#
#

Hausnarketak:

# # #

Bakegileak

#

# # #
#
#

BAKEGILEAK






“Zorionekoak pakegileak, hareek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko” [1].


Garai guztietako gizon eta emakumeak, historian zehar eta mundu zabalean “pake” eskean ibili dabiltza. Eta zure sakontasunetik be, aldarri bat bezala, pakean bizitzeko grina sorten da.

Ala be, onartuko al dozu honako hau?: bildurrarengaitik, zapalketengaitik, mehatxuengaitik eta zatiketengaitik zarrasta eginda dagoan gizarte batean bizi zarela… [2]; dela zure barrenean, dela zure inguruan daudenen bihotzetan, norberaren edo taldearen interesak gizakien eta herrien arteko gorrotoa zabaltzen dabe etenik gabe…; eta gerrak, zure bihotzera iristea nahi duten isiltasunaren oihuak, gardenak ez diren hormak eraikiz galarazten ditu [3].

Indarkeria dago gure herrietako kaleetan, eta bortizkeria gizon-emakumeen bihotzetan. Bortxakeria dago lapurretetan, bahiketetan eta atentatuetan; baina baita ere bidebagako kaleratzeetan, neurrigabeko aberastasun pilaketan edo, milaka persona gosez hiltzen diran bitartean, elikagaiak suntsitzeko, merkadua atxakia bezala harten danean. Biolentzia da hilketa, eta biolentzia baita be hura zigortzen dauen heriotz-zigorra. Indarkeria da gerra, eta indarkeria baita be “ezarritako ordenaren lasaitasuna” bermatzen dauen pakea, bakarrik gerrarik ez egotea ziurtatu beharrean, pakeak osotasunera garamatza [4].

Pakea… barreneko pakea bakarrik izango al da? Berehalako pake bat, behar bada? Gizakien artean bultzatu behar dan hitzarmen sozial bat soilik izango ete da? Beragaz ames egin baina mundu honetan inoiz lortuko ez dogun utopia huts bateri buruz hizketan al gabiltza? [5]

Pakea, guztien ezpanetan dagoan hitz bat da; baina zuzentasuna nabarmentzen dan tokietan bakarrik loratzen da pakea [6]. Eta, batzuetan, pakea lortzeko borroka, bizi osoa irauten duen bide luze bat da.

Hasi zaitez zugandik: ausartu zaitez zure kontraesanei etenbako aurrez-aurrea egiten; begira zure iragan eta orainari, baina ez dezala tristurak ganezka egin, eta ez itxi usigiei zure burua atsekabetzen; ikasi ezazu zure hutsegiteak parkatzen, zeure buruagaz gogorregia baldin bazara, norentzat izango zara ona?

Baina ez zaitez zure baitan itxi, urten ezazu zuregandik, hurbildu zaitez besteengana. Pakeagazko maitasunak urrun eroango deutsu, oso urrun, behar bada zuk nahiko zeunkean baino urrunago, eta hau izango da zure saria: “Jainkoaren seme” deitua izetea.

Hau da zure halanbeharrezko zeregina: Bizitzaren Jainkoak eskeintzen deutsun oparia onartu eta gure lur maite honetan pakea erein dezakeen zuzentasunaren alde burrukatzea [7]. Baina zuzentasunaren aldeko gose eta egarriak, maitasun burrukalariaren sua zugan piztu dutenak, ez dezatela zure izaera maitasunik gabe burrukatzen duen gizaki baten bihurtu.

Nahi al dozu, hemen eta orain, Jesusen zorionbideetara apaltasunez hurbiltzea, gizakien lurrean pakea egi bihurtuko daben keinu zehatzetan gauzatzeko?

Gero eta zuzenagoa dan mundu baten alde eta egunero egiazkoagoa dan pake baten alde burruka egiteko prest zagozala berba ematen al dozu? Ba gogora ezazu: pakea, Jainkoaren doea izanik, gizon-emakumeen askatasun hauskorragaz ados egonez handitzen da [8].

Ausartuko zara askatasunera gidaten deuskun egiaren alde zure abotsa altxatzera? Prest zagoz gizakien justizia gainetik kendu ezinik ibili beharraren arriskua onartu eta pakea ekarten deuskun zuzentasunaren alde burrukatzeko?

Nondik aterako dituzu biolentzia guztiei uko egiteko eta, egunez egun, “Maitasunaren Zibilizazinoa” egia bihurteko beharko dituzun indarrak [9]?

Mikel Pereira



----------------------------------------------------
[1] Mateo 5, 9.

[2] “Pakearen zai gengozan, baina ez dogu onik. Osasunaldia espero genduan, baina bildur-ikara dogu gainean” (Jeremias 14, 19).

[3] “Nire herriaren zauria azaletik sendatu nahi dabe. «Pakea! Pakea!» diote, baina ez dago pakerik” (Jeremias 6, 14).

[4] “Justiziak pakea ekarriko dau, patxada eta konfidantza betiko” (Isaias 32, 17).

[5] Pakea ez da bakarrik bizitza lasai bat ahalbideratzen dauen itun bat, ezta be soilik “pakerako garaia” “gerrarako garaia” bukatzen danean (cfr. Kohelet 3, 8). Pakea, izadiagaz, bere buruagaz eta Jaungoikoagaz harmonian bizi dan gizakiaren egoera bat da.

[6] Pakea justiziaren emaitza da, txiroen ongizate eta zoriona gauzatzen dauena, zuzena dan persona asebetetzen dauena: erein dezagun txiroen eta zapalduen artean osasuna, askatasuna eta justizia (cfr. Lukas 4, 16-21).

[7] “Pakegileek pakean ereiten dabe eta frututzat zuzentasuna biltzen” (Santiago 3, 18).

[8] Gerrarik ez egotea ez da berme nahikoa pakean bizitzeko; gizakiak ongizateagaz gozateko aukera dauanean ongizate hori pakearen berme bihurten da: justizia egiterakoan; lur, etxe, lan, janari eta osasunerako eskubideak ahalbideratzen diranean; norberaren eta alkartearen segurutasuna ziurtatzen diranean (Cfr. Lebitarrena 26, 3-13).

[9]
- “Maitetasunaren Zibilizazinoa balio unibersalak diran pakea, alkartasuna, justizia eta askatasunean oinarritzen da” (Juan Pablo II., Eskutitz Apostolikoa: Tertio Millenio Adveniente, 52).
- “Gure esku dago Maitetasunaren Zibilizazinoa garaile bihurtea, edo gizabanakoaren, utilitarismoaren, kontrako onuren, sistemaren mailan jarten diran norberekerien zibilizazinoa… babestu” (Juan Pablo II., Angelus, 1994ko otsailaren 13a).
- “Zer da Maitetasunaren Zibilizazinoa?: buru-belarri aritzea eta besteenganako zerbitzuan bizitzea; erispide iradokizalea eta denporan gauzatzen dana izetea; zuzentasunaren arauak, bizikidetza, politikagintza, lan- eta gizarte-harremanak, atzerri bakotzaren egitasmoak, kulturak, izeteko moduak, sentsibilitate barriak… Maitetasunaren Zibilizazinoak berak dauen balore-eskala gero eta hobeago adierazo dezaten burruka egitea” (CATE, 148. orrialdea).

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue