias 41, 10).

[10] “Erbesteko ta arrotz gara zure aurrean, gure gurasoak lez” (1 Kronikak 29, 15).

[11] Iristen dan eta salbatzen gaituen Jainkoa:

- “Gora biotzak! Ez bildurtu! Hor gure Jaungoikoa! Berbera dator; Berak salbatuko zaitue” (Isaias 35, 4).
- “‘Begira: birjina batek sabelean semea sortu ta argitara ekarriko dau, eta izena Emmanuel ezarriko dautsoe’ (Emmanuel izenak Jaungoikoa-gugaz adierazoten dau)” (Mateo 1, 23).


[12] “Jainko ezkutua zara zu, benetan, Jainko misteriotsua, Israelen Jainkoa, Salbatzailea” (Isaias 45, 15).

[13] “Jada” baina “oraindik ez”:

- “Joanek esaten zuen: Bihotz-berri zaitezte, hurbil bait da zeruetako erreinua” (Mateo 3, 2).
- “Jesusek erantzun zien: Jainkoaren erreinua ez da nabarmen etorriko. Ezin esango da: ‘Hona hemen’ edo ‘Hara han’; zeren Jainkoaren erreinua zuen artean baitago jadanik” (Lukas 17, 20-21).


[14] “Ilunbetan zegoen herriak argi handi bat ikusi zuen; herio-itzaleko lurrean zeudenei argi bat agertu zitzaien” (Mateo 4, 16).

[15] Salmua 27, 8-9.

[16] “Nire asmoak eta zuenak ez dira bardinak, ezta nire bideak eta zuenak be” (Isaias 55, 8).

[17] Mateo 25, 40.

[18] Lukas 24, 13-35.

[19] Anselmo Deuna Canterburykoa, XI. mendeko teologo eta filosofoa, bere Proslogion lanean.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue