#
#

Hausnarketak:

# # #

Gabonak: Aitaren maitetasunaren distira

#

# # #
#
#

AITAREN MAITETASUNAREN DISTIRA






"Ez bildurtu! Begira, barri on bat dakartsuet, herri guztiaren pozerako izango dan poz handi bat: Salbatzaile bat jaio jatzue gaur Dabiden herrian: Mesias Jauna. Eta hau izango dozue ezaugarria: haur bat aurkituko dozue oihaletan bildua eta askan etxuna." (Lukas 2, 10-12).

Zuretzat: Jainkoarengan sinisten dozula esaten dozun horrentzat…; sufritzen dabenen arpegietan eta txiroenen bizitzetan Berbiztua antzematen dozula esaten dozun horrentzat…; gure munduko kontraesan eta tira-bira guztien gainetik lur honetan egia, justizia, bakea eta askatasuna egia bihurteko beharko dituzun kemena, irudimena eta indarrak Espirituak emongo deutsuzala sinisten dozun horrentzat…; ezeretan eta inorengan sinisten ez dozun horrentzat…; dana eta danek deskonfiagarriak dirala pentsaten dozun horrentzat…; etorkizunak ekarriko dauenagaz arduratu gabe, hemen eta orain itxaropentsu izeten saiatzen zaran horrentzat…

Zuretzat: lurretik bidebakokeria ezabatzearren etenbako burruka baten bizia eskintzen dozun horrentzat…; eta mugabako maitetasunagaz bizia emon zizunari madarikatzen dozun horrentzat…

Zuretzat: errudun edo errubako izanik, erbesteratua, atzerriratua, kontzentrazino-esparru batean gilzpetua edo burdin sareen artean espetxeratua egon arren, oraindik askatasunagaz amesten dozun horrentzat…; eta okerbideratuta dagoan mueta guztietako poderearen kontra edo biziatutako eta galbideratutako sistema guztien aurka jagiten zaran horrentzat…

Zuretzat: zeurekoikeriak begiak itsutu eta arazo ekonomikorik barik itxurakerian, guzurretan, bekaizkerian, poderearen irrikan oinarritutako bizitza ardurabako batean itxita bizi zaran horrentzat…; eta arrantzalea, kale-garbitzailea, nekazaria, igeltserua edo arotza izanik, neurribako maitetasun batek betiere antzaldatzen dauen izaki bat besterik ez zarala konturatzen zaran horrentzat…

Zuretzat: ezintasuna, hauskortasuna eta gizakiaren porrota etenbako esperientzia bat izanik, larrituta bizi zaran horrentzat…; eta estaduko edo alderdiko interesengaitik zapalduta bizi diranak, zuzengabekeriengaitik kateatuta dagozanak, gorroto eta miseriaz inguraturik bizitzeagaitik gizatasuna galdu dabenak askatzeko burruka egitera konbidatzen deutsun Jainkoak, gizon eta emakumeen historiaren munean dagoala onartera konbidatuta zagozala dakizun horrentzat…

Zuretzat: Kristo ezagutzen eta maitetzen dozula esaten dozun horrentzat…; eta jakin bako, Bere ondoan bizi zaran horrentzat…

Zuretzat: Jainkoari apaltasunez berba egiten eta xumetasunez “etor dedila zure Erreinua” eskatzen deutsazun nekatuezineko erromesa, bidebakokeriaren kateak apurtu, axolagabekeriaren sokak askatu eta zapalduta dagoanari itxaropena eroango deutsan barri onaren eroalea zaran horrentzat…

Zuretzat: “Ez izan bildurrik, gose dagoanagaz ogia, egarria daukanagaz ura, erromesagaz etxea eta bilozik dagoan anaiagaz jantzia elkarbanatzeko (cfr. Mt 25, 35-40) zure bihotzeko ateak zabaltzen dituzun bakoitzean, ni zuregaz nago” Jainkoak xuxurlatzen deutsun horrentzat…

Zuretzat, gaur Eguberri eguna da. Gaur, Jainkoak bisita egiten deutso zure herriari. Gaur, Jainkoa zuen artean dago. Gaur guztiontzako bake eta alaitasun iturria dan haur bat jaio zaizue

Bai, Jainkoa filosofoentzat eta jakintsuentzat, eroentzat eta persona bitxientzat dator… beste era bateko bizimodua bilatzen daben gizon-emakume zintzoentzat dator… eta lapurrentzat, suizidentzat, hiltera zigortuentzat, hiltzaileentzat be badator…

Jainkoa maite dabenentzako eta gutxietsi egiten diotenentzako dator… kontuan harten ez diotenentzako eta bere izena inoiz entzun ez daben arren inkontzienteki bilatzen diotenentzat dator…

Sufrimentuak gizakia zirikatzen dauen tokietan egotera konbidatzen zaitu Jainkoak,… gizarteak atzamarrez seinalau eta desprezioz alboratzen dituenekin atsekabeak eta bizipoza elkarbanatzera deitzen deutsu Jainkoak,… minaren menpe dagozanekin, gizaki aske bezala ibili ezin diranekin, bizi, burruka egin eta hilteko baliozko errazoi bat topau ez dabenez, kaskarkeria eta ardurabakotasunaren artean dabiltzanekin zure hurbiltasuna erakustera dei egiten deutsu Jainkoak…

Baina, Jainkoak, ez ilusinorik ezeta be itxaropenik ez dagoan tokietan be behar zaitu… bakartadea soilik nabaritzen dan tokietan… gizakia ardura bagako itsukeriengaitik bere baitan sarten dan uneetan… neurri bezala bakarrik dohaintasuna erabili daiteken guneetan…

Izan zaitez ausarta… Arriskatu ezazu zure bizia dana edo ezerezera… Bizi zaitez gizaki apalen ondoan, makurraraziak, zapalduak, esetsiak eta ahaztuak diran guztien ondoan: beraiek zabalduko deutsue alaitasunaren ateak… eta zu izango zara, gizon eta emakumeen artean, Aitaren maitetasunaren distira bat.

Mikel Pereira

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue